Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/07/17

Onartu da Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren Legearen Aurreproiektua

Europako araudiaren markoa EAE mailan garatuko du, eta enpresek horrelako jarduerak kudeatzea erraztuko du

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Herrizaingo Sailak aurkeztutako Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren Legearen Aurreproiektua. Ikuskizun publikoek, jolas jarduerek eta aisialdi ekintzak egiteko toki edo espazioek bete beharko dituzten baldintzak eta eskakizunak arautzeko eremu juridikoa finkatu du Gobernuak gaur onartu duen arau honek. Hala, EAEko araudiak Europako marko legala jasoko du, eta herritarrentzako berme zabalagoa eskainiko du; horrez gain, enpresek ekitaldi horiek kudeatzeko malgutasun eta erraztasun gehiago izatearen aldeko apustua ere egin da.

Aurreproiektuaren oinarrizko xedeetako bat ikuskizunen eta jolas jardueren eremuan herritarren eskubideak bermatzea da. Horretarako, areto eta esparru guztiek nahitaez bete beharko dituzten zenbait baldintza tekniko ezarri ditu, zorrotzak eta zehatzak. Halaber, aurreproiektuak funtsezko beste jomuga bat ere badu, sektoreko jarduerak dinamizatzeari dagokiona: aurreproiektuaren bidez, antolatzaileek jarraitu beharreko administrazio izapideak errazagoak eta irisgarriagoak izango dira, eta hala, gutxitu egingo dira bai kostua, bai denbora. Horrek, bidenabar, sektoreari lotutako egitasmo eta proiektu berriak abiatzeko marko egokia lortzen lagunduko du. Ildo berari jarraiki, aurreproiektuak Barne Merkatuko Zerbitzuei dagokienez Erkidegoaren zuzentarauak finkatutako printzipioak ere jaso ditu, zerbitzuak eskaintzea eta horiek ezartzeko askatasuna ahalbidetzeari buruzkoak.

 Aurreproiektuak erantzukizunpeko adierazpena ardatz gisa duen araubide orokorra ezarri du; horren bidez, ikuskizun publikoak eta jolas jarduerak antolatu ahalko dira, baita establezimendu edo areto berriak ireki ere, antolatzaileak jarduerari ekingo diola eta horren berezko erantzukizunak bere gain hartzen dituela dioen agiri bat aurkezte hutsarekin. Administrazioak inguruabar horiek kontrolatuko ditu, interes orokorren berme emailea den aldetik.   

Hala, baimenak eta lizentziak igortzeko araubidea zenbait kasu zehatzetan baino ez da aplikatu beharko, interes orokorreko arrazoiak direla medio hala justifikatuta dagoen kasuetan, hain zuzen; tartean dira, besteak beste, arrisku handiko areto gisa sailkatuta dauden aretoak, edo ingurumen edo kultura ondareari buruzko legedia bete behar duten aretoak.

Horrez gain, arauak adingabeak babesteari eta pertsonak esparruetara sartzeari lotutako makina bat neurri ere aurrez ikusi ditu.

Gainera, administrazioen arteko elkarlana ere bultzatuko du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko koordinazioa ahalbidetuko du Ikuskizun Publiko eta Jolas Jardueretarako Euskal Kontseiluaren bitartez. Izan ere, kontseilua kontsulta, azterketa, koordinazio eta aholkularitza organoa da, eta bertan biltzen dira gobernua, udalak, sektoreko erakunde ordezkariak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak.

Horrenbestez, arau modernoa, argia eta irekia da, modu zabalean adostu dena eta parte hartze handia izan duena. Horrez gain, Europar Batasunak finkatutako printzipioak jaso ditu, konfiantza gehiago eman die herritarrei, ekintzaileei eta interesdun nagusi gisa dagokien erantzukizunari; bidenabar, administrazio bidea erraztearen alde egin du, betiere administrazioari dagozkion ardurak ahaztu gabe.