Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Hondakinen ekoizlea eta edukitzailea

Hondakin-ekoizlea hondakinak ekoizten dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko da ("hondakinen hasierako ekoizlea") edota aldez aurretik tratamenduren bat, nahasketa edo bestelakoren bat egin eta hondakinen osaeran edo berezkotasunean aldaketaren bat eragiten duen pertsona oro.

Mugako instalazioetan kontrol- eta ikuskapen-zerbitzuek erretiratutako salgaien kasuan, hondakinen ekoizletzat joko da salgaiaren titularra edo salgaiaren inportatzaile edo esportatzailea, aduanetako legerian ezarritako eran.

Epaile batek agindutako konfiskatze-ekintzetan agintaritza polizialek erretiratutako salgaien kasuan, salgaiaren titularra joko da hondakinaren ekoizletzat.

Hondakinen edukitzailea hondakinen ekoizlea edo hondakinak dauzkan pertsona fisiko edo juridikoa da. Hondakinen edukitzailetzat hartzen da hondakin abandonatuak edo zabor solteak dauden lurzatiaren titular katastrala, eta hura izango da hondakinen erantzukizun administratiboa duena, materiala han zeinek utzi duen edo aurreko edukitzailea zein zen identifikatzea posible den kasuetan izan ezik.

Hondakinen hasierako ekoizlea edo edukitzailea behartuta dago hondakinen tratamendu egokia segurtatzera.

Horretarako, aukera hauek izango ditu:

  1. Hondakinak bere kabuz tratatzea, betiere tratamendu-eragiketa egiteko dagokion baimena badu.
  2. Bere hondakinen tratamendua negoziatzaile erregistratu bati edo tratamendu-eragiketak egiten dituen hondakin-kudeatzaile baimendu bati enkargatzea.
  3. Hondakinak hondakinak biltzeko erakunde publiko edo pribatu bati entregatzea, gizarte-ekonomiako erakundeak barne, trata ditzan, baldin eta erregistratuta badaude.

Betebehar horiek agirien bidez frogatu beharko dira.

Hondakinaren hasierako ekoizlearen edo edukitzailearen erantzukizuna tratamendu osoa behar bezala dokumentatuta geratzen denean amaituko da: hondakinak lekualdatzeari buruzko agirien bidez, eta, beharrezkoa denean, azken tratamendua egin duen instalazioaren ziurtagiri edo erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatutakoan. Hasierako ekoizleak edo edukitzaileak eskubidea izango du ziurtagiri edo adierazpen horiek eskatzeko.

Hondakinen kudeaketa errazte aldera, hondakinen hasierako ekoizleak edo edukitzaileak betebehar hauek izango ditu:

  1. Hondakinak identifikatzea, kudeatzeko entregatu aurretik, eta, hondakin arriskutsuak badira, haien arrisku-ezaugarriak zehaztea.
  2. Hondakinen kudeaketarako baimendu diren enpresei hondakinak behar bezala tratatzeko beharrezkoa den informazioa ematea, aurreko apartatuan ezarritakoa barne.
  3. Toki-entitateei entregatzen zaizkien hondakinei buruzko informazioa ematea, baldin eta hondakin horiek garraioan, bilketan, balorizazioan edo ezabaketan nahasmenduak eragin ditzaketen ezaugarri bereziak badituzte.
  4. Hondakin arriskutsuak edo beren izaeragatik edo kantitateagatik ingurumena kaltetu dezaketen hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, ingurumen-administrazio eskudunari berehala jakinaraztea.

Hondakin arriskutsuen ekoizleak aseguru bat edo bestelako finantza-bermeren bat sinatu beharko du, jardueraren ezaugarriengatik, arrisku-mailarengatik eta arriskua sortzeko potentzialagatik erantzukizunak estaltzeko. Betebehar horretatik salbuetsita daude urtean 10 tona baino gutxiago sortzen dituzten hondakin arriskutsuen ekoizleak.

Hasierako ekoizleak edo edukitzaileak betebehar hauek ditu:

  • Hondakinak behar bezala biltegiratzeko egokitutako eta identifikatutako gune bat izatea, eta gune horrek higiene- eta segurtasun-baldintza egokiak betetzea, hondakinak bere esku dituen bitartean.
    • Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, aterpean egon beharko dute, eta isurketak eta jarioak atxikitzeko sistemak izan beharko dituzte.
    • Hondakin arriskugabeak ekoitzi diren lekuan bertan biltegiratzeko gehieneko denbora bi urtekoa izango da, hondakinak balorizatzekoak direnean; eta urtebetekoa, ezabatzekoak direnean.
    • Hondakin arriskutsuen kasuan, bi egoeretan, gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Salbuespen gisa, hondakinak biltegiratuta dauden herriko autonomia-erkidegoko agintari eskudunak epe hori aldatu ahal izango du, gehienez ere beste sei hilabetez luzatuta, behar bezala justifikatuta badago eta gizakien osasuna eta ingurumena babestuta daudela bermatzen bada.
    • Hondakinak biltegiratzeko lekuan uzten diren unetik hasiko dira kontatzen epe horiek, eta hasiera-data jasota utzi beharko da artxibo kronologikoan eta hondakin horiek biltegiratzeko sisteman (besteak beste, kaiolan, edukiontzian edo apalategian).
  • Hondakin arriskugabeak ez nahastea, horrek balorizazioa zailtzen badu.
  • Hondakin arriskutsuak ez nahastea edo diluitzea hondakin arriskutsuen beste kategoria batzuekin, ezta beste hondakin, substantzia edo material batzuekin ere.
  • Hondakin arriskutsuen ontziak edo bilgarriak era argian, ikusteko modukoan, irakurgarrian eta ezabaezinean egon beharko dute etiketatuta, gutxienez Espainiako Estatu osoan ofizial den hizkuntzan.
    • EEtiketan honako hauek agertuko dira:
      • Hondakinaren kodea eta deskribapena, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta arrisku-ezaugarrien kodea eta deskribapena ere.
      • Hondakinen ekoizlearen edo edukitzailearen izena, ingurumeneko identifikazio-zenbakia (aurrerantzean, NIMA), posta-helbidea eta helbide elektronikoa, eta telefonoa.
      • Hondakinak zein egunetan utzi diren.
      • Hondakinek dituzten arriskuen izaera, 1272/2008 Erregelamenduan (leiho berri batean irekitzen da) deskribatutako piktogramen bidez adieraziko dena.
    • Etiketa tinko finkatu beharko da bilgarriaren gainean, eta, behar izanez gero, aurreko oharrak edo etiketak kendu egin beharko dira, hondakinaren ondorengo ezein eragiketatan nahasmendurik edo jakinezinik ez eragiteko bilgarriaren jatorriari eta edukiari dagokienez.
    • Etiketak, gutxienez, 10 × 10 cm-ko neurria izan beharko du.

Ekoizpen-prozesu baten ondoriozko substantzia edo objektu bat, prozesuaren helburu nagusia ez denean substantzia edo objektu hori ekoiztea, azpiproduktutzat hartu ahal izango da, eta ez hondakintzat, honako baldintza hauek guztiak betetzen direnean:

  1. Substantzia edo objektua geroago erabiliko dela ziur egotea.
  2. Substantzia edo objektua zuzenean erabili ahal izatea, gerora ohiko industria-jardueraz bestelako eraldaketa bat egin behar izan gabe.
  3. Substantzia edo objektua ekoizpen-prozesu baten zati gisa sortzea.
  4. Geroko erabilerak produktuei buruzko eta gizakien osasuna eta ingurumena babesteari buruzko baldintza egoki guztiak betetzea azpiproduktu horren aplikazio espezifikoari dagokionez, eta gizakien osasunean edo ingurumenean inpaktu orokor kaltegarririk ez eragitea.

Autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek ebaluatu eta, egoki bada, azpiproduktu gisa baimenduko dituzte jatorria beren lurraldean kokatutako ekoizpen-instalazio batean duten substantziak edo objektuak, baldin eta autonomia-erkidegoaren lurraldean bertan industria-jarduera edo -prozesu jakin batera bideratzen badira edo beste autonomia-erkidego bateko jarduera edo prozesu batera bideratzen badira; azken kasu horretan, beste autonomia-erkidego horrek aurretik aldeko txostena egin beharko du, eta aldeko txosten hori emandakotzat joko da hilabeteko epean behar bezala justifikatutako kontrako adierazpen espresurik ez badago.

Baimen horiek soil-soilik balioko dute azpiproduktuak destinoko industria-jardueran edo -prozesuan baimendutako eran erabiltzeko.

Balorizazio-eragiketa bat egin ondoren, birziklatzea barne, hondakin jakin batzuk halakotzat hartzeari utzi ahal izango zaio, baldintza hauek guztiak betetzen badira:

  1. Lortzen diren substantziak, prestakinak edo objektuak xede espezifikoetarako erabili behar izatea.
  2. Substantzia, prestakin edo objektu horientzako merkatu edo eskari bat egotea.
  3. Lortzen diren substantziek, prestakinek edo objektuek xede espezifikoetarako betekizun teknikoak betetzea, bai eta indarrean dagoen legeria eta produktuei aplikatu beharreko arauak ere.
  4. Lortzen den substantziaren, prestakinaren edo objektuaren erabilerak inpaktu kaltegarri orokorrik ez eragitea ingurumenean edo gizakien osasunean.
  • Sortutako hondakin arriskutsuen izena eta kodeak nahitaez erabili beharko dira erregistroetan eta kontrol-dokumentuetan, hondakin horiek identifikatzeko.
  • Hondakin arriskutsuaren izaerari eta arriskugarritasun-ezaugarriei buruzko irizpideak ezartzen dira honako hauetan: Europako Hondakin Zerrendan (leiho berri batean irekitzen da) eta 1357/2014/EB Erregelamenduan (leiho berri batean irekitzen da). Aipatutako irizpideak kontuan hartuta, orain arte ez-arriskutsu gisa kudeatutako hondakinetako bat arriskutsutzat joko balitz, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketako Erregistroko inskripzioa berritzeko eskatu beharko litzateke, hondakin horri hondakin arriskutsu berri gisa alta emateko, kudeatzeko bide egokia justifikatu ondoren.

2022ko uztailaren 1etik aurrera, hondakin arriskutsuen hasierako ekoizleek nahitaez eduki beharko dute minimizazio-plan bat, sortutako hondakin arriskutsuen kantitatea eta horien arriskua murrizteko hartuko dituzten praktikak jasoko dituena.

Plana agintari eskudunen eskura egongo da, eta ekoizleek emaitzen berri eman beharko diote, lau urtean behin, ekoizpen-zentroa duten herriko autonomia-erkidegoari.

Betebehar horretatik salbuetsita daude ekoizpen-zentro bakoitzean urtean 10 tona baino gutxiago sortzen dituzten hondakin arriskutsuen hasierako ekoizleak, instalazio- eta mantentze-enpresak, eta Eco-Management and Audit Scheme (aurrerantzean, «EMAS») ziurtagiria edo mota horretako hondakinak minimizatzeko neurriak aplikatzen dituen beste sistema baliokideren bat duten hasierako ekoizleak. Informazio hori ingurumen-adierazpen baliozkotuan jasoko da.

Pertsona fisiko edo juridiko erregistratuek eta urtean hondakin arriskugabeen 10 tona baino gehiago sortzen dituzten hasierako ekoizleek, artxibo elektroniko batean, honako datu hauek jaso beharko dituzte, ordena kronologikoan: sortutako hondakinen kantitatea, izaera eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko prestatzeko, birziklatzeko, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kantitatea ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren destino, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien destinoa ere.

Ekoizleei ez zaie artxibo kronologikorik eskatuko beren hondakinak toki-entitateen bidez kudeatzen dituztenean.

Oro har, HONDAKIN ARRISKUTSUEN EKOIZLEEK eta  EKOIZLE TXIKIEK ere ez dute artxibo kronologikoaren laburpena aurkezteko betebeharrik (ikus HONDAKIN ETA LURZORU KUTSATUEI BURUZKO 7/2022 LEGEAN EZARRITAKO HONDAKIN ARRISKUTSUEN EKOIZLEEN URTEKO MEMORIA EKONOMIA ZIRKULARRERAKO BIDALTZEKO BETEBEHARRARI BURUZ KOORDINAZIO BATZORDEAK HARTUTAKO ERABAKIARI BURUZKO ERABAKIA). Neurri horretatik salbuetsita geratuko lirateke eta, beraz, informazio hori aurkeztu beharko lukete ingurumen-baimenean berariaz adierazita betebehar hori duten enpresek (ingurumen-baimen integratua edo bakarra duten AAI-AAU enpresak) eta hondakin arriskutsuak zuzenean beste herrialde batzuetara esportatzen dituzten enpresek.

Azpiproduktuak sortzen dituzten entitate edo enpresek erregistro kronologiko bat izango dute, azpiproduktu gisa ekoitzitako eta kudeatutako kantitateak eta horien destinoak biltzen dituena.

Azken aldaketako data: