Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Arnas Infekzio Akutu guztiak zainduko dituen sare jagole berri bat ezarri du, eta, gripeaz eta Covid-az gain, beste arnas birus oro zainduko du, hala nola haurren bronkiolitisa eragiten duen arnas birus sintzitiala (ABS).
Gripearen zaintza-zirkuituak aldatu egin ziren mundu osoan pandemiaren ondorioz. Hori dela eta, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren (ECDC) eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioei jarraikiz, Euskadi bere sarea berritzen hasi zen eta Arnas Infekzio Akutu guztietara (arinetara –lehen mailako arreta– zein larrietara –ospitaleko arreta–) zabaldu zuen.