Arautegia

Inprimatu

1146/2022 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1472/2021 Ebazpena, 2018-2019ko enplegu publikoaren eskaintzako deialdiaren xede diren plazak zehazteko irizpideak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 124
  • Hurrenkera-zk.: 2941
  • Xedapen-zk.: 1146
  • Xedapen-data: 2022/05/17
  • Argitaratze-data: 2022/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Funtzio publikoa

Testu legala

Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1472/2021 Ebazpenak 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzako deialdiaren xede diren plazak zehazteko irizpideak ezarri zituen.

Abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoak, 2. artikuluan eta seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak aipatzen ditu.

Gaur egun Osakidetzan egiten ari diren horniketa- eta hautaketa-prozesuek (horien artean dago 2018-2019ko enplegu publikoaren eskaintza) eragin zuzena dute egonkortze-eskaintzan sar litezkeen plazen kuantifikazioan eta identifikazioan; izan ere, horietako asko, a priori, 1472/2021 Ebazpenaren arabera identifikatu ziren, 2018-2019ko enplegu publikoaren eskaintzan sartzeko.

Ahalik eta plaza gehien egonkortu ahal izateko, Osakidetzak eta sindikatuek Mahai Sektorialean negoziatu dute, 2022ko maiatzaren 11ko bileran, plazen identifikazioa aurreratzea, plaza horiek 20/2021 Legean ezarritako egonkortze-prozesuetan sartu daitezen. Bestela, baliteke egonkortzeko plazen kopurua arriskuan jarri eta murriztea.

Irizpide orokor hori onartzeak Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1472/2021 Ebazpena aldatzera behartzen du, 3.1. eta 3.2. apartatuak, hurrenez hurren, barne-sustapeneko txanden eta txanda irekiaren bidez 2018-19ko enplegu publikoaren eskaintzan sartu beharreko plazak zehazteko irizpideak ezartzen dituena. Aldaketa horiek, barne-sustapeneko txandari dagokionez, 2022ko maiatzaren 11z geroztik argitaratzeke dauden kategoriei bakarrik eragiten diete.

Enplegu publikoaren eskaintza horretan barne-sustapeneko txandan konprometitutako plazei, oro har, ez diete eragingo 20/2021 Legearen eskakizunek, salbu eta, eskaintzan konprometitutako plaza-kopurura iristeko, eta 1472/2021 Ebazpenean ezarritako ordenari jarraituz, bitarteko langileek betetako plazak hautatu behar badira. Kasu horretan, eskaini beharreko plazak identifikatuko dira, ebazpen horrek ezartzen dituen antzinatasun-irizpideen araberako antolamenduari jarraituz, eta, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen baldintzak betez, egonkortze-prozesuan eskainiko diren plaza guztiak aurrez zehaztu ondoren.

Horrez gain, barne-sustapeneko txandari dagokionez, eta eskaintzan hitzartutako kopurura iristeko adina plaza hutsik ez badago, 1472/2021 Ebazpenak ezarritako antolamenduaren arabera plazen hautaketa amaitu ondoren, lekualdatze-lehiaketan (2021eko apirileko eta azaroko zikloak) eskaini diren eta esleitu ez diren edo liberatu diren plazak identifikatuko dira, eskainitako plazen antolamendu-irizpideen arabera (hau da, 1472/2021 Ebazpenaren 3.1. apartatuaren 2., 3. eta 4. puntuetan ezarrita dagoen bezala).

Txanda irekiari dagokionez, Ebazpen honetan zehazten den ordenaren arabera hautatuko dira sartu beharreko plazak, 3.233 plazara iritsi arte, 20/2021 Legearen baldintzak bete eta egonkortze-prozesuan eskainiko diren plaza guztiak identifikatu ondoren.

Ondorioz, 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzako hautaketa-prozesuan deitu beharreko lanpostuak zehazte aldera, honako hau ematen da

EBAZPENA

Lehenengoa. Aldatzen da Osakidetza-euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1472/2021 Ebazpenaren 3.1. apartatua, 2016-2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdi publikoan deituko diren lanpostuak zehazteko irizpideak ezartzen dituena.

Horrela, barne-sustapeneko txandan sartu beharreko plazei buruzko atal hori aldatu egiten da Ebazpen honen bidez, eta honela idatzita geratzen da, aurrekoa ordezteko:

Barne-sustapeneko txandan sartu beharreko lanpostuak apartatu honetan zehazten den hurrenkeraren arabera hautatuko dira, 302 lanpostura iritsi arte:

1.

2020ko abenduaren 31n aldi baterako barne-sustapenean betetako titularrik gabeko lanpostu hutsak. Lanpostuak hautaketa-prozesuan sartzeko irizpidea aldi baterako barne-sustapenaren antzinatasuna izango da, hau da, denbora gehien daramatenetatik gutxien daramatenetara.

2.

Beharrezkoa balitz, 2020ko abenduaren 31n titularrik eta okupatzailerik gabeko lanpostu hutsak. Lehenik eta behin, bete gabe denbora gehien daramaten lanpostu hutsak hartuko dira kontuan.

3.

Beharrezkoa balitz, 2020ko abenduaren 31n bitarteko langileek betetako titularrik gabeko lanpostu hutsak. Lanpostu horiek hautatzeko, lotura-data zaharrena hartuko da kontuan. Aipatutako antzinatasuna zehazteko bitarteko langilearen lotura hartuko da kontuan, behin-behineko izendapenetik edota hasiera batetik bitartekoa izatea etenik gabe lanpostu funtzional horretan eta zerbitzu-erakunde edo zentro horretan.

2022ko maiatzaren 11n argitaratzeke dauden kategorien kasuan, lanpostu horiek eskaintzeko baldintza izango da abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoak, aipatzen duen egonkortze-prozesuan sartzeko irizpideak ez betetzea.

4.

Beharrezkoa balitz, 2020ko abenduaren 31n Zerbitzu-eginkizunetan betetako lanpostu hutsak. Lanpostuak hautaketa-prozesuan sartzeko irizpidea zerbitzu-eginkizunen antzinatasuna izango da, hau da, denbora gehien daramatenetatik gutxien daramatenetara.

5.

Beharrezkoa balitz, 2021eko azaroaren 11n Aldi baterako barne-sustapenean betetako titularrik gabeko lanpostu hutsak. Lanpostuak hautaketa-prozesuan sartzeko irizpidea Aldi baterako barne-sustapenaren antzinatasuna izango da, hau da, denbora gehien daramatenetatik gutxien daramatenetara.

  1. Beharrezkoa balitz, 2021eko apirileko eta 2021eko azaroko zikloetan lekualdatze-lehiaketan eskainitako plazetatik liberatutako edo esleitu gabeko plazak, antolamendu-irizpide berberen arabera, lekualdatze-lehiaketan eskainitako plazei dagokienez, eta 1472/2021 Ebazpenaren 3.1. apartatuaren 2.,3. eta 4. puntuetan ezarritako plazei dagokienez, eta baldintza beretan.

    Bare-sustapeneko 6. puntuan adierazitako lanpostuak ezin izango dira ezein mugikortasun-prozesutan sartu.

    Barne-sustapeneko txandako 1., 2., 3., 4. eta 5. puntuetan sartutako plazei dagokienez, irizpideak eragindako plazei aplikatuko zaizkie, puntu horietan adierazitako daten ondoren plaza horietan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera.

    Kategoria/lanpostu funtzional bakoitzaren barne-sustapeneko txandaren deialdian jasoko diren lanpostuen informazioa argitara emango da eskainitako kategoria/lanpostu funtzional bakoitzaren 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren oinarri espezifikoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.

    Hala izanik, deialdian jasoko den lanpostu kopurua identifikatuko da eta kopuru zehatza zehaztuko da kategoriaren/lanpostu funtzionalaren, zerbitzu-erakundearen, lantokiaren, antolaketa-unitate eta herriaren, lanaldi-erregimenaren eta hizkuntza-eskakizunaren arabera, derrigortasun-data adierazita, halakorik esleituta badago. Halaber, eskainitako lanposturen batean eskakizun osagarriren bat badago, hura ere zehaztuko da.

    Bigarrena. Aldatzen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1472/2021 Ebazpenaren 3.2. apartatua, 2016-2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdi publikoan deituko diren lanpostuak zehazteko irizpideak ezartzen dituena.

    Horrela, txanda irekian sartu beharreko plazei buruzko atal hori aldatu egiten da Ebazpen honen bidez, eta honela idatzita geratzen da, aurrekoa ordezteko:

    Apartatu honetan zehazten den ordenaren arabera hautatuko dira sartu beharreko plazak, 3.233 plazara iritsi arte, 20/2021 Legearen baldintzak bete eta egonkortze-prozesuan eskainiko diren plaza guztiak identifikatu ondoren:

    1.

    Lekualdatze-lehiaketaren prozesua amaituta duten kategorien kasuan (2020ko abenduko zikloa), hutsik eta esleitu gabe geratzen diren plazak, betiere egonkortze-prozesura bideratu ez badira, eta barne-sustapeneko txandan sartu behar izan ez badira.

    2021eko apirileko eta azaroko zikloetan lekualdatze-lehiaketan deitutako kategoriei dagokienez (gaur egun aribidean daude), 2018-2019ko EPEan sartuko dira ziklo horietan eskaini arren egonkortze-prozesuan sartzeko irizpideak betetzen ez dituzten kategoria horietako plaza liberatuak, edo, hala badagokio, esleitu gabeak.

    Esleitzen ez diren lanpostuak, bai eta esleipendunek hutsik uzten dituzten lanpostuak ere, Lekualdatze-lehiaketa amaitzean inork ez baditu betetzen, eskaintzan sartuko dira, hautaketarako lanpostu hauetatik hasita: inork bete gabe denbora gehien daramaten lanpostu hutsak.

    Esleitzen ez diren lanpostuen kasuan, bai eta esleipendunek hutsik uzten dituzten lanpostuen kasuan ere, lekualdatze-lehiaketa amaitzean betetzen badira, okupatzaileen antzinatasun handieneko lotura-data dutenetik hasita egingo da hautaketa. Antzinatasun hori zehazteko, langilea finkoa bada, lanpostu horretan dagoen langilearen lotura hartuko da kontuan. Lanpostua betetzen duena bitarteko langilea bada, aipatutako antzinatasuna zehazteko, bitarteko horren lotura hartuko da kontuan, behin-behineko edo bitarteko izendapena jaso zuenetik, etenik gabe lanpostu funtzional horretan eta zerbitzu-erakunde edo zentro horretan.

    2.

    Beharrezkoa balitz, 2020ko abenduaren 31n titularrik eta okupatzailerik gabeko lanpostu hutsak sartuko dira. Horiek antolatzeko, lehenik eta behin, bete gabe denbora gehien daramaten plazak hartuko dira kontuan.

    3.

    Beharrezkoa balitz, 2020ko abenduaren 31n bitarteko langileek okupatutako titularrik gabeko plaza hutsak sartuko dira, egonkortze-prozesuan sartu ez direla egiaztatu ondoren. Plaza horien lotura-data zaharrenaren arabera antolatuko dira, eta horretarako bitarteko langilearen lotura zenbatuko da; hau da, aipatutako antzinatasuna zehazteko bitarteko langilearen lotura hartuko da kontuan, behin-behineko izendapenetik edota hasiera batetik bitartekoa izatea etenik gabe lanpostu funtzional horretan eta zerbitzu-erakunde edo zentro horretan.

    4.

    Beharrezkoa balitz, titularrik gabeko plaza hutsak sartuko dira, 2020ko abenduaren 31n zerbitzu-eginkizunetan betetzen zirenak, gaur egun titularrik gabe jarraitzen dutela egiaztatu ondoren. Lanpostu horiek zerbitzu-eginkizunetan antzinatasun handiena izatearen irizpidearen arabera antolatuko dira.

    5.

    Beharrezkoa bada, 2., 3. eta 4. irizpideak aplikatuko dira baldintza berberetan, eta plazak aurrez aukeratzeko data 2022ko apirilaren 30a izango da, edo berriagoa, 2018-2019ko EPEan konprometitutako plaza-kopurua lortzeko beharrezkoa bada.

    Txanda irekiko 1. puntuan adierazitako lanpostuak ezin izango dira ezein mugikortasun-prozesutan sartu.

    Txanda irekiko 2., 3., 4. eta 5. puntuetan sartutako plazei dagokienez, irizpideak eragindako plazei aplikatuko zaizkie, puntu horietan adierazitako daten ondoren plaza horietan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera.

    2018-2019ko EPEan eskaintzen diren kategorietan/lanpostu funtzionaletan txanda irekian sartzen diren lanpostuei buruzko informazioa arian-arian argitaratuko da horietako bakoitzerako, Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko zikloetan eskainitako destinoez jabetzeko epea amaitu ondoren. Horrela, Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren identifikatutako zikloetan sartutako kategorietan/lanpostu funtzionaletan eskainitako lanpostuen berri emango da, ziklo horiek amaitu ondoren.

    Hala izanik, argitaratuko den lanpostuen informazioak txanda irekian sartuko den lanpostu kopurua identifikatuko du kategoriaren/lanpostu funtzionalaren, zerbitzu-erakundearen, lantokiaren, antolaketa-unitatearen eta herriaren, lanaldi-erregimenaren eta hizkuntza-eskakizunaren arabera, derrigortasun-data adierazita, halakorik esleituta badago. Halaber, eskainitako lanposturen batean eskakizun osagarriren bat badago, hura ere zehaztuko da..

    Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Laugarrena. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 17a.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

    MAR虯 ROSA P蒖EZ ESQUERDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.