Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Txindoki P. 15 HJEko 15.6 EUri loturiko Ordiziako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 2592
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/10
  • Argitaratze-data: 2022/06/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenak 2018ko ekainaren 26ko Ebazpenaren bidez formulatu zuen Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenaren dokumentua, Txindoki P. 15. HJEko 15.6 EUri dagokiona (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ordiziako Udalak ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, hura 45 egunez jendaurrean jarrita (2020ko irailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Ordiziako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Ordiziako Udalak jakinarazi du zenbait txosten jaso direla, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiekin, eta txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.

2022ko martxoaren 14an, Ordiziako Udalak Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariari eskabide bat aurkeztu zion Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa emateko Txindoki P. 15. HJEko 15.6 EUri dagokionez, betiere urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatu legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen hiria antolatzeko plan orokorren aldaketak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Ordiziako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea Txindoki P. 15. HJEko 15.6 EUri dagokionez, jarraian jasotzen diren eran:

  1. Ordiziako arau subsidiarioak 1999ko ekainaren 22an onartu ziren behin betiko (ez zen ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin), eta horiek industria-erabilerako hiri-lurzoru gisa sailkatzen dute Planeko eremua. Arau subsidiarioetan, egikaritze-unitateak zehaztu eta ibaiertzeko pasealeku bat egitea proposatzen da, industria-eraikinen atzealdean.

    2001eko urriaren 31n, Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntuala onartu zen, Txindoki P. 15. HJEko 15.6 EUri dagokiona. Haren bidez, txatartegi ohiaren lurzoruetan aurreikusitako hedapena ahalbidetzen eta arautzen da hirigintza-arloan, eta eremuaren antolamendu xehatua jasotzen da.

    Plana 15.6 EU egikaritze-unitatearen antolamendura mugatzen da, eta gainerako lurzoruak Txindoki P. 15 HJEn jasota geratzen dira, gaur egungo hirigintza-egoeran finkatuta daudenak.

    Planaren helburuak hauek dira:

    Egikaritze-unitate berri bat (7.878 m2), 15.6 izena duena, mugarritzea, Orkli Koop. S. enpresaren lantegiaren hedapenerako berrantolamendu urbanistikoa ematen zaien sailak barnebiltzen dituena haren barruan.

    Eremuaren mugaketa birdoitzea, ibaiaren ibilguari dagokion zatia kanpoan utzita.

    Hirigintza-eremu horri egiturazko antolamendu zehatza eman ahal izatea, Orkli Koop. S. enpresak gaur egun dituen instalazioen segidan hedapena egin ahal izateko.

    6 EUri dagozkion lursailak lehendanik duen lurzatiarekin bat egitea ahalbidetzea, Orkli Koop. S. enpresaren jabetzakoekin egitura industrial bakarra sortu ahal izateko.

    Aurreikusten den antolamendutik eratortzen da lurzati eraikigarri bakarra, egungo eraikuntzaren jarraian geratzen dena. Hirigintza-eremu berriak Orkli Koop. S. enpresaren beharrak asetzen dituen eraikigarritasuna eta baldintza morfologikoak betetzen ditu.

    Eraikinaren azalera 3.520 m2-koa izango da gehienez. Lurzoru-arrasaren gainetik 7.300 m2t-ko gehieneko eraikigarritasuna eta lurzoru-arrasaren azpitik 8.570 m2t-ko gehieneko eraikigarritasuna ezartzen da. Eraikigarritasun hori koherentea da lurzoru-arrasaren gainetik gehienera hiru solairu (BS+2) eta lurzoru-arrasaz azpitik bi solairuko eraikuntza-profilarekin. Sestra azpiko eraikigarritasuna Orkli Koop. S. enpresaren eraikin berriko aparkalekuetarako erabiliko da. Berariazko lerrokadurak ezartzen dira sestrapeko eraikuntza horretarako. Etorkizuneko eraikinaren gehieneko garaiera bat dator erantsi nahi zaion egungo eraikinaren altuerarekin.

    Etorkizuneko eraikinaren beheko solairuko zolataren kota 142,70 m-koa izango da eta, beraz, bat dator egungo eraikinaren kotarekin. Urbanizazioak proposatzen du urbanizazioaren kota zertxobait goratzea; altxatze hori nabarmenagoa da Zaldibia edo Amundarain ibaiaren ibilgura hurbildu ahala. Ibaiertzeko oinezkoen pasealekua gaur egun 140,60ko kotan dago, aurreikusten den eraikinaren goieran.

    Proposatzen den antolamenduak aldatu egiten du Aramako sakabanatuekiko loturaren ibilbidea. Errepide horren ardatza 60 m metro inguru mendebalderago eramaten da, egungo Orkli Koop. S. enpresaren eraikinaren segidan eraikin berria egin ahal izateko. Bide berriak zabalera handiagoa du egun Zaldibia ibaia zeharkatzen duen zubiarekin konektatzeko. Errepideaz gain, egun dauden aparkalekuak berregiten dira eta espaloi zabalak eransten zaizkio. GI-2133 errepidean sartzeko errei bat sortzea planteatu da, ibilgailuak bide berrira errazago sartu eta irten daitezen, Zaldibiarantz doan trafikoari eragin gabe.

    Era berean, proposatutako antolamenduarekin lehengoratu egingo da Zaldibia ibaiaren ezkerraldeko ingurunea, hura ere eremuaren barruan dagoena. Egungo bideratze-hormaren zati bat kendu eta ezponda berde bat ezartzea planteatzen da, jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuarekin bat etorriz. Ezponda horretan, espezie autoktonoz osaturiko landare-zerrenda bat jarriko da proiektatutako pasealekuaren eta ibaiaren arteko landare-hesi gisa; horrela, ahal den neurrian ibilguaren baldintzak lehengoratzea da asmoa, ibaian behera daudenen mailara zehazki. Ibai-ekosistema eta jabari publiko hidraulikoa behar bezala babestea lortu nahi da, Oria Garaia KBErako (KBE: ES2120005) finkatuta dauden ingurumen-arloko helburuak lortzeko.

    Ezpondaren egonkortasuna bermatzeko, bideratze-hormari eutsiko zaio behealdean, 137,95 kotaraino, gutxi gorabehera. Hala, 1:1 motako ezponda izango da, eta hainbat neurri osagarri beharko dira; besteak beste, plastikozko sare bat ezartzea, edo antzeko konponbideren bat, ezpondaren egonkortasuna bermatzeko.

    Antolamendu berriaren bidez, ibilguaren ondoan modu paraleloan igarotzen diren linea elektrikoak lurperatuko dira jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuari eragin gabe, eta gaur egungo oinezkoentzako tartearen ondoan dagoen transformadorea kenduko da.

    Proposatutako antolamenduak behar bezala betetzen du espazio libreen eta berdeguneen zuzkidura. Zaldibia ibaiaren ibilguaren ondoan aurreikusitako oinezkoentzako pasealekuak eta espazio libreek eremuaren % 24,07 hartuko dute. Antolamenduak lehendik dauden aparkalekuen zuzkidura mantendu eta 1.621 m2-ra handituko du (% 27 gehiago) azalera.

    Bestalde, eraikitako 100 m2t bakoitzeko zuhaitz bat landatu beharra ezartzen da. Lehentasunez, ibai-ibilguaren ondoko espazio librearen zerrendan eta, bestetik, eremuaren mendebaldean dagoen eraikinaren eta aurreikusten den oinezkoen pasealeku berriaren artean ezarriko da landaredia, eta, hala badagokio, ibaiertzeko oinezkoen eta errepidearen arteko mugartean.

    Eremuak mugakide du hegoaldetik GI-2133 errepidea, Ordiziatik Zaldibiara doana; ekialdetik, GI-2133 errepidea eta Aramako sakabanatuak lotzen dituen errepidea; mendebaldetik, Orkli lantegiko eraikinetako bat; eta iparraldetik, Zaldibia ibaia.

    6 egikaritze-unitate berria osatzen duen lurzati osoa urbanizatuta dago, Gr鷄s Usabiaga enpresaren industria-jardueraren ondorioz (eraikina eraitsi egin zen). Gaur egun, lurzatia aparkaleku gisa dago egokituta.

    Zaldibia ibaia Oria Garaia (ES2120005) Kontserbazio Bereziko Eremuan barne hartuta dago; berez, Plan honen eremua zati batean Oria Garaia KBEaren barnean dago, ibaiertzetik 18 metroko lur-zerrenda bat hartzen baitu haren mugarteak.

    Zaldibia ibaia EAEko korridore ekologikoen sarea konektatzeko interes bereziko ibai-tartetzat hartzen da.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren bide-azpiegituren zarata-mapen arabera (2015), Planeko eremuaren iparraldeko muturra N-I errepidearen afekzio akustikoko eremuan dago. Hala ere, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuari jarraikiz, etorkizuneko hirigintza-garapenetan industria-erabilerarako bete behar diren kalitate akustikoko helburuak kontuan hartuta 70 dB(A) Ld eta Le-rako eta 60 dB (A) Ln-rako), aipatutako mapen arabera, azterketa-eremuan ez dira muga horiek gainditzen; dena den, kontuan izan behar da soinu-maila horiek kalkulatzeko orduan N-I errepidea bakarrik hartu dela zarata-foku gisa.

    Bidalitako dokumentuen artean, inpaktu akustikoaren azterketa dago. Bertan, neurketa akustikoak egin dira eremuko 5 puntutan, ebaluazio-ordu desberdinetan, 07:00etatik 23:00etara. Etorkizuneko bilakaera-aurreikuspenei dagokienez, azterlanaren arabera, GI-2133 errepideak ez du trafikoaren igoera nabarmenik izango hurrengo urteetan, eta industria-garapen berriek indarrean dagoen araudi akustikoa betetzen dela bermatu beharko dute; horrenbestez, eremuan ez da aurreikusten zarataren igoera nabarmenik.

    Azterlan horren arabera, azterlanaren xede den eremuan behar bezala betetzen dira, gaur egun, esleitutako erabilerarako kalitate akustikoaren helburuak, eta, beraz, ez da zuzenketa-neurririk hartu beharrik izango.

    Uholde-arriskuari dagokionez, eta EAEko uholde-arriskuaren kartografiarekin bat etorriz, azterlanaren eremu osoa 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren eraginpean dago, eta beraz, ez dio eragiten lehenetsitako fluxu-eremuari. Era berean, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Uholde Arriskuen Kudeaketa Plana 2015-2021 dokumentuaren arabera, aztergai den eremua Beasain-Ordizia Uholde Arrisku Handiko Eremuaren barnean dago, lehentasun handieneko kategorian.

    Bestalde, akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna txikia da, interes hidrogeologikoko eremu batean egon arren.

    Eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako zenbait lurzati daude (20076-00012 eta 20076-00078).

  2. Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenaren 2018ko ekainaren 26ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

    Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

    1. Jabari publiko hidraulikoa babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

    Oro har, 2020ko urtarrilaren 23an eta 2020ko azaroaren 16an jasotako Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren eta Uraren Euskal Agentziaren txostenetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    Zaldibia ibaiaren 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko lursailei dagokienez, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40.4 artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan, baita EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean (E.2.4 epigrafea) eta Jabari Publiko Hidraulikoko 9. artikuluan xedatutakoa ere.

    Zentzu horretan, hirigintzako jarduketa-programak behar bezala bermatu beharko du sestra azpiko solairuen estankotasuna 500 urteko errepikatze-denboran; era berean, arnasbideak finkatu eta zoladura iragazkor bat jarri beharko da pasealekua diseinatzeko.

    Oro har, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak hartu beharko dira (Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Espainiako zatiko Plan Hidrologikoaren Araudiko 44. artikulua), eta, beraz, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak txertatu beharko dituzte hiri-drainatzeetan.

    Bestalde, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obra-instalazio osagarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

    Planean jasotzen diren eta zortasun- eta zaintza-eremuan dauden jarduketa guztiek arroko erakundearen (Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren) nahitaezko administrazio-baimena beharko dute gauzatu aurretik. URA Uraren Euskal Agentziak izapidetuko du.

    2. Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

    Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek barne hartu beharko dituzte obrak egin bitartean solidoak lurrazaleko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

    Halaber, planaren araudian jaso beharko da Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Erregelamenduan xedatzen den isurketen araubidea, barnean direla estolda-sare publikora zuzenean isurtzeko mugak.

    Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatuko du. Gipuzkoako Ur Kontsortzioko isurketak araupetzen dituen Erregelamenduan eta Ordiziako Udaleko kolektorerako isurketak araupetzen dituen Erregelamenduan xedatuta dauden zehaztapenetara egokitu beharko dira saneamendu-sarearen diseinua eta ezaugarri teknikoak.

    Saneamendua egiteko, sortzen diren hondakin-urak Gaiako HUAn (Legorreta) amaitzen den saneamendu-sarean sartu beharko dira. Hondakin-urak baimentzeko prozedura bete beharko dute ur-administrazioan.

    Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek jatorrian murriztu beharko dute hirigintza-garapenaren inpaktua, euri-urak jariatzean sortutako karga kutsakorrari dagokionez.

    3. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

    Eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako zenbait lurzati daude (kodeak: 20076-00012 eta 20076-00078). Horrenbestez, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin bat, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.

    Era berean, 2015eko martxoaren 16ko Ebazpenean ezarritakoa bete beharko da. Ebazpen horren bidez, Gr鷄s Usabiaga SAk bere jardueraren zati bat egin zuen lekuaren (Ordizia-Zaldibia errepidea z.g.) lurzoruaren kalitatearen adierazpena ematen da.

    Zentzu horretan, kontuan hartuko da ezen, Lege horren 25. artikuluaren hirugarren apartatuaren arabera, 23. artikuluko lehen zatiko a) edo d) letretan jasotako kasuak gertatzen direnean eta aldez aurretik lurzoruaren kalitatearen deklarazio bat badagoenean, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan egin beharko da kontsulta, ebazpen arrazoituaren bidez adierazpen horren balioaz irizpena eman dezan eta, behar izanez gero, balio horri eusteko baldintzak ezar ditzan.

    Era berean, adierazi behar da lurzoruaren kalitatearen ikerketak eta oneratze-neurrien diseinua eta exekuzioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera akreditatutako erakundeek gauzatu beharko dituztela (199/2006 Dekretua, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta oneratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena).

    4. Intereseko landaredia babesteko neurriak.

    Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

    Obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Zaldibia ibaiko eskuinaldeko ur-bazterreko landarediari eragitea saihestuko da.

    Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Ez da zuhaitzik moztuko, ez eta belar-sastrakarik garbituko ere, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

    5. Lurraldearen leheneratze ekologiko eta paisajistikorako neurriak.

    Urbanizazio-proiektuak landareztatze-proiektu bat jaso beharko du proiektuak eragindako eremu guztiak leheneratzeko, Zaldibia errekaren ezkerreko ertza (espazio libreak) barne, ondoren ezartzen diren irizpideekin:

    Zaldibia ibaiaren ezkerreko ertzeko ezponda berria babestea beharrezkotzat joz gero, bioingeniaritza-teknikak erabiltzea proposatuko da. 獻baietako natura-ingeniaritzako tekniken eskuliburua kontuan izango da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza//contenidos/documentacion/manual_tec_ing_nat_amb_flu/eu_doc/index.shtml), Eusko Jaurlaritzarena.

    Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, garapenaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko da prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea. Zaldibia ibaiaren ertzeko leheneratze-lanetan, haltzadi kantauriarrari dagozkion espezieak erabiliko dira, batik bat haltza (Alnus glutinosa) eta sahats hauskara (Salix atrocinerea).

    Eremuko gune urbanizatuetan landaketak egin behar izanez gero, 獿orategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua kontuan izango da (http://www.udalsarea2030.eus/argitalpenak/20b-udalsarea21-kuadernoa-lorategi-eta-berdegune-jasangarriak-diseinatzeko-eskuliburua), Udalsarea 21 Koadernoa, 20b. 2017ko apirila.

    Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Robinia pseudoacacia, Buddleja davidii, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Obrek irauten duten bitartean, jarraipena egingo da espezie horiek eremuan nola ugaritzen diren ikusteko eta, aleak agertuz gero, kasuan kasuko espeziaren araberako metodologia erabiliz kenduko dira.

    6. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

    Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

    7. Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

    Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuek dagozkion neurriak jaso beharko dituzte, eta horien eragin-eremuan ezingo dira gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

    8. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, 獷AEko eraikingintza jasangarriaren gida argitalpeneko gomendioak erabiliko dira (https://www.euskadi.eus/web01-a2ingkli/eu/contenidos/documentacion/guia_edificacion/eu_pub/index.shtml), eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

    Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, 玌rbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida籸en gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

    Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

    Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

    Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

    Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

    Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

    Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

    Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

    Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

    9. Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

    Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

    10. Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

    Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:

    Langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

    Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

    Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

    Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

    Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

    Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek behar bezala bete beharko dituzte ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-neurriak.

    Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

    Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

  5. Ingurumen-jarraipenaren plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

    Urbanizazio-proiektuak obretan zehar egin beharreko kontrolak zehaztu beharko ditu, bereziki Zaldibia ibaiko uren kalitateari buruzkoak. Kontrol bakoitzerako, kontrol-parametroak, metodologia, aldizkakotasuna eta atalase-balioak zehaztuko dira, besteak beste.

  6. Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

    Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko ekainaren 26an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

    Beste alderdi batzuen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: jabari publiko hidraulikoa babestea; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea, eta, zehazki, Zaldibia ibaiaren eta, beraz, Oria Garaia KBEaren baldintzak hobetzea; lurrazaleko uren kalitatea zaintzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeak paisaian modu egokian integratzea; sortutako lur-soberakinak eta hondakinak modu egokian kudeatzea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; arrisku naturalak murriztea; eta kalteen prebentzioari lehentasuna ematea (eta ez konpentsazioari).

    Bigarrena. Gehienez ere bi urteko epea ezartzea Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntuala, Txindoki P. 15. HJEko 15.6 EUari dagokiona, onartzeko. Epe hori ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasiko da. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Ordiziako Udalari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 10a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik