Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Donostiako AU-IB.13 Igara eta IB.14 Illarra Berri eremuei buruzko eta Erregenea inguruneko lursail bat birsailkatuz espazio libreen sistema orokorra handitzeko HAPOaren aldaketari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1655
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/24
  • Argitaratze-data: 2022/04/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko otsailaren 1ean, Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion abiaraz zezala ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua Donostiako AU IB.13 Igara eta IB.14 Illarra Berri eremuei buruzko eta Erregenea inguruneko lursail bat birsailkatuz espazio libreen sistema orokorra handitzeko HAPOaren aldaketari zegokionez. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko otsailaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Orobat, Donostiako Udalari jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da legearen helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako AU IB.13 Igara eta IB.14 Illarra Berri eremuei buruzko eta Erregenea inguruneko lursail bat birsailkatuz espazio libreen sistema orokorra handitzeko HAPOaren aldaketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela efektu nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, planari edo programari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaiola, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Donostiako AU IB.13 Igara eta IB.14 Illarra Berri eremuei buruzko eta Erregenea inguruneko lursail bat birsailkatuz espazio libreen sistema orokorra handitzeko HAPOaren aldaketari (aurrerantzean, Plana), baldintza hauen arabera:

  1. Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da gaur egun El Diario Vasco egunkariaren instalazioek okupatzen duten zonaren kalifikazioa aldatzea, hango bizitegi-garapena ahalbidetzeko.

    Orain, Portuetxe pasealekuaren 2. zenbakiko lurzatiak 11.041,72 m2 ditu, eta AU 獻B.13 Igara (Ibaeta) eremuan dago; haren kalifikazio globala 獴.20Hirugarren sektoreko erabilera da. Ukitutako lurzoruei dagokienez indarrean dagoen hirigintza-araubidea berregokitzea proposatzen da; hain zuzen ere, bizitegi-lurzati bat zehaztuko da, AU 獻B.14.1 Illarra Berri (Ibaeta) eremu mugakidean integratuko dena (eremu horren kalifikazio globala 獳.30 Eraikuntza irekiko bizitegia da). Hiru eraikuntza-unitate jartzea aurreikusi da, gehienez 247 etxebizitzakoak, dagozkien garaje eta trastelekuekin, bai eta lokalak ere. Horrez gainera, plaza handi bat jarriko da erdian, auzoaren erdigune bihurtuko dena.

    Bestalde, aintzat hartuta Portuetxe pasealekuko 2. zenbakiko lurzatiak ez duela espazio librerik, estandar hori betetzeko, halako kalifikazioa emango zaio gaur egun lurzoru urbanizaezintzat sailkatuta dagoen lursail bati, zeina mugakidea baita 獳O 12 Erregenea (Antiguo Ondarreta) eremuko espazio libreen sistema orokorrarekin.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak hiri-lurzoru bati eragiten dio, zeinaren erabilera aldatzen baitu industria-erabileratik bizitegi-erabilerara, eta, horrez gain, espazio libreen sistema orokor gisa kalifikatzen du 4.200 m2-ko azalerako lurzoru urbanizaezin bat. Horiek horrela, Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne hartuta: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, Planak ez du ingurumen-efektu nabarmenik izango, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: Plana aplikatuz lurzoruaren erabilera intentsiboa bultzatzen da, eta lurzoru naturalaren urbanizazioa saihesten; ondorioz, hizpide dugun plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpenak integratzeko.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, baldin eta afekzio-eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak, besteak beste, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez egiten badira: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, natur ondarea, ura, hondakinen kudeaketa eta kutsadura akustikoa.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Efektuen eta ukitua izan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Aldaketak hiru hirigintza-eremuri eragiten dio:

      AU 獻B.13 Igara (Ibaeta) eremuak 265.286,00 m2-ko azalera du, eta haren kalifikazio globala 獴.20 Hirugarren sektoreko erabilera da.

      AU 獻B.14 Illarra Berri (Ibaeta) eremuak 17.373,00 m2-ko azalera du, eta haren kalifikazio globala 獳.30 Eraikuntza irekiko bizitegia da.

      AU 獳O.12 Erregenea (Antiguo Ondarreta). Zehazki, azken eremu horren azalera handitu egingo da, zeren eta 4.200 m2-ko azalera duen lursail bat gehituko baitzaio; gaur egun, lursail hori lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago, 獶.10 Babes bereziko landa-lurzorua sailkapenarekin, eta, aurrerantzean, hiri-lurzoru gisa sailkatuta egongo da, espazio libreen sistema orokorraren kalifikazioarekin (F.10 zona); hau da, hirigintza-eremu horretan gaur egun dagoen lurzorua handituko da.

      HAPOaren aldaketak ingurumen-ezaugarri hauei eragingo die:

      Bizitegi-eraikinak eta zuzkidura publikoak jartzea aurreikusita dagoen lurzatiaren ingurunea erabat hiritarra da, eta natura-balio aipagarririk ez duten bizitegi-garapenez inguratuta dago. Baina AO Erregenea eremuan non espazio libreak jarriko baitira eta ez baita lurzoruaren erabilera aldatuko, bada Batasunaren intereseko habitat bat (Altitude baxuko sega-belardi elkorrak Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis; 6510 kodea), kontserbazio-maila onargarria duena; horrez gainera, harizti azidofiloa eta harizti-baso misto kantauriarra daude eremu horretan.

      AU 獻B.14.1 Illarra Berri eremuan ez da aurkitu kultura-intereseko elementu katalogaturik, baina AO.12 Erregenea kostaldeko Donejakue bideak zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera.

      Bi lurzatiak 1999ko azaroaren 10eko Foru Arauaren eraginpean daude, zeinaren bidez Hegoaldeko Zuhaitz Igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Plana onartu eta hura babesteko arau osagarriak ezartzen baitira.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, AU 獻B.14 Illarra Berri eremuaren hegoaldean Igara erreka igarotzen da lur azpitik; gainera, eremuaren zati bat erreka horren ibilguen zaintza-zonan dago, eta eremu ia osoa, 500 urteko errepikatze-denbora duen uholde-arriskuko zonan. Orobat, lurzatiaren muga ES017-GIP-URU-02 uholde-arrisku potentzialeko zonaren barruan dago.

      Bestalde, Portuetxe pasealekuko 2. zenbakian dagoen lurzatia inbentario honetan jasota dago, 20069-00248 kodearekin: lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioa (165/2008 Dekretua, zeina indargabetu baitzen 4/2015 Legea garatzen duen 209/2019 Dekretuaren bidez).

      Ingurumen-dokumentuan ageri den lurzatiaren azterlan akustikoaren arabera, kalitate akustikoko helburuek bete egiten dituzte 213/2012 Dekretuak bizitegi-garapen berri baterako zehazten dituen muga-balioak, bai gaur egun, bai 20 urteko epean (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, EAEko hots-kutsadurari buruzkoa).

      Plana garatzeak izan ditzakeen ondorioak lotuta daude lehendikako eraikinak eraisteko obrekin eta bizitegi-garapenaren proiektu berria ezartzeko lanekin. Ildo horretatik, inpaktuen sorburu izan daitezke lur-mugimenduak, hondakinen sorkuntza, makinen joan-etorriak, isuriak, zaratak eta abar, horrek guztiak ekar ditzakeen bestelako ondorioekin, hala nola isuriek azaleko urak, lurpeko urak eta lurzoruak erasatea edo eremuan edo haren inguruan bizi diren herritarrei eragozpenak sortzea isuri atmosferiko eta akustikoengatik. Hala ere, proposatzen diren jarduketen mugak ikusita, uste da afekzioak eskasak izango direla eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak, baldin eta indarrean dauden legeak eta, bereziki, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzko legeak betetzen badira, obrak egiteko garaian halako jarduketetarako ezarrita dauden jardunbide egokiei kasu egiten bazaie eta jarduketak egikaritzeko ezinbestekoa den azalera soilik ukitzen bada.

      Ustiapen-fasean, ez da espero eremuan edo haren inguruan bizi diren herritarrek ondorio negatibo nabarmenik jasatea, ez natura-baliabideei dagokienez, ez habitataren kalitateari dagokionez.

      Bestalde, Planaren proposamena egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko; izan ere, mugatu egiten du lurzoru natural berrien okupazioa. Gainera, aurreikusita dagoen garapenak zenbait neurri txerta ditzake baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko.

      Kontuan harturik eremuaren gaur egungo egoera, Planak planteatzen duen antolamendu-proposamena eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaile egokien aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, behean zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, Planak ingurumenean efektu kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako AU IB.13 Igara eta IB.14 Illarra Berri eremuei buruzko eta Erregenea inguruneko lursail bat birsailkatuz espazio libreen sistema orokorra handitzeko HAPOaren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea beharrezkoa izan ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Behar diren kautela-neurriak ezarriko dira eremuan dagoen hostozabal autoktonoen zuhaiztia (baso misto atlantikoa) kontserbatzeko eta haren balioa azpimarratzeko. Eremuaren hirigintza-fitxan berariaz jaso beharko da zuhaizti autoktono hori zaintzeko helburua.

      Kontuan hartu beharko dira 1999ko azaroaren 10eko Foru Arauaren zehaztapenak; Hegoaldeko Zuhaitz Igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Plana onartu eta hura babesteko arau osagarriak ezartzen ditu foru-arau horrek.

      Ezin izango zaie inolaz ere eremuko hostozabal autoktonoen zuhaiztiko (baso misto atlantikoa) zuhaitz-ale helduei erasan. Kasu guztietan, arreta handiz jokatu beharko da baso mistoaren osotasunari ahalik eta kalte txikiena eragiteko. Beharrezkoa bada, eremua in situ mugatuko da, eta balio handiko elementu naturalak (zuhaitz autoktonoak) behar bezala babestuko dira, ustekabeko kalterik jasan ez dezaten.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ezinbestekoak badira, mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideen irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak barnean hartuta makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko gunea, eta landare-lurrak eta hondakinak behin-behinean pilatzeko eremuak ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, intereseko landare-formazioei eragitea saihestuko da.

      Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako intereseko landaredia birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

      Espazio libreak landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira 獿orategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, ez dira inolaz ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      AO 12 Erregenea eremuan egin beharreko esku-hartze orok Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean eta urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan ezarrita dagoena bete beharko du dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun izendatu zen.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

      Zaratari dagokionez planean hartu beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko hirigintza-garapenak kanpoko inguruan kalitate akustikoko helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan, eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulaziorakoak ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Uholde-arriskuak murrizteko neurriak.

      Plana aplikatzeko proposatzen diren jarduketek kontuan izan behar dituzte indarrean dagoen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan xedatutakoa, ezertan eragotzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak, hala badagokio, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezartzen duena (Uraren Legearen testu bategina onartzen du legegintzako errege-dekretu horrek) eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Beste alde batetik, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obra-instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

      Planaren eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den kokaleku batean dago (kodea: 20069-00248). Horrenbestez, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

      Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

      Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira zer hondakin mota diren eta haientzako helmugarik egokiena zein den zehazteko.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, oro har, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Ingurumenaren aldetik jasangarriak diren eraikuntzei buruzko gidaliburuetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (bereziki ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzari buruzko gidaliburua), eraikinetan energia-aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako AU IB.13 Igara eta IB.14 Illarra Berri eremuei buruzko eta Erregenea inguruneko lursail bat birsailkatuz espazio libreen sistema orokorra handitzeko HAPOaren aldaketak efektu kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako AU IB.13 Igara eta IB.14 Illarra Berri eremuei buruzko eta Erregenea inguruneko lursail bat birsailkatuz espazio libreen sistema orokorra handitzeko HAPOaren aldaketa lau urteko gehieneko epean onartzen ez bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 24a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik