Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 22
  • Hurrenkera-zk.: 535
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/12/22
  • Argitaratze-data: 2022/02/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko otsailaren 24ko Ebazpenaren bidez, Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz, Amurrioko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarrita 45 egunez, 2017ko abenduaren 27ko Arabako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Amurrioko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Amurrioko Udalak ohartarazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2021eko azaroaren 25ean, Amurrioko Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskabidea osatu zuen, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: Plana behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programak, bai eta haien aldaketak ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, aipatu legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak eta horien aldaketak, ingurumenari ondorio nabarmenak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Amurrioko Udalak bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera (haren bidez ezartzen da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala). Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, ondoren zehazten den moduan:

  1. Planaren xedea da 1999tik indarrean dauden arau subsidiarioetan ezarritako indarreko hirigintza-plangintza berrikustea. Planaren eremua Amurrioko udal-mugarte osoa da (96,36 km2-ko azalera, gutxi gorabehera); zortzi urteko eperako egin da, baina ez dio kalterik egingo haren indarraldi mugagabeari, aldatzen edo berrikusten ez den bitartean.

    Planaren irizpide orokorra da hiri-bilbea mantentzea eta dentsifikatzea, eta aurreko plangintzan planteatu eta garatu ez ziren lurzoru urbanizagarriak desklasifikatzea, baita hiri-lurzoruak ere.

    Hona hemen planaren beste irizpide eta helburu batzuk: mugikortasuna hobetzea, lurralde-antolamenduko eredu jasangarri bat diseinatzea, lurraldearen natura- eta paisaia-balioak babestea, artifizialki lurperatuta dauden eremuetan jatorrizko ibilguak leheneratzea, interes historiko, artistiko eta kulturaleko elementuak babestea eta balioestea, eta batzarren landa-izaerari eta kokatuta dauden lurraldearen ingurumen-kalitateari eta kalitate bisualari ustea.

    1. Planaren proposamenen deskribapena.

    Hona hemen aurreikusitako antolamendu-kategoriak eta gauzatu behar diren jarduketak:

    1. Lurzoru urbanizaezinaren antolamenduaren kategoriak.

      Honako hauek dira lurzoru urbanizaezinaren antolamendurako kategoriak:

      1E. Babes bereziko eremua.

      Beren ezaugarri naturalak edo paisajistikoak kontuan hartuta babestu eta zaindu behar diren landa-eremuak. Eremu hauetan, jardun antropikoa mugatzea da aplikatu behar den erabilera-irizpidea. Ondo kontserbatutako eremuak direnez, kontserbazio-jarduerak eta ekosistemaren ingurumena hobetzekoak baino ez dira sustatuko.

      Landaretza babestuko eremuak (baso autoktonokoak edo intereseko landaredia), tamaina txikikoak direlako edo halakorik ez dagoelako, beste eremu batean sartu badira, babes bereziko lurzorutzat hartuko dira plan orokorraren ondorioei dagokienez.

      2E. Ingurumena hobetzeko eremua.

      Eremu marjinalak edo degradatuak dira, eta beharrezkotzat jotzen da ingurumen-kalitate maila handiagoetarantz eboluzionatzea, barnean edo ingurumen-balio handiagoko eremuen ondoan kokatuta daudelako. Eremu hauek erabiltzeko irizpide orokorrak helburu du egungo egoera ekologikoki garatuago dauden egoeretara bideratzea. Oro har, ekosistema (landaredi potentziala) leheneratzea eta kontserbatzea bultzatuko da.

      3E. Arrastariko meandroetako ingurumena hobetzeko eremua eta Zanpazuko urmaelen eremua.

      Arrastariko eta Zanpazuko eremuak dira. Arrastarian, Nerbioi ibaiaren lehengo meandroak zeuden uholde-arriskugunea hartzen du, Laudioko Lurralde Plan Partzialean xedatutakoaren arabera. Eremu honen helburua da ingurumen- eta paisaia-balio handiko eremu bat sortzea, eta, horretarako, Nerbioi ibaiaren lehengo trazadura eta hari lotutako hezegunea leheneratzea. Agrologia-balioko eremuak dira; beraz, ekosistema leheneratzea bateragarri egin beharko da eremu horretarako ezarritako antolamendu-helburuen aurkako inpakturik eragiten ez duten nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerekin.

      Bestalde, Zanpazuko eremua da, nekazaritzako goi-lautada. Natura 2000 Sareko bi lekuren elkargunean kokatzen da, eta bien arteko korridore ekologikoa da; bertan, hezegune txiki batzuk daude, elkarri lotutako urmaelen gune bat osatzen dutenak.

      4E. Lurrazaleko urak babesteko eremua.

      EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSk ezartzen duen ibaien eta erreken babes-eremuak osatzen du kategoria hau.

      5E. Hezeguneetako babes bereziko eremuak.

      Hemen sartzen dira bai LPSren III. taldeko 獺ezeguneak hezeguneak bai Amurrioko Udalak garatutako baso-igel jauzkariaren (Rana dalmatina) banaketaren eta populazioaren azterketan identifikatutako hezeguneak.

      Plan Orokorraren ondorioei dagokienez, hezeguneetako babes bereziko lurzorutzat hartuko dira ekosistema propioak edo hezeguneei lotutako ekosistemak garatzen dituzten idoiak eta ur pilaketak, eremu honetan sartu ez badira ere.

      6E. Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko eremua. Balio estrategiko handikoak.

      Eremu horien definizioak Nekazaritza eta Basogintzako LPSren kartografia jasotzen du. Lautada alubialak direlako edo balio estrategiko handiko lurzoruen ondoan daudelako, antzeko balio agrologikoak dituzten lurzoruak desklasifikatzetik eratorritako eremuak sartzen dira.

      Arrastariko eremu lauekin bat datorren eremu bat definitzen da, plan berezi baten bidez (edo bateragarritze-plan baten bidez) garatu beharrekoa, lehen mailako jarduera bultzatuko duen nekazaritza-parke bat sortzeko, gorabidean dauden sektoreak sustatuta eta jasangarritasuneko eta paisaiaren hobekuntzako irizpideak sartuta.

      7E. Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko eremua. Trantsizioko landa-paisaia.

      Aurreko azpikategoriak baino gaitasun produktibo txikiagoa duten eremu landuak dira (malda handiagoekin), edo landazabal-eremuak, mosaiko eran belardiz eta baso-unada txikiz estalita. Eremu horietan, erabilera-irizpide orokorrak basoko produkzioa eta gaur egungoak baino ingurumen-egoera onuragarriagoak lortzeko bilakaera bateragarri egitea du helburu.

      8E. Baso-eremua. Intereseko baso-eremua.

      Ingurumen-hauskortasun handieneko edo balio natural handieneko baso-eremuei dagokie. Horretarako, Laudioko Lurralde Plan Partzialak intereseko baso-eremu bat sortzea zehazten du.

      9E. Baso-eremua. Baso-eremu orokorra.

      Beren ezaugarriengatik eta ingurumen-arriskuen aurrean babesteko duten ahalmenagatik (arriskuen prebentzioa, arroen babesa, etab.) zuhaitz-estaldura mantentzeko joera argia duten lursailak dira. Erabilera-irizpide orokorra da basogintza-erabilera modu ordenatuan bermatzea.

      Baldintzatzaile gainjarriak:

      Lurzoru urbanizaezinaren baldintza gainjarri hauek zehaztu ditu Planak:

      1BG. Naturagune babestuak.

      2BG. Interes naturalistikoko guneak.

      3BG. Akuiferoen kutsadurarekiko eremu kalteberak.

      4BG. Uholde-arriskuguneak.

      5BG. Ur-harguneak babesteko eremua.

      6BG. Higatu daitezkeen eremuak.

      7BG. Onura publikoko mendiak eta mendi babesleak.

      8BG. Korridore ekologikoak.

      9BG. Gutxi aldatu diren paisaiak dituzten eremuak.

      10BG. Ez da espezie mehatxaturik edo interesgarririk identifikatu.

      11BG. Interes geologikoko lekuak.

      12BG. Zonakatze akustikoa eta zortasun akustikoko eremuak.

      13BG. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

      14BG. Ustezko arkeologia-eremuak eta katalogatutako elementuak babesteko inguruneak.

    2. Lurzoru urbanizaezinetan kokatutako sistema orokorren proposamenak.

      Amurrion dauden landa- eta lurralde-parkeen sarea eta Nerbioiko parke lineala hirikoak ez diren espazio libreen sistema orokor gisa identifikatu dira. Ekipamendu publiko hauek barne hartzen ditu:

      Nerbioi Garaia-Altube bidegorria (Amurrio-Baranbio).

      Oinezko ibilbideak administrazio-batzarren artean.

      Larrabeko hondakinak kudeatzeko ekipamendua (garbigunea, konposta egiteko instalazioa eta lurrezko betelanak).

      Ur-biltegiak, hilerriak eta ermitak.

      Hona hemen lurzoru urbanizaezinean erabilera espezifikoetarako egokitzat jotako beste lurzoru batzuk:

      Lurrezko betelanetarako egokiak diren lurzoruak. Hiru kokaleku proposatzen dira, baldin eta irisgarritasun-azterlan bat egiten bada, jendea bizi den eremuetan ahalik eta kalte gutxien eragiteko, eta eremu betegarria zehatzago definitzen duten azterlanak egiten badira.

      Kanpina egiteko egokiak diren lurzoruak. Egonaldi iraunkorrik gabeko kanpin bat instalatzeko bi kokapen posible proposatzen dira, Delika eta Tertanga guneetako sarreretan kokatuta.

      Gasolindegi egiteko egokiak diren lurzoruak. Herrigunetik lekualdatzea proposatzen da; hiritik kanpo, baina herrigunetik gertu.

      Autokarabanentzako aparkaleku publiko bat egiteko egokiak diren lurzoruak. Lau kokaleku proposatzen dira: bi indarreko plangintzan zuzkiduratzat kalifikatutako eremuetan, eta beste biak kudeaketa-eremuetan.

      Bestalde, honako lurzoru-erreserba hauek ezartzen dira lurzoru urbanizaezinean:

      Lurzoru-erreserba lur-banku publikorako; hau da, nekazaritza-parke bat egiteko, eta, ahal dela, udalaz gaindikoa. Plan berezi baten edo bateragarritze-plan baten bidez garatzea proposatzen da.

      Lurzoru-erreserba, balio teknologiko handiko jarduera ekonomikoak sustatzeko. Lurzoru-erreserba plangintzaren aldaketa zehatz baten bidez egin behar da.

      Proposamen orokorrak osatzeko, Alkinarreko tren-geralekuaren ondoan disuasio-aparkaleku bat egitea proposatzen da, hala, trenez joan ahal izateko beste udalerri batzuetara.

      Aukera guztiak aztertu ondoren, sistema orokorrak sortuko dira lurzoru urbanizaezinean, edota erabilera horietarako egokiak diren eremuak nahiz lurzoru-erreserbak (ikus lurzoru urbanizaezinaren antolamendua).

    3. Bide-komunikazioei eta oinezkoen mugikortasunari buruzko proposamenak.

      Herrigunera sartzeko, A-624 Balmaseda-Gasteiz eta A-625 Bilbo-Urdu馻-Burgos bideak erabiltzen dira nagusiki. Azken horrek saihesbide bat du, paseko trafikoa saihesteko. Gainera, beste sarbide bat dago tokiko A-4609 errepidetik, Olabezarko herrigunearekin eta A-3618 errepidearekin lotzen duena.

      Planak A-625 saihesbideko sarrerak egiteko eta A-624 eta A-625 errepideak (Larrinbe) oinezkoentzako bideekin komunikatzeko eta iragazkor egiteko aurreikusitako trazaduraren ordezko aukerak aztertzen ditu, betiere hobeto egokitzen badira Amurrioko herri-egiturara, eta lurzoruaren kontsumoa eta ingurumen-eraginak minimizatzen badituzte. Hala ere, foru-bideen trazadura Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko Sailaren eskumena da.

      Amaierako bide-sareak, oro har, egungo egitura du, eta Amurrio hegoaldeko poligonoetako bideen berregituraketak osatzen du.

      Hona hemen beste bide-proposamen batzuk: mugikortasun geldoko sare bat (oinezkoentzat eta bizikletentzat) herrigunearen eta administrazio-batzarren artean, eta disuasio-aparkaleku bat egitea Alkinarreko tren-geralekuaren ondoan, hala, trenez joan ahal izateko beste udalerri batzuetara.

    4. Herrigunea antolatzeko proposamenak.

      Aurreko plangintzan proposatu ziren baina gauzatu ez ziren aldirietako lurzoru urbanizagarriak desklasifikatu dira; zehazki, honako hauek: SAPUR-2, SAPUR-6, SAPUR-7, SAPUR-10, SAPUR-11, SAPUR-12 BIS eta SAPUR-S1 etxebizitza-sektoreak, M20 unitatea eta SUNS San Jos; halaber, AI.22 Landaburu 22 eta AI.23 Landaburu 3 hirigintza-eremuak ezabatu dira, aurreko plangintzan gauzatu zirelako.

      SAPUR-2 eta SAPUR-6, zati batean, eta SAPUR-3, osorik, hiri-bilbean integratuta daude; beraz, berriz mugatu da hiri-lurzoruaren lerroa, eremu horiek barne.

      Lurzoru finkatugabean 15 zuzkidura-jarduketa (horietatik 14k industria-izaera dute) eta 30 jarduketa integratu daude (horietatik 5 industria-jarduerak dira; bat, industria- eta bizitegi-jarduera, eta gainerakoak bizitegi-jarduerak).

      Jarduera ekonomikoetarako eremuak.

      Jarduera ekonomikoetarako lurzorua okupatzeko estrategia lehendik dauden hiri-lurzoruen industria-bilbeak lohiz betetzean oinarritzen da. Industria-lurzoru guztiak lehendik dauden hiri-lurzoruetan gauzatuko dira, lehengo SAPUI-4ri dagozkion lursailetan izan ezik, oraindik garatu gabe baitaude, baina partzialki eraldatuta.

      Industria-eremuak antolatzeko proposamenak hauek barne hartzen ditu: Nerbioiko parke lineala eraikitzeko beharrezkoak diren lagapenak egitea (poligonoak eta herrigunea komunikatzeko aukera emanda) eta zenbait eremutan berdegune pribatuak sortzea.

      AD.11 Tubos Reunidos eremuko hiri-lurzoruaren mugak birdefinitu dira, bertatik pinudi batek okupatutako hegal bat kentzeko eta industria-jarduerak dagoeneko eraldatutako lursailak sartzeko.

      Era berean, industria-eremuetan kokatutako ekipamenduak birkokatzea proposatzen da, gune egokiagoetan berriro elkartzeko (AD.2 Odiaga, AI.23 Maskuribai-Larrinbe eta AI.24 Adarraga eremuak). Horrez gain, ibai-ibilguen ondoan (kasu batzuetan antolamenduz kanpo) dauden industria-eraikinak industrialagoak diren eremuetan birkokatzea proposatzen da, eta, hala, ibilguaren erribera askatzea ahalbidetu.

      Bizitegi-eremuak.

      Planak 1.323 etxebizitza berri eskaintzea proposatzen du. Ez da lurzoru urbanizagarri berririk sailkatu, garapen berriak hiri-lurzoru finkatugabean dauden espazio huts handietan egitea proposatu baita.

      Hirigintza-ereduan proposatutako herrigunearen egitura orokorraren aldaketa nagusia zera da, trenbide-lineak udalerriaren bi aldeak lotzen dituen eta Amurrio Nerbioi ibaira irekitzeko aukera ematen duen hesi-papera gainditzea.

      Bizitegi-hazkunde guztiak hiri-lurzoruaren bilbea lohiz betetzeko edo berriz dentsifikatzeko eragiketetan gertatzen dira, Ugartebetxi AI.16 sektorea (SR1) izan ezik. Sektore hori aurreko SAPUR-8 sektorea da; behin betiko onartutako arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ondorioz sortu da.

      Proposamenak Baranbion eta Delikan.

      Delikako eta Baranbioko batzarretan, erdigunetik urrun daudenez eta gainerakoak baino handiagoak direnez, berriz dentsifikatzeko barne-eragiketak egitea proposatzen da, bertan, babestutako etxebizitzak eraikitzeko. Nolanahi ere, tipologia tradizionalen antzeko eraikinak eta bolumetriak proposatzen dituzten eragiketak dira.

      Baranbioko hiri-bilbea pixka bat handitzeko aukera proposatu da, babestutako etxebizitzak eraiki ahal izateko. BEU-4 eta BEU-3 unitateak desklasifikatu dira, hiri-unitate gisa sailkatzeko baldintzak betetzen ez dituztelako. BEU-2ren kasuan, berriz mugatzea erabaki da, eremua atzeko magalera ez zabaltzeko, paisaia-inpaktu handia dakar eta.

      Delikan SAPUR-D1 desklasifikatu da, neurriz kanpoko hazkundea baita herrigunearen tamainarentzat. Jarduketa horien bidez, administrazio-batzarraren erdiguneko bilbea indartuko da, babestutako etxebizitza eraiki eta zubiko dorretxea erosi, kultura-ondarearen kontserbazioa errazteko ekipamendu gisa.

      Gainerako administrazio-batzarretan, Planak uste du posible dela lehendik dauden hiri-lurzoruetako bizitegi-beharrak betetzea, hazkunde berririk proposatu beharrik gabe.

      Jarduketa estrategikoak.

      Honako jarduera hauek nabarmentzen ditu Planak, bere izaera estrategikoagatik:

      Amurrio-Nerbioiko jarduketa estrategikoa (AI.1 Bori馻ur).

      Amurrioko herriguneko funtsezko eremua da, Amurrioko bilbearen erdian eraiki gabe dagoen espazio handi bat delako; gainera, trenbideak eragindako hesia gainditzea eta Amurrio Nerbioi ibaira irekitzea ahalbidetzen du. Bizitegi-erabilera orokorreko unitate bat gauzatzea proposatzen da, trenaren azpitik pasabide handi bat eraiki ahal izateko eta Amurrioko erdigunea Nerbioi ibaiarekin lotzeko.

      Inguruko unitateen batezbestekoaren antzeko dentsitatea proposatzen da; trenbide azpiko pasabide bat egitea, espazio libreen etengabeko sekuentzia bat sortzea eta erdiguneko disuasio-aparkaleku bat egitea, jende asko biltzen den ekitaldietarako.

      Hego-mendebaldeko bidearen jarduketa estrategikoa (AI.2 Aiara, AI.3 Armuru eta AI.4 Institutua).

      Jarduketa honek helburu du herrigunearen hego-mendebaldeko hiri-bilbea azkentzea, hego-mendebaldeko bidea amaitzeko aukera emango duten hainbat bizitegi-jarduketaren bidez, gaur egun partzialki gauzatua baitago. Horri esker, erdigunetik desbideratu ahal izango da Artziniegatik edo Urdu馻tik datorren pasoko zirkulazioa. Era berean, hiri-irtenbide egokia emango dio institutuaren inguruneari, eta, hala, zentroarekin lotu, eta Aresketa Ikastolarako sarbidea arinduko du.

      Aipatutako jarduketek konpondu egin beharko dute Armuru eta Lexarraga errekek, lurperatuta zeudenean, uholdeak eragiteko zuten arriskua, gainazalerara aterako baitira.

      Geltokiaren eremuko jarduketa estrategikoa (AI.9 Geltokia).

      Geltokiaren inguruko hiri-berrikuntza sakona egitean datza, hura zentraltasun-eremu gisa tratatuta, bertara sartzeko bideak behar bezala konponduta eta trenbidearen azpitik pasabide bat eginda. Unitate honetan, halaber, Etxegoien erreka desestaliko da, osorik edo zati batean, eta, horretarako, berdegune publiko bat eratuko da, urbanizazioa natura-irizpideen arabera egingo dela bermatuta.

      Hiri-lurzoruko espazio libreak.

      Lurralde- eta hiri-mailan, Nerbioi ibaiaren parke lineala mugikortasun geldoaren (motorizatu gabea) eta espazio libreen sarearen elementu egituratzailea izango da. Zentzu horretan, bereziki garrantzitsua da Amurrioko erdigunearekin izango duen lotura; ibaiertzeko parke handi bat egingo da Bori馻urren.

      Proposatutako mugikortasun-sarean oinarrituta, herriguneko espazio libreen sarea osatzea proposatzen da. Horretarako, berdegune txikiei lotutako ibai-ibilbide txikiak sortzea proposatzen da, Etxegoien, Armuru, Lexarraga, Zankueta eta Mendixur erreken gainazaleko ibilgua leheneratuta. Kasu batzuetan, uholde-arriskua dela eta, lurzoru urbanizaezinera zabaldu beharko dira ekintza horiek.

    5. Azpiegiturak eta zerbitzuak.

      Uren arazketa Nerbioiko biltodiaren eta Urdu馻ko, Markijanako (Amurrio) eta Besaurbeko (Laudio) HUAen bidez egingo da.

      Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Ingurumen Ebaluazioaren Kalitate eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko martxoaren 6ko Ebazpenaren bidez, Nerbioi ibaiaren goi-arroa (Euskal Autonomia Erkidegoa) saneatu eta arazteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Proiektuaren helburua da hondakin-uren bi araztegi (HUA) eraikitzea Markijana eta Besaurbe, bai eta 20,5 km-ko saneamendurako kolektoreen sarea, lau ekaitz-tanga eta horiekin lotutako bi ponpatze-estazio ere (Laudio eta Areta). Markijanako HUAk Saratxo, Amurrio, Murga, Luyando eta Olabezar udalerrietako isuriak tratatuko ditu. Jarduketa horiek Nerbioi Garaiko saneamendu- eta arazketa-proiektuaren parte dira.

      Udalerria urez hornitzeko, Maro駉ko urtegia erabiltzen da, bai eta lurrazpiko eta lurrazaleko ur-harguneak ere (lurraldeko hainbat puntutan daude banatuta).

      2. Planaren ingurumen-balorazioa.

      Amurrioko udal-mugartearen lurralde-eremuaren barruan, ingurumen-balio nabarmenak dituzten eta katalogo eta inbentario hauetan jasotzen diren beste gune batzuk daude:

      Natura 2000 Sarearen barruan dauden guneak: Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) kontserbazio bereziko eremua (KBE) eta Gorobel mendilerroa (ES0000244) hegaztientzako babes bereziko eremua.

      Udalerriko 17 hezegune EAEko Hezeguneen LPSren III. taldean sartuta daude, bai eta udalerriko baso-igel jauzkariarentzat interesgarriak diren hainbat gune ere.

      EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian sartutako guneak: Gorobel mendilerroa-Aiara eta Gibillo eta Arkamu mendiak.

      Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuak (92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskina), eta, bereziki, lehentasunezko habitatak, Natura 2000 Saretik kanpo.

      Baso naturalak eta erdi-naturalak.

      Onura publikoko mendiak.

      Mehatxatutako flora edo faunako espezieen banaketarako interes berezia duten eremuak, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jasotakoak. Udalerriko ibaien zati bat bisoi europarraren interes bereziko eremuak dira.

      Udal-mugartearen zati bat Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako plana, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatua.

      Halaber, katalogatutako eta/edo Batasunaren intereseko fauna-espezieen lehentasunezko banaketa-eremuak eta interes bereziko 4 eremu daude (elur-lursagua, ugatza, bisoi europarra eta baso-igel jauzkaria).

      EAEko interes geologikoko lekuak (IGL). Udalerrian 3 LIG daude: Nerbioi ibaiaren ur-jauzia (LIG69), Frailea Haitzaren gailurra (LIG109) eta Urdu馻ko mahaiaren egiturazko erliebea (LIG114).

      Altube ibaia, Astorbe erreka, Lendo駉 eta Urdu馻 ikuspen-arroak, EAEko Paisaia Berezi eta Bikainen Katalogoan daudenak; eta Arrastaria haraneko, Pe馻lba eta Babio haranetako eta Gorbeiako mendiguneko paisaia bikainak, Arabako lurralde historikoko Paisaia Berezi eta Bikainen Katalogoan sartuta daudenak.

      Akuiferoak errekargatzeko eremuak eta akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duten guneak.

      EAEko korridore ekologikoen sarean sartutako guneak.

      Ingurumenaren aldetik garrantzitsuak dira, halaber, balio agrologiko handia duten lurzoruak, jabari publiko hidraulikoa eta lurralde-plangintzaren (EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPS) edo lurralde-plangintzaren (Laudioko eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala) ondorioz babes-araubidea duten naturaguneak.

      Kultura-balio handia dutenen artean kultura-ondarearen zati direlako kalifikatuta edo inbentariatuta dauden eremuak edo ondasunak daude, bai eta ustezko arkeologia-eremuak ere.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, honako hauek identifikatu dira udalerrian: akuiferoak kutsatzeko arrisku handiko guneak, urez bete daitezkeen eremuak, eremu higagarriak eta Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Inbentarioan sartutako lurzatiak.

      Lurzoru ez-urbanizaezinari dagokionez, Planaren zonakatzeak, baldintzatzaile gainjarriekin osatuta, egokiro babesten ditu udal-mugarteko natura-balioak. Lurzoru urbanizaezinaren gaineko inpaktu nagusiak honako proposamen hauekin lotuta daude: lurrezko betelanetarako leku bat aukeratzea, kanpin bat eraikitzea eta administrazio-batzarren arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako sarearen trazadura. Ingurumen-azterketa estrategikoak hainbat aukera aztertzen eta baloratzen ditu, eta inpaktu txikiena dutenak hautatzen ditu.

      Ingurumen-azterketa estrategikoak berariaz aztertzen du Untza-Artoma馻-Urdu馻 oinezkoentzako komunikazio-biderako proposatutako trazadurak Natura 2000 Sarean izan dezakeen eragina.

      Bide horrek 5.539 metroko luzera du, eta bidearen % 90 baino gehiago lehendik dauden bide edo egokitzapenetatik igarotzen da. Natura 2000 Sareko eremutik igarotzen den trazadura-zatia bere luzera osoan dagoen trazadura da.

      2021eko urtarrilaren 26an, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak Amurrioko Udalaren txosten-eskaera jaso zuen, bide horrek ES210004 Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEan izan lezakeen eragina baloratzeko. Zerbitzu horrek txosten bat egin zuen, eta bertan ondorioztatu zuen bidea egiteak ez duela eragin nabarmenik izango habitatengan eta espezieengan, eta aurreikusitako jarduketak eta neurriak bateragarriak direla kontserbazio-helburuekin eta KBEaren kudeaketa-gidalerro eta neurriekin.

      Planaren ezaugarria nagusia da egungo hiri-sarea betetzearen aldeko apustua egiten duela. Amurrioko bizitegi erabilerarako herri-bilbean tamaina handiko barne-lurzati ugari daude garatu gabe, eta, beraz, lurzoruz inguratuta eta dagoeneko eraldatuta dauden lurzati mota horien garapenak lehentasuna du lurzoru berrien okupazioaren aurrean.

      Irizpide hori baliagarria da, baita ere, industria-jardueretarako lurzoruetarako, baldin eta lurzorua okupatzeko estrategiaren oinarria hiri-lurzoruen industria-bilbeak betetzea bada.

      Beraz, ez da lurzoru urbanizagarririk sailkatu; aitzitik, aurreko plangintzan proposatu diren baina garatu ez diren aldirietako lurzoru urbanizagarriak desklasifikatu dira.

      Beste eragin batzuen artean, Baranbioko eta Delikako administrazio-batzarretan etxebizitza berriak eraikitzeari lotutakoak daude; hala ere, ez dira adierazgarriak, proposatutako hazkundeak oso txikiak baitira.

      Proposamen batzuk, hala nola lur-bankuarena eta Arrastariko nekazaritza-parkearena, berariazko plan baten bidez gauzatuko dira. Jarduketa horiei lotutako balizko eragina minimizatze aldera, ingurumen-azterketa estrategikoak eta planak berak ingurumen-irizpideak eta babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen dituzte proposamen horiek gauzatzeko.

      Eragin akustikoari buruzko azterketa bat egin zen 2019ko azaroan. Azterketa horretan, etorkizuneko garapenetarako (15 zuzkidura-jarduketa eta 30 jarduketa integratu), eremuari eta haren ingurune hurbilari eragiten dieten soinu-iturrien azterketa sartzen da, bai egungo egoerarako, bai hemendik 20 urtera begira; zarata-mapetako emaitzetatik abiatuta, esparruetako diseinu-aukeren azterketak aztertu dira, etorkizuneko garapenetan ingurumen-zarata minimizatze aldera.

      Kalitate akustikoko helburuak gainditzen diren eremuetarako, ingurumen-zarataren mailak zuzentzeko gomendioak proposatzen dira, eta BABE izendatu beharko dira, horiek gauzatzeko.

      Eragin akustikoaren azterketatik eratorritako neurriak aintzat hartutako eremu bakoitzaren fitxa xehatuetan sartu dira.

      HAPO egin denez, eta 213/2012 Dekretuak ezarritako eskakizunak betetze aldera, inpaktu akustikoaren azterketak hirigintza-proposamen berrira egokitu eta aldatu du zonakatze akustikoa. Azpiegituren zortasun akustikoko eremuak eta trantsizio akustikoko eremuak ere sartu dira.

      Eragin akustikoari buruzko azterketaren arabera, Amurrioko udalerriak zarataren mapa estrategikoa du indarrean. Lan horretan, kalitate akustikoko helburuak gainditzeko eremuak identifikatu ziren, eta babes akustiko bereziko eremu (BABE) izendatu ziren. BABEari lotuta, eremuko plan bat dago, eta, bertan, kutsadura akustikoa prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak ezartzen dira.

      Era berean, inpaktu akustikoaren azterketak trenbide-ardatz batetik 75 m-ra baino gutxiagora dauden etorkizuneko garapenak zehazten ditu. Horietan bibrazio-mailen ebaluazioa egin beharko da, aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, hala badagokio, eraikinetan zuzenketa-neurriak ezartzeko.

      Ingurumen-azterketa estrategikoan zuzenketa-, babes- eta konpentsazio-neurriak ezartzen dira Planaren proposamenetarako. Neurriak ezarri dira bai hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko jarduketetarako bai lurzoru urbanizaezinean erabilerak ezartzeko. Neurri horiek zuzenean txertatu dira Plan Orokorraren hirigintza-araudian (eremuen araudi partikularra edo araudi orokorra, kasuaren arabera).

      Bestalde, eremu bakoitzeko hirigintza-fitxetan sartu dira ingurumen-azterketa estrategikotik eta inpaktu akustikoaren azterketatik eratorritako neurri zuzentzaileak, bai eta aplikatu beharreko baldintzatzaile gainjarriak ere.

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko otsailaren 24ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

    Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila bermatuta. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira babes-, zuzenketa-, konpentsazio- eta jarraipen-neurriak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

    1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

    Bermatuko da udalerriko baso autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak babestuko direla, horiek izan baitira lurzoru urbanizaezinen antolamendurako kategoriak onartu ahal izateko baldintza, 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak (Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak), Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legea onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuak eta Lurralde Antolamendurako Gidalerroek ezarritakoarekin bat.

    Planaren behin betiko bertsioak Natura 2000 Sarean sartutako espazioei buruzko erreferentziak eguneratu beharko ditu, honako hauek berariaz aipatuta: 230/2015 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena, eta, hori kontserbatzeko neurriak ez ezik, Gorobel Mendilerroa (ES0000244) Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuarenak ere onartzen dituena; eta Diputatuen Kontseiluaren 58/2017 Erabakia, otsailaren 7koa, ES2110004 Arkamu-Gibillo-Arrastaria kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) eta ES0000244 獹orobel mendilerroa hegaztientzako babes bereziko eremuaren (HBBE) gidalerro eta neurrien behin betiko agiria onartzen duena.

    Bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko guneetan egiten diren proiektuak ingurumen-azterketa estrategikoan deskribatutako neurrien arabera egingo dira, eta ez da obrarik egingo umatze-garaietan, eta espeziea eremuan finkatzeko habitat egokiak kontserbatzeari edo ezartzeari bide emango zaio. Era berean, Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondarearen Zerbitzuaren nahitaezko txostena erantsi beharko da, bisoi europarraren kudeaketa-planari dagokionez.

    2. Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari, jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskuak murrizteari buruzko neurriak.

    Jabari publiko hidraulikoan eta horri lotutako babes-eremuetan egiten diren edo korronte-erregimenean eragina duten jarduketek dagokion administrazio hidraulikoaren aldez aurreko baimena beharko dute.

    Jabari publiko hidraulikoan eta horri lotutako babes-eremuetan egiten diren jarduketek dagokion administrazio hidraulikoaren aldez aurreko baimena beharko dute.

    Uholdeak izateko arriskuari dagokionez, Planak kontuan hartu beharko du Kantauri ekialdeko demarkazio hidrografikoaren Espainiako zatiko plan hidrografikoaren xedapen arautzaileei dagokien I. eranskineko VII. kapituluan ezarritakoa, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretu bidez onartutakoa. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudiak bete beharko dira.

    Uraren Euskal Agentziak eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak egindako txostenen arabera 2019ko uztailaren 10ekoa eta 26koa, hurrenez hurren eremu bakoitzaren fitxa partikularrek barne hartzen dituzte EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSn ezarritako urbanizazio- eta eraikuntza-atzerapenak, ibilguen ondoko eremuetan. Muga bera sartu beharko litzateke lurzoru urbanizaezinean kokatutako eremuetan ere, kirol-ekipamenduak, autokarabanen aparkalekuak eta Tertangan eta Delikan kanpatzeko proposatutako eremuak barne. Eremu horiek, gaua igarotzeko erabiltzen badira, urak har ditzakeen eremuetatik kanpo kokatu beharko dira, Plan Hidrologikoaren 40.4.e) eta 40.5 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

    Ibilguetatik hurbil proposatzen diren eta edozein motatako zoladura behar duten ibai-ibilbideak, ahal den neurrian, lehendik dauden bideetan oinarritu beharko dira, eta bide-zati berriek, betelanek, urbanizazio-elementuek eta abarrek ez dute hartuko zortasun-eremuari dagokion 5 metroko tartea.

    Edonola ere, Plana garatzeko tresnek justifikatu beharko dute aurreikusitako jarduketek ez dutela uholdeen aurreko kalteberatasuna areagotuko, ez eta hurbileko ingurunearen eta ibaian beherako ingurunearen uholde-arriskua nabarmen areagotuko edo hiri-eremuko uholdeen aurkako defentsa-jarduketak baldintzatuko ere.

    Urbanizatu behar diren eremu berrietako drainatze-sistemari dagokionez, Planean (44. artikulua) eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSn (E.4 apartatua) ezarritakoaren arabera, komenigarritzat jotzen da urbanizazio berriek, ahal den neurrian, drainatze jasangarriko sistemak izatea (zoladura iragazkorrak erabiltzea, etab.), ur-emaria egungo egoerari dagokion balioa baino handiagoa bada, konpentsatu ahal izateko, husteko edo kalterik ez eragiteko.

    3. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    Gauzatu behar diren eta Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Inbentarioko kokapenekin bat datozen eremuen kasuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada.

    Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendu xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko da; edo, bestela, jarduera urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onarpena eman aurretik.

    Lurzoruaren kalitatearen ikerketak eta leheneratze-neurrien diseinua eta exekuzioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren (Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena) arabera akreditutako erakundeek gauzatu beharko dituzte.

    4. Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

    Planaren fitxetan adierazten denaren arabera, trenbide-azpiegituraren trazaduratik 75 metrora baino gutxiagora eraikin berriak egitea aurreikusten bada, bibrazio-mailen ebaluazioa egin beharko da, aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, behar izanez gero, zuzenketa-neurriak ezartzeko.

    Errepideen zortasun-eremuaren barruan eta eragin akustikoaren azterketan zehaztuta dauden eremuetarako kontuan hartu beharko da 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan azpiegitura autonomikoen zortasun akustikoko eremuaren ondorioei buruzkoan zehaztutakoa.

    5. Paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

    Zenbait jarduketa egiteko, paisaia-integrazioko azterketak beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horietan, eskakizun hori eremu horietako arau partikularretan sartzeko beharra baloratu beharko da.

    Bertako baldintza bioklimatikoetara egokitutako eta gutxieneko mantentze-lana behar duten landare-espezie autoktonoak erabiliko dira garapen-planetan eta proiektuetan sartzen diren eremuak leheneratzeko eta, oro har, espazio libreak diseinatzeko. Bereziki, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Planaren esparruko berdeguneak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

    Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Cortaderia selloana, Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Helianthus tuberosus, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

    6. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza jasangarrirako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

    Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

    Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Planak kontuan hartuko du, eraikitzeko udal-lizentzia emateko, etxebizitza kolektiboko eraikinen proiektuek garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko behar diren aurreinstalazioak jaso beharko dituztela.

    Eraikinak ahalik eta energia-efizientzia handiena lortzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko diseinatuko dira. Ahal den neurrian, 玨ontsumo energetiko ia nulua duten eraikinak lortzeko ahalegina egingo da.

    Era berean, argiteria publikoan ahalik eta aurrezpen eta efizientzia handiena lortzea izango da xede.

    7. Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

    Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

    8. Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitarterako.

    Urbanizazio- edo eraikuntza-obretan, obretako jardunbide egokitzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean aplikatzekoak. Zehazki, honako neurri hauek aplikatuko dira:

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

    Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

    Erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

    Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

  5. Ingurumen-jarraipenaren plana.

    Ingurumen-azterlan estrategikoak gainbegiratze-programa bat deskribatzen du, Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako zehaztapenak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorioak detektatzeko. Udalak, ingurumen-jarraipenaren kontrol-organo den aldetik, lortutako emaitzen jarraipena egingo du bi urtean behin, eta, lortutako balioen arabera, hainbat xede zehaztuko ditu Planaren indarraldian betetzeko.

  6. Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

    Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2017ko otsailaren 24an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

    Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lehendik artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera lehenestea, ingurumen-baliabideak era jasangarrian erabiltzea, naturagune babestuen kontserbazioa, Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea, lurraldearen gaineko esku-hartzeak egoki integratzea paisaian, eta, konpentsazioaren aurretik, kalteen prebentzioa lehenestea.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota proiektua ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Amurrioko Udalari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 22a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik