Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urriaren 18koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Galdames II harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten duena. Galdames II harrobia C sekzioko 12.793 zenbakiko «Galdames II» eta 12.807 zenbakiko «Galdames II. Luzapena» ustiapen-emakidetan dago kokatuta, Galdamesen (Bizkaia), eta Áridos y Canteras del Norte, S.A. enpresak sustatzen du proiektua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 5828
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/18
  • Argitaratze-data: 2021/11/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko maiatzaren 14an, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak ebazpen bat eman zuen, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua egin baitzuen «Galdames II» harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketaz. Galdames II harrobia C sekzioko 12.793 zenbakiko «Galdames II» eta 12.807 zenbakiko «Galdames II. Luzapena» ustiapen-emakidetan dago kokatuta, Galdamesen (Bizkaia), eta Áridos y Canteras del Norte, S.A. enpresak sustatzen du proiektua.

2019ko apirilaren 29an, Eusko Jaurlaritzako orduko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zituen Galdames II harrobiaren ustiapen-proiektu berria, lehengoratze-plana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa. C sekzioko 12.793 zenbakiko «Galdames II» eta 12.807 zenbakiko «Galdames II. Luzapena» ustiapen-emakidetan dago kokatuta, Galdamesen (Bizkaia), eta Áridos y Canteras del Norte, S.A. enpresak sustatzen du proiektua. Izapide horri buruzko iragarkia 2019ko maiatzaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak adierazten du ez dela alegaziorik jaso.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako orduko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak kontsultak egin zizkien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean dago jasota. Horri dagokionez, organo substantiboak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eragindako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2021eko irailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Galdames II harrobiaren ustiapen-proiektuaren aldaketaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko dokumentazioa osatu zuen. Harrobia C sekzioko 12.793 zenbakiko «Galdames II» eta 12.807 zenbakiko «Galdames II. Luzapena» ustiapen-emakidetan dago kokatuta, Galdamesen (Bizkaia).

Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu ziren:

Galdames II harrobiaren (Galdames, Bizkaia) ustiapen-proiektua, 2019ko otsailekoa.

Galdames II harrobiaren ustiapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. 2017ko abendua. 2019ko martxoa.

Galdames II harrobiaren ustiapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren txosten osagarria. 2019ko iraila.

Galdames II harrobiaren ustiapen-proiektuaren aldaketan multzo karstikoa ez kaltetzeko prebentzio-neurrien txosten osagarria. 2021eko ekaina.

Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Proiektuaren azken proposamenean sartzea egindako kontsulten emaitza eta horiek nola hartu diren kontuan.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Galdamesko (Bizkaia) C sekzioko 12.793 zenbakiko «Galdames II» eta 12.807 zenbakiko «Galdames II. Luzapena» ustiapen-emakidetan kokatuta dagoen Galdames II harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta aplikatu behar zaio.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantiboa den aldetik, Galdamesko (Bizkaia) C sekzioko 12.793 zenbakiko «Galdames II» eta 12.807 zenbakiko «Galdames II. Luzapena» ustiapen-emakidetan kokatuta dagoen Galdames II harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunterako beharrezkoa dena xedatu du (proiektu hori Áridos y Canteras del Norte SAk sustatu du). Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat atxiki dio espedienteari eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Galdamesko (Bizkaia) C sekzioko 12.793 zenbakiko «Galdames II» eta 12.807 zenbakiko «Galdames II. Luzapena» ustiapen-emakidetan kokatuta dagoen Galdames II harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketari (Áridos y Canteras del Norte, S.A.k sustatzen du) ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau egitea.

Galdames II harrobiak agregakinak fabrikatzeko erabiltzen diren kareharriak ustiatzen ditu eta Galdames errekaren eskuinaldean dago, El Bortal inguruan, Galdamesko (Bizkaia) herritik kilometro bat iparraldera.

Galdames II harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketaren xedea da ekainaren 19ko 111/2012 Dekretuan ezarritako baldintzak betetzea. Dekretu horren bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen zehaztapenetara egokitzen da Kultura Ondasun Kalifikatuaren espedientea, Monumentu Multzo izendapenaz, Galdamesko (Bizkaia) Arenaza I haitzuloaren alde, eta muga berriak, deskribapen berri bat eta araubide berri bat ezartzen dira.

Horretarako, ustiapen-proiektua aldatu da, honako hauek egiteko:

Erauzketa-eremua egokitzea ekainaren 19ko 111/2012 Dekretuan zehazten den erauzketa-erabilerak jasan ditzakeen babes-eremura.

Arenaza haitzuloko pinturen kontserbazioan, balantze hidrikoan eta baldintza mikroklimatikoetan eraginik ez duten bibrazio-mailak lortzea, leherketetan erabil daitezkeen kargei dagozkien mugak betez.

Harrobia ustiatzeko lanetan segurtasuna hobetzea, ezpondaren maldak leunduz eta amaierako aurrealdeei norabide berria emanez.

Ustiapena aire zabalean egingo da, zulaketaren eta leherketaren bidez, beheranzko zapaldatan. Ez da isurketarik egingo zapalden artean. Kareharria kargatzeko, hondeamakina hidrauliko bat edo pala kargatzaile bat erabiliko da. Kareharria birrintze-instalaziora eramateko, iraulki-kamioiak erabiliko dira, eta garraio-pista orokorretik ibiliko dira.

Ustiategiko punturik altuena 462ko kotan dago, eta zapalda garaienak jada zaharberrituta daude, 442, 432, 422 eta 412ko kotetan. Amaierako gainerako zapaldek 20 metroko altuera dute, eta bermek 8 metroko zabalera. Lanak eginez gero, zabalgune bat sortuko da 245-250eko kotan, 12º-ko pendizekoa, kareharri beltzezko sabaiaren inklinazioari jarraitzen diona, eta beste zabalgune bat 236-212ko kotan, gaur egun existitzen dena. Harrobiko bigarren zabalgune hori egungo egoeran geratuko da, El Bortal lurpeko ibilguari ez eragiteko eta 111/2012 Dekretuaren 2. babes-eremutik kanpo egoteko. Ustiategiaren ipar-mendebaldeko muga, aurrerantzean ere, La Gargantilla eta El Bortal sakanen arteko ur-banalerroak eratzen duen hesi bisuala izango da.

Ustiatu beharreko baliabidearen bolumen osoa 3.290.000 m3 da (7.715.000 t). Ustiapenaren batez besteko erritmoa 675.000 t/urte izango da, eta indarrean dagoen meatze-emakidaren epemugara arte iraungo du (2030. urtea).

000 m3 meategi-hondakin sortuko dira, batez ere deskaltzifikazio-buztinak, errefusak, garbiketa-prozesuko buztin-opilak eta dekantazio-putzuetako lohiak. Kalkuluen arabera, meategi-hondakinen erdiak betelanetarako material gisa merkaturatu daitezke (zabor-legar eran edo bide-azpiegituraren errodadura-gainazala hobetzeko eta mantentzeko erabiltzen dira). Gainerakoa harrobia zaharberritzeko erabiliko da, eta ez da beharrezkoa izango hondakindegirik jartzea.

Ustiategiak tratamendu-lerro hauek ditu:

Lehen mailako birrintze-instalazioa.

Harriak garbitzeko instalazioa. Harrien garbiketara 20-90 mm-ko neurriko materialak bidaltzen dira, hau da, birrintze primarioan prozesatzen den materialaren % 52. Ur zikinak hidroziklonatu eta xukatzeko unitate batera eramaten dira, iragazkiaren funtzionamendua oztopa dezaketen pikor lodiak ateratzeko. Ondoren, ura grabitate bidez eramaten da tanga lodigarri batera, malutatzailea dosifikatzeko sistema automatikoa duena. Lohi kontzentratuak prentsa-iragazki batera ponpatzen dira. Sortutako buztinezko opilak lehengoratze-material gisa erabiltzen dira.

Sailkapenerako eta bigarren mailako ehotzerako instalazioa.

Sailkapena eta hirugarren mailako birrintzea.

Garraio-pista orokorrak 1.630 m-ko luzera du, eta ez dago aurreikusita aldatzea; ustiategiaren ekialdeko ertzetik igarotzen da, eta 238, 252, 278, 300 eta 317ko kotetako zapaldetarako sarbidea da. Puntu horretatik aurrera, goiko zapaldetarako sarbidea barneko pista batean dago; pista hori kendu egingo da aurrealdea jaitsi eta amaierako itxura hartzen duen heinean.

Arenaza haitzuloa babesteko araubidearekin bateragarria den leherketa-proiektu bat diseinatu da. Bibrazioak murrizte aldera, leherketen karga eragilea minimizatu egin da, eta, ondorioz, 50 kg-tik beherakoa da karga eragilea, eta ekainaren 19ko 112/2012 Dekretuan zehaztutako mugen barruan dago.

Harrobiak badu atmosfera kutsa lezaketen jarduerak garatzeko baimena, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen bidez eman zena 2015eko irailaren 15ean.

Galdames II harrobiak ura hartzeko hiru putzu ditu, 8.100 m3-ko aprobetxamendurako baimenarekin, egunean 32,4 m3-ko gehieneko bolumenarekin eta 20 l/s-ko sistemaren berehalako emari maximoarekin (Uraren Euskal Agentziaren 2017ko martxoaren 28ko Ebazpena, zeinaren bidez aldatzen baitira Galdamesko (Bizkaia) Cantera II putzutik eta Hueco Cantera iturburutik urtean 23.718 m3 ur (erabilera sanitario eta industrialetarakoak) aprobetxatzeko emakidaren funtsezko ezaugarriak.

Harrobiak Galdames ibaira isurtzeko 6 puntu ditu, Uren zuzendariaren 2006ko ekainaren 27ko Ebazpenaren bidez baimenduak. Ebazpen horren bidez, industriako, etxeko eta jariatzeko hondakin-urak isurtzeko baimena ematen da, Cantera Galdames II S.A.k eskatuta, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren arabera.

Instalazio-multzoa honako eraikin hauek osatzen dute: bulegoak, tailerra eta aldagela, baskula, kontrol-eraikina, produktu amaituen siloak (8 silo), hondakinak kudeatzeko garbigunea, gurpil-garbigailua, transformadore elektrikoa, aireko gasolio-depositu bat, 10.000 litrokoa, horma bikoitzekoa, hormigoizko kubetan instalatuta, eta gasolio-depositu mugikor bat atoiaren gainean, 1.000 litrokoa.

Arestian deskribatutako instalazio guztiak ezarrita daude jada, eta ez dago aurreikusita horietan aldaketarik egitea.

Bigarrena. Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

  1. Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

    Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

    Baldin eta lanak egiteko falta diren izapideetan proiektuari buruzko aldaketa puntualak agertzen badira, eta aldaketa horiek ez badira aurreko paragrafoan adierazitakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, Ingurumena Zaintzeko Programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

  3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

    Meatzaldeko Biotopo Babestua (martxoaren 10eko 26/2015 Dekretuaren bidez aitortua) harrobiaren buruaren iparraldean dago, muga-mugan, baina ustiategia ez da sartzen eremu babestu horren barruan. Ustiategiaren aurrerapena, beheranzko norabidean, biotopoaren mugetatik urruntzen da apurka-apurka, eta handik hurbilen dauden zapaldak birgaitu dira.

    Ustiategiaren egungo ertzetik 400 metro hegoaldera Arenazako haitzuloko Monumentu Multzoa dago. Haitzuloak labar-pinturak ditu sarreratik 128 metrora, Pinturen Santutegia deituan. Ekainaren 19ko 111/2012 Dekretuak 3 babes-eremuren mugak ezartzen ditu (1. eremua: aztarnategiaren eta Santutegiaren babes-eremua; 2. eremua: karstaren babes orokorreko eremua; 3. eremua: erauzketa-erabilerak jasan ditzakeen babes-eremu orokorra), eta babes-araubidearen zehaztapenak adierazten ditu.

    Ustiapen-proiektuaren aldaketaren xede nagusia ustiategiaren mugak egokitzea da, Arenazako haitzuloari ahalik eta kalte txikiena egiteko, ekainaren 19ko 111/2012 Dekretuan xedatutakoa betez. Horrela, harrobiaren ekialderanzko garapena mugatzen da, erauzketa-lanetatik Arenaza haitzulora dagoen distantzia handitzeko, babes-eremuen mugaketa eta araubidea betez.

    Karstifikazio-maila handia, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia eta haitzulo ugaritasuna (Batasunaren intereseko habitatak) dira lekuaren bereizgarriak. Lurpeko ur-ibilguak daude, eremuak duen garapen karstikoari lotuak, eta egungo ustiategiak eragina izan du horietan. Agus Frías iturburua Galdamesko lehengo harrobiaren ekialdeko ezpondan dago, eta El Bortaleko lurpeko ur-ibilgua gaur egungo harrobiaren zabalguneak moztu zuen 215eko kotan. Ibilgua birjartzeko, hormigoizko kaxa bat jarri zen.

    Harrobia sai zuriarentzako eremu kritiko baten afekzio-eremuan dago, Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako plana onartzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretuaren arabera. Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatu du sai zuriak harrobiaren ingurunea erabiltzen duela; espezie hori kaltebera gisa katalogatuta dago EAEn.

    Era berean, badakigu kiropteroen komunitate handi bat dagoela harrobitik gertuko haitzulo eta meatze-labar ugarietan, La Tardíako labarraren inguruan eta La Tardía eta Los Cuervos haitzuloetan batik bat.

    Aztertutako eremuan, lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat duen lurzati inbentariatu bat dago, harrobiaren jarduerari lotua (48037-00005 kodea), jarduera-eremuaren behealdean, hain zuzen (125eko kotako zabalgunea), instalazio-eremuari lotua; eremu horrek 27.711 m2 hartzen ditu.

    Aztertutako dokumentazioaren eta kontsultatutako administrazio publikoek bidalitako txostenen arabera, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak honako hauekin lotutakoak dira: kultura-ondareak paira ditzakeen eraginak, balizko eragin hidrogeologikoak (ustiategia karstifikazio handiko eremu batean dagoelako), eta fauna mehatxatuak paira ditzakeen eraginak.

    Arenazako haitzuloaren eta haren labar-pinturen gaineko balizko inpaktuei dagokienez, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako txostenean adierazten den bezala, ustiapen-proiektu berria bat dator ekainaren 19ko 111/2012 Dekretuan (Galdamesko Bizkaia Arenaza I haitzuloko Monumentu Multzoaren 3. eremuan erauzketa-jarduera baimentzeari buruzkoan) ezarritako erabilera- eta jarduera-araubidean ezarritako baldintzekin.

    Oinarrizko hodi karstikoei ez eragiteko neurri nagusi gisa, meatze-zuloaren hasierako diseinua aldatu da; horrela, zabalgunea 245-250eko kotan kokatuko da, eta ez 236ko kotan, hasieran proiektatu zen bezala. Horrek segurtasun-tartea handitzen du ur-zirkulazio basaleko hodi nagusiekiko.

    Ustiategiak eragina izan dezake, halaber, beste elementu sentikor batzuetan, esaterako, hegazti nekrofagoen (sai zuriaren) eta kiropteroen populazioetan. Proposatutako aldaketarekin eta onartu zen proiektuarekin alderatuta, bere horretan geratuko lirateke fauna-talde horien gaineko ondorioak, ezertan eragotzi gabe fauna-taldeon babesa bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak hartzea.

    Egitasmoa arriskuekiko zenbatean den kaltebera zehazteari dagokionez, aipatu behar da harrobia ez dagoela uholdegune batean, eta sute arriskua eta arrisku sismikoa ere ez direla garrantzitsuak. Harrobitik gertuko eremuan ere ez dago substantzia arriskutsurik erabiltzen duen enpresarik, ezta salgai arriskutsuekiko esposizio-arrisku esanguratsurik ekar lezakeen salgaien garraiorako biderik ere. Egitasmoaren ezaugarriak kontuan izanik, ustiategiaren arrisku-faktore nagusiena arazo geologikoak dira (blokeen ezegonkortasuna, haitzak amiltzeko arriskua, etab.). Arazo horiek baztertzeko, ustiapen-proiektuari proiektu geoteknikoa atxiki zaio, diseinu berriaren egonkortasuna bermatzen duena, bai ezponden egonkortasunaren kalkuluan, bai segurtasun-bermen ahalmenean.

    Proiektuaren aldaketa meatze-ustiapenak jada eragindako eremu batean egitekoa da, eta egungo proiektuak baino azalera txikiagoan eragiten du, ustiapen-azalera 63.734 m2 inguruan murrizten baita.

    Ez dira aldatuko ustiapen-denbora eta jarduerari lotutako instalazioak. Aldaketak ez dakar gorabehera nabarmenik uretara egiten diren isurketetan, ez uraren kontsumoan, ez eta hondakin-sorkuntzan ere.

  4. Babes- eta zuzenketa-neurriak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

    Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Gainera, obretako jardunbide egokiak ere aplikatuko dira.

    Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

    1. Proiektuaren eremua.

    1.1. Jardueraren gehieneko eragin-eremuaren mugak xedatuta daude «Galdames II harrobiaren ustiapen-proiektuaren aldaketak multzo karstikoari eragitea saihesteko prebentzio-neurrien txosten osagarria» agiriaren planoetan (txostena 2021eko ekainaren 17koa da).

    1.2. Ezin izango zaie inolaz ere eragin ustiapen-proiektuan aipatutako eragin-eremutik kanpo dauden guneei, izan zuloak irekitzeagatik, izan pista berrien, sarbideen edo bestelako erauzketa-jarduera lagungarrien beharrengatik.

    2. Natura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

    2.1. Bizkaiko Meatzaldeko Biotopo Babestua izendatzeko martxoaren 10eko 26/2015 Dekretuaren edukiaren arabera, Arenaza haitzuloaren sistema karstikoari edo haren ingurune naturalari eragin diezaiokeen edozein esku-hartze egiteko, Biotopo Babestua kudeatzen duen organoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren txostena jaso ondoren, horretarako baimena eman beharko du.

    2.2. Halaber, jarduerak Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretuaren zehaztapenak bete beharko ditu. Horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako plana.

    2.3. Ustiapen-ezpondek akabera irregularra izatea bultzatuko da, hormetako pitzadurak eta zuloak dauden horretan utzita, eta meatze-segurtasunarekin bateragarriak diren baldintzetan, kiropteroek gordeleku gisa erabil ditzaten.

    3. Urak babesteko neurriak.

    Aplikatu behar diren prozeduren barnean uren arloko organo eskudunak ezar ditzakeen baldintzak betetzeaz gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

    3.1. Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean jasotako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, ustiategiak sortzen diren jariatze-urak drainatzeko sare bat du. Sare horrekin, ustiapen-zuloko jariatze-ur guztiak bildu ahal izango dira, ustiategiko pista-sisteman sortutakoak barne. Aipatutako drainatze-sarearen azken elementua dekantazio-putzuz osatutako sistema bat izango da. Egoki diren kalkulu hidraulikoak egingo dira solidoak ondo atxikiko direla bermatzeko, eta isuria leku jakin batean eta uraren parametro fisiko eta kimikoei buruz indarrean dauden arauetan xedatutakoa betez egingo dela bermatzeko.

    Drainatze-sarea eta horren azken elementuak, dena den, proiektuaren ondoz ondoko garapen-faseetan ustiategia hartzen joango den egiturara egokitu beharko dira, une oro bermatuta egongo delarik ustiapen-eremuan sortuko diren jariatze-uren bilketa, solidoen atxikitze egokia eta isurketa mugatu zein indarreko araudiaren araberakoa.

    3.2. Bai bideak, instalazioak eta kamioiak garbitzeko sistemetatik sortuko diren urak, bai jariatze-urak, dekantazio-putzuetan bildu eta tratatu beharko dira, isuri aurretik.

    3.3. Funtzionamendu-egoera onean mantenduko dira beti jariatze-sareak; hala, ez da inolako oztoporik ezarriko, ez material metaketarik egingo, edo potentzialki kutsakorra izan daitekeen elementurik ipiniko, euri-uren ibilbide naturaletan, eta ahalegin guztia egingo da lurrazaleko eta lurpeko uren jario askea ez oztopatzeko.

    3.4. Dekantazio-putzuaren mantentze-lanak eta garbiketa egin beharko dira aldizka, funtzionamendua optimoa izan dadin eta, horrela, uraren kalitatearen inguruko araudia bermatuta egon dadin. Beraz, tratamendu-sistemaren errendimendua optimoa izateko xedez, pilatutako lohiak atera egin beharko dira maiztasun jakin baten arabera. Lohi horiek hondakinen kudeaketari dagozkion neurrien apartatuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

    3.5. Obrako makineria-parkerako eta makineriaren mantentze-lanetarako utziko den gainazala isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura, olio eta erregaien eraginaren ondorioz, kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

    3.6. Ustiategian, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa (biribilki erakoa edo gai pikortatua, etab.) edukiko da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.

    3.7. Ezin izango da lurrazaleko edo lurpeko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean. Nahiz eta ez den aurreikusten ur-kontsumoa era esanguratsuan areagotuko denik, gogorarazten da emandako emariarekiko aldaketaren bat bada, indarrean den baimena aldaketa horretara egokitzeko izapidea egin behar dela.

    3.8. Sortzen diren efluente-isurketek beroriek baimentzeko eskumena duen organoak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Egungo isurketa-baimenean ezarritako baldintzen aldaketa nabarmen bat egin nahi izanez gero, aldatzeko baimena eskatu beharko da.

    4. Atmosferako kutsaduraren prebentziorako neurriak.

    Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta azaroaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa).

    Ustiategiak atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena du, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko irailaren 15eko Ebazpenaren bidez emana. Ebazpen horren bidez baimena ematen da Galdames udalerriko Galdames II harrobian, Áridos y Canteras del Norte, S.A.k sustatuta, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko.

    Aurrekoaren eta dagokion baimenean azaldutakoaren kalterik egin gabe, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:

    4.1. Partikula-immisioko muga-balioak urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoak gainditu gabe gauzatu beharko da jarduera.

    4.2. Zulaketa-lanetan, hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte lan-ekipamendu guztiek.

    4.3. Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko diren bitartekoak edukiko dira, ahalik eta hauts gutxien harrotzeko, batik bat garai txarretan. Mantentze-lanak eta garbiketa egin beharko dira aldiro, bai instalazioen eremuan bai harrobiko sarbideetan, ahalik eta hauts gutxien harrotzeko.

    4.4. Hautsa minimizatzeko dauden sistema guztiak aldiro berrikusi, eta egoera onean mantenduko dira, bai birrintze-instalazioetakoak (zinta garraiatzailearen gainak, babes-estalkiak, materialen biltegiratzea, etab.), bai makineriarenak (hauts-kaptadoreak) eta bai pistak ureztatzekoak (aspertsore-sistema, zisternak).

    4.5. Ustiategian hautsa murrizteko instalatutako sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jardunbide egokien kodea ezarri, eta harrobiko langileei sistema nola erabili erakutsi behar zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan, ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.

    4.6. Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala; hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta partikularik ez barreiatzeko.

    5. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

    Ustiapen-eremuan, lurzorua kutsa dezakeen jarduera duen lurzati inbentariatu bat identifikatu da, 48037-00005 kodekoa eta 27.711 m2-koa. Kutsadura-aztarnarik agertzen bada, horko lurrak mugitu behar izatekotan kontuan izango da Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa.

    6. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    6.1. Zarata sortzen den lekuan jardunbide egokiak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makineriaren mantentze orokorra egiterakoan.

    6.2. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenak bete beharko dituzte erabilitako makinek; bai eta, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoa ere.

    6.3. Zarata-foku berririk balego, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jarduerentzat ezarritako gehieneko mugen balioak bete beharko dituzte.

    Kalitate akustikoaren helburuak bat etorriko dira urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen denarekin.

    6.4. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen zehaztapenetara egokitzen den ekainaren 19ko 111/2012 Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, Galdamesko (Bizkaia) Arenaza I haitzuloaren aldeko Kultura Ondasun Kalifikatuaren espedientea ematen da, Monumentu Multzo kategoriarekin, eta mugaketa berria, deskribapen berria eta babes-araubide berria ezartzen dira; hori dela eta, erauzte-jarduerari mugak jartzen zaizkio lehergailuak erabiltzeari eta ustiatzeko erari dagokienez, bibrazio-mailak 0,5 mm/s-koak baino txikiagoak izan daitezen pinturen aretoan.

    6.5. Mendigunea isolatu beharko da, ustiapen-eremua haitzulotik isolatuta egon dadin. Gainera, ustiapena ekainaren 19ko 111/2012 Dekretuaren 8.2 artikuluan definitutako karga eraginkorren taulara egokitu beharko da.

    6.6. Sustatzaileak harrobitik hurbil bizi direnei informazioa banan-banan emateko sistemarekin jarraitu beharko du. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.

    7. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    7.1. Proiektua gauzatzean eta funtzionamenduan jartzean sortutako hondakinak, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

    7.2. Meategiko hondakinak Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    7.3. Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

    7.4. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

    7.5. Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    7.6. Egiturak eraistetik sortutako materialak egoki kudeatuko dira, eraikitze- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 112/2012 Errege Dekretuan eta EAEn eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 105/2008 Dekretuan aurreikusitakoa betez.

    7.7. Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

    7.8. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    7.9. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

    Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

    7.10. Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da.

    Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati entregatzen zaizkion arte, estalpean biltegiratuko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoen barruan; gainera, zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, beste kubo edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

    7.11. Araudi hau errazago betetzeko, eraginpeko lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen eta hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

    8. Ustiapenaren eraginpeko paisaia eta eremua lehengoratzeko neurri zuzentzaileak.

    Erauzketa-lanek aldatutako naturaguneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoaren kontra egin gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioko proposamenaren arabera egingo dira lehengoratze-lanak. Gainera, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

    8.1. Landareztatzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotu.

    8.2. Erauzketa-lanek erasandako alde guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.

    8.3. Espezie inbaditzaileak erauzten jarraituko da, bereziki Cortaderia selloana eta Buddleia davidii. Lehengoratze-lanetan, espezie horiek ez ugaltzeko ekintzak egingo dira, eta, bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatuko da, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.

    8.4. Lehengoratze-lanetan kanpoko materialak erabiltzeari dagokionez, lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinaren barruan, dagokion taulako «Beste erabilera batzuk» zutabean giza osasunaren babeserako ezarritako EBA-B ebaluazioko balio adierazleak baino kutsatzaile-eduki txikiagoak dituzten obretako indusketa-lanetatik datozen materialak soilik baimenduko dira.

    8.5. Kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da. Arau orokor horiek betetzen direnean, baimenik gabe geratuko dira hondakin horiek balorizatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatzen diren neurrian.

    8.6. Ustiategiaren bizitza erabilgarri osoan zehar, hainbat mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean.

    9. Jarduera bertan behera uztea.

    Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan neurri babesle eta zuzentzaile batzuk aplikatuko dira, Ebazpen honetan ustiapen-faserako ezarri direnen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere landaretza, uren kalitatea, eta hondakinak eta lurzoruak babesteari buruzkoak.

    Bestalde, proiektuaren eremuan Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako lurzati bat dago. Sustatzaileak lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hasi beharko du, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikulua betetzeko.

  5. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena Zaintzeko Programa betetzeko, kontuan hartu beharko da sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, bai eta ebazpen hauek ere:

    Ebazpena, 2015eko irailaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Galdames udalerriko Galdames II harrobian, Áridos y Canteras del Norte, S.A.k sustatuta, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko.

    Ebazpena, 2006ko ekainaren 27koa, Uren zuzendariarena, industriako, etxeko eta jariatze hondakin-urak isurtzeko baimena ematen duena, Cantera Galdames II S.A.k eskatuta, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren arabera.

    Ebazpena, 2017ko martxoaren 28koa, Uraren Euskal Agentziarena, zeinaren bidez aldatzen baitira Galdamesko udal-mugarteko (Bizkaia) Cantera II putzutik eta Hueco Cantera iturburutik urtean 23.718 m3 ur (erabilera sanitario eta industrialetarakoak) aprobetxatzeko emakidaren funtsezko ezaugarriak.

    Kontrol hauek egingo dira:

    1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala sortutako gertaeren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuskatzeko. Proiektua egikaritu bitartean sartzen diren aldaketa puntualak xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

    2. Obraren okupazio-mugen kontrola.

    Egiaztatu egingo da lanen okupazio-eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino handiagoa.

    3. Natura-ondarearen gaineko eraginak kontrolatzea.

    3.1. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, sai zuriaren jarraipena egiten jarraitu beharko da harrobiaren ustiapen- eta zaharberritze-aldi osoan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinatuta eta hark ikuskapenerako ezartzen dituen baldintzen arabera.

    3.2. Era berean, kiropteroen kolonien jarraipen espezifikoa egingo dute gaian adituak diren langileek, Bizkaiko Foru Aldundiak gainbegiratuta.

    4. Zarataren kontrola.

    4.1. Zarataren kontrola ingurumen-inpaktuaren azterlanean adierazitako puntuetan egingo da. Neurketak egunez egingo dira, harrobian jarduera handiena dagoen uneetan.

    4.2. Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta berau garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.

    5. Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

    Obra amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako guneak lehengoratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.

    6. Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

    6.1. Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak, txosten honen E puntuan zerrendatutako ebazpenetan ezarritakoak eta ebazpen honek berak ezarritakoak.

    6.2. Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua, programa betetzea bermatuko duena.

    6.3. Organo substantiboak zaintza-programaren dokumentu bategina bidali beharko dio Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari 3 hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen denetik aurrera, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin ados badago.

    7. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    7.1. Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

    7.2. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu, gutxienez bi urtez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen esku jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarria den araudia betetzeko.

  6. Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira (neurtu behar diren parametroen kasuan, neurketaren aldizkakotasunaren kasuan eta aipatutako parametroen tarteari dagozkion mugen kasuan), baldin eta hala eskatzen badu araudi berria indarrean jartzeak edo sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

    Hirugarrena. Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, eta epe hori ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da. Epe hori igaro eta, artean, ez bada hasi proiektua gauzatzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia bat dator otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

    Laugarrena. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

    Bosgarrena. Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 18a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik