Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urriaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zumaian (Gipuzkoa) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 231
  • Hurrenkera-zk.: 5894
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/13
  • Argitaratze-data: 2021/11/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko uztailaren 26an, Zumaiako Udalak eskabide bat bete zuen, Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion eskabideari.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko abuztuaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Zumaian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Zumaian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea 27.206 m2-ko azalera duen hirigintza-eremu bat mugatu eta antolatzea da, kalkuluen arabera 1,2 MWp-eko ekoizpen-helburua izango duen eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko. Proiektuaren bizitza baliagarria 25 urtekoa izatea aurreikusi da, baina 35-40 urtera luza daiteke.

    Planaren eremuak hirigintzako kalifikazio hau du, indarrean dauden Zumaiako Arau Subsidiarioen arabera: «D.3.2. Landa Eremu Arrunta». Eremu horretan eguzki-planta fotovoltaiko bat ezartzea bateragarria da udal-plangintzarekin, betiere erabilera publikoa eta lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharra justifikatzen badira.

    Instalazio fotovoltaikoa esparru hesitu baten barruan ezarriko da, eta bertara instalazioaren mendebaldean dagoen landa-bide batetik sartu ahal izango da.

    Panelak 21 eta 42 moduluko mahaietan jarriko dira, 7 eta 14 moduluko 3 ilaratan banatuta, horizontalarekiko 10º-ko inklinazioarekin. Plaka fotovoltaikoak altzairu galbanizatuko profilen bidez bermatuko dira lurrean. Eusteko hainbat aukera daude: profilak zuzenean sartzea, aurrezundaketa egitea edo mikropiloteak erabiltzea, gehienez ere 2 metroko sakonerakoak. Horrela, lur-mugimenduak minimizatuko dira.

    Transformazio-zentro bat instalatzeko asmoa dago, inbertsorearen irteerako tentsioa 680-880 V-tik 12/20 kV-ko goi-tentsiora igotzeko. Gaur egun 30 Kv-ko linea elektriko batek zeharkatzen du eremua, instalazioaren konexioa egiteko egokia.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazio bat ezartzeko esparrua finkatzen du. Plana obrak gauzatzeko proiektu baten bidez garatuko da. Aztertutako ingurumen-dokumentu estrategikoak etorkizunean planaren edo programaren esparruan gauzatuko den proiektu motari buruzko nahikoa informazio jasotzen du, eta nahikoa da egiaztatzeko ez dela beharrezkoa izango haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planak Euskadiko 2030erako Energia Estrategian (3E2030) jasotako helburuei erantzuten die. Estrategia horrek energia berriztagarrien potentzia instalatua handitzea planteatzen du, energia-eredu jasangarriago bateranzko pausoak emateko.

        Ingurumen-agiri estrategikoaren arabera, Zumaiako Arau Subsidiarioen egungo zonakatzeak eta erabileraren arauketak aurreikusitako parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzeko aukera ematen dute, betiere onura publikokoa dela eta lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharra dagoela justifikatzen badira.

        Beraz, Ekiola eguzki-instalazio fotovoltaikoa interes publikokotzat jo beharko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren ebazpen baten bidez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan jasotakoaren arabera.

      3. Plana ingurumen-irizpideak barne hartzeko egokia den, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Planak energia berriztagarriko instalazio bat gauzatzea sustatzen du, beraz, ingurumen-onurak dakartza, garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, eragin-eremuan egingo diren ekintzak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, eta bertan jasotako zehaztapenen eta zuzenketa-neurrien arabera egiten badira.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta ondorio horiek nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremuak 27.206 m2-ko azalera du, eta Oikiako herrigunearen eta S-3 Guaskor industria-sektorearen hegoaldean dago, Zumaian. Hauek dira bere mugak: mendebaldean, landa-bide bat; hegoaldean, auzo-bide bat; eta iparraldean eta ekialdean, lurzoru urbanizaezin bat.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean gertatuko dira inpaktu esanguratsuenak, nekazaritza-arloko gaitasun handiko lurzoru bat okupatu izanaren ondorioz. Plana garatzearen ondorioz, 19.900 m2-ko azalera okupatuko da Batasunaren intereseko habitat baten barruan; hain zuzen ere, 6510 «Sega-belardi pobreak» habitataren barruan.

      Balio estrategiko handiko nekazaritzako eta abeltzaintzako zona bati eragiteari dagokionez, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak adierazten duenez, instalazio mota hori erabilera desegokia da eremu horretan (3a), baina, salbuespen gisa, onargarria izango da nekazaritza-arloan eskumena duen organoaren txosten batek bermatzen badu, eta txosten horrek nekazaritzako eta basogintzako jardueraren gaineko eragina eta neurri zuzentzaileak berariaz kontuan hartzen baditu. Horri dagokionez, Nekazaritzaren Sektoreko Eraginari buruzko ingurumen-agiri estrategikoaren eta Planaren Zirriborroaren eranskin bat sartu da (I. eranskina). Eranskinean ondorioztatzen denez, Planak ukitutako lurzoruak ez du modu iraunkorrean galduko nekazaritzako eta abeltzaintzako ahalmena eta eskualdean dauden mota horretako lurzoruen ehuneko oso txikia osatzen du; beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

      Hauek izango dira beste inpaktu batzuk: zimenduetarako eta eroanbide elektrikoen zangak egiteko behar diren hondeaketek sortutakoak. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

      Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren morfologiara egokituko da, zimendatzerik egin beharrik gabe, eraisten denean lursaila hasierako egoeran egon dadin.

      Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendan), eta ez da aipatu mehatxatutako flora- edo fauna-espezierik dagoenik.

      Eremuan ez dago ur-ibilgurik, ezta aldi baterako isurketarik ere. Urola Ibaia ES2120004 KBEa eremutik nahiko gertu igarotzen bada ere (250 metroko distantziara), ez du Planaren ondoriozko jardueren eraginik jasango.

      Ur-punturik, hidrologiari lotutako gune babesturik eta lurpeko gune babesturik ere ez da aurkitu azterlanaren eremuaren barruan.

      Arriskuei dagokienez, ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik. Eremua ez da kutsagarria, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua ere apala da.

      Kontuan harturik eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zumaian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Neurri hauek gehituko dira, eta kontuan hartuko dira proiektua gauzatzean:

      Oro har, barne-bideen diseinua lurretan edo zabor-legarretan egitea gomendatzen da, asfaltatzea saihestuz.

      Parke fotovoltaikoaren proiektuak konexio elektrikorako proposatzen duen puntua ez bada eremua zeharkatzen duen linea elektrikoa, instalazio fotovoltaikoan sortutako energia elektrikoa husteko linea berria lurpean jarri beharko da, eta trazadura, ahal bada, lehendik dauden bide edo pistetara egokituko da.

      Lur-mugimenduak minimizatuko dira, modulu fotovoltaikoak, lehentasunez, zimendatze jarraiturik gabe eta lur naturalaren gainean kokatzeko. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Landare-lurra gaika kenduko da zangak, azpiestazio elektrikoa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea «in situ» gordeko da.

      Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ganaduaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.

      Panelek hegazti-faunan «dei-efektua» ez izateko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, baita ilargi beteko gauetan ere.

      Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; orobat, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko jardueren ondoriozkoak barne.

      Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

      Ur-ibilguen eta ur-bazterreko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

      Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramanez lurzorua edo ura ez kutsatzea.

      Planaren eraginpeko herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zaratarekin eta hautsarekin.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zumaian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Zumaiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Zumaian Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 13a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik