Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urriaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Hernaniko arau subsidiarioen (HK)GA.08 sektorearen plan partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 219
  • Hurrenkera-zk.: 5599
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/08
  • Argitaratze-data: 2021/11/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko apirilaren 27an, Hernaniko Udalak ingurumen-organoari aurkeztu zion Hernaniko arau subsidiarioen (HK)GA.08 sektorearen plan partzialari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko abuztuaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Hernaniko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Hernaniko arau subsidiarioen (HK)GA.08 sektorearen plan partziala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Hernaniko arau subsidiarioen (HK)GA.08 sektorearen plan partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremua (GH)GA.08 sektoreari dagokio, Hernaniko Galarreta inguruan, 30.926,02 m2-ko azalerarekin. Lurzoru urbanizagarri sektorizatuko eremu bat da, hirugarren sektoreko erabilerako kalifikazio orokorra duena, eta Bide Komunikazioko Sarearen Sistema Orokorra, lurzoru hutseko lurzati gisa eratua. Mugak: iparraldean, AP-8; ekialdean, GI-3401 eta (GH)GA.09 sektorea; eta hegoaldean, GI-2132. Sektorea laborantza-lurrek eta hostozabalen heskaiek okupatzen dute gaur egun.

    Eremua arautzen duen hirigintza-araudia Hernaniko Hirigintza Plangintzako Arau Subsidiarioak dira (aurrerantzean, Arau Subsidiarioak), zeinak behin betiko onartu baitziren 2011ko apirilean. Ildo horretan, Arau Subsidiarioek eremurako planteatzen dute GA.09 sektore mugakideari jarraipena emango dion hirugarren sektoreko jarduerak garatzea, aipatutako GA.09 lotuko duen eta sektorerako sarbide nagusia izango den barne-bide bat antolatuz. Gainera, GI-2132 errepidetik, iparraldean aurreikusitako GI-3401 errepideko bide-adar berritik eta AP-8tik eratorritako zortasunak errespetatu behar dira, baita ekialdeko muturretik doan erdi-tentsioko linea elektrikoari lotutako nahitaezko zortasunak ere.

    Planaren xedea da Hernaniko (HK)GA Galarreta Hirigintza Azpieremuko (HK)GA.08 sektorearen antolamendu xehatua garatzea, eremurako plangintza orokorraren aurreikuspenak betez, garatu beharreko eremuan hirugarren sektoreko lurzoru berrien eskaerari erantzuteko.

    Jarraian, Planak proposatutako jarduketak laburbiltzen dira:

    Bide Sistema Orokor gisa bi lur-zerrenda antolatzen dira eremuaren iparraldeko eta hegoaldeko mugan, GI-3401 errepidea luzatzeko eta GI-2132 errepidea egokitzeko, hurrenez hurren, 8.935 m2 inguruko guztizko azalerarekin.

    Hirugarren sektoreko erabilerako lurzati bat mugatzen da, 21.990,41 m2-ko azalerarekin.

    Hirugarren sektoreko lau lurzati formalizatzea proposatzen da, aurreikusitako erdiko bidearen alde bakoitzean bi. Iparraldean, 1.036,17 m2-ko (P4) eta 2.848,83 m2-ko (P3) azalerako bi lurzati formalizatu dira. Hegoaldean, 3.332,00 m2-ko beste bi lurzati (P1 eta P2).

    Hirugarren sektorerako kalifikatutako lurzatietan sestra gainean antolatutako hirigintza-eraikigarritasuna 15.463,01 m2(t)-koa da, eta, sestra azpiko eraikigarritasuna, 9.271 m2(t)-koa.

    Sestra gainean gehienez ere hiru solairuko profila ezartzen da, 12 metroko erlaitz-altuerarekin, eta sestra azpian bi solairu ezartzen dira, lau lurzati eraikigarrietarako. Lurzatiei malgutasuna ematen zaie, ondoren eraikuntzaren kudeaketa errazteko.

    678 m2 inguruko azalera duen erdiko bide bat antolatzen da, GA-09 sektorean proiektatutakoaren jarraipena, lehendik dagoen GI-3401 errepidetik eremurako sarbide nagusia egin ahal izateko. Beste sarbide gehigarri batzuk zehazten dira mendebaldean, eta proiektatutako GI-3401 errepidearen adar berrirantz.

    GA.09ren eta P3 lurzatiaren artean erabilera pribatuko lurzati bat (1.040 m2) definitzen da, 40 aparkaleku-plazarekin. Guztira, 166 aparkaleku-plaza publiko ezarriko dira, sestra azpiko plaza pribatu gisa ezarriko direnez gain.

    Bi espazio libre zehazten dira: bata ipar-ekialdean, 1.817,62 m2-ko azalerarekin, eta bestea hegoaldean, guztira 2.905,55 m2-ko azalerarekin, GI-2132 errepidearekiko paraleloan.

    Bidegorri bat antolatu da espazio libreen tokiko sistemaren pean, GI-2132 errepidearekiko paraleloan.

    Jarduera Ekonomikoen Lurralde Plan Sektorialaren arabera, azalera eraikigarriaren % 3, gutxienez, zerbitzuetako zuzkidura-ekipamendurako gorde behar da titulartasun publiko edo pribatuko enpresentzat (bulegoak, ostalaritza, enpresa laguntzaileak, zerbitzu komunak, etab.). Antolamendu berriak 1.036,17 m2 (t)-ko lurzati bat (P4) sortzen du, zerbitzu komunetarako edo antzekoetarako egokia.

    Zerbitzu-sare berrien trazadura lotuko da GA.09an daudenekin edo GI-3401 errepiderako aurreikusitako garapen berriko zerbitzuekin.

    Urbanizazioko plataformak egiteko, lur-mugimenduak egin beharko dira, eta, ondorioz, 5.500 m3 inguruko bolumena duen landare-lurraren soberakina eta 6.500 m3 inguruko bolumena duen lur-soberakina aurreikusi dira.

    Planak eremua garatzeko bi aukera aztertzen ditu, 0 aukeraz edo ez jarduteaz gain. 1. aukerak indarrean dagoen plangintzan jasotako soluzioa jasotzen du, lurzati industrialen arteko barne-bideak definituz eta ipar-ekialdean espazio libre handi bat antolatuz. Bestalde, onartutako 2. aukerak lurzatiei laguntzeko bide osagarriak antolatzen ditu sektorearen muturretan. 2. aukera hautatzea justifikatzen du, zirkulazio hobea errazten duelako eta lurzatiei moldakortasun handiagoa ematen dielako, sektorearen paisaia-integrazioa ahalbidetuko duten espazio libreak antolatuta.

    Plana dagokion birpartzelatze-proiektuaren eta urbanizatzeko jarduketa-programaren bidez garatuko da, bai eta urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez ere.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planaren eremua lurzoru urbanizagarri sektorizatuko lurzati bat da, hirugarren sektoreko lurzati gisa eta Bide Komunikazioko Sarearen Sistema Orokor gisa kalifikatua, 30.926,02 m2-ko azalerarekin. Planak, funtsean, sektorearen antolamendu xehatua garatzen du Hernaniko arau subsidiarioen zehaztapenen arabera, garapenaren xede den eremuan hirugarren sektoreko lurzoru berrien eskariari erantzuteko. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: plana egokia da, garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Aldez aurretik urbanizagarri gisa kalifikatuta eta ingurune urbanizatu batean txertatuta dagoen lurzorua okupatzea dakar, eta garapen berriek aurrezpen eta efizientzia energetikoa sustatzeko neurriak gehi ditzakete.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta ondorio horiek nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede den eremua Hernaniko udalerriaren iparraldean dago, Donostiarekiko mugan. Galarreta inguruan dago, eta hauek ditu mugakide: iparraldean, AP-8 autobidea; ekialdean, GI-3401 errepidea eta bi supermerkatu; eta, hegoaldean, GI-2132 errepidea.

      Kartografiaren arabera, artzaintzarik gabeko sega-belardi atlantikoei dagokien Batasunaren intereseko habitata (6510 kodea) da eremuaren zati handi bat. Hala ere, dagoen landarediari dagokionez, sektorean garatzen diren belardi eta labore atlantikoak aldizka lantzen eta segatzen direla adierazten duten zantzuak daude, eta, beraz, ez dute natura-interes handirik. Sektorearen mendebaldeko erdian, gainera, tamaina handiko heskaiak eta zuhaitz-oinak daude, espezie autoktonoenak zein aloktonoenak. Flora aloktono inbaditzailearen aleak ere ikusten dira.

      Sektoreak ez du bestelako ingurumen-balio esanguratsurik. Ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Halaber, ez da identifikatzen interes geologikoko tokirik, ezta Eremu Babestuen Erregistroan edo Korridore Ekologikoen Sarean sartutako espaziorik ere. Sektorean, ez da identifikatzen kultura-ondarearen elementu katalogaturik.

      Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-iturri nagusia sektoretik hurbil dauden komunikazio-bideen trafikoa da, batez ere AP-8 autobidea, zeina iparraldetik baitoa, eta, neurri txikiagoan, GI-2132 eta GI-3401 errepideak. Horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, eremua AP-8 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barnean dago. Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, gaur egungo egoeran gainditu egiten dira hirugarren sektoreko erabilera nagusi den sektoreetarako (D mota) kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritakoaren arabera.

      Egon daitezkeen arriskuak kontuan hartuta, eremuan ez da identifikatu azaleko ur-masarik; beraz, eremuan ez dago uholde-arriskurik. Aztertutako eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen inbentariatutako ezein lurzati. Hala ere, akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duen eremu batean dago sektorea, eta bat dator Andoain-Oiartzun lurpeko ur-masaren interes hidrogeologikoko eremu batekin (Hernani sektorea barnean dela).

      Planean sartzen diren jarduketen eraginak, obra-fasean, izango dira landaredia garbitzetik, lur-mugimenduetatik eta urbanizazio- eta eraikuntza-obretatik eratorritakoak. Jarduketa horien ondorioz, galdu egingo da okupatuko diren lursailetan dagoen landaredia, eta, aldi baterako eta leku jakin batean, murriztu egingo da giza habitataren kalitatea (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.), eta hondakinak sortuko dira.

      Dagoen landarediaren ezaugarriak kontuan hartuta, landarediari erasateko ahala txikia izango dela uste da. Nolanahi ere, ingurumen-dokumentuan proposatutako neurrien artean, ingurumena eta paisaia lehengoratzeko programa bat idaztea dago, bai eta proposatutako antolamenduan txerta daitezkeen espezie autoktonoen zuhaitz-masei ez eragitea ere.

      Proposatutako garapenaren ezaugarrien arabera, ez da aurreikusten eremua kokatuta dagoen tokiko akuiferoak kutsatzeko arrisku handirik dakarren jarduketarik. Nolanahi ere, neurri egokiak hartu beharko dira istripuzko isurketen ondorioz (besteak beste) lurzoruari eta lurpeko urei ez eragiteko.

      Ustiapen-fasean ez da aurreikusten eremuan jarduera ekonomikoak areagotzearen ondoriozko inpaktu esanguratsurik.

      Aipatutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, hemendik 20 urtera, egungo egoeran bezala, aurreikusten da gainditu egingo direla hirugarren sektoreko erabilera nagusi den sektoreetarako (D mota) urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarri dituen kalitate akustikoko helburuak. Horri dagokionez, neurri zuzentzaile gisa, azterlan akustikoak AP-8 autobidean pantaila akustikoak jartzea baloratzen du. Hala ere, ondorioztatzen du, kanpoaldean eta etorkizuneko eraikinen garaiera guztietan babes akustikoa bermatzeko, pantailak dimentsionatzea ez litzatekeela bideragarria izango ez teknikoki, ez ekonomikoki. Konponbide gisa, proposatzen du sentsibilitate akustiko txikiko eremuko erabileren alde egitea, eta zehazten du fatxadako isolamendua izango dela barne-espazioan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzea ahalbidetuko duen neurria.

      Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio- eta babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Hernaniko arau subsidiarioen (HK)GA.08 sektorearen plan partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Planarekin lotutako proiektuak gauzatzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

      Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

      Intereseko landaredia babestea: obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz balizatuko dira afekziorik gabe geratu behar duten intereseko landaredi-formazioak eta zuhaitz autoktonoak, sektoreko espazio libreetan integratuta geratuko dena adieraziz, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, moztea saihesteko. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ez da landaredirik moztuko ez garbituko.

      Obrek erasandako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, ekiditeko higadura-prozesuak, solidoak ibilguetara arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso misto atlantikoaren ezaugarriak lehenetsiz. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Landaredia aloktono inbaditzailea kentzea: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

      Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen.

      Ingurune hidrikoa babestea: drainatze jasangarriko hiri-sistemak erabiltzea sustatuko da, hirigintza-garapen berria gauzatzearen ondorioz gerta daitezkeen jariatze-hazkundeak minimizatzeko.

      Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Ustiaketako zarata: planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko neurriak hartu beharko dira, erabileren eta eraikuntza-motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Aldatzeko lurzatia AP-8 errepidearen zortasun akustikoko eremuan dagoenez, azaroaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30.3 artikuluarekin bat etorriz, «Zortasun akustikoko eremuan hiri-garapen bat egiten baldin bada, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako ikerketa akustikoari buruzko agiriak bidali beharko dizkio toki administrazioak hiri-garapenaren titular den pertsonari edo erakundeari, betiere, dagokion hirigintza-tresna hasiera batez onartu aurretik. Aipatutako agiri horiek jaso ondoren, dekretu honetan aurreikusitako hots-kutsaduraren erregulazioari buruzko nahitaezko txostena egingo du hiri-garapenaren titularrak».

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-lanak eta belar-sastrakak garbitzeko lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barnean direla ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, zuhaitz autoktonoei eragitea saihestuko da.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

      Hernaniko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrak egunez egingo dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Hernaniko arau subsidiarioen (HK)GA.08 sektorearen plan partzialak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Hernaniko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Hernaniko arau subsidiarioen (HK)GA.08 sektorearen plan partziala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 8a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik