Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko irailaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baitira Donostiako Parte Zaharreko eta Portuko Monumentu Multzoa babesteko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 210
  • Hurrenkera-zk.: 5376
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/17
  • Argitaratze-data: 2021/10/21

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko maiatzaren 24an, Donostiako Udalak Donostiako Parte Zaharreko eta Portuko Monumentu Multzoa babesteko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskabidea aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabide harekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 8an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean bildu dira jasotako erantzunen emaitzak. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako Parte Zaharreko eta Portuko Monumentu Multzoa babesteko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan dago ezarrita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera; edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako Parte Zaharreko eta Portuko Monumentu Multzoa babesteko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Plan horrek ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta izan behar du, ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak izan baititzake, jarraian adierazten diren terminoetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren helburua apirilaren 16ko 68/2019 Dekretuaren agindua ezartzea da. Dekretu horren bidez, Donostiako (Gipuzkoa) Parte Zaharra kultura-ondasun izendatzen da, Monumentu Multzo kategoriarekin, eta haren babes-araubidea ezartzen da.

    Donostian indarrean dagoen egitura-plangintza Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da, 2010eko ekainaren 25ean onartu zena behin betiko (GAO, 222. zk., 2010eko azaroaren 19koa). Plan horrek Parte Zaharraren eta Portuaren plangintza xehatua finkatzen du, 1995eko abenduaren 20ko udal-ebazpenaren bidez behin betiko onartutako Parte Zaharra-Portua Birgaitzeko Plan Bereziak arautzen duen eran.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen babesean onartutako apirilaren 16ko 68/2019 Dekretuak Donostiako Parte Zaharraren eta Portuaren ondare-balioa eta interes publikoa aitortzen ditu, eta legitimatu egiten du horiek osatzen dituzten elementuei berariazko babes-araubidea aplikatzea. Alde horretatik, txosten honen xede den Planak Monumentu Multzo horretarako zehaztutako babes-araudiaren preskripzioetara egokitzen du udal hirigintza-araudia.

    Planaren eremuak, funtsean, apirilaren 16ko 68/2019 Dekretuak ezarritako mugaketa hartzen du bere baitan, eta bat dator indarrean dagoen Donostiako HAPOren bitartez definitutako CE.03 (Parte Zaharra) eta CE.02 (Portua) eremuen mugen baturarekin, 165.917 m2-ko azalerarekin. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, mugaketa horrek zonifikazio xehatuaren araberako doikuntza txikiak izango ditu ondoz ondoko faseetan.

    Beraz, hiri-antolamendua funtsean zehaztuta dagoenez eta, hain zuzen ere, hori denez babestu beharrekoa, Planak garatu eta zehaztu egiten ditu Parte Zaharreko eta Portuko ondare eraikia babesteko araubidearen oinarrizko alderdiak, apirilaren 16ko 68/2019 Dekretuan ezarritakoak. Alde horretatik, garrantzi berezia du e) Planaren Hirigintza Arauak dokumentuak, non jasoko baita apirilaren 16ko 68/2019 Dekretua betez eta zehaztuz ezarriko den babes-araubidea.

    Jarraian, proposatutako babes-araubidearen punturik esanguratsuenak laburbiltzen dira:

    Babes-kategoriak modu xehatuan zonakatzea eta harmonizatzea, 68/2019 Dekretuarekin bat etorriz.

    Erabileren partikularizazioa doitzea, gaur egun finkatutzat jotzen diren eta bizitegi-erabilerarekin gatazka funtzionalen eragiletzat hartzen diren erabilerak moderatzeko.

    Eremuan dauden 296 eraikinak finkatzea, eta lurzoru publikoaren gaineko harresiaren oinean ezarri diren eraikuntza autonomoak antolamenduz kanpokotzat jotzea.

    Bizitegi-sarea berritzeko proposamenak, planteatutako esku-hartze moten eskakizunak modulatuz; hala nola, alde babestuei eragiten dieten etxebizitza-eraikinetako esku-hartze puntualak, barne-erreformak, lokalen erreformak, eraikinen inguratzaileari edo irisgarritasunari eragiten dioten elementu komunen erreformak, bai eta erreforma integralak ere.

    Elementu babestuen estalki lauen babesa kentzea, eta, horien ordez, estalki inklinatuak jartzeko aukera arautzea.

    Identifikatutako elementu degradatzaileenak ordeztea; besteak beste, keak erauzteko hodiak (kanpoko fatxadei atxikitakoak), atzeraemanguneak hartzen dituzten eraikuntzak, edo bide publikoko eraikuntza desegokiak. Instalazioetan ageriko elementuak eta fatxadetan kableak jartzea debekatzea planteatzen da, bai eta harresiari erantsitako eraikuntza batzuk borondatez berreraikitzeko modua arautzea ere.

    Olanak eta publizitate-kartelak jartzeko modua arautzen da, bai eta igogailuetako kasetoiak jartzeko modua ere, bizitegi-eraikinen bizigarritasuna hobetu ahal izateko.

    Urgulleko eskoletako partzela handitzeko proposamenak.

    Etorkizunean, Lasta Kaian lurrazpiko aparkaleku bat egitea planteatzen da. Lurpeko sarbidea izango luke, eta sarbide hori udaletxearen eta Klub Nautikoaren eraikinaren artetik igaroko litzateke.

    Trinitate plaza partzialki estaltzea planteatzen da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, honako hau zehaztu da: lege horren V. eranskineko 2.f.2 puntua aplikatzeagatik kultura-ondarean izan daitezkeen eraginengatik ukituta gera daitekeen eremuaren balioa eta kalteberatasuna kontuan hartuta, ezin da baztertu Donostiako Parte Zaharreko eta Portuko Monumentu Multzoa babesteko Plan Bereziak ondorio esanguratsuak izatea ingurumenean, nahiz eta prebentzio-, babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aplikatu.

    Bigarrena. Donostiako Parte Zaharreko eta Portuko Monumentu Multzoa babesteko Plan Bereziaren irismenari buruzko dokumentua egitea, ingurumen-ondorioetarako soilik, ondoren adierazitako moduan:

    Ingurumen-azterlan estrategikoak gutxieneko eduki hau izan beharko du: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritakoa eta plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa (aipatutako dekretuaren I. eranskinean jasotakoa ere kontuan hartuta).

    Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanda, honako gai hauek jasoko dira, besteak beste:

    1. Planari aplika dakizkiokeen ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpideak.

      Plana egiteko funtsezko oinarritzat hartuko dira IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 delakoaren helburu estrategikoak eta jarduketa-ildoak. Horrez gain, arau hauetan bildutako irizpideak jaso beharko dira: EAEko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; eta EAEko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua.

      Era berean, ingurumena babesteko, kontuan hartuko dira Planari aplikagarri zaizkion lurralde-antolamenduko planetan eta plan sektorialetan finkatutako irizpide, helburu eta zehaztapenak.

      Zehazki, Plana gidatzeko, garapen jasangarriko printzipio hauek hartu beharko dira kontuan:

      1. Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea, eta lehendik ere artifizialduta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea.

      2. Paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.

      3. Baliabide naturalen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.

      4. Energiaren aurrezkia eta energia berriztagarrien eraginkortasuna eta erabilera sustatzea, baita kogenerazioa ere.

      5. Aire garbia bermatzea, eta zarata eta argi-kutsadura handien eraginpean bizi diren biztanleen kopurua murriztea.

      6. Klima-aldaketarekiko kalteberatasuna murrizten laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.

      7. Arrisku naturalak murriztea.

      8. Lurzoru kutsatuaren kudeaketa hobetzea, eragileen eta lurzoruaren erabiltzaile potentzialen berme juridikoa eta jarduera sendotuz.

    2. Eremu geografikoa eta ingurumen-arlo esanguratsuak.

      Planaren eremua bat dator Donostian indarrean dagoen HAPOk zehaztutako CE.03 (Parte Zaharra) eta CE.02 (Portua) eremuen mugaketen baturarekin, eta bat dator, era berean, apirilaren 16ko 68/2019 Dekretuak Parte Zaharreko eta Portuko Monumentu Multzorako ezartzen duen mugaketarekin. 165.917 m2-ko azalera duten lursailak hartzen ditu. Iparraldean Urgull mendia dago, ekialdean San Juan kalea, hegoaldean Boulevarda eta Ijentea kalea, eta mendebaldean Kontxako badia.

      Eremuko material litologikoak, batez ere, azaleko metaketa alubialak eta alubial-kolubialak dira, eta, horiekin batera, kotarik altuenetan, honakoak txandakatzen dira: hareharri silizeoak eta mikrokonglomeratuak, bai eta kareharri hareatsuak, hareharriak, lutitak eta, tarteka, tuparriak ere. Ikuspegi geomorfologikotik, eremuko lursailak sistema antropogenikoan sartzen dira, eta erliebe nabarmenki laua du, nahiz eta iparraldeko mugan malda handiak dituen. Eremua Ipar Antiklinorioko jabari hidrogeologikoan dago; zehazki, Zumaia-Irun lurpeko ur-masan eta sektore Kuaternarioan. Metaketa alubialen, alubial-kolubialen, eta banku potenteetan estratifikatutako hareharri silizeoen interes hidrogeologikoko kokalekuetan dago eremua. Oinarrian dituen akuiferoek kutsadurarekiko kalteberatasun txikia dute.

      Eremua Donostiako badiako Interes Geologikoko Lekuan dago (89. IGL). Mendebaldean Ulia mendiak mugatzen du, eta ekialdean Urgull mendiak eta Urumea ibaiak. Eremuaren barruan, Konstituzio plazan, beharrezko behaketa-puntua identifikatzen da.

      Eremua Urumearen Unitate Hidrologikoan sartzen da, batez ere Urumearen kostaldeko drainadurako arroan. Mugatutako eremuak portuaren ingurua hartzen du bere baitan; hain zuzen ere, hortxe kokatzen da Getaria-Higer kostaldeko ur-masa; beraz, Portuko lurrak Itsas Lehorreko Jabari Publikoko eremuan sartzen dira.

      Eremuko landaredi potentzialaren seriea kostaldeko hareatzetako landaredia da, nahiz eta gaur egun erabat urbanizatuta dagoen eta ez duen landaredirik. Ez da identifikatzen Batasunaren Intereseko Habitatik, ezta espezie mehatxaturik ere.

      Azterketaren xede den eremuan espero diren fauna-komunitateak hiri-inguruetako espezieak dira. Eremuaren zati bat Kosta-Ulia-Jaizkibel sektorearen babes-eremuan sartzen da; hain zuzen ere, hegazti-faunarentzat arriskutsuak diren linea elektrikoen gunean.

      Azterketa-eremuak ez dio eragiten Natura-ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legean eta EAEko Natura Babesteko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan ezarritako eremu babestu bakar bati ere.

      Eremua ez da sartzen EAEko igarobide ekologikoen sareak eta azpiegitura berdeak zehaztutako egiturazko elementuetan.

      Azterketa-eremuaren baldintzatzaile nagusia da Donostiako Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoan sartuta dagoela oso-osorik (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 54. zk., 1996ko martxoaren 15ekoa), Erdi Aroko (zehazki, XII. mendeko) hiribilduari dagokion eremuan. Beste alde batetik, eremuaren mugaketa bat dator Monumentu Multzoaren kategoriako Kultura Ondasun deklaratutako gunearekin (68/2019 Dekretua, apirilaren 16koa). Horren arabera, babes bereziko, babes ertaineko, oinarrizko babeseko eta babes morfologikoko erregimena esleitzen zaie 14, 13, 260 eta 13 elementuri, hurrenez hurren. Bi eraikin ez datoz bat.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan 20069 00785 partzela dago identifikatuta. Partzela hori sartuta dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan. Gainera, Getaria-Higer ur-masa Donostia-Urumea Uholde Arrisku Handiko Eremu (UAHE) gisa identifikatzen da (ES017-GIP-URU-03 kodea), eta portuko lursailek uholde-arriskua dute, 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako.

      Zarata-foku nagusiak bideak eta oinezkoentzako kaleak dira, eta, identifikatu denagatik, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira, eremuaren bizitegi-izaerako tipologia akustikoa kontuan hartuta.

    3. Jarduketak egiteko eremu desegokiak.

      Planaren xede den eremuan ez da hauteman jarduketak egiteko desegokia den eremurik, betiere ingurumen-araudi aplikagarria betetzen bada, batik bat, honako gai hauei buruz: naturaren eta kultura-ondarearen kontserbazioa, lurzoru kutsatuak eta kutsadura akustikoa.

    4. Egindako kontsultei emandako erantzunen ingurumen-azterketa laburra.

      Jarraian, ingurumenari buruzko alderdirik garrantzitsuenak laburbiltzen dira eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako txostenetan agertzen dira alderdi horiek:

      Kultura-ondareari dagokionez:

      Deklaratutako ondarean izan daitekeen eragina baloratu ahal izateko, planaren dokumentuaren xehetasun-mailak eraikin babestu guztietan onar daitezkeen esku-hartzeak arautzen dituen dokumentuen maila bera izan behar du.

      Kontuan hartuko dira Donostiako Parte Zaharra Kultura Ondasun deklaratzen duen apirilaren 16ko 68/2019 Dekretuaren III. eranskinean (babes-araubidea) ezarritako aginduak.

      Kutsatutako lurzoruei dagokienez:

      20069-00785 kodearekin inbentariatutako lurzatia identifikatu da; izan ere, erregaien txikizkako salmenta egin izan da bertan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoen moduan. Beraz, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada.

    5. Ingurumen-azterketa estrategikoan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

      Planaren xedea da Donostiako udalaren hirigintza-araudia Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren babes-araubidearen aginduetara egokitzea, 68/2019 Dekretuan ezarritako moduan. Beraz, egingo den ingurumen-ebaluazioa katalogatutako kultura-ondarearen gaineko jarduketa-proposamenetako efektu espezifikoetan oinarrituko da.

      Ingurumen-azterketa estrategikoak abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du, eta haren osagarri erabiliko da, halaber, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa.

      Aurrekoarekin bat etorriz, garatuko diren apartatuek eskema metodologiko hau bete beharko dute:

    1. Proposatutako planaren deskribapena.

    1. Plangintzaren esparrua eta helburuak.

    2. Planaren irismena, edukia eta garapena.

    3. Plangintza-aukerak.

    1. Ingurumenaren ezaugarriak.

    1. Ingurumen-egoeraren deskribapena.

    2. Laburpena: ingurumen-alderdi esanguratsuak.

    3. Ingurumen-efektuak.

    4. Prebentzio, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriak.

    5. Ingurumena zaintzeko programa.

    6. Ingurumen-laburpena.

    7. Laburpen ez-teknikoa.

      Ebaluatuko den dokumentuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, IAE edo Azterketa) hainbat gai landu behar ditu, ahalik eta zabalen eta xeheen; modu honetan, zehazki:

    1. Planaren deskribapena.

      Deskribatuko da zer alderdik konfiguratzen duten Plana, eta argi eta garbi identifikatuko da Plana gauzatzeak etorkizunean eragin ditzakeen ekintzetatik zeinek izan ditzaketen ondorio kaltegarriak ingurumenean. Hori guztia, honako apartatu hauetan adierazitako egiturarekin eta xehetasunekin:

      1. Plangintzaren esparrua eta helburuak.

      1. Azterketan, Planaren helburu zehatzei buruzko laburpen txiki bat jasoko da. Gainera, azterlanak labur-labur jaso beharko du nola hartu diren kontuan, Planaren elaborazioa egitean, ebazpen honetako 1. apartatuan jaso diren ingurumena babesteko helburuak eta printzipio eta irizpide jasangarriak.

      2. Hierarkikoki Plana baino maila handiagoa duten planak edo programak identifikatuko dira. Azaletik deskribatuko dira Planaren xedearekin edo esparruarekin zerikusia duten plan edo programa horien zehaztapenak eta aurreikuspenak, bai eta ingurumena babesteko planari aplikatzen zaizkion irizpide, helburu eta zehaztapenak ere. Adierazi beharko da zer erreferentzia eta data duten hierarkoki Plana baino maila handiagoa duten plan edo programen onespen-egintzek, eta zehaztuko da ea plan edo programa horiek ingurumen-ebaluazio estrategikoaren mende jarri diren.

      3. Deskribatu egingo dira indarrean dagoen antolamenduaren zein alderdi eta zehaztapen aldatuko diren Planaren bitartez.

      4. Hala badagokio, hierarkoki Plana baino maila handiagoa duten planen ingurumen-adierazpen estrategikoetan finkatutako irizpideak eta zehaztapenak jasoko dira, bai eta horiek garatzeko beste tresna batzuetan ezarritakoak ere, baldin eta ebaluazioaren xede den Planaren eremuan edo xedean aplikatzekoak badira. Ingurumen-adierazpen estrategikoen erreferentzia aurkeztuko da, zehaztuta zer aldizkari ofizialetan argitaratu diren, eta kontsulta-gunerako esteka txertatuta.

      5. Adieraziko da ingurumena babesteko zer irizpide, helburu eta zehaztapen finkatzen diren arauetan eta Planarekin hierarkia-harremanik ez duten beste plan eta programa batzuetan (erkidegokoak, estatukoak, autonomia-erkidegokoak edo tokikoak), baldin eta aplikatu beharrekoak badira.

        Zehazki, eta beste batzuen artean, honako plan eta arau hauek hartuko dira kontuan:

        EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG).

        Donostialdea - Bidasoa Beheko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala.

        Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala.

        Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea, 23. eta 31.4 artikuluak.

        213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, EAEko hots-kutsadurari buruzkoa.

        2. Planaren irismena, edukia eta garapena.

      1. Planaren irismenak ezin hobeto definituta geratu behar du. Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du azterlanak, baldin eta ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan baditzakete, betiere eremuaren garapenerako beharrezkoak diren jarduketa guztiak aintzat hartuta.

        Deklaratutako ondarean izan daitekeen eragina baloratu ahal izateko, planaren dokumentuaren xehetasun-mailak, besteak beste, eraikin babestu guztietan onar daitezkeen esku-hartzeak arautzen dituen dokumentuen maila bera izan behar du.

        Kontuan hartu beharko dira Donostiako Parte Zaharra Kultura Ondasun deklaratzen duen apirilaren 16ko 68/2019 Dekretuaren III. eranskinean (babes-araubidea) ezarritako aginduak.

        Informazio hori argi eta garbi identifikatu beharko da, eta, horretarako, ekarpen kartografiko batean oinarritzea gomendatzen da, islatutako informaziora egokitutako eskala batean.

      2. Aurreikuspen bat egingo da, Planeko proposamenak gauzatzeko erabiliko diren proiektu eta jarduketen ezaugarriei buruz.

        Hala badagokio, Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako planak edo proiektuak identifikatu beharko ditu IAEk, garapenaren baldintzak ezartzeko eta, hala badagokio, proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ezartzeko.

      3. Deskribatu eta lokalizatuko da Planeko zer ekintzak eragin diezaiokeen ingurumenari, eta hierarkizatuko dira eraginik handiena dutenetik gutxiago dutenetara, kontuan hartuz haien kokapen zehatza, izaera, tamaina, baliabide naturalen kontsumoa eta deklaratutako kultura-ondarearengan izan dezaketen eragina. Horrela deskribatutako Plan-ekintza bakoitzari kode bat esleituko zaio. Kode hori azterketaren hurrengo apartatuetan erabiliko da, baldin eta aipatu behar bada.

      4. Plana onartu ondoren, haren garapena zehaztu eta plangintzaren geroagoko faseak aipatuko dira, bai eta Planaren zehaztapenak ezartzeko tresnak ere. Era berean, aurreikusiko da garapen-tresna eta/edo proiektu horiek ingurumen-ebaluazioaren mende egon daitezkeela.

      5. Nolanahi ere, Plana garatzeko zenbat denbora aurreikusten den erantsiko da, eta, hala badagokio, aurreko apartatuan azaldutako ekintzetarako denbora-aurreikuspena zehaztuko da.

      6. Epigrafe honetan biltzen den informazioa kartografikoki islatuko da dagokion eskalan, eta lurraldearen erabilera islatuko du, bai eta ingurumen-ondorio nabarmenak ekar ditzaketen Planaren aurreikuspen eta jarduketak ere. Informazio kartografikoa atxiki beharko da, gutxienez hauek jasoko dituena: eremuaren mugaketa eta jarduketen kokapena, pdf eta shape formatuetan.

        3. Plangintza-aukerak.

      1. Azaletik deskribatuko dira Plana formulatzeko prozesuan kontuan hartu diren aukera guztiak. Aukera horiek bideragarriak izan behar dute teknikoki eta ingurumenaren aldetik, eta hauei buruzkoak izan daitezke: kokalekua, garapen teknikoa, aldi baterako garapena, kudeaketa, antolamendua, baliabide naturalen erabilera edo beste edozein alderdi. Era berean, 0. aukera edo esku ez hartzeko aukera ere hartuko da kontuan; kasu horretan, honako hau izango da erreferentzia: jarduketa-eremuaren alderdi garrantzitsuek izan dezaketen bilakaera Planaren proposamenak aplikatu ezean.

      2. Aukera horien irismena deskribatuko da, eta zehaztuko da zer alde dagoen aukera bakoitzaren arabera Planean jasotako proiektuen eta ekintzen artean, 5.1.2.b apartatuan deskribatutako proiektuekin eta 5.1.2.c apartatuan deskribatutako ekintzekin alderatuta.

      3. Laburpen bat ere jasoko da azaltzeko zergatik baztertu diren aztertutako plangintza-aukerak eta zergatik onartu den azkenean proposatutako aukera.

      4. Aztertutako aukerak kartografikoki jasoko dira.

    2. Ingurumenaren ezaugarriak.

      Azterlanak deskribatu beharko du zein diren ingurumenak gaur egun duen egoeraren ezaugarri nagusiak, Planak eragindako eremuan. Deskribapen horretan, elementu abiotikoen eta biotikoen ezaugarriak aztertuko dira, bai elementu bakoitzaren ikuspuntu sektorialetik, bai beren interakzioen ikuspuntutik, eta ingurumenaren egungo egoeraren ikuspegi integratua emango da.

      Planaren eraginpeko esparrua, antolamendu-esparru osoa izateaz gain, esparru horren ingurunerik hurbilena ere izango da, eta ingurune hori mugatuko da Planaren ekintzek ingurumen-ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen eremuetara.

      Ingurumenaren kalitatearen gaineko alderdiei buruzko informazioa azterlanetan edo bestelako erreferentzia-dokumentuetan oinarrituta dagoenean, emandako datuen iturria identifikatuko da, eta adieraziko da zein den titulua, urtea, egilea, eta, hala badagokio, zer esteka balia daitekeen lana bere osotasunean kontsultatzeko.

      Azterketak eskalako planoak jasoko ditu, ingurunearen aldagaiak islatzeko modukoak.

      1. Ingurumen-egoeraren deskribapena.

      Honako hauek izango dira, gutxienez, ingurumenaren arloan aintzat hartuko diren alderdiak:

      1. Ingurune fisikoa. Zenbait faktore hartuko dira kontuan; hala nola, arroka ama eta zorupea, horien iragazkortasuna, masak eta ur-puntuak, faktore klimatikoak eta lurzoru-mota.

      2. Natura-ondarea. Natura- eta ekologia-intereseko elementuen berri emango da, halakorik balego; esate baterako, kostaldeko ur-masa eta Interes Geologikoko Lekua, besteak beste. Egungo elementuen kontserbazio-egoerari buruzko datuak emango dira, baita interes maila, kalteberatasuna, egungo presio eta mehatxuak ere, Plana gauzatzean areagotu daitezkeenak.

      3. Paisaia. Paisaia-pertzepzioaren ikuspegitik interesgarria den elementurik ba ote dagoen aztertuko da.

      4. Ingurumen-arriskuak eta -arazoak. Arriskuei buruz jaso ahal izan diren datu guztiak emango dira, kontuan hartuta, besteak beste, lurpeko uren kalteberatasuna, uholde-arriskua, arrisku geoteknikoak, klima-aldaketak eragindako arriskuak edo aipatzeko moduko beste edozein ingurumen-arrisku.

        Orobat, airearen, uraren edo lurzoruaren kalitateari dagokionez hautemandako ingurumen-arazoak deskribatuko dira, egoera akustikoa barne. Kutsagarriak izan daitezkeen iturriak eta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruak identifikatuko dira, eta baliabide naturalen erabilgarritasuna aztertuko da, bereziki urarena.

        Hala dagokionean, aipatutako ingurumen-arrisku eta -arazoen eraginpean egon daitezkeen eremuko guneak identifikatu eta lokalizatuko dira.

      5. Kultura-ondarea. Hautemandako elementu bakoitzaren garrantzia, kalteberatasuna, tresna eta babes-maila zehaztuko dira. Era berean, kultura-ondasunari kalifikazioa eta babesa eman dion arau-xedapenaren erreferentzia aipatuko da.

        Alde horretatik, kultura-ondasunen babesa zehazteko, kontuan izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ezarritako irizpideak, ebazpen honen 4. atalean jasotakoak.

      6. Apartatu honetan, gainera, egon daitezkeen beste ingurumen-baldintzatzaile batzuk landuko dira, baldin eta Planaren ingurumen-ebaluaziorako garrantzitsuak badira, hala nola mugikortasunari eta garraioari buruzko alderdiak, irisgarritasun-baldintzak, baliabide berriztagarrien eta berriztaezinen kontsumoari lotutako beharrak (ura, energia, etab.), jendea bizi den eremuen presentzia eta kaltetua izan daitekeen biztanleria, eta abar.

        2. Laburpena: ingurumen-alderdi esanguratsuak.

        Aurreko apartatuan azaldutako deskribapen eta datuak oinarri hartuta, ingurumenaren egungo egoera aztertuko da Planaren eraginpeko esparruan, eta labur-labur jasoko da zein diren Planeko jarduketen ondoriozko elementu, prozesu, arazo eta ingurumen-arrisku garrantzitsuenak ingurumen-ebaluazioko prozesuan. Arreta jarri beharko zaie ingurumenaren ikuspegitik interesgarriak diren gune, elementu edo egoerei, bai eta eragina jasateko arriskua duten alderdiei ere; horretarako, kontuan hartuko dira Planean jasota dauden jarduketen ondoriozko proiektuen eta ekintzen kokapena eta ezaugarriak.

        Ingurumenaren aldetik problematikoak diren eta gerora proposamenak gauzatzean zaindu beharko diren eremuak detektatu beharko ditu ingurumen-azterketa estrategikoak.

        Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arrisku-guneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko. Apartatu hau idazteko, txosten honen 2. apartatuan aipatu diren ingurumen-arlo garrantzitsuak eta aplikatu beharreko araudietan arlo horietarako ezartzen diren mugaketak hartuko dira kontuan, gutxienez.

        Planak planteatzen dituen jarduketen garapena baldintzatu ahal duten beste alderdi batzuk honako hauek dira: kultura-ondare diren elementuen presentziarekin eta kutsatutako lurzoruen presentziarekin lotutakoak, eta EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua aplikatzearen ondoriozko mugaketekin zerikusia dutenak. Bi alderdi horiek azterketan jorratuko dira. Etorkizuneko garapen-arlorik balego, justifikatu egin beharko litzateke arau honen 37. artikulua zuzen aplikatu dela.

    3. Proposatutako Planaren ingurumen-ondorioak.

      1. Apartatu honetan, Planaren ekintzek ingurumen-kalitateari buruzko elementuetan (5.2 apartatuan deskribatutakoak) izan ditzaketen ondorioak identifikatu beharko dira, eta horien ezaugarriak deskribatu eta baloratu beharko dira. Planaren ondorioak identifikatu eta horien ezaugarriak deskribatzeko, aztertuko da zer-nolako interakzioa dagoen lanean aurreikusitako ekintzen eta eragin ditzaketen ingurumen-elementuen ezaugarri espezifikoen artean, bai eta zer ingurumen-arazo eta -arrisku sortu edo areagotu daitekeen ere.

        Ezaugarrien deskribapenean, argi eta garbi zehaztu beharko da zer-nolako ondorioak dauden, honako hauek bereizita: zeharkako ondorioak, metatze-ondorioak, ondorio sinergikoak, epe labur, ertain eta luzerako ondorioak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterako ondorioak.

        Azterketaren 5.1.2.c apartatuan identifikatutako ekintza guzti-guztien ingurumen-ondorioak deskribatuko dira, eta espresuki aipatuko da apartatu horretan ekintzei esleitutako kodea.

        Azterlanak bereziki aztertu beharko ditu jarduketa-proposamen berriei lotutako ekintzen ingurumen-eraginak. Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira dagoeneko finkatuta dauden jarduketen eta aurreikusitako jarduketa berrien arteko konbinazioaren ondorio metatzaile eta sinergikoak.

        Hala dagokionean, zehaztu egingo da zer ondorio dakarren zenbait ekintzaren konbinazioak. Gainera, ingurumen-ondorio guzti-guztiak bereizi beharko dira, baldin eta biztanleriaren, giza osasunaren edo ondasun materialen gainean ondorio kaltegarri eta nabarmenak izan baditzakete.

        Deskribatutako Planaren ondorio bakoitzari, berriz, kode bat emango zaio. Kode hori azterlanaren hurrengo apartatuetan erabiliko da, horren erreferentzia behar bada.

        Besteak beste, Kultura Ondareko elementuetan izandako ondorioak aztertuko dira. Alde horretatik, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea eta 68/2019 Dekretuaren zehaztapenak betetzen direla ziurtatu beharko da, dekretu horren III. eranskinean (babes-araubidea) ezarritako aginduak kontuan hartuta.

        Planaren bitartez hirigintza-garapen berriak sortzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoa beteko da.

      2. Identifikatu eta kodetutako ondorioak baloratzeko, puntu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

        Gertatzeko probabilitatea, iraupena, maiztasuna eta itzulgarritasuna.

        Ondorioen larritasuna eta irismen espaziala.

        Eragina jasan lezakeen eremuaren balioa eta kalteberatasuna, honako hauek kontuan hartuta:

        Ezaugarri berezirik ote dagoen naturan, kulturan eta paisaian.

        Aurkako ingurumen-baldintzarik ote dagoen, betiere, baldintza horiek airearen, uraren edo lurzoruaren kalitate-estandarrak edo muga-balioak gaindituko badituzte.

        Planak zenbateraino sorrarazi edo areagotu ditzakeen ingurumen-arriskuak.

        Ahal den guztietan, efektuak edo ondorioak zenbatetsiko dira, datu neurgarriak erabilita, Planean aurreikusitako jarduketak eta proiektuak gauzatzearen ondorioz deskribatu diren ingurumen-faktoreen egoera-aldaketei buruzkoak. Hala badagokio, ondorio edo efektu horien iragarpenean dagoen ziurgabetasun-maila adieraziko da.

      3. Halaber, ahal den neurrian, ondorioak kartografia bidez lokalizatuko dira, eta, orobat, saiatuko da adierazten planaren edo programaren zein fasetan gerta daitezkeen ondorio horiek.

      4. Adieraziko da ea detektaturiko efektu horren sorburu-ekintzak eskatzen duen ala ez Planaren zehaztapenak beste plan eta programa batzuetan txertatzea, eta kasu bakoitzean zehaztuko da zein den eraginpeko plangintza-tresna.

      5. Hala deskribatutako ingurumen-ondorio edo efektuak hierarkizatu egingo dira, haien garrantzi erlatiboa nabarmenduta.

    4. Prebentzio, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriak.

      1. Apartatu honetan deskribatuko da zer neurri aurreikusten diren 5.3 apartatuan deskribatutako ingurumen-ondorio kaltegarriak prebenitzeko, murrizteko eta, hala badagokio, konpentsatzeko. Hartuko diren neurriek bermatu egin beharko dute ez dela ingurumen-ondorio esanguratsurik sortuko, Planaren ekintzak garatzearen eta etorkizunean gauzatzearen ondorioz. Horien helburua izango da natura-baliabideak, natura- eta kultura-ondarea babestea, natura-arriskuak prebenitzea eta hautemandako ingurumen-arazoen aurrean hobetu eta egokitzea.

      2. Proposatutako neurriek koherenteak izan beharko dute aurreikusitako ingurumen-ondorioekin. Neurriak deskribatu egingo dira, eta 5.3 apartatuan identifikatutako ondorio edo efektuekin prebenitu, zuzendu edo konpentsatu nahi direnekin lotuko dira. Bereziki, eta beste zenbaiten artean, neurri hauek zehaztuko dira:

        Ur-ingurunea babesteko neurriak: obra-fasean neurriak proposatuko dira lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ez dadin murriztu.

        Sortutako hondakinak behar bezala kudeatzeko neurriak ezarriko dira, gaiaren inguruan indarrean dagoen araudiaren arabera.

        Kultura Ondareari dagokionez, bermatu beharko da Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea eta apirilaren 16ko 68/2019 Dekretua betetzen direla. Azken horren bitartez, Donostiako (Gipuzkoa) Parte Zaharra Kultura Ondasun izendatzen da, Monumentu Multzo kategoriarekin, eta haren babes-araubidea ezartzen da.

        Eremuan kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasaten dituen edo jasan dituen lurzati bat dagoenez, eta, hortaz, jarduera horiek etorkizuneko erabiltzaileentzat eta/edo ingurumenarentzat arriskutsuak izan daitezkeenez, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitakoa izan beharko da kontuan.

        Azkenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eskatzen duenez, ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartuko ditu klima-aldaketaren gaineko eragina apaltzeko eta hartara egokitu ahal izateko neurriak. Ondorio horietarako, erreferentzia gisa erabil daiteke «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko».

      3. Adieraziko da proposatutako neurriak Planaren zein zatitan txertatu diren, eta espresuki adieraziko da Planaren zein dokumentu teknikotan jaso diren.

      4. Hala badagokio, prebentziorako, zuzenketarako eta konpentsaziorako neurriak proposatuko dira, horiek aplikatzea komenigarria edo egingarria denean, bai plangintzaren geroagoko fase edo etapetan, bai Plana gauzatzeko diseinatzen diren etorkizuneko proiektuetan.

      5. Kostu ekonomikoren bat dakarten prebentzio eta zuzenketarako neurrien aurrekontua ere jasoko da, eta horiek gainbegiratzeaz arduratuko den eragilea edo pertsona zein den adieraziko da.

    5. Ingurumena zaintzeko programa.

      1. Azterketan, ingurumena zaintzeko programa bat garatuko da, eta, bertan, Plana aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Neurri horien helburua alderdi hauek kontrolatzea izango da:

        Gainbegiratzea ea behar bezala aplikatu ote diren Planak ingurumenean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak prebenitzeko, murrizteko edo zuzentzeko aurreikusita dauden neurriak.

        Ingurumen-elementu garrantzitsuen bilakaera zaintzea, baita Plana martxan jarri aurretik zeuden ingurumen-arazoen bilakaera ere.

        Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorioak egiaztatzea, aurreikusi gabeko efektu kaltegarriak azkar identifikatzeko eta horiek saihestu edo zuzentzeko neurri egokiak hartu ahal izateko.

        Aztertzea ea prebentziorako eta zuzenketarako neurri osagarririk hartu behar den, Plana egikaritzeko aurreikusitako garapen-tresnetan eta proiektuetan.

      2. Jarraipen-neurriak identifikatu egingo dira, eta neurri horiek bat etorri beharko dute 5.4 apartatuan jasotako babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriekin.

      3. Ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du zer adierazle proposatzen diren azterketan, baita datuak biltzeko zer proposamen zehatz egiten den kasu bakoitzean ere, aldizkakotasunari eta erabiliko diren metodoei dagokienez.

    6. Ingurumen-laburpena.

      1. Ingurumenari buruzko alderdiak Planean nola txertatuko diren deskribatuko da. Xehetasunez aztertuko da nola hartu diren kontuan eta nola betearazi diren azterketaren 5.1.1 apartatuan ingurumena babesteko finkatutako irizpideak, helburuak eta zehaztapenak.

      2. Aztertuko da zenbateko probabilitatea dagoen Planak etorkizunean ingurumenean ondorio esanguratsuak izateko, eta behar diren argudioak emango dira honako hau egiaztatze aldera: proposatutako babes-, zuzenketa- eta/edo konpentsazio-neurriak Planean txertatuz gero, oso arrisku txikia dagoela ondorio esanguratsu horiek gertatzeko eta, beraz, ez dagoela eragozpenik plana garatzeko. Ondorio hori bermatzeko, azterketaren gainerako apartatuetan jasotako informazioei buruzko erreferentziak erabiliko dira.

    7. Laburpen ez-teknikoa.

      1. Azterketak bere baitan jasoko du emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat, ebaluazio-prozesuan jorratutako gaietako prestakuntza espezifikorik ez duten pertsonek erraz ulertzeko moduan idatzita.

      2. Laburpen horrekin batera, gainera, egindako ebaluazioa hobeto ulertzen lagunduko duen informazio grafikoa ere erantsi beharko da; edo, bestela, informazio hori erraz eskuratzeko behar diren erreferentziak jaso beharko dira.

    8. Jendaurreko informaziorako izapideak eta kontsultak.

      Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, organo sustatzaileak jendaurrean jarriko du Planaren hasierako bertsioa, bai eta ingurumen-azterketa estrategikoa ere, gutxienez 45 eguneko epean.

      Era berean, kontuan hartuta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluak eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluak zer xedatzen duten eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egin beharreko kontsultei buruz, erakunde eta pertsona interesdunen zerrenda hau hartuko da kontuan:

      Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza.

      Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

      Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza.

      Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

      Gipuzkoako Itsasertz Mugartea.

      IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa.

      Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea.

      Eguzkizaleak Elkartea (Eguzki).

      Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea.

      Asociación Áncora para la Conservación del Patrimonio Elkartea.

    9. Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

      Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 24.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, organo substantiboak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espediente osoa igorriko dio ingurumen-organoari, honako hauek barnean hartuta: planaren edo programaren azken proposamena, ingurumen-azterketa estrategikoa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitzak, eta laburpen-dokumentu bat, planaren edo programaren azken proposamenean honako alderdi hauek nola txertatu diren azaltzen duena: ingurumen-alderdiak, ingurumen-azterketa estrategikoa eta hori irismen-agirira nola egokitzen den, egindako kontsulten emaitza, eta kontsulta horiek nola hartu diren aintzat.

      Ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatzeko eta dokumentazioa entregatzeko, nahitaez bete beharko dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean horri buruz dauden jarraibideak, esteka honetan jasotzen direnak:

      https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumen-ebaluazio-estrategikoaren-prozeduraren-tramitazioa/web01-a2inginp/eu/

      Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren webgunean dago eskuragarri, esteka honetan:

      https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/Dokumentuak-aurkezteko-GIDA.pdf

      Hirugarrena. Ebazpen honen berri ematea Donostiako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean argitaratzeko agindua ematea.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 17a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik