Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko irailaren 20koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Sestaoko (Bizkaia) «La Naval» industria-konplexua babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentu Multzoaren kategorian, eta jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita espedientea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 196
  • Hurrenkera-zk.: 4997
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/13
  • Argitaratze-data: 2021/09/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak.

«La Naval» industria-konplexuaren balio kulturalak ikusita, eta EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

Lehenengoa. Hasiera ematea Sestaoko (Bizkaia) La Naval industria-konplexua babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari, Monumentu Multzoaren kategorian, kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskineko mugaketa, II. eranskineko deskribapena, III. eranskineko babes-araubide partikularra eta IV. eranskineko babestutako kultura-ondasunen zerrenda.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du «La Naval» industria-konplexuari berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena. Hasiera ematea Sestaoko (Bizkaia) «La Naval» industria-konplexua, Monumentu Multzoaren kategorian, Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta, babes-araubide partikular gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita eta IV. eranskineko babestutako kultura-ondasunen zerrendari erreparatuta. 20 eguneko epea egongo da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea EAEko Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena. Sestaoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela, ondasun higiezinen kasuan, eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera.

Finkaren batean ezinbestean atzeraezina den obraren bat egin behar bada, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu behar da derrigorrez.

Laugarrena. Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena. Espedienteari hasiera ematen dion ebazpen hau honako hauei jakinaraztea: VPG Taldeari; Sestaoko Udalari; Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari; Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari; Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari; Bilboko Portuko Agintzaritzari eta ADIFi.

Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 20a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

Sestaoko La Naval industria-konplexuak osatzen duen Monumentu Multzoak bi eremu bereizi dituen mugaketa ez-jarraitua du: eremuetako bat multzoaren mendebaldean dago eta oinezkoentzako pasabidea, jantokien eta botikinaren pabilioia, bulego nagusiak, zentral elektrikoa eta makina- eta galdara-tailerra hartzen ditu babes-ingurune gisa. Bigarrena partzelaren ekialdean dago kokatuta, eta 1. eta 2. dike lehorren babes-inguruneak hartzen ditu barne.

Zehazki, honako hauek dira lehen eremuaren mugak: iparraldean, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren behin-behineko mugaketa; ekialdean, jarraian, makina-tailerreko motorren nabearen fatxadarekiko paraleloan eta 50 m-ra dagoen lerro bat, 2. eraikuntza-harmailaren alboko bandako kanpoaldeko ertza, prefabrikazio-tailerraren iparraldeko fatxada, trenaren trazatuarekiko paraleloan eta 5 m-ra dagoen lerro bat eta jantokiaren eta botikinaren pabilioiaren fatxadarekiko paraleloan eta 50 m-ra dagoen lerro bat; hegoaldean, partzelaren muga eta oinezkoentzako pasabidearekiko paraleloan doan lerro bat, norabide guztietan, pasabidearen taularen kanpoko ertzetik eta sarbide-eskaileratik 15 m-ra dagoena; eta mendebaldean, partzelaren muga.

Bigarren eremuaren mugak, aldiz, honako hauek dira: iparraldean, ekialdean eta hego-ekialdean, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren behin-behineko mugaketa; hegoaldean, partzelaren muga eta 1. dike lehorrarekiko paraleloan eta 25 m-tara dagoen lerro bat; eta mendebaldean, armamentu-tailer osagarrien fatxadaren planoa.

Goian deskribatutako mugatzeak erantzun egiten dio Monumentu Multzoan babestutako ondareak, ingurumen-balioak eta paisaia-balioak babestu eta beren berezko ezaugarrien balioa behar bezala azpimarratzen direla bermatzeko beharrari. Horretarako, babestutako zerbitzu- eta ekoizpen-eraikinez eta obra zibilaz gain, babestutako inguruneko interakzioa eta espazioaren eta funtzioen antolaketa nolakoa zen ikustea eta multzoa unitate kultural gisa identifikatzea ahalbidetzen duten ingurune horretako espazioak ere hartzen dira barne.

(Ikus .PDF)

Sestaoko La Naval industria-konplexua ontzigintza-sektoreak Bizkaian izan zuen garrantzi historikoaren eta Euskal Autonomia Erkidego osoaren industrializazioaren bultzatzaile gisa izan zuen eraginaren azken testigantza da. Nerbioi Ibarra izeneko eremuan dago kokatuta, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren ertzean. Multzoak, gaur egun, 290.000 m2 ditu. Iparraldean eta ekialdean itsasadarraren ibilgua ditu, eta gainerako orientazioetan, berriz, industria-partzelak. Besteak beste, Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) enpresa historikoaren instalazio batzuk dira aipatzekoak.

Euskal Autonomia Erkidegoan XIX. mendeko 40. hamarkadan hasi zen industrializazio-prozesua, eta Bizkaian izan zuen ezaugarri bereizgarria hiru sektore nagusiren garapen azkarra izan zen: meatzaritza, sidero-metalurgia eta ontzigintza. Hain zuzen, mende bukaerako hamarkadetan hasi ziren burdina erabiltzen ontzien kroskoak eraikitzeko, eta horrek azkartu egin zuen ontziola tradizionaletatik ontziola industrialetarako nahitaezko eboluzioa. Bada, 3 ontziola handi sortu ziren Bilbo inguruan: 1888an, Astilleros del Nervión; 1900ean, Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques; eta 1916an, Sociedad Española de Construcción Naval.

Sestaon José María Martínez de las Rivas enpresari bizkaitarrak eta Charles Palmer sir ingelesak abiarazi zuten ontzigintza. Astilleros del Nervión enpresa sortu zuten Bilbon, eta bertan eraiki zuten lurrun-makinaren bidez propultsatutako burdinazko ontziak fabrikatzen zituen lehen ontziola. Paraleloki sortu zen Madrilen, 1908an, Sociedad Española de Construcción Naval enpresa. 1915ean, Astilleros del Nervión enpresaren instalazioen ondoko lursail batzuk erosi zizkion AHVri. Garai hartan, 3 ontzi eraiki ziren ontziolako harmailetan: Alfonso XIII gurutzaontzia eta Conde de Zubiría eta Marqués de Chávarri lurrunontziak.

Garai hartan 99.000 bat m2 zituen instalazioak, eta kontratista ugari ibili ziren bertako eraikuntza-lanetan; besteak beste, Sociedad de Estudios y Construcciones de Ingeniería Vallhonrat, Castrillo y Compañía da aipatzekoa, XX. mendearen lehenengo erdialdean hormigoi armatuzko eraikuntza eta egitura ugari egin baitzituen Estatu osoan. La Navalen 160 eta 200 m luze ziren 2 harmaila handi eraiki ziren, eta horrez gain, 200 eta 130 m luze ziren beste 2 zeuden hasita. Gainera, trenbidearen gainetik zihoan oinezkoentzako zubi bat eta eraikin hauek ere bazeuden, batzuk aipatzearren: atezaintza-ikuskaritza; bulego nagusiak; zentral elektrikoa; erriberako errementarien tailerra; ebanisteria- eta galibo-tailerra; zerren, ontzien eta harmailako arotzeriaren tailerra; makina eta ur gaineko armazoien tailerra; errematxeen biltegia eta torlojutegia; galbanizazio- eta bernizadura-tailerra (azken horretan emakumeak baino ez zeuden) eta biltegi nagusiak.

1919an, enpresak bere egin zituen Astilleros de Nervión enpresaren instalazioak, eta, horrela, herrialde osoko ontziolarik osoena bilakatu zen; 4.000 langile zituen plantillan. 20. hamarkadan, ekoizpena dibertsifikatu zuen enpresak: Diessel motorrak eta ur-hodiko galdarak egiten eta engranaje-turbinarako eta beste tren-material batzuetarako (lokomotorrak eta bidaiarientzako kotxeak) gurpiletako eta piñoietako hortzak tailatzen hasi zen.

Gerra Zibilak eragindako etena eta gero (garai hartan artilleria-jaurtigaiak, munizioak eta kanoiak garraiatzeko gurdiak fabrikatu zituen), ontziak eta diessel motorrak eta turbinak egitera eta konpontzera dedikatu zen nagusiki. 40. hamarkadan eta 50. hamarkadako lehen urteetan, ontziola modernizatzeko lanen lehen fasea hasi zen; 1. dike lehorra luzatu zen, erriberako errementarien eta makinen tailerrak handitu ziren eta beste eraikin ugari eraiki ziren: langileentzako jantokiak, obra zibiletarako tailerrak eta biltegiak, autokamioientzako garajeak, transformaziorako azpiestazioa eta zentral termikoa, erreminten tailerra, motorrak muntatzeko tailerra, etab.

1955. urtearen inguruan eman zitzaion hasiera instalazioak berritzeko hurrengo faseari. Honako hauek egin ziren orduan: biltegi batzuk eta erriberako errementarien eta arotzen tailerrak eraistea; erreminten eta makinen tailerrak handitzea; zerbitzu-eraikin batzuk eraberritzea (bulego orokorrak eta jantokien eta botikinaren pabiloia); beste batzuk eraikitzea (atezainaren etxea; aldagelak eta datuen prozesuak; suhiltzaileen estazioa; kobrezko galdaren, ekipoen eta berunlarien tailerra; txapa eta profilen tailerra; obra zibiletarako biltegiak, etab.); atrakalekua transatlantikoak hartzeko egokitzea; 1., 2. eta 4. harmailak tamaina handiagoko 2 harmaila bihurtzeko bilmoldaketak egitea; eta 2. dike lehorra eraikitzea, horretarako aurretik zeuden 2 ontzitegiak birmoldatuta.

  1. hamarkadatik aurrera, nabarmen hazi zen tonaje handiko ontzien eraikuntza. Gauzak horrela, 130.000 tpm-ko petrolio-ontziak eraikitzera iritsi ziren 70. hamarkadan. 1969an, konpainia Astilleros Españoles SA enpresan integratu zen, eta, horrela, merkataritza-ontziak ekoizten zituen Estatuko talderik handiena eta Europako handienetako bat bilakatu zen. Dena den, 70. hamarkadan elkarren atzeko hainbat krisialdi egon ziren, eta horrek gogor astindu zuen Espainiako industria-sektorea. Ondorioz, 80. hamarkadan berregituratu egin zen ontzigintza-sektorea, eta horrek Nerbioiko ontziola asko ixtea eta eutsi ziotenak erabat eraldatzea eragin zuen. Horrela, 1988an, Astilleros Españolesek Bilbo inguruan egiten zituen jarduera guztiak Sestaoko Faktorian egiten ziren.

    1. mendearen lehen urteetara iritsita, Espainiako ontzigintza-jarduera guztiak bildu zituen sozietate publiko handi baten (IZAR) parte izatera pasatu zen ontziola. Gerora, gainerakoetatik bereizi zen ontzigintza militarraren atala, eta pribatizatu egin zuen Construcciones Navales del Norte SA enpresak 2006an. Azkenik, ontziolak 2018an behin betiko eten zuen bere jarduera.

      Honako hauek dira, balio kultural nabarmena dutelako, Monumentu Multzoan babestuta dauden kultura-ondasunak:

      Zentral elektrikoa: Sociedad Española de Construcción Navalek hasiera-hasieran, 1916 inguruan, eraiki zuen eraikinetako bat da; hain zuzen, gaur egun geratzen diren zerbitzu-eraikinetatik zaharrena da.

      Hasieran, hormigoizko 8 portiko zituen planta laukizuzeneko eraikin bat egin zen; alabaina, egungo eraikinean jatorrizko 3 hormarte baino ez dira geratzen, 1956an, espazio hori erabili baitzen erreminten tailerra handitzeko. Dena den, bolumenak jatorrizko 2 altuerak eta 2 isurkitako teilatupekoa ditu oraindik ere. Fatxadetan lerro zainduz osatutako konposizioa dago, eta honako ezaugarri bereizgarri hauek ditu: baoek proportzio bertikala dute, solairuen arabera daude hierarkizatuta bereziki aipagarriak dira beheko solairuko bao lerdenak eta hormigoizko portikodun egiturak kanporako proiekzioa du. Beheko solairuan espazio handi bat dago: oso altua da eta ez du inolako barne-banaketarik.

      Jantokien eta botikinaren pabilioia: ontziolaren 1. modernizazio-fasean egindako eraikinetako bat da. 40. hamarkadako lehen urteetan egin zen langileentzako jantokiak eta botikina bertan kokatzeko. Eraikina jantoki gisa erabiltzen zen batez ere, eta 2 altuerako bolumen prismatiko irmo batean zegoen kokatuta. Lerro zuzenak ditu eta ez du ornamentuzko xehetasunik; alabaina, bolumenaren horizontaltasuna izugarria da, eta horizontaltasun hori are gehiago indartzen dute erlaitz eta inposta jarraituz markoztatutako leiho jarraituen errenkada luzeek, bistako adreiluen bandek eta zuriz emokatutako paramentuek. Botikin gisa, arrazionalismo garaiko espresionismorik handienaren erakusle den eraikin atxiki txikia erabiltzen zen. Altuera handiagoa eman zitzaion 60. hamarkadan. Eraikinaren konposizioaren eta formaren balio hori osatu egiten dute bertan aurki daitezkeen beste elementu batzuek: portiko zentralak, errekarrizko zokaloak, horizontalki eta bertikalki jarritako plaketen jokoak, sarbideak estaltzen dituzten lauzek, eta izkinako baoek.

      Barnealdean, jatorrizko antolaketa orokorra mantentzen da: sarbide zentral bat eta alboko sarbide bat ditu, beheko solairuan atondo zentral bat dago eta eskailerak hainbat tarte zuzen ditu. Aldageletako eta jantokietako barnealdeko espazio gardenak zatitu egin ziren azken etapan ekoizpen-bulegoak bertan jartzeko. Ekialdeko aldean, berriz, jatorrizko banaketa mantentzen da, oraintsura arte bertan egon baitziren kokatuta zerbitzu medikoak.

      Bulego nagusiak: egungo eraikina 1956koa da, XX. mendeko bigarren hamarkadan eraikitako lehenengo bulego nagusien erreforma egin zenekoa. Erreforma horretan, mantendu egin zen eraikinak jatorrian zuen oinarrizko tipologia, baina berrinterpretatu egin zuten lengoaia estilistiko berri baten bitartez. Oin laukizuzeneko bolumen handi bat da. Gorputz zentralak 4 altuera ditu, eta albokoek, berriz, 3. Fabrikaren fatxadek bistako adreilua eta proportzio horizontaleko baoak, estalki lauak eta hormigoi armatuzko arkupedun egitura dauzkate. Sarbide nagusia ekialdeko fatxadan dago: eskalinatak, pilareak, balaustrada eta frontoia dituen harrizko portiko bat da. Multzoa arrazionalismo berantiarraren erakusle ona da, eta konposizioaren eta formaren balioa du, hain zuzen, kontraste handia dagoelako multzoaren bolumetria etzanaren eta izkinan jarritako gorputz kurbatuen xehetasun estilistikoen eta portiko klasizista eta proportzio bertikala dituen bolumen zentralaren artean.

      Barnealdean, solairu guztietan daude korridore zentral handi bat eta gelak alboetan; bertikalki daude komunikatuta, igogailu baten eta atzeko fatxadaren planotik irteten den eskailera baten bidez. Eskailera kristalezko bolumen zilindriko batean dago eta bi tarte zuzen ditu. Beheko solairuan bulegoak, biltzar-gelak eta bisita-gelak daude, batez ere. Horregatik, bertan erabili ziren kalitate handieneko akaberak, besteak beste, marmolezko plakazko estaldurak. Lehenengo eta bigarren solairuan, bulego teknikoak eta langileentzako gainerako gelak daude. Hirugarren solairuan, aldiz, instalazioak eta bi terraza daude, eta sotoan, zerbitzu osagarriak.

      Makina- eta galdara-tailerrak: Sociedad Española de Construcciones Navales enpresak Sestaora 1916 inguruan iritsi zenean eraiki zituen hasierako eraikinen multzoan zeuden.

      Jatorrian, 20 m argiko 5 hormarte paralelok eta 12 portiko metalikoz osatutako oin karratua (110 x 110 m) zuen. Portikoak estalkian jarritako bi isurkiko pendoloi-zertxez eginda zeuden; zehazki, sareta-pilareen gainean zeuden arima beteko habeak zituzten euskarri, eta, aldi berean, sareta-pilare horiek garabi-zubien mekanismoari heltzen zioten. Nabe guztietako estalkietan zeuden luzetarako argi-zuloak isurki triangeluetan. Fatxadek hormigoizko itxitura itsua zuten, eta beheko solairuan baino ez zeuden zuloak.

      1945 inguruan handitu zen lehenengo aldiz tailerra; orduan, tailerraren fatxadari motorrak muntatzeko zeharkako nabe altuago bat atxiki zitzaion. Aurrerago, 50. hamarkadako lehen urteetan, luzatu egin ziren nabeak mendebaldetik, eta, horrez gain, 3 solairuko gorputz estu bat atxiki zitzaien iparraldetik eta mendebaldetik, bertan bulegoak jartzeko. Berrikiago, kaira ematen zuen fatxadako eranskina bi isurkitako estalki batekin ordeztu zen, hodi-biltegi gisa erabiltzeko. Horrez gain, hego-ekialdean, murriztu egin zen hegoalderago zeuden 2 nabeen luzera.

      Gaur egun, tailerren kanpoko itxura aldatuta dago; izan ere, fatxada-itxiturak txapa-panelekin ordeztuta edo estalita daude.

      1. dike lehorra: 1888an eraiki zuen Astilleros del Nervión enpresak 110 m inguruko 3 harmailarekin batera. Gaur egun, harmailak desagertuta daude, eta, beraz, dike lehor hori da La Navaleko konplexuko instalaziorik zaharrena eta lehenengo etapatik hona kontserbatu den bakarra.

        Haren geometriari erreparatuta, 9,75 m-ko sakonera, hasiera batean 145 m inguru zituen oin laukizuzen irregularra (1954an 152 m-ra arte luzatu zen hegoaldeko aldea, hormigoi armatuzko kaxen bidez) eta trapezoide formako zeharkako sekzio bat ditu. Sekzio horren barne-zabalera 22,36 m-koa da konportatik gertuen dagoen tartean, eta 29,26 m-koa erdiguneko eremurik altuenean. Aldiz, hegoaldean eta ahokaduran, estutu egiten da dikea, eta 20 bat m ditu. Barne-perimetro osoan harmaila bat osatzen duten mailak daude. Horregatik, erdiguneko eremu baxuaren barne-zabalera ere txikiagoa da; zehazki, 20,10 m-koa.

        Ipar-ekialdean, dikea betetzeko eta husteko ponpak gordetzeko erabiltzen zen sestra azpiko kamera dago. Eskotila eta argi-zuloak ditu goialdean, baina bertan ez dago makinarik eta ez da erabiltzen. Ziurrenik, dikea betetzeko hodiak dikearen egituraren barnealdean egongo dira. Ahoaren alboko intradosean, trapezoide formako 3 hutsune pare daude. Altzairuzko txapa lodiz daude eginda, eta sokazko edo kalamuzko bilbadura dute. Bertan, itxitura-konporta sartzen da, 3 posizio ezberdinetan, ontziaren luzeraren arabera.

        Dikea ixteko kasetoia jatorrizkoa da, 1891 inguruan eraikitakoa; horregatik, Estatuan dagoen kasetoi zaharrena izan daiteke. Diseinu bereziko konporta bat du; 20 m-ko luzera duen txapa erremetxatuzko kroskoa du, upel-erakoa, eta barrualdean, bizkar baten bidez bereizitako bi solairu. Behealdeko hutsunea dikea ixtean urez betetzeko eta dikea irekitzean hustu eta flotatzen erretiratzeko lasta-tanga gisa erabiltzen zen, ontzia ateratzea posible izan zedin. Goialdean, lastatzea eta deslastatzea egiteko erabiltzen ziren ponpak gordetzeko makina-gela zegoen. Bizkarrean izan ezik, dikearen hormetan eta zolatan dauden altzairuzko hutsuneetan ahokatzen diren egurrezko irtenguneak daude kasetoiaren inguru osoan; horrela, kasetoiaren pisuak berak egindako presioa dela eta, kasetoia tinko geratzen da posizio horretan, eta bermatu egiten da akoplamenduaren estankotasuna.

        Gainera, dikeak zenbait elementu osagarri ditu oraindik ere: pikaerak; estatxak eta sokak lotzeko mutiloiak; defentsa metalikoak hormen eta ur-instalazioen gailurrean; aire konprimatua; mozteko eta soldatzeko gasak eta elikadura elektrikoa. Horrez gain, instalazioa osatzen duten alboko bi banda daude. Bertatik, 2 garabi ibiltzen dira zirkulatzen eta maniobrak egiten. Garabiok ELYMA euskal enpresak egin zituen, eta ahate-moko itxurakoak dira (ababorren bat, 15/4 tona eta 20-40 m-ko erradioa dituena, eta bestea istriborren, 15/5 tona eta 12-28 m-ko erradioa dituena).

        Gaur-gaurkoz, dikea beteta dago, eta ez da erabiltzen; alabaina, dike lehorrean edo esklusan lan egiteko erabiltzen zen teknikaren erakusgarri da oraindik ere. Gainera, badu berezitasun bat: hormek harmailak dituzte. Horrela, konponketa-lanak egiteko ontzia dikean sartu eta konporta itxi eta gero, ura sartzen da barrualdetik, ontzia txumil gainean geratu arte. Kasetoia oso narriatuta dago eta ezin da konpondu; korrosioa dago txapa osoan eta materiala falta da zati batzuetan.

      2. dike lehorra: ontziola modernizatzeko 2. fasean eraiki zen, 1956 inguruan, 1. dike lehorraren ondoan zeuden 3 harmaila zaharren gainean. Berezitasun batzuk ditu 1. dike lehorraren aldean, hala nola: tamaina handiagoa (L: 170 eta A: 30-15 m), perimetroko horma lauak eta konporta metaliko zabukaria. Horrek bertan armatu eta konpondu ziren ontzien tamaina erakusten du: 130.000 t-koak izatera ere iritsi ziren. Dikearekiko paraleloan, gerora bete egingo zen aldapa-ontzitegi bat jarri zuten.

        Alde bietan daude arestian aipatutako garabien tipologia eta jatorri berbera zuten beste 2 garabirentzako maniobra-bandak (ababorren bat, 15/6 tona eta 19-32 m-ko erradioa dituena, eta bestea istriborren, 15/5 tona eta 12-28 m-ko erradioa dituena).

        Gaur egun, multzoak mantendu egiten ditu bai bere balio espazial-funtzionala, bai bere elementu operatibo nagusiak, barne hartuta hego-ekialdean lurperatuta dagoen kamera. Bertan, ponpaketa-ekipo berri bat dago, eta, horri esker, ontziak konpontzen jarrai daiteke.

        Oinezkoentzako pasabidea: lehen zatia 1916an eraiki zuen Sociedad Española de Construcción Naval enpresak langileak errazago sar zitezen ekoizpen-eremura Sestaoko herrigunetik; izan ere, hegaletan zegoen, eta konplexutik banatzen zuen Bilbo-Santurtzi trenbideak.

        Hormigoi armatuzko portikoetan oinarritutako egitura du, eta aldatu eta handitu egin zuten, enpresaren beharrizanen arabera, denborak aurrera egin ahala eraiki ziren barneko tren-zerbitzuetarako trenbideetarako tokia egon zedin. Halaxe jarraitu zuten egungo 7 hormarteak eraiki zituzten arte.

  1. Babes-neurriei buruzko eranskin honek osatu egiten du Sestaoko La Naval industria-konplexua, Monumentu Multzoaren kategoriarekin, babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko deklarazioa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez. Bertan, ondasun horretan onartuta eta debekatuta dauden jarduerak zehazten dira.

  2. Babes-araubide honetako aginduak La Naval industria-konplexuaren Monumentu Multzoa osatzen duten eta I. eranskinean definitutako mugaketaren barruan dauden ondasun guztiei aplikatuko zaie.

  1. Eranskin honetako aginduak lotesleak dira, eta bertan aurreikusitako babes-neurrien arabera kontserbatu beharko da babestutako kultura-ondasuna.

  2. Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek beren baitan jaso beharko dituzte babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute, 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

  1. Kultura-ondasunaren deklarazio hau eragin duen ondare-balorazioaren arabera, La Naval Monumentu Multzoa ondasun garrantzitsua da EAEko industria-ondarean, eta balio kultural hauek ditu:

    Balio historikoa: 125 urte baino gehiagoko bizitza erabilgarria izan du. Horregatik, La Navalen historiak euskal industria-ontziola handien historia osoa kontatzen du, XIX. mendearen bukaeran lehen altzairuzko ontziak eraikitzen hasi eta XXI. mendeko gainbehera eta itxierara bitartekoa.

    Berezitasun-balioa: enpresak lortutako mugarri handiek ematen diote berezitasun-balioa. Izan ere, 20. hamarkadan Estatuko ontzi-faktoriarik osoena izatea lortu zuen, eta, beranduago, diesel itsas motorrak eraiki zituen Espainiako lehen enpresa; Euskaldunarekin batera, motordun ontziak eraiki zituen Espainiako lehen enpresa; eta Astilleros Españoles SA enpresaren parte izanik, merkataritza-ontziak ekoizten zituen Estatuko talderik handiena eta Europako handienetako bat. Azkenik, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrean zeuden ontziola guztien azken ordezkaria izan da, eta, hori gutxi balitz bezala, XXI. mendera aktibo iritsi den bakarra.

    Balio soziala: ontziola sustatu eta ontziolaren instalazioetan lan egin zutenen bizitzei dago lotuta, beren bizitzeko eta lan egiteko moduei, langile-mugimenduei eta ontzigintzak Bizkaia osoaren garapen ekonomikoan izan zuen eraginari.

    Balio zientifikoa: iraganeko ekoizpen-teknika eta -prozesuen garapenari eta eboluzioari buruzko informazio kualitatiboa ematen du, oinarri teknologikoarekin.

    Paisaia-balioa: balio kulturalen eta balio naturalen arteko interakzioa erakusten du eta itsasadarrean geratu den azken fronte erabat industriala da; izan ere, azken hamarkadetan, desagertu egin dira garai bateko jarduera industrial biziaren gainerako aztarnak.

    Hirigintza-balioa: hirigintza arrazionala eta funtzionala egiteko esfortzu nabarmena egin zen, eta erabakigarria izan zen zerbitzu-erabilerak eremuaren perimetroan eta ekoizpen-lanak, berriz, konplexuaren erdigunean egingo zirela erabakitzeko.

    Berrerabilia izateko potentziala: higiezinek, espazioek eta instalazioek funtzionaltasuna eta moldagarritasuna dutelako eta osorik daudelako da posible konplexua berrerabilltzea.

  2. La Naval Eraikin Multzoan identifikatutako balio horiek mantentzeko babestuko diren kultura-ondasunak IV. eranskinean zerrendatutakoak eta I. eranskinean zehaztutako mugaketaren barruan dauden inguruneak dira.

  3. Babestutako kultura-ondasunak honako tipologia hauetan sailkatzen dira:

    Zerbitzu-eraikinak: erabilera nagusiari osagarri zitzaizkion lanak egiteko eraikinak, besteak beste, administraziorako, osasungintzarako, heziketarako, energiarako, biltegiratzeak egiteko... erabiltzen zirenak.

    Ekoizpen-eraikinak: ontzien eraikuntzarekin eta konponketa-lanekin edo beste edozein produkturen fabrikazioarekin trenbideetarako materialak, motorrak, etab. zuzenean lotutako jardueretarako erabiltzen zirenak.

    Obra zibila: kanpoaldeko jarduera osagarriak egiteko diseinatutako azpiegiturak. Besteak beste, atrakalekuak, armamenturako eta konponketa-lanetarako kaiak, dike lehorrak, harmailak eta materialak, langileak edo beharrezkoak ziren makinak lekualdatzeko komunikazio-bideak.

  4. Babes-araubide espezifikoetan, babestu egingo diren ondare-balio partikularrak deskribatzen dira ondasun-tipologia guztietan.

  5. Babestutako kultura-ondasunen babes-ingurunea ere Eraikin Multzoan sartzen da, eta bertan aplikatzekoak izango dira 8. artikuluan xedatutako agindu espezifikoak.

  1. Babestutako kultura-ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe daude, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

  2. Babestutako kultura-ondasunen jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta daude hura kontserbatu, zaindu, babestu eta erabiltzera, hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, haren osotasuna ziurtatu dadin, eta ez dadin hura galdu, suntsitu edo hondatu.

  3. Babestutako kultura-ondasunei ematen zaizkien erabilerek eta haiek ustiatzeko aukera ematen duten administrazio-emakidek bateragarriak izan beharko dute babestu beharreko balio kulturalekin, betiere bermatuz kontserbatu egingo direla eta balioa emango zaiela.

  4. Babestutako kultura-ondasunaren titularrek ondasunerako sarbidea bermatu behar dute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, informazioa eta sarbidea emanez agintari eskudunei edo beren eskumenak egikaritzeko ardura duten funtzionarioei, eta ondasuna modu publikoan bisitatzeko eta aztertzeko aukera emanez foru-organo eskudunak berariaz baimendutako ikertzaileei.

  5. Babestutako kultura-ondasuna osorik edo partzialki eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da ezinbestean.

Babestutako kultura-ondasunean edozein esku-hartze egiteko, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoaren baimena beharko da, dagokion hirigintza-lizentzia edo administrazio-baimena eman aurretik.

  1. Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek ondasun horren izaerari eta esku-hartzeari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du proiektu hori, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen departamentuan.

  2. Edonola ere, babestutako kultura-ondasunean egin beharreko esku-hartzeen aurretik, ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikoa egin beharko da, eta lan horiek profesional eta enpresa espezializatuen esku utzi beharko dira. Profesional eta enpresa horiek, gainera, egiaztatu beharko dute beharrezko gaitasun teknikoa dutela lanak bermerik handienekin egiteko.

  1. Babestutako kultura-ondasunetan egiten diren esku-hartzeek bermatu egingo dute ondasun horien gaineko ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea, ondasun horiek eta inguruko ingurumen-balioak azpimarratzeko, betiere, multzoaren itxura eta interpretazioa hutsaldu edo degradatu gabe.

  2. Babestutako kultura-ondasunaren balio kulturalak transmititzen direla bermatzeko, oinarrizko jarduketa-printzipio hauek ezartzen dira: ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzea, prozeduren itzulgarritasuna, eta osotasuna eta benetakotasuna mantentzea.

  3. Esku-hartzeetan, errespetatu egingo dira ondasunean dauden garai guztietako eranskin interesgarriak, ondasunaren bilakaerari buruzko informazio esanguratsua ematen dutenak.

  4. Babestutako kultura-ondasunen gaineko esku-hartze orotan, ondasunaren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak mantendu beharko dira.

  5. Segurtasunaren, irisgarritasunaren, efizientzia energetikoaren, osasungarritasunaren eta bestelakoen oinarrizko baldintzak ahalik eta egokitasun handienera mugatuko dira, babestutako kultura-ondasunetan edo haien ondare-balioetan eragin negatiborik izan gabe.

  6. Babestutako kultura-ondasunaren zati edo elementu babestuak puntualki desmuntatzeko, eraikuntza-egitura edo -soluzio gisa erabiltzea eragozten dien kolapso edo kalte itzulezinak egon beharko dira, eta foru-organoak horretarako baimena eman behar du ezinbestean. Kasu horietan, kaltetutako elementurik ordeztu behar bada, ezaugarri bereko besteren bat jarriko da, kontuan hartuta materiala, portaera, forma eta ehundura; eta testigantza fisiko eta dokumental zehatza utzi beharko da, hau da, planoak, argazkiak edo deskripzioak.

  7. Debekatuta dago babestutako ondasunaren teknika edo materialekin edo babestu beharreko balioekin bateragarriak ez diren teknikak eta materialak erabiltzea. Esku-hartzeetan erabilitako teknikek eta materialek behar bezala bermatutako portaerak eta emaitzak eman beharko dituzte; zehazki, esperientziak edo ikerketak bermatutakoak.

  8. Kultura-ondasun babestuaren itsusgarri gisa identifikatutako elementuak ezingo dira sendotze- edo berritze-jarduketen xede izan, eta kendu egin beharko dira ondasunaren gaineko esku-hartze integrala egiten denean, eskumena duen foru-organoak aldez aurreko baimena emanda.

  1. Babestutako kultura-ondasunen babes-ingurunean multzoaren izaera industriala azpimarratuko da; horretarako, integratu eta harmonizatu egingo dira zoladura, altzariak, argiztapena eta seinaleak eta eremuaren ingurune-balioak.

  2. Zehazki, honako esku-hartze hauek baimenduko dira, baldin eta babestutako ondasunaren babes-araubide espezifikoarekin bateragarriak badira:

    Galtzada-harrizko zoladura eta trenbideen eta garabien desplazamendurako errail-lerroak zaharberritzea.

    Hiri-altzariak, argiak, seinaleak eta segurtasun-elementuak jartzea.

    Babestutako kultura-ondasuna edo haren babes-ingurunea ikusteari, hautemateari, aztertzeari edo gozatzeari eragiten dion eta interes kulturalik ez duen edozein gehigarri kentzea.

  3. Babes-inguruneen barruan, debekatuta dago eraikinik ez duten eremuetan eraikuntzak egitea eta babestutako ondasunen kutsadura bisual edo pertzeptiboa eragitea; hau da, babes-ingurunea ikustea eragotzi, zaildu edo distortsionatzen duen edozein esku-hartze, erabilera edo ekintza puntual dago debekatuta.

  4. Babes-inguruneen barruan egonda ere, IV. eranskineko babestutako kultura-ondasunen zerrendan berariaz jasota ez dauden ondasunen gainean edozein motatako esku-hartzeak egin daitezke, eraispenak barne, betiere ez badu eragin negatibo eta itzulezinik babestutako kultura-ondasunen edo Eraikin Multzoaren ondare-balioetan eta kultura-ondasunaren gaineko eskumena daukan foru-organoak esku-hartzea baimentzen badu. Ondasun horiek eraberritzeko edo ordezteko lanak egiten badira, ezingo da aldaketarik egin ez bolumenetan, ez lerrokaduretan. Horrez gain, Eraikin Multzoaren ezaugarri bereizgarriekin edo ezaugarri horiekin bat etorrita diseinatuko dira morfologiari eta materialei dagokienez.

  5. Babes-ingurunean egindako obra txikiak, betiere kultura-ondasun babestuan eragin materialik edo bisualik ez badute, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaizkio, gutxienez hilabete (1) lehenago.

  1. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, mugikortasun mugatua duten pertsonei kultura-ondasunetarako sarbide autonomoa ahalbidetzeko arrazoizko neurriak jaso dira Eraikin Multzoaren babes-araubidean.

  2. Neurriok babestutako kultura-ondareen tipologiaren araberako araubide espezifikoan daude jasota, eta, betiere, bateragarriak izan beharko dira babestutako balio kulturalekin.

  1. La Naval Eraikin Multzoan babestutako eraikin-zerbitzu guztiak babes-maila bakarrean daude bilduta, balio intrintseko nabarmenak dituztelako edo multzoaren zati interesgarria direlako beren antzinatasunagatik, berezitasunagatik edo dagokien tipologia ordezkatzeagatik, kanpo-irudiagatik, osotasunagatik edo beren funtsezko ezaugarriak errespetatuz birgaitu izanagatik. Zehazki, honako hauek dira, IV. eranskineko 1. zerrendan jasotakoak: zentral elektrikoa, jantokien eta botikinaren pabilioia eta bulego nagusiak.

  2. Zerbitzu-eraikinetan balio kultural hauek guztiak edo batzuk identifikatu dira:

    Balio historikoa: Sociedad Española de Construcción Naval enpresak ontziola eratzean eraiki zituen eraikinak direlako edo eraikin horien eraberritzeak direlako, edo ontziolaren modernizazio-etapa jakin baten erakusle onak direlako.

    Balio tipologikoa: erabilera osagarri jakin baterako diseinatutako arkitekturaren erakusgarri direlako.

    Kalitate arkitektonikoa: diseinu arkitektoniko nabarmena du, zehazki, zentral elektrikoaren aurre arrazionalismoan, jantokien pabilioiaren arrazionalismo dotorean eta bulego nagusien estilo berantiarragoan.

    Eraikuntzaren kalitatea: Sociedad de Estudios y Construcciones de Ingeniería Vallhonrat, Castrillo y Compañía enpresaren lehen lanak dira. Enpresa 1914an eratu zen, eta Estatu osoan XX. mendearen lehen erdialdean egin ziren hormigoi armatuzko obra garrantzitsu askoren egile izan zen gerora.

    Egiletza berezia: zehazki, jantokien eta botikinaren pabilioia XX. mendeko lehen erdialdean Bizkaian famatu izan zen Manuel M.ª de Smith Ibarra arkitektoak diseinatu zuen.

    Konposizioaren eta formaren balioa: bolumenek konfigurazio zaindua eta fatxadek konposizio landua dute, ekoizpen-nabeen estilo soilarekiko kontrapuntu formal gisa.

    Balio espazial-funtzionala: espazioen eta zirkulazioen konfigurazio orokorra mantentzen da, baita multzoa osatzen duten elementuen arteko kanpoko lotura espazial-funtzionala ere.

    Berezitasuna: tipologia edo estilo arkitektoniko baten testigantza bakarra delako, esklusiboa den ezaugarriren bat duelako edo, bulego nagusien kasuan, enpresaren egoitza korporatibo gisa erabiltzeko diseinatu zen eraikin enblematikoa delako.

  3. Ondare-balio horiek puru kontserbatzen dira multzoa osatzen duten elementu guztien kontserbazio-egoera ona delako eta funtsezko ezaugarriak mantendu egin direlako, nahiz eta erabilera eta beharrizan berrietara moldatzeko eraldatu den.

  4. Arestian deskribatutako balioak mantentze aldera, zerbitzu-eraikinen honako ezaugarri eta elementu hauek babestuko dira:

    Egungo bolumetria: bulego nagusien eta jantokien pabilioiaren kasuan, barne hartzen ditu jatorrizko eraikinaren handitzeak; zentral elektrikoaren kasuan, aldiz, hormarte batzuk eraitsi eta gero geratu den bolumena bakarrik.

    Kanpoko inguratzailea: barne hartzen ditu konposizio-eskema, materialak, arotzeriak eta beira-unitatea osatzen duten atalak, baita II. eranskineko deskribapenean identifikatutako ornamentuzko elementu edo baliabide estilistiko bereziak ere.

    Hormigoi armatuzko egitura-sistema, elementu bertikalak eta horizontalak barne.

    Antolaketa orokorra: barne hartzen ditu lehen eta bigarren mailako sarbideak, atondoak, solairuak banatzeko korridoreak, eskailerak, igogailuak eta barnealdeko espazio bereziak, kokalekuari, tamainari eta zirkulazio-eskema orokorrari dagokienez.

    Barnealdeko estaldura bereziak: bulego nagusien beheko solairuko marmolezko plakazko estaldurak.

  5. Itsusgarritzat jotzen dira jarraian datozen elementuak, bateraezinak direlako zerbitzu-eraikinetako ondare-balioekin eta/edo kutsadura bisuala eragiten dietelako:

    Zentral elektrikoa: sarbideetako arotzerien kolorea.

    Bulego nagusiak: atzeko fatxadan dauden bi larrialdietako eskailerak eta fatxadetan dauden aireztapen-aparatuak.

    Jantokien eta botikinaren pabilioia: sarrera nagusiko portikoa, beheko solairuko plaketazko estaldura, estalkiko lauza gaineko farola eta malda duten maila gaineko planoak, eta fatxadetan gainjarritako elementuak (kableatua, instalazioen erregistroak eta aireztapen-aparatuak).

  1. Eraikinak kontserbatzea, euren balioa azpimarratzea eta euren funtzionalitatea bermatzea izango da babestutako zerbitzu-eraikinetan egiten diren jardueren helburua; edonola ere, oinarrizko elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturazkoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

  2. Zehazki, honako jarduera hauek daude baimenduta:

    Hondatutako atalak zaharberritzea eta desagertu diren atalak berreraikitzea, fatxadetan eta estalkietan, hor dauden balio arkitektonikoekin bateratu daitezkeen materialez eta teknikez. Posible izango da aldaketa partzialak egitea, betiere konposizioaren osotasuna aldatzen ez bada eta balio bereziko elementuak errespetatzen badira.

    Barnealdeko jatorrizko banaketa espazialera itzultzea edo egungo banaketa aldatzea, betiere sarbideen eta espazioen antolaketa orokorra mantentzen bada eta espazio apartak, bereizgarriak edo balio berezia dutenak ikusten badira.

    Lotura espazialak, funtzionalak eta bisualak berrezartzea eraikinaren eta industria-jarduerarekin lotutako gainerako elementuen artean.

    Egitura indartzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea, eskema eta material orokorrei eutsita. Posible izango da forjatuen kota aldatzea, baoena eta erlaitzena ukitu gabe.

    Funtsezko instalazio teknologikoak eta higieniko-sanitarioak jartzea.

    Azkenaldian egindako edozein obra ezabatzea, baldin eta interesik ez badu, eraikinen edo inguruaren jatorrizko balio kulturalarekin bat ez badator edo ingurunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten badu.

  3. Debekatuta dago soilik fatxadak mantendu eta barnealdea hustea, baita eraikinaren edozein zati kentzea ere, irizpide estetikoengatik bada.

  4. Ezin da ez publizitate komertzialik, ez instalazio berri nabarmenik besteak beste, eguzki-energia hartzeko gailuak, antenak eta kondukzioak jarri fatxada eta estalkietan.

  1. Kasu guztietan dago bermatuta zerbitzu-eraikinetara kanpoaldetik sartzeko aukera, dela desnibelik ez dagoelako (zentral elektrikoa), dela dagoeneko sarbide-arrapalak jarrita daudelako (bulego nagusiak eta jantokien pabilioia); beraz, ez da beste jarduerarik egin behar.

  2. Irisgarritasun bertikalari dagokionez, bulego nagusien eraikinak igogailua du dagoeneko. Jantokien pabilioian eta zentral elektrikoan, arkitektura-diseinuaren kalitatea dela eta, eremua egokitzeko baldintzak betetzeko soluzio oro egungo bolumenaren barruan gauzatu beharko da, babestutako barne-espazioetan distortsiorik eragin gabe, ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren printzipioei jarraikiz, eraikinaren ondare-balioekin bateragarriak diren teknika eta materialak erabilita eta egituraren egonkortasuna kaltetu gabe.

  1. Ekoizpen-eraikinak nabeak ontzigintza-industriako tipologia arkitektoniko nagusi gisa izan zuen garrantziaren erakusgarri dira; bereziki egokiak ziren erabilera asko eman zekizkiekeelako, barnealdeko espazioaren aprobetxamendu integrala egiten zelako, seriean eta azkar fabrikatzen zirelako, erraz handitzen zirelako eta goitikako argiztapena jar zitekeelako bertan.

  2. La Naval Eraikin Multzoan babestutako ekoizpen-eraikina makina- eta galdara-tailerra da, IV. eranskineko 2. zerrendan jasota dagoen bezalaxe.

  3. Makina- eta galdara-tailerrean honako balio kultural hauek identifikatu dira:

    Balio historikoa: Socidad Española de Construcciones Navales enpresak eraiki zuen lehen ekoizpen-eraikina da. 1916 inguruan eraiki zen.

    Balio tipologikoa: luzetarako nabe atxikiak ordezkatzen dituen modeloa da; isurkidun estaldura, euskarri eta zertxa metalikoak eta argiztapen naturala ditu, estalkian luzetara jarritako argi-zuloei esker.

    Egiturazko balioa: jatorrizko egitura metaliko bikaina dauka oraindik. Bi isurkiko pendoloi-zertxez eginda dago, arima beteko habeak eta sareta-profilak dituzten pilareen gainean.

    Balio espazial-funtzionala: barnealdeko espazio gardenen monumentaltasuna eta bulego gisa erabiltzen ziren solairuarteak mantentzen dira.

    Berrerabiltzeko potentziala: erraz egokitu daiteke erabilera berrietara.

  4. Ondare-balio horiek puru kontserbatzen dira nabeen kontserbazio-egoera, oro har, ona delako eta funtsezko ezaugarriak mantendu egin direlako, nahiz eta erabilera eta beharrizan berrietara moldatzeko eraldatu diren. Batez ere, portikoak gehitu eta kendu ziren.

  5. Arestian deskribatutako balioak mantentze aldera, makina- eta galdara-tailerraren honako ezaugarri eta elementu hauek babestuko dira:

    Bolumetria: jatorrizko 5 nabe paraleloak, motorren zeharkako nabea (seigarrena) eta mendebaldeko fatxadako bulegoen gorputza.

    Hegoaldeko, ekialdeko eta mendebaldeko jatorrizko fatxadak, konposizio-eskema orokorrari eta materialei (hormigoia eta bilbadura metalikoa nabeetan eta fabrika gainestalia bulegoen gorputzean) dagokienez.

    Itxitura itsua kanpoaldeko gainerako inguratzailean. Zulo bakarrak estalkiaren isurkian jarrita dauden luzetarako argi-zuloak dira, eta fatxadan irekierak daude beheko solairuan, jatorrizko konposizioan bezalaxe.

    Egitura-sistema nagusia: sareta-euskarriak, habeak eta bi isurkiko ezproi-zertxak, geometriari, posizioari, sekzioei, kotei, argiei, modulazioari eta euste- eta lotura-sistemei dagokienez, baita motorren nabean dagoen garabi-zubi zaharrena ere.

    Antolaketa orokorra: barne hartuta lehen eta bigarren mailako sarbideak, nabeen barnealdeko espazio gardenak, bulegoen solairuarteak eta bien arteko komunikazioak.

  1. Makina- eta galdara-tailerrean egiten diren jardueren helburua tailerra kontserbatzea, bere balioa azpimarratzea eta funtzionalitatea bermatzea izango da; edonola ere, oinarrizko elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturazkoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

  2. Zehazki, honako jarduera hauek daude baimenduta:

    Hegoaldeko bi nabeak eta motorren zeharkako nabea luzatzea, bere garaian kendu ziren portikoak gehituta, jatorrizko bolumetriara iritsi arte.

    Fatxadako eta estalkiko jatorrizko itxiturak zaharberritzea eta inguratzailean kaltetuta edo aldatuta dauden zatiak berritzea, betiere eraikinaren balio arkitektonikoekin bateragarriak diren materialak eta teknikak erabilita. Ildo horretan, posible izango da bao berriak irekitzea, bat baldin badatoz jatorrizko konposizio-sistemarekin.

    Egitura egonkortzea, kendutako jatorrizko egitura-elementuak jartzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin diren atalak ordeztea, eskema eta material generikoak mantentzen badira.

    Zolata estaltzea edo ordeztea.

    Barnealdean konpartimentuak egitea, soil-soilik nabeen espazio gardenen arteko euskarrien lerroetan.

    Lotura espazialak, funtzionalak eta bisualak berrezartzea eraikinaren eta industria-jarduerarekin lotutako gainerako elementuen artean.

    Instalazio teknologikoak jartzea; zehazki, suteen aurkako instalazioak eta oinarrizko instalazio higieniko-sanitarioak.

    Nabeen barrualdean itzulgarriak diren biltegiratze-egitura autosostengarriak jartzea.

    Egitura metalikoa suaren kontrako teknika itzulgarriekin estaltzea, suarekiko erresistentzia hobetze aldera.

    Azkenaldian egindako edozein obra ezabatzea, baldin eta interesik ez badu edo ondasun higiezinen edo inguruaren jatorrizko balio kulturalarekin bat ez badator.

  3. Egituraren kargak transmititzeko eta banatzeko sistema mantendu egingo da, eta ez da gainkarga puntualekin bortxatuko, ezta gehiago zurrunduko ere.

  1. Kasu guztietan dago bermatuta ekoizpen-nabe guztietara kanpoaldetik sartzeko aukera, ez baitago desnibelik barnealdeko eta kanpoaldeko koten artean.

  2. Bulego-solairuarteen irisgarritasun bertikalari dagokionez, gehikuntzak egitea onartuko da, posible bada, barnealdean, betiere ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren printzipioei jarraikiz, eraikinaren ondare-balioekin bateragarriak diren teknika eta materialak erabilita eta egituraren egonkortasuna kaltetu gabe egiten bada.

  1. La Naval Eraikin Multzoan babestutako obra zibilak barne hartzen ditu kanpoaldean ontziak eraikitzeko eta konpontzeko lanak egiteko eta materialak, langileak edo beharrezkoak ziren makinak lekualdatzeko diseinatutako ingeniaritzako azpiegiturak. Zehazki, honako hauek dira, IV. eranskineko 3. zerrendan jasotakoak, hain zuzen: 1. eta 2. dike lehorrak beren 4 garabi-portikoekin eta oinezkoentzako pasabidea.

  2. Obra zibilean honako balio kultural hauek identifikatu dira:

    Balio historikoa: batez ere, 1. dike lehorrarena eta bere kasetoiarena, eta oinezkoen pasabidearena; izan ere, Astilleros del Nervión eta Sociedad Española de Construcciones Navales enpresen hasierako etapetan eraiki ziren. Dikeei zerbitzu ematen dieten garabiak, gaur egun desagertuta dagoen ELYMA euskal enpresak ekoitzi zituenak, La Navalen dauden garabirik zaharrenak direlako.

    Proiektuaren eta eraikuntzaren kalitate teknikoa: dikeetako egituren exekuzioa oso konplexua da.

    Ordezkagarritasun-balioa: dikeek eta garabiek lotura argia dute ontzigintza-sektorearekin.

    Paisaia- eta ingurune-balioa: dikeak eta garabiak itsasadarreko paisaiaren erreferentzia ikonografikoak dira.

    Balio tipologikoa: dikeak dike lehorrean lan egiteko teknikaren adibide adierazgarriak eta ontzien tamainaren lekuko dira. Ahate-moko edo antzar-lepo motako garabiak bat datoz portuetan erabiltzen diren garabi mota esanguratsuenarekin, karga-gaitasun eta altuera handia dituztelako.

    Balio espazio-funtzionala: oro har, ondo kontserbatuta daude espazio eta elementu funtzional operatiboak, eta berrerabiliak izateko potentzial handia dute.

    Berezitasun-balioa: 1. dike lehorraren itxitura-kasetoia Estatuan kontserbatzen den zaharrena izan daiteke eta Elyma garabiak konplexu honetan dauden zaharrenak dira.

  3. Ondare-balio horiek puru kontserbatzen dira hobekien kontserbatutako ondasunak direlako eta multzoan gutxien eraldatutakoak direlako; izan ere, oro har, diseinatu ziren erabilera berbererako erabili dira.

  4. Arestian deskribatutako balioak mantentze aldera, obra zibilaren honako ezaugarri eta elementu hauek babestuko dira:

    Egungo konfigurazio geometrikoa: beharrizan berrietara egokitzeko, historian zehar egin diren handitzeen emaitzak, 17.3 artikuluan xedatutako baldintzetan eta bertan jasotako salbuespenekin.

    Egitura-sistema nagusia: hormak, zolatak edo portikoak, geometriari, posizioari, sekzioei, kotei, argiei, modulazioari eta euste- eta lotura-sistemei dagokienez.

    Dikeen zerbitzura dauden ondasun higigarriak: 1. dike lehorreko kasetoia eta 2. dike lehorreko konporta, barne hartuta irekiera- eta itxitura-mekanismoak eta ahate-moko motako 4 garabiak.

    Elementu osagarriak: ponpaketa-ekipoetarako kamerak; ura sartzeko eta ateratzeko hodiak; pasabideak eta sarbide-eskailerak; garabien maniobretarako alboko bandak, barne hartuta desplazamendu-errailak eta instalazioetarako kanaletak, galtzada-harrizko zoldura, petrilak, defentsak, amarratzeko mutiloiak eta pikaerak.

  5. Itsusgarritzat jotzen dira jarraian datozen elementuak, bateraezinak direlako obra zibilaren ondare-balioekin eta/edo kutsadura bisuala eragiten diotelako:

    Oinezkoentzako pasabidea: karel eta alboko babes-itxituren gaineko azpiegitura, karelaren kanpoko aldetik zintzilik dauden hodiak eta lehen eskailera-tartearen azpian dagoen bolumena.

  1. La Naval industria-konplexuaren ondare-balioak zabaltzeko ekintza kulturalak egin eta sustatu daitezke.

  2. Obra zibiletan baimendutako jarduerek honako hauek mantendu eta sustatu behar dituzte:

    Obra zibilaren funtzionaltasuna eta bertatik segurtasunez igarotzeko aukera.

    Obra zibilak babestutako ondasunekin dituen lotura funtzional eta bisualak.

    Bertan egiten ziren atazen eta teknika industrialen interpretazioa.

  3. Zehazki, honako jarduera hauek daude baimenduta:

    Egiturak egonkortzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin diren atalak puntualki ordeztea, eskema eta material generikoak mantentzen badira.

    Beharra behar bezala justifikatzen bada, posible izango da 1. dike lehorreko ahokadura eta mailen beheko tartearen barnealdea handitzea zabalera handiagoa duten ontziak sartzeko, baina soil-soilik egituraren egonkortasuna bermatzen bada.

    Defentsa edo petrilak eta dikeen elementu osagarriak puntualki zaharberritzea edo berritzea, jatorrizkoen materialei, formei, tamainari eta itxurari jarraituta.

    Prebentziozko kontserbazio-lanak eta konponketa-lanak egitea dikeen zerbitzura dauden ondasun higigarrietan (16.3 artikuluan adierazitakoak), funtzionaltasuna bermatzeko, betiere osotasun tipologiko eta formala errespetatuta. Salbuespenez, eta elementu horiek beren ezaugarri nagusiak aldatu gabe zaharberritzea teknikoki ezinezkoa bada, elementuok ordezkatzea baimendu daiteke. Kasu horretan, jatorrizko ondasunak baldintzarik onenetan kontserbatu beharko dira, eta, betiere, Eraikin Multzoaren mugaketaren barruan, testuingurutik kanpo gera ez daitezen. Horrek ez du ezertan eragozten 6. puntuan xedatutakoa.

    Ondasunaren ingurumen-balioarekin bat datozen hornidura-hodiak eta argiztapen-, seinaleztapen- eta segurtasun-elementuak instalatzea.

    Azkenaldian egindako edozein obra ezabatzea, baldin eta interesik ez badu, eraikinen edo inguruaren jatorrizko balio kulturalekin bat ez badator edo ingurunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten badu.

  4. Ez da baimenik emango hasierako egituren egonkortasuna eta osotasuna kaltetzen edo aldatzen duten edo egiturok ikustea distortsionatzen duen ekarpenik egiteko.

  5. Debekatuta dago oinezkoen pasabidea lekualdatzea, ezin baita egun dagoen tokitik bereizi.

  6. Dikeen zerbitzurako ondare higigarria lotuta dagoen La Naval Eraikin Multzoari ematen zaion helburuaren menpe egongo da, 6/2019 Legearen 54. artikuluan xedatutako baldintzetan.

Jarraian datozen zerrendetan daude jasota La Naval Eraikin Multzoan babestutako kultura-ondasunak, 3. artikuluan ezarritako tipologien arabera bereizita:

  1. zerrenda: Zerbitzu-eraikina.

    (Ikus .PDF)

  2. zerrenda: Ekoizpen-eraikinak.

    (Ikus .PDF)

  3. zerrenda: Obra zibila.

    (Ikus .PDF)