Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko irailaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Sopelako (Bizkaia) 5.1 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 200
  • Hurrenkera-zk.: 5105
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/03
  • Argitaratze-data: 2021/10/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko uztailaren 20an, Sopelako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen ingurumen-organoan, Sopelako (Bizkaia) 5.1 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Sopelako Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Sopelako (Bizkaia) 5.1 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Sopelako 5.1 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz (aurrerantzean, Plana), jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Sopelako arau subsidiarioek (urriaren 19ko 655/1998 Foru Aginduaren bidez onartuak) hiri-lurzoru finkatugabeko eremu gisa mugatu eta sailkatzen dute 5.1 exekuzio unitatea (EU). Guztira 9.700,00 m2-ko azalera du, eta Sopelako hirigunearen ipar-mendebaldean dago kokatuta, udalerriko bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatuaren ondoan. Eremu horretan, errenkadan atxikitako familia bakarreko 4 etxebizitza eraikiko dira, antolamendu jakin batekin; eraikuntza finkatuak lurzati oso txiki bat edukiko du, eta, etxebizitzen inguruan, 5 metro zabaleko zerrenda berde bat.

    Planaren xedea 5.1 EUren antolamendu xehatua ezartzea da, eta eraikuntzen kokapena ez da izango indarrean dauden arau subsidiarioetan agertzen dena. Horretarako, proposatzen du, alde batetik, eremuaren hego-ekialdeko muturrean dagoen eraikuntza isolatuaren eraikigarritasuna finkatzea (3 etxebizitza hartzen ditu barruan), eta, bestetik, unitate osoaren aprobetxamendua birbanatzea antolamendu-proposamen berrian proposatzen diren 3 eremu eraikigarrien artean. Horretarako, indarrean dagoen plangintzan proposatutako 4 eraikinetako bat kendu behar da. Gainera, antolamenduan proposatzen diren 3 eremu horietan bizitegi-aprobetxamendu osoa egin ahal izateko, Planak, 5.1 EUren eremuan baimendutako erabileren artean, etxebizitza kolektibo elkartuaren erabilera sartzen du.

    Plana hirigintzako jarduketa-programaren, birpartzelazio-proiektuaren, urbanizazio-proiektuaren eta dagozkion eraikuntza-proiektuen bidez gauzatuko da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: Planak era xehatuan antolatzen du eremua, hiri-lurzoru finkatugabean, indarrean dauden Sopelako arau susbidiarioen zehaztapenak garatuz. Hirigintza-parametroak definitzen eta zehazten ditu (azalerak, eraikigarritasunak, lerrokadurak eta sestrak, zuzkidura-erreserbak, etab.), ondoriozko eraikuntza-proiektuak kalitate handiagokoak izan daitezen, alderdi horiek guztiak erregulaziorik gabe utzita. Ez du lurzoruaren xedea aldatzen, ez eta lurzatiaren hirigintza-eraikigarritasuna handitu ere. Hori onartu eta gero, hirigintzako jarduketa-programa baten bitartez egingo dira egin behar diren birpartzelazio-, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, besteak beste, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua Sopelako plangintzako arau subsidiarioen 5.1 UE da, 8.302,60 m2-ko azalerakoa, hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatua, eta, oro har, bizitegi-erabilerakoa. Plana udalerrian indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako antolamendua xehatzeko idatzi da, bertan aurreikusitakoarekin bateragarria izateko baldintzarekin. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza nagusiarekin.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Esan bezala, Planak 5.1 UEn egiten duen antolamendu xehatua Sopelako arau subsidiarioetan ezarritakoarekin bateragarria izateko baldintzarekin garatu da. Hiri-lurzoru gisa sailkatuta dagoen lurzorua era xehatuan antolatzea eta finkatzea da helburua. Gainera, planak barnean hartzen ditu neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile orokor eta bereziak. Ildo horretan, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, batez ere erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez, eta horrek energia-aurrezpen eta efizientzia handiagoa eragingo du, baita kanpoko zarataren aurkako isolamendu hobea izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea ere, horiexek baitira, hain zuzen, ingurumen-helburuetako batzuk.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: Planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak baliabide naturalen kontsumoarekin eta lurzoru naturalen artifizializazioarekin lotutakoak dira, eta 8.302,60 m2 inguruko azaleran izango dute eragina; gaur egun, belar-landareek (zelaiak eta lorategiak), zuhaixkek (sastrakak), landare erruderalek eta zuhaitz-oin batzuek (apaingarriak eta ale autoktonoak) hartzen dute eremu hori.

        Gainera, aipatu behar da antolamendu-eremuko kalitate akustikoa BI-634 eta BI-2122 foru-errepideek eta Loroño kaleak baldintzatzen dutela (udal-bidea lurzatiaren mugakide da, hego-mendebaldeko muturrean, Planaren lurzatiarekin); beraz, Planaren antolamendu-eremuaren zati batean ez dira lortzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, aurreikusitako bizitegi-erabilerarako, hala gaur egun nola etorkizunean. Hori dela eta, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanean aztertutako zuzenketa-neurriez gain, osagarriak hartu beharko dira, kalitate akustikoaren helburuak betetzeko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan ezarritako baldintzetan.

        Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Alde horretatik, Planean proposatutako jarduketek irismen mugatua dutenez indarreko plangintzan aurreikusitakoari dagokionez, ez dira ondorioak larriagotuko, plangintzan aurreikusitakoaren aldean.

        Horrenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio nabarmenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta hots-kutsadurari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko, eta, zehazki, lehengaien eta energiaren kontsumoaren, hondakinen, klima-aldaketaren berotegi-efektuko gasak eta atmosferaren kalitatearen arlokoa (emisio atmosferikoak, zarata, argiztapena...).

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planak era xehatuan antolatuko duen exekuzio-unitatea (5.1 EU) Sopelako hirigunearen ipar-mendebaldean dago, eta honako hauek ditu mugakide: Loroño kalea, hego-mendebaldean; Sapiri kalea, hego-ekialdean; Ripa kalea, ekialdean; eta iparraldean, hiri-inguruko gune bat, dentsitate txikiko bizitegi-erabilerak eta landazabal atlantikoko paisaian ohikoak diren landa-erabilerak nahasten dituena. Antolatuko den eremuaren azalera 8.302,60 m2-koa da. Bertan, bizitegi-erabilerako eraikin isolatu bat dago, baita haren zerbitzurako eraikin osagarri batzuk eta eraikin horri lotutako lorategi-eremu bat ere. Horiek okupatzen ez duten azaleran, berriz, baratzeak daude fruta-arbolekin, eta larreak zuhaitzekin, sasitzekin eta landare erruderal nitrofiloekin. Cortaderia selloana espezie inbaditzailearen aleren bat ere aurkitu da.

      Ingurumenaren ikuspegitik, honako ezaugarri hauek nabarmendu behar dira:

      Eremua ez dago sartuta natura-intereseko espazioen inbentarioan, ezta Batasunaren intereseko habitaten inbentarioan ere. Era berean, ez dator bat EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen Azterlanean zehaztutako egiturazko elementuekin, ez eta azaleko ur-ibilguekin eta hezeguneekin ere (lurzatiaren ipar-mendebaldeko mugatik 100 bat metrora, Gobela ibaira isurtzen den Lemotza erreka dago, Ibaizabal Unitate Hidrologikoaren barruan). Ur-punturik ere ez da aurkitu. Ez da aurkitu kultur ondarearen elementurik. Eremuaren mendebaldeko zatia Barrika-Galeako paleozabalgunearen interes geologikoko lekuaren ondoan dago kokatuta.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egiten dira uholdeek, higadurak eta suteek eragindako arriskuak, bai eta SEVESO enpresen presentziaren edo merkantzia arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuak ere. Ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik. Hala ere, eremuak akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia du, eta, tarte txiki batean, kalteberatasuna oso handia da.

      Eremua paisaia-unitate baten parte da, eta ezaugarri hauek ditu: landazabal atlantikoko paisaiaren ohiko osagaiak (gehienbat larreak eta laboreak dituen nekazaritza-paisaia ibai-jabarian), hiri-inguruko berezko elementuekin, Sopelako hirigunearen aldamenean dagoelako, eta komunikazio-azpiegiturak ere badituena, bai hego-mendebaldean bai hego-ekialdean. Oso paisaia arrunta da.

      Inguruan dagoen zarata-foku nagusia bide-trafikoa da: BI-634 eta BI-2122 foru-errepideak eta Loroño kalea (udal-bidea lurzatiaren mugakide da, hego-mendebaldeko muturrean, Planaren lurzatiarekin).

      Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, bai orain, bai etorkizunean, kalitate akustikoaren helburuak (KAH) gaindituko dira hizpide dugun eremuan, kontuan hartuta etorkizuneko hirigintza-garapenak eta dagokion eremuak zer motatako eremu akustikoa duen (gehienbat bizitegi-erabilerako lurzoruak dituzten lurralde-sektoreak/eremuak), baita zuzenketa-neurriak hartuta ere (pantaila akustikoa iparraldean, eta 30 km/h-ko abiadura Loroño kalean). Ez-betetze horrek Loroño kalearen aurrez aurre dauden fatxadei eragiten die batez ere [ez dira KAHak betetzen, ez egunez 61 dB(A) ez gauez 54 dB(A)].

      Aurrekoa ikusirik, Plana gauzatzeak eragingo dituen ondorioak zoladurak eta eraikin osagarriak eraisteko, eraikinak eraikitzeko eta eremua urbanizatzeko obrak barne hartuta eraikinetara sartzeko bideak gauzatzearekin lotuta egongo dira. Obra horien ondorioz, lurzoru naturaleko gainazalak artifizial bihurtuko dira, baliabide naturalak galdu, lurrak mugitu eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortu. Era berean, lurpeko urak kutsatzeko arriskua egongo da isurketen ondorioz, eta giza habitataren kalitatea okertu egingo da, ibilgailuen eta makineriaren joan-etorriek eta urbanizatzeko eta eraikitzeko behar diren lurren mugimenduek eragozpenak eragingo dituztelako eta, beraz, zarata, hauts eta bibrazio handiagoak egongo direlako.

      Ondoren, hirigintza-garapena osatu ondoren, uste da ingurumen-baldintza garrantzitsuenak eremuko egoera akustikoari dagozkionak direla. Lurzatiaren mugan eta etxebizitza berrien fatxadan inpaktu akustikoa minimizatzeko, proposatu da, lurzatiaren iparraldeko mugan, pantaila akustiko bat jartzea, eta, Loroño kalean, gehienez ere 30 km/h-ko abiadura ezartzea.

      Nolanahi ere, garrantzitsua da aipatzea ingurumen-inpaktuen balorazioa indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoerarekin alderatuta egin behar dela, plangintzak dagoeneko ezartzen baitu lurzatiaren bizitegi-erabilera.

    3. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira Planean.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Natura-ondarea eta paisaia babesteko neurriak.

      Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne. Eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

      Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Espezie autoktonoak landatuko dira, ahalik eta lasterren, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen saiatuko da.

      Landare-estaldura leheneratzeko jarduketetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsita jarduketa horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, bai ibilgailuek zirkulatzeko bai obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, egunez lan egingo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoaren helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Ondorioz, hala badagokio, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora, inguru eraiki gabeetan; eta altuera orotara, leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten operazio osagarriak ere, proiektua egiteko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte-lanak, obra-sarbideak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialen eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne. Inguru iragazgaiztuetan kokatuko dira horiek guztiak.

      Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presioko ura edo erraztatzeko makinak erabilita.

      Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko operazioen ondoriozkoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Horrez gain, obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak prebenitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-operazioen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen (errege-dekretu horren bidez, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da).

      Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Hondeaketa-planak, besteak beste, hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia jaso beharko du.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

      Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

      Jardunbide egokien eskuliburua:

      Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

      Natura-intereseko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

      Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

      Planaren eraginpeko urbanizazio mugakideetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Sopelako (Bizkaia) 5.1 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Sopelako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Sopelako (Bizkaia) 5.1 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 3a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik