Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 31koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez egiten baita landa-eremuko berdegune eta espazio libreen erabilera arautzeko Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 198
  • Hurrenkera-zk.: 5045
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/08/31
  • Argitaratze-data: 2021/10/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko azaroaren 21eko Ebazpenaren bidez, orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Vitoria-Gasteizko landa-eremuko berdegune eta espazio libreen erabilera arautzeko udal-mugarteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren ingurumen-azterlan estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua formulatu zuen (aurrerantzean, Plana), urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 10. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) ezarritakoarekin bat etorriz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena) 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Vitoria-Gasteizko Udalak Plana jendaurrean jarri zuen, haren ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 2020ko martxoaren 30ekoa, 37. zk.), aldaketaren eraginpekoek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, aldi horretan bertan, Vitoria-Gasteizko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2021eko martxoaren 4an, Vitoria-Gasteizko Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrean (otsailaren 27ko 3/1998 Legea) eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu ziren: Vitoria-Gasteizko landa-eremuko berdegune eta espazio libreen erabilera arautzeko udal-mugarteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntuala behin-behinean onesteko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzen dituzten zenbait dokumentu.

Vitoria-Gasteizko Udalak jakinarazi du zenbait txosten jaso direla, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiekin, eta txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Era berean, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 6.1.b) artikuluan ezarritakoa aplikatuta, planei eta programei ere ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, bai eta haien aldaketei ere, baldin eta administrazio publiko batek onartzen baditu eta horiek legezko edo arauzko xedapen batek aginduta egiten eta onartzen badira, Natura 2000 Sareko guneei eragiteagatik ebaluazio bat behar dutelako, 42/2007 Legeak aurreikusitako baldintzetan (42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondare eta Biodibertsitateari buruzkoa).

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Vitoria-Gasteizko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Vitoria-Gasteizko landa-eremuko berdegune eta espazio libreen erabilera arautzeko udal-mugarteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko landa-eremuko erabilera publikoko berdeguneak eta espazio libreak arautzeko udal-mugarteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea, jarraian zehazten diren baldintzetan:

  1. Planaren (hemendik aurrera, Plana) xedea honako hau da: udal-mugarteko landa-eremuko erabilera publikoko berdeguneen eta espazio libreen erabilerari buruzko araudiak aldatzea, indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) bildutako erregulazioak oztopatu egiten duelako araudi horiek ezartzea, hirian eta udalerriko landa-eremuetan eskaera-maila bera ezartzen baita. Zehazki, Plana udalerriko 63 landa-eremuen edo udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeen bizitegi-bilbean (hots, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian) sartutako erabilera publikoko berdeguneei eta espazio libreei sistema orokortzat jo gabeei aplikatzen zaie.

    Honako hauek dira Vitoria-Gasteiz udal-mugartean Planaren eraginpean dauden 63 udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak: Aberasturi, Abetxuku, Ehari, Amarita, Andollu, Andetxa, Arangiz, Aretxabaleta, Arkaia, Arkauti, Argandoña, Ariz, Armentia Gasteiz, Artatza Foronda, Askartza, Aztegieta, Berroztegieta, Betoñu, Bolibar, Gaztelu, Krispiña, Elorriaga, Eskibel, Eztarroa, Foronda, Gamarra, Gamarragutxi, Gamiz, Gardelegi, Gobeu, Gometxa, Gereña, Otobarren, Otogoien, llarratza, Jungitu, Lasarte, Legarda, Lermanda, Lopida, Lubinao, Mandoia, Margarita, Martioda, Matauku, Mendiguren, Mendiola, Mendotza, Miñao, Miñaogutxi, Monasterioguren, Oreitia, Otazu, Erretana, Subilla Gasteiz, Uribarri Nagusia, Uribarri Arratzua, Uribarri Dibiña, Billafranka, Ihurre, Zerio, Zuhatzu eta Zumeltzu.

    Proposatutako aldaketak ez du lurzoruaren erabilera orokorren eta xehatuen esleipena aldatzen; erabilera-araubidea aldatzen du, besterik gabe.

    Zehazki, HAPOaren araudiaren 5.03.39 artikulua aldatu da, zeinak arautu egiten baitu sistema orokorrak ez diren berdegune eta espazio libreen erabilera eta haren aplikazio-eremutik kanpo uzten baititu udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak; erakunde horiek haientzat berariaz sortutako 5.03.39 bis artikulu berria izango dute arau.

    Hala, 5.03.39 bis artikulu berrian, honako baldintza berezi hauek jasotzen dira udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde horien landa-eremuko bizitegi-bilbean dauden espazio libre eta berdeguneetarako:

  1. Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeen landa-eremuko bizitegi-bilbean dauden espazio libre eta berdeguneetan onartutako erabilerak honako hauek izango dira: musika-kioskoak, egoteko guneak, autobus-markesinak eta kirolerako edo jolaserako eremu txikiak, landako bizitegi-bilbean dauden espazio libre eta berdeguneetan daudenak. Baina berariaz geratuko dira kanpoan Armentiako basilikaren inguruko zelaia, Zadorrako parke lineala, Estibalizko muinoa eta lurzoru urbanizagarriko sektoreetako eremua: 21. zenbakia, Jundizko mendebaldeko hedapena, Margarita udalerriaren inguruan; 30. zenbakia, Berroztegieta udalerriaren ekialdean, eta 33. zenbakia, Gamarra, bai eta Salburua KBE/HBBEaren eremua ere, Elorriagaren ondoan.

  2. Batasunaren intereseko habitat edo espezie babestuen zabalkunde-area deklaratutako KBEen babes-eremu periferikoetan edozein jarduketa egiteko, eraginen balorazioa beharko da, eta, nolanahi ere, zuhaitzak edo bertoko zuhaixkak dituzten lurrazalak saihestu beharko dira.

  3. Era berean, proposatutako erabilerak eta jarduerak espazioen, higiezinen eta gainerako elementuen (besteak beste, bideak, elizak, etxeak, dorreak, gurutzeak, zutabeak, iturriak, askak, garbitegiak, errotak, zubiak eta bestelakoak) kultura-babesarekin bateragarriak direla balioetsi beharko da, nahiz eta berariaz deklaratuta, proposatuta edo inbentarioan jasota ez egon, antzinako Vasco-Navarro trenbidea, kasu.

  4. Lehendik dauden natura- eta kultura-elementuen babesarekin bateragarria denean, jolas-guneak eta musika-kioskoak estali ahalko dira, baina itxi gabe, eta bolatokiak eta autobus-markesinak estali eta zati batean itxi ahalko dira, baina, gutxienez, alde bat utzi beharko da zabalik, alegia, luzera handienekoa, eta elementuaren beraren ezaugarri tipologiko eta morfologikoei jarraituko zaie, eta ahalik eta inpaktu gutxiena eragin beharko da espazio publikoan edo inguruneko higiezinetan, bolumetria, dimentsio eta materialen gaineko arau jakin batzuei jarraikiz.

    Bestalde, Planean (5.03.58 artikulua aldatu da), Vitoria-Gasteizko Aireportuaren Plan Gidarian zehaztutako Aireportuko Sistema Orokorrarekin zerikusia duten zenbait arauketa jasotzen dira, ingurumen-ikuspuntutik garrantzirik ez dutenak; izan ere, Vitoria-Gasteizko Aireportuaren Plan Gidarian zehaztutako Aireportuko Sistema Orokorreko mugak baino ez dira jasotzen, eta Aireportuko Sistema Orokorraren eremuan onartuko den erabilera bakarra aireportuaren erabilera publikoa besterik izango ez dela baino ez du zehazten, eta muga aeronautikoak hirigintza-plangintzari gailenduko zaizkiela arautzen.

    Eremuaren ezaugarriei dagokienez, Planaren eremuko baldintzatzaile esanguratsuenak jarraian laburtzen dira:

    Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde horietako gehienak babes-eremu periferikoan edo Natura 2000 Sareko espazioen inguruetan daude, jarraian adierazten den moduan:

    Salburua ES2110014 KBEko eta HBBEko ingurunean eta haren babes-eremu periferikoan gune hauek daude: Aberasturi, Arkaia, Arkauti, Askartza, Bolibar, Elorriaga, Gamiz, Ilarratza, Mendiola, Monasterioguren, Otazu, Uribarri Nagusia eta Zerio, bai eta ekipamendu-partzela batzuk ere Betoñun.

    Arabako Lautadako harizti-irlak ES2110013 KBE ingurunean eta haren babes-eremu periferikoan Zuhatzun dago eta, hurbil, Aberasturi, Argandoña, Askartza, Matauko, Billafranka eta Zerio.

    Zadorra Ibaia ES21110010 KBEan Gobeuko eta Amaritako guneetako lurzati batzuk daude, eta haren ingurunean gune hauek: Abetxuku, Krispiña, Gamarra eta Gamarragutxi.

    Gasteizko Mendi Garaiak ES2110015 KBEan Bolibarko eta Uribarri Nagusiko guneak eta Gamizko eta Aberasturiko lurzatiren bat daude.

    Vitoria-Gasteizko udal-mugartea EAEko isurialdean mediterraneoan dago, eta erkidegoarteko arroen eremuaren barruan. Udalerriko ibilgu nagusia Zadorra ibaia da; ipar-ekialdetik eta hego-mendebaldera doana, eta, haren ibilbide osoan zehar, hainbat eta hainbat ibaiadar eta errekaren urak hartzen ditu. Eskuinaldetik, Santa Engrazia, Iturrizabaleta, Zalla eta Oka ibilguen urak jasotzen ditu, eta, ezkerraldetik, Alegria, Zerio, Errekabarri, Santo Tomas, Errekaleor eta Batango urak.

    Planaren esparrua osatzen duten gune gehienak Zadorra unitate hidrologikoaren ibai-sareko uholde-arriskuko eremuen gainean daude, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denboretarako. Eremuan, hainbat Uholde Arrisku Handiko Eremu zedarritu dira: Zadorra, Santo Tomas, Errekaleor eta Akata Sakana, Mendiguren, Margarita Sakana eta Arkauti.

    Lurpeko jabari publiko hidraulikoaren ikuspegitik, nabarmentzekoak dira Subillako akuiferoak eta Vitoria-Gasteizko akuifero kuaternarioa. Lehenak, udal-mugartearen mendebaldean dauden izen bereko kareharriei lotuak, eta, bigarrena, Zadorra ibaiaren eta haren ibaiadar nagusien material alubialei lotua. Eremua oso kaltebera da lurpeko uren kutsadurarekiko.

    Lurpeko urak azaleratzearen eta Errekaleorreko eta Santo Tomaseko ibilguen ekarpenaren ondorioz, urmaelak sortzen dira, alegia, Salburuko hezeguneak, zeinak RAMSAR nazioarteko garrantziko hezegune deklaratu baitira eta Natura 2000 Sarean (ES2110014 KBE) sartuta baitaude, bai eta EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren II. taldean (B9A3) ere.

    Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Gune Babestuen Erregistroarekin bat etorriz, Mandoia eta Otogoien udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeetan, hornidurarako ura hartzeko guneak daude. Ekonomikoki esanguratsuak diren uretako espezieen babes-eremuei dagokienez, Zadorra ibaian, Uribarriko presatik Abetxukoko zubiraino, tarte ziprinikola bat identifikatu da. Nitrato-kutsadurarekiko urrakorrak diren eremuei dagokienez, Vitoria-Gasteiz unitate hidrologikoak, ekialdeko sektoreak (ES21_1), Aberasturi, Andollu, Arkaia, Argandoña, Arkauti, Askartza, Bolibar, Gamiz, Ilarratza, Jungitu, Lubiano, Matauku, Mendiola, Monasterioguren, Oreitia, Otazu, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia, Billafranka, Billafranka-Estibalitz eta Zerio udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeetan du eragina. Bestalde, Vitoria-Gasteiz unitate hidrologikoak, Foronda I eta II mendebaldeko sektoreak (ES21_2), Andetxa eta Gereña udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundetan du eragina.

    Batasunaren Intereseko Habitaten EAEko Maparen arabera, urbanizatu gabeko lurzatietan Batasunaren intereseko habitatak daude, besteak beste: 6210 - Brachipodium pinnatumaren larre mesofiloak; 4090 - Txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri-triskarekin; 9240 - Quercus faginea eta Quercus canariensis-en harizti iberiarrak; 91EO* - Haltzadiak eta lizardiak, etab.

    Halaber, landa-eremuetako zenbait lurzati espezie babestuak hartzen dituzten eta Araban kudeaketa-plan bat duten interes bereziko guneetan daude; hona hemen espezie babestu horiek: uhalde-enara (Riparia riparia), bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), ibai-kabuxa (Salaria fluviatilis) eta iparraldeko katxoa (Squalius pyrenaicus). Orobat, ibai-sarea eta ibaiertzak korridore ekologikoen sareko elementuak dira.

    Udalerrian, zenbait paisaia berezi daude:

    Mendebaldeko Mendiak eta Mendi Garaiak, Berroztegieta, Monasterioguren, Gamiz, Bolibar eta Uribarri Nagusia udalerriak hartzen dituena.

    Arratoko eta Badaiako mendilerroak, Artatza herria inguratzen dutenak eta Otobarren, Otogoien, Mandoia eta Legarda inguruetaraino iristen direnak.

    Salburuko hezeguneak.

    Arabako Lautadako harizti-irlak.

    Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundetan elementu ugari daude udalerriko kultura-ondareko ondasun guztien inbentarioaren barnean daudenak.

    Planaren eremuan, EAEn Kutsatuta egon daitezkeen Lurzoruen Inbentarioan jasotzen diren zenbait lurzati daude, zehazki, honako gune hauetan: Aztegieta (kodea: 01059-01629); Arkauti (kodeak: 01059-01324 eta 01059-01720); Gamarra (01059-01296), Gardelegi (kodeak: 01059-01 761 eta 01059-01311); Legarda (kodea: 01059-01301) eta Uribarri Arratzua (kodea: 01059-01535). Hala ere, Planaren garapenaren ondoriozko jarduketek, a priori, ez dakarkiete eraginik lurzati horiei.

    Planaren garapenaren ondoriozko inpaktu nagusiak obra-fasean eragingo dira; izan ere, lur-mugimenduak eta soberakina sortzea ekarriko du, bai eta hondakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, emisio atmosferiko eta akustikoen ondorioz giza habitataren kalitatea aldi baterako murriztea, landaredia deuseztatzea, istripuzko isurien arriskuagatik uren eta lurzoruen kalitatea murriztea... Hori horrela, bereziki kontuan izan beharko da uren kalitatean eragiteko arriskua; izan ere, lurzatiak akuiferoak kutsatzearekiko kalteberatasun handiko guneetan eta ibai-ibilguen ingurunean daude, eta horietako batzuk Natura 2000 Sarekoak direla eta fauna babestua dute.

    Hori guztia dela eta, Plana garatzeko proiektuetan sartu beharko diren neurri babesle eta zuzentzaileak zehaztu behar dira, biztanleei eta giza habitatari, lurpeko eta azaleko uren kalitateari, Batasunaren intereseko habitatei, intereseko faunari, Natura 2000 Sareko espazioei eta lotutako balioei kalterik eta eragozpenik ez eragiteko aurreikusitako jarduketak garatu bitartean.

    Ustiapen-fasean, egon daitezkeen inpaktu esanguratsuenak jabari publiko hidraulikoaren okupazioari eta uholde-arriskuari lotuta daude. Hori horrela, lursail naturala ezingo da aldatu jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuari dagokion 5 metroko zerrendan, eta EAEko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean ezarritako atzeratzeak bete beharko dira. Gainera, jarduketek horren inguruko araudi berezia bete beharko dute (EAEko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E2 apartatua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Arauketaren 9 bis, 9 ter eta 14 bis artikuluak), bai eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren egiturazko neurriak ere, arroko plan hidrologikoan zehaztutako uholde-arrisku handiko eremuetako bat bada.

    1. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko azaroaren 21eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

      Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

    2. Planaren tramitazioa egin bitartean ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk sartu.

      Planaren hasierako proposamena aldatu egin da, Berroztegietaren ekialdean dagoen azalera handiko espazio librea eta Elorriagan dagoen espazio librea Salburua KBE/HBBEaren barnean dago 5.03.39 bis artikulu berriaren aplikaziotik berariaz kanpo utzitako eremuen barruan sartzeko.

    3. Indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, bai eta hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

      Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira honako alderdi hauek:

      1. Natura 2000 Sareko espazioak babesteko neurriak.

      Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde bakoitzaren informazio kartografikoari dagokionez, ingurumen-azterketa estrategikoaren eranskinaren P1 planotik P63ra bitartekoen bilduma berrikusi egingo da, baldintzatzaile gisa Natura 2000 Sarearen espazioen mugaketa eta haren babes-eremu periferikoa gehitzeko.

      Oro har, Zadorra ibaia, Gasteizko Mendi Garaiak eta Arabako Lautadako harizti-irak KBEen eta Salburua KBE/HBBEaren babes-eremu periferikoekin osorik edo zati batean bat datorren planaren ondoriozko edozein jarduketak Natura 2000 Sarean duen eraginaren balorazioa beharko du. Horretarako, Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Legean (abenduaren 13ko 42/2007 Legea) eta Ingurumen Ebaluazioaren Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

      2. Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari eta uholde-arriskuari buruzko neurriak.

      Jabari publiko hidraulikoaren babesari eta haren babes-zerrendei dagokienez, lursail naturala inola ere aldatu gabe laga beharko da jabari horretako zortasun-eremuari dagokion 5 metroko zerrenda. Era berean, proposatzen diren jarduketek EAEko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean ezarritako atzeratzeak bete beharko dituzte.

      1. 39 bis artikuluan, uholde-arriskuari dagozkion mugak jaso beharko dira. Honako idazketa hau edo testu honen baliokidea sartzea proposatzen da:

        Uholde-arriskuko eremuetan dauden berdegune edo espazio libre publikoetan, horren inguruko araudi berezia bete beharko da (Lurraldearen Arloko Planaren E2 apartatua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Arauketaren 9 bis, 9 ter eta 14 bis artikuluak), bai eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren egiturazko neurriak ere, aipatu planean zehaztutako uholde-arrisku handiko eremuetako bat bada.

        Kioskoek lehentasunezko fluxu-eremutik kanpora egon beharko dute, eta azterlan edo analisi hidraulikoaren bidez bermatuko da aurretik dagoen arrisku-egoera larriagotzen ez dela eta hirugarrenei kalterik ez zaiela eragiten. Lehentasunezko fluxu-eremuan ezingo dira eraiki kirol- edo jolas-eremuetarako aparkaleku edo eraikuntza osagarriak, eta itxiturek, nahiz eta partzialak izan, iragazkorrak izan beharko dute.

    Oro har, Planaren ondorioz jabari publiko hidraulikoaren zortasun- edo zaintza-eremuan egiten den edozein jarduketarako, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren administrazio-baimena beharko da.

    3. Lurpeko eta gainazaleko uraren kalitateari ahalik eta afekzio txikiena eragiteko neurriak.

    Apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 126 ter.7 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, urbanizazio berriek drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko dituzte, besteak beste, gainazal eta akabera iragazkorrak, uholde-arriskua txikiagotzeko; dekretu horren bidez, Jabari Publiko Hidraulikoaren Araudia onartu, eta abuztuaren 2ko 29/1985 Legeak, Urei buruzkoak, I., IV., V., VI. eta VII. aurretiazko tituluetan ezarritakoa garatzen da.

    Bestalde, hiriko drainatze-azpiegituren bidez biltzen diren euri-urak, jabari publiko hidraulikoa kutsatu badezakete, hondakin-urtzat hartuko dira eta isurketak baimentzeko prozedura bete beharko dute Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aurrean.

    Proiektatutako ekipamendu berriek komunak badituzte, haiek udal-saneamenduko sareetara konektatu beharko dira.

    4. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

    Planaren araudiak berak jasotzen duenez, gogorarazten da jarduketek bateragarriak izan beharko dute eremuan eremuko guneen eta horietan dauden higiezinen behin-behineko kultura-babesarekin, zeina EAEko Kultura Ondasunaren deklarazioaren ondoriozkoa baita.

    Bestalde, Euskal Kultura Ondarearen Legean (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) ezarritako gainerako xedapenekin bat etorriz, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

    5. Egingo diren lanen ekologia- eta paisaia-integraziorako neurriak.

    Ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, zeinak eremuotako baldintza bioklimatikoetara egokituko baitira eta gutxieneko mantentze-lana eskatuko baitute. Bereziki, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Bereziki saihestuko da prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen espezieak erabiltzea. Landatzeko modulu heterogeneoak erabiliko dira zuhaitz- eta zuhaixka-espezieen osaerari dagokionez, eta landareak irregularki jarriko dira, landare-formazioak ahalik eta naturalenak izateko.

    Oro har, kontuan hartuko dira Ihobek egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean eta Espezie apaingarriak hautatzeko gidan jasotako gomendioak eta neurriak.

    Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

    6. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikuntza jasangarriagorako behar diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

    Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    7. Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena exekutatzen den bitartean.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki:

    Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, kontuan hartuz natura-ondareko elementuak daudela, lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan (Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzekoa) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

    Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

    Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

    Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: obra-fasean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, arreta handiz, ezusteko isurketen kaltea saihesteko, bereziki makineriaren mantentze-lanak egiten diren bitartean: Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

    Jabari publiko hidraulikoa babestea: makina eta ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta gehien murriztuko da ibilguaren inguruetan. Saihestuko da ibilguaren inguruetan materialak metatzea eta obra-instalazio osagarriak jartzea.

    Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Halaber, egunez lan egingo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

  5. Ingurumen-jarraipeneko plana.

    Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, aurretiko edo lanen aurreko faserako zein obrak gauzatzeko faserako. Kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, honako hauek aintzat hartuta: kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, helburuak eta maiztasuna.

  6. Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

    Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan izan beharko dira lurraldearen baldintzatzaileak, baita orduko Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko azaroaren 21eko Ebazpenean adierazitako ingurumen-irizpideak ere. Haren bidez, Vitoria-Gasteizko landa-eremuko berdegune eta espazio libreen erabilera arautzeko udal-mugarteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen.

    Besteak beste, nabarmendu behar da espazio natural babestuak kontserbatu behar direla; Itsas-lehorreko Jabari Publikoaren babesa eta haren zirkulazio- eta babes-zortasuna babestu behar direla; arrisku naturalak murriztu behar direla, zehazki uholde-arriskuaren ondoriozkoak; kultura-ondarea egoki babestu behar dela; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabili behar direla; eta lurraldean egindako esku-hartzeak modu egokian integratu behar direla paisaian, kalteak saihestea lehenetsiz konpentsazioaren gainetik.

    Bigarrena. Vitoria-Gasteizko landa-eremuko berdegune eta espazio libreen erabilera arautzeko udal-mugarteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketa onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzea, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 31.

    (Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren titularra ordezteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren d) letran ezarritako araubidea aplikatuz)

    Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

    AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik