Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 24koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Galdakaoko La Cruz 19 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 199
  • Hurrenkera-zk.: 5074
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/08/24
  • Argitaratze-data: 2021/10/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko ekainaren 1ean, Galdakaoko Udalak eskabidea aurkeztu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Galdakaoko La Cruz 19 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Galdakaoko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Galdakaoko La Cruz 19 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Galdakaoko La Cruz 19 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    «CR-19» exekuzio-unitatea (CR-19 EU) Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren zehaztapenen arabera garatu da. Plan hori eremu horretarako idatzi zen, eta 2001eko otsailaren 20an izapidetu eta behin betiko onartu zen. Horrenbestez, dagoeneko eginda daude exekuzio-unitate horretako urbanizazioa eta CR-19 EUren bizitegi-eraikin guztiak.

    CR-19 EUren konpentsazio-proiektuaren arabera (2004an onartu zen behin betiko), exekuzio-unitate horretako 9. lursaila (1.354 m2), 10.a (7.664 m2) eta 11.a (12.318 m2) Galdakaoko Udalari laga zizkioten, toki-sistema gisara. Egun, lehenengo bi lursailak berdeguneak dira, eta 11.a, berriz, lur gaineko aparkalekua, batez beste era guztietako 130 ibilgailuko okupazioa izaten duena. Udalerrian alokairuko etxebizitzen premia dagoela ikusita, Galdakaoko Udalak proposatzen du zuzkidura-bizitokiak sustatzea eremu horretan. Aurreikusitako etxebizitza-erakinak 3.720 m2-ko azalera hartuko du, egun ibilgailu-aparkalekuak okupatzen duen lursailean (11. lursaila), CR-19 EUren ekialdeko muturrean. Horretarako, Hiri Antolamenduko Plan Berezia idatzi beharra dago.

    Hortaz, Planaren helburua da CR-19 EUko egungo toki-sistemen hirigintza-zehaztapenak aldatzea, eremu horretako ekialdean, eta, horrela, aukera izatea 60 zuzkidura-bizitoki, ekipamenduak eta aparkaleku publiko bat eraikitzeko.

    Lehenago adierazi bezala, eraikinak 3.720 m2-ko azalera hartuko du, 11. lursailaren ekialdeko muturrean; izan ere, han egingo da sestra gaineko eraikigarritasun osoa, 1.265 m2-koa solairu bakoitzeko, BS+III profila izango duena, eta, han egitekoak dira, halaber, zuzkidura-bizitokien erabilerak. Eraikinean, erdisotoko solairu bat ere egingo da, 1365 m2ko eraikigarritasunarekin, zuzkidura-bizitokien azpi-azpian. Solairu horrek bizitokiei lotutako erabilera komunitarioak hartuko ditu, bai eta eremuari zerbitzu emango dioten ekipamendu publiko berriak eta zenbait aparkaleku ere.

    Azkenik, bi sotoetan, sestra azpiko 7.440 m2-ko eraikigarritasuna proposatzen da, aparkaleku publiko bat hartuko duena; horren gainean, espazio libre eta berdeguneen egungo antolamenduari eutsiko zaio, egungo aldapa kenduta, eta espazio ordoki berri bat sortuta.

    Etxebizitza-eraikin berriaren orientazioaren bitartez, eguzkialde orekatu bat planteatzen da, iparraldera begira dagoen azalera murriztuz, eta bizitokien antolamendua ekialdera eta mendebaldera orientatuz, erdiko igarobide baten bidez.

    Plana dagokion eraikuntza-proiektuaren eta eraikuntzaren osagarria den urbanizazio-proiektuaren bidez garatuko da.

  2. Proposatutako Planaren Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak modu xehean antolatzen du eremua, hiri-lurzoru finkatua dena. Plana onartu eta gero, urbanizazio-proiektu osagarri baten eta dagokion eraikuntza-proiektuaren bidez garatu beharko da. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua CR-19 exekuzio-unitatea da, 31.350 m2-ko azalera duena, hiri-lur finkatu gisa sailkatua, eta, oro har, bizitegi-erabilerakoa. Planean proposatzen da CR-19 EUren egungo toki-sistemen hirigintza-zehaztapenak aldatzea, 60 etxebizitza, ekipamenduak eta lurpeko aparkaleku publiko bat eraikitzeko. Eraikuntza-erabilera horiek 3.720 m2-ko azalera okupatuko dute, CR-19 EUren ekialdeko muturrean; egun, ibilgailu-aparkaleku bat dago han. Hori guztia bateragarria da Galdakaon indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusitakoarekin. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Lehendik urbanizatuta dagoen lurzoruan egingo da, eta, beraz, ez da antropizatu gabeko beste lurzorurik kontsumituko. Gainera, zenbait neurri ezartzen ditu, ukitutako eremuaren paisaia egokitzeko eta integratzeko jarduketen garapen-proiektuetan aplikatzeko eta planaren ondoriozko jarduketak jasangarriak izateko (argi-inpaktua gutxitzeko, energia-efizientziako eta eskari energetikoa kudeatzeko, uraren eta hondakinen kudeaketa hobetzeko eta planaren eremuaren barneko mugikortasuna hobetzeko).

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunean, ingurumenean, hondakinen kudeaketan eta kutsadura akustikoan indarrean dauden araudiak betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta horien eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren eremua Galdakaoko CR-19 exekuzio-unitatea da, Galdakaoko hirugunearen hegoaldean dagoena, eta 31.350 m2 inguruko azalera du; horietatik, 3.720 m2 okupatuko dituzte Plana garatzeko jarduketek. Hiri-eremu finkatu bat da, bizitegi-erabilerakoa.

      Galdakaoko udalerrian, lehengo UEE enpresa dago, egun Maxam dena, eta Seveso enpresa gisa identifikatzen dena; arrisku kimikoa du, leherketarik gertatuz gero. Enpresa hori azterketa-eremutik 700 metro ingurura dago. Eremua haren esku-hartze eremutik kanpo dago, baina alerta-gunearen barruan.

      Ez da beste ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsurik hauteman: Planaren xede den eremua Galdakaoko hiri-bilbean dagoen lurzoru bat da oso-osorik, eta ez dago natura-interesa duen elementurik. Inguruan ez dago ur-ibilgurik ere, eta, beraz, ez dago uholde-arazorik, ez eta akuiferoak kutsatzeko arriskurik ere.

      Ez da identifikatu euskal kultura-ondareko elementurik.

      Beste zenbait arrisku aztertuta, ikusi da eremuan ez dagoela lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen lurzoru gisa inbentariatutako lursailik.

      Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, jarduketa-eremuan ez dira gainditzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak; gauza bera espero da aurreikusitako hirigintza-garapenerako.

      Ondorioz, inpaktu nabarmenenak, a priori, etxebizitza berrien urbanizazio-lan osagarrien eta eraikuntzaren ondoriozkoak izango dira: hondakinak, soberakinak, istripuzko isurien arriskua eta emisio atmosferikoek eta akustikoek biztanleei eragindako eragozpenak, etab. Horiek guztiak nagusiki bizitegi-erabilerakoa den eremu batean gertatuko dira.

      Ustiapen-fasean ere ez da eragin esanguratsurik aurreikusten proposatutako bizitegi-erabilera berriaren eraginez.

      Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Galdakaoko La Cruz 19 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriak

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, ibilgailuen joan-etorrietan eta obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea.

      Planak proposatutako jarduketen ondoriozko obrak gauzatzeak erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gidan aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozketa-lanak, obra-sarbideak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne. Inguru iragazgaiztuetan kokatuko dira horiek guztiak.

      Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

      Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea, jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-jardueren trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek). Ontziok itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Hondeaketa Planak, besteak beste, hondeatu beharreko materialak egoki kudeatzeko modua jaso beharko du.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean bildutako dokumentazioan proposatutakoarekin bat etorriz, proposatzen den hirigintza-garapenak zeharkatuko duen arroaren drainatzea gehiegi ez eraldatzeko, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezarri beharko dira.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Galdakaoko La Cruz 19 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Galdakaoko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Galdakaoko La Cruz 19. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 24a.

      (Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren titularra ordezteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren d apartatuan ezarritako araubidea aplikatuz).

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik