Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 29koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko HAPOaren 3.1/1-3.1/2 esparruko Kuartelen etxadia 7. plan bereziaren 5. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 199
  • Hurrenkera-zk.: 5073
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/07/29
  • Argitaratze-data: 2021/10/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko ekainaren 22an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskaera egin zion ingurumen-organo honi, Vitoria-Gasteizko HAPOaren 3.1/1-3.1/2 esparruko Kuartelen etxadia 7. plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) 5. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituzten, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, kontsulta-izapidea egin zitzaien administrazio publikoei eta interesdunei, eta jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira. Era berean, izapidea hasi zela jakinarazi zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Vitoria-Gasteizko HAPOaren 3.1/1-3.1/2 esparruko Kuartelen etxadia 7. plan bereziaren 5. aldaketa. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko HAPOaren 3.1/1-3.1/2 esparruko Kuartelen etxadia 7. plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) 5. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Kuartelen etxadia 7. plan bereziak Vitoria-Gasteizko HAPOaren 3.1/1-3.1/2 eremuari eragiten dio, baina, bosgarren aldaketa horrek, egiazki, plan bereziaren esparruko lurzati bati bakarrik eragiten dio; zehazki, «2. eraikin berria» lurzatiari, zeina 1993an eraikitako Arabako Lurralde Historikoko Artxiboaren egungo eraikinari baitagokio.

    Indarrean dagoen HAPOak Artxiboko lurzatia hiri-lurzati finkatu gisa sailkatzen du, komunitate-ekipamenduaren kalifikazio orokorrarekin, eta baimendutako erabilera bakartzat hartzen du «Lurralde Historikoko Artxiboa». Plan bereziaren 5. aldaketa hori bat dator Arabako Foru Aldundiak Artxiboaren eraikinaren barne-erreforma partziala egiteko duen beharrarekin, kalifikazio horren barruan baimendutako erabilerak aldatzeko, eta, horrela, haren unibertsitate-inguruko eraikinetan baimenduta dauden ekipamendu-erabilera xehatuetara zabaltzeko:

    Kultura eta elkarteak.

    Hezkuntza.

    Aurrekoen osagarriak.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak ez du lurzoruaren xedea aldatzen. Hari lotutako erabilerak baino ez ditu aldatzen, eta, beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko kontsiderazioak integratzeko. Ez dakar lurzoru berririk okupatzea, eta eraikina birmoldatzeak energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzea eragingo du.

      4. Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Ingurumen-inpaktu nagusia eraikina birmoldatzeko egingo diren jarduketekin lotuta dago: hondakinak sortzea eta atmosferaren kutsadura areagotzea dakarten jarduketak, dela partikulen emisioagatik, dela soinu-mailak handitzeagatik.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren esparrua hiri-lurzoru finkatua da, eta guztiz urbanizatuta dago; han ez dago kalteak jasan ditzakeen fauna edo flora interesgarririk, ezta gune babesturik edo Batasunaren intereseko habitatik ere.

      Hala, bada, ingurumen-efektuen ezaugarriak eta planak ukitutako eremuarenak kontuan hartuta, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-efektu adierazgarririk, baldin eta ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez, besteak beste.

    3. Neurri babesleak eta zuzentzaileak honako hauen arabera gauzatuko dira: indarreko araudia, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko txosten hau, eta, aurrekoari aurka egin gabe, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoa. Planarekin lotutako proiektuak gauzatzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

      Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Lurrak eta soberakinak kudeatzea: Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko da biltegia.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

      Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Lurzoruaren okupazioa murriztea.

      Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur gris gutxiago sortzea.

      Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta haien mugikortasuna hobetzea.

      Barneko airearen kalitatea hobetzea.

      Konforta eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehazten da ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak ez ezik sustatzaileak proposatutakoak ere hartzen badira betiere ez badira aurrekoen aurkakoak, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko HAPOaren 3.1/1-3.1/2 esparruko Kuartelen etxadia 7. plan bereziaren 5. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Vitoria-Gasteizko HAPOaren 3.1/1-3.1/2 esparruko Kuartelen etxadia 7. plan bereziaren 5. aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 29a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik