Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 16koa, Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, ondoren zehaztutako proiektuak ukitutako zenbait finka okupatu aurretiko aktak jasotzeko deialdia egiteko dena: «Ormaiztegi TA-Abadiño TA 1 eta 2 zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko aireko linea elektrikoa berritzea», Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara, Elgeta eta Legazpiko udalerrietan (Gipuzkoa) eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia). Erref.: AT-Y-2018-163.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 61
  • Hurrenkera-zk.: 1823
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/03/16
  • Argitaratze-data: 2021/03/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2020ko azaroaren 16ko Ebazpenaren bidez, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk eskatuta, instalazioa baimendu, egikaritze-proiektua onartu eta onura publikoaren deklarazioa eman zen Ormaiztegi TA-Abadiño TA 1 eta 2 132kV-ko eta zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa berritzeko, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara, Elgeta eta Legazpiko udalerrietan (Gipuzkoa) eta Elorrio eta Abadiñoko udalerrietan (Bizkaia).

Deklarazio horrek, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeko 56. artikuluan (2013-12-27ko BOE) xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta ukitutako eskubideak hartu behar izatea eta okupazioa, gainera, presaz egin behar izatea. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro ondorioekin.

Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak erabaki du, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan xedatutakoa betetzearren, dei egitea ukitutako ondasun eta eskubideen titular eta jabeei eta batzar lekutzat jartzea Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Urretxu, Antzuola, Bergara, Elgeta eta Legazpiko (Gipuzkoa) udaletxeak, hain justu ere aipatu ondasunak okupatu aurretiko aktak jasotzeko, eta bidezko bada behin betiko okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, den lekura bertara joan daiteke.

Eragina jasango duten ondasunetan edozein eratako eskubideak edo interesak dituzten pertsona titularrak, eta horretan bestelako interesik duten gainerako pertsona guztiak ere joan daitezke bilerara, bai zuzenean, eurak joanda, bai zeharka, euren ordez dagokion baimenarekin besteren bat bidalita; era batera zein bestera, titulartasuna egiaztatzeko agiriak eraman beharko dituzte, baita kontribuzioaren azken ordainagiria ere. Hala nahi izanez gero, peritu edo notario batek lagunduta ere joan daitezke.

Okupazioa egin aurreko aktak 2021eko maiatzaren 3, 4, 5, 6, eta 7an egingo dira; dena dela, titularrei jakinaraziko zaie, horretarako zitazio-zedula bidalita, aktak zein lekutan, zein egunetan eta zein ordutan egingo diren. Horrez gain, egin beharreko gainerako argitalpenak ere egingo dira, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluari jarraituz.

Desjabetzeko espedientean, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak onuradun izaera hartuko du.

Era berean, argitaratutako zerrenda horretan agian agertzen ez direla-eta, eskubide erreal zein interes ekonomikoen titularrek eta horretan bestelako interesik duten gainerako pertsonek egoki iritzitako alegazio guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, eragina jasango duten ondasun eta eskubideen zerrenda horretan egon litezkeen okerrak zuzentzearren, horretarako bakarrik. Alegazio horiek idatziz aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan (Easo kalea 10, Donostia 20006), eta hori egiteko epea aurretiko aktak egiteko egunean amaituko da. Hori guztiori halaxe da Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Donostia, 2021eko martxoaren 16a.

Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,

AGUSTÍN AROSTEGI ARTETXE.

(Ikus .PDF)