Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Aguraingo «Opakua herria» 43. HIEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 60
  • Hurrenkera-zk.: 1775
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/02/26
  • Argitaratze-data: 2021/03/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko irailaren 16an, Aguraingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Aguraingo «Opakua herria» 43. HIEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko azaroaren 26an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Aguraingo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Aguraingo «Opakua herria» 43. HIEren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta, oro har, aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Aguraingo «Opakua herria» 43. HIEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Aguraingo HAPOko «Opakua herria» 43. HIE udalerriaren hego-ekialdeko muturrean dago, eta eraikinak eta okupazio-maila desberdinak dituzten lursailez osatua dago. Erabilera nagusia bizitegi-erabilera da, eta nekazaritza-ustiategiak, baratzeak eta larreak ere baditu.

    Indarrean dagoen plangintzak 45.804 m2-ko azalera ezartzen du, baina hego-mendebaldeko mugaketa egokitu ondoren, 46.281,00 m2-ko azalera ezarri da. HAPOk planteatzen du bizitegi-erabilera esklusiboko familia bakarreko etxebizitzak eta nekazaritza-ustiategi erabileraren baterakotasunari eustea, eraiki gabeko lurzatiak jalkinez betez eta eremuaren eraikigarritasuna 25.006 m2 (t) -tan ezarriz; era berean, ezarri beharreko gehieneko etxebizitza kopuruak ezin izango du gainditu Plan Berezia behin betiko onartzean bertan agertzen den etxebizitzen kopurua.

    Eremu horretako lurzoruak, nagusiki, hiri-lurzoru finkatu gisa eta eraikigarritasuna handitzearen ondoriozko hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta daude HAPOn.

    Planaren helburu nagusia «Opakua herria» 43. HIEren garapen integrala da, hau da, eremurako proposatutako hirigintza-garapen berrien antolamenduaren ezaugarri espezifikoak definitzea, HAPOn adierazitako oinarrizko helburuak betez. Besteak beste, honako helburu hauek beteko dira:

    Hirigunearen hiri-trazadura antolatzea.

    Lehendik dauden eraikinak gehitzea.

    Planak honako irizpide hauen bidez garatzen ditu helburu horiek:

    Bizitegi-erabilera finkatu da; horretarako:

    Bere horretan uzten ditu lehendik dauden etxebizitzak, eta gaur egun nekazaritza-jarduerari lotutako biltegiak etxebizitza bihurtzeko aukera ematen du.

    Etxebizitza berriak egiteko aukera ematen du; gehienez ere bi etxebizitza lurzati bakoitzeko.

    Etxebizitza berriak 29 izango dira gehienez, eta eraikuntzaren gehieneko okupazioa % 50ekoa izango da, sestra gainean eta azpian.

    Eraikuntza-profil homogeneoa ezarri da. Eraikigarritasuna baimendutako gehieneko lerrokadurek eta baimendutako gehieneko profilak ezartzen dute. Bizitegi-eraikinetarako profil orokorra honako hau izango da: beheko solairua + goiko solairua + sotoa (II/I). Eraikinaren gehieneko altuera 6,00 metrokoa izango da, teilatu-hegalera edo erlaitzera arte, sestra-kotatik neurtuta.

    Lehendik dagoen bide-sistema finkatu eta gaur egun zoladurarik eta/edo zerbitzurik ez duten tokiko komunikazio-sistemak hobetu dira; laburbilduz, komunikazio-bideen trazadura eta dagoen aparkalekua antolatu dira.

    Erabilera publikoko espazioak ezarri dira.

    Komunitate-ekipamendurako lurzatiak erreserbatu dira (kontzeju-etxea, garbitegia eta Jasokundearen eliza).

    Zonakatze xehatua ezarri da, honako kategoria hauek barne hartzen dituena: garapen txikiko bizitegi-lurzatiak, foru-sareko errepideak, hiri-bideak, espazio libreak eta ekipamendua.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen zehazteko asmoz.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten dien planak beste plan edo programa batzuei, baita hierarkizatuta daudenei ere: planak ez du aldatzen lurzoruaren erabilera, bizitegi-erabilerari eusten baitio. Hiri-trazadura antolatzen du, erabilera publikoko espazioak ezartzen ditu, lurzatien eraikigarritasuna handitzen du, eraikuntza-profil homogeneoa ezartzen du eta zoladura eta oinezkoentzako espazioak hobetzen ditu, hiri-lurzoru finkatuan eta eraikigarritasuna handitzearen ondoriozko hiri-lurzoru finkatugabean. Jarduketak urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez egingo dira, eta zuzkidura publikoak obra-proiektuen bidez; beraz, ondorioztatzen da ez duela eragin esanguratsurik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: plana egokia da, garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Ez da lurzoru berririk okupatuko; batez ere belardi, lorategi eta baratzez inguratuta dauden etxebizitza isolatuek okupatzen duten hiri-lurzoruaren eraikigarritasuna handituko baita. Eraikin berrien eraikuntzak nabarmen lagunduko du energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzen. Hiri-trazadura eta oinezkoentzako espazioak hobetzeak hiriguneko mugikortasun jasangarria erraztuko du.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den eremua hiri-lurzoru finkatua eta eraikigarritasuna handitzearen ondoriozko hiri-lurzoru finkatugabea da. Aguraingo udal-mugartearen hego-ekialdean dago, eta belardiz eta baratzez inguratutako familia bakarreko bizitegi-eraikinak eta nekazaritza-erabilerako eraikinak ditu.

      Testuinguru horretan, Planaren garapenetik eratortzen diren jarduketek (zehazki, urbanizazio-lanek, oinezkoentzako espazioen urbanizazio-lanek eta etxebizitza berrien eraikuntzak), honako hauek ekarriko dituzte: obren fasean, lurzorua okupatzea, gaur egun dagoen landaredia kentzea belardiak eta baratzeak dira nagusi, soberakinak sortzen dituzten lur-mugimenduak, eraikinak eraitsi eta kentzea. Ondorioz, hondakinak sortuko dira, ustekabeko isurketak gertatzeko arriskua egongo da eta obrek uren kalitatean eragina izan dezakete. Hortaz, biztanlerian eragozpenak sor ditzakete jarduketek: laneko makinen joan-etorriak, emisio atmosferikoak, zarata, dardarizoak, etab.

      Babes- eta zuzenketa-neurri egokiak aplikatzen badira, ez du kultura-ondarean eragingo; zehazki, ustezko zona arkeologikoan eta eraikitako ondarearen gainerako elementu interesgarrietan.

      Zaratari dagokionez, azterlan akustikoaren arabera, etorkizunean (20 urtera) bete egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak dauden fatxadetara iristen den zaratari buruz ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH), eguneko aldi guztietan. Gainera, azterlanaren ondorioen arabera, jarduketa-eremuetan, integratuetan zein isolatuetan, 2 metrora dagoen zarataren mapa aztertzen bada, A-2128 errepidetik gertu zerrenda bat dago, eta bertan ez dira beteko eraikin berrietarako ezarritako KAHak. Beraz, ezingo da eraikin sentikorrik eraiki zerrenda horretan, salbu eta babes akustiko bereziko zonatzat jotzen badira.

      Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Aguraingo «Opakua herria» 43. HIEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira Planean.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Planeko proiektuak egikaritzeko hartu beharko diren beste neurri batzuk:

      Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluaren arabera, ustezko zona arkeologikoan (Jasokundeko Andre Mariaren eliza) obrak egin behar badira, sustatzaileak orubearen edo eraikinaren balio arkeologikoari eta obra-proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko azterlan bat aurkeztu beharko du, hirigintza-lizentzia eman aurretik. Hala badagokio, Arabako Foru Aldundiak zehaztuko du ea proiektu arkeologikoa beharrezkoa den edo ez, eta, hori guztia ikusirik, obra-lizentziaren aurreko baimena emango du.

      Eraikitako ondarearen gainerako elementu interesgarrien inguruan esku hartuz gero (garbitegia, Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Opakuako bolalekua eta, hirigunetik 75 metrora, Opakuako Iturri Zaharra edo Mairuaren Iturria), esku-hartze horiek behar bezala zedarritu eta seinaleztatu beharko dira, eta, nolanahi ere, maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko da.

      Natura-ondarea eta azaleko urak babestera bideratutako neurriak.

      Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak obra-etxolak, obra-materialak biltzeko eremuak eta landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako zuhaitzei eragitea saihestuko da.

      Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

      Landare- eta lore-estaldura leheneratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Espazio libreak espezie autoktonoekin landareztatu beharko dira, zuhaizti txikiak eta heskaiak osatuz, ahalik eta naturalizatuenak gera daitezen. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

      Uren kalitateari buruzko neurriak:

      Urbanizazio- eta obra-proiektuetan, Okariz ibaira ahalik eta solido gutxien eramateko neurriak ezarriko dira, bereziki lur-mugimenduetan.

      Zaratari buruzko neurriak:

      Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, gogorarazi nahi da, behar diren neurriak ezarri beharko direla kanpoko ingurunean, lurzorutik 2 metrora, kalitate akustikoaren helburuak lortzeko; hala, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, ezin izango dira etorkizuneko hirigintza-garapenak gauzatu kanpoko inguruneko KAHak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Bestalde, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira:

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, hondakinak behar bezala kudeatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak ahalik eta gutxien kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak murriztea.

      Espezie inbaditzaileak kontrolatzea: obrak egin bitartean espezie inbaditzaileak ez barreiatzeko neurriak ezarriko dira. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik ez sartzeko mugitutako eta landaredirik gabeko lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa, eta abar). Landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko dira. Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurraren kudeaketa bereizia proposatuko da.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan jasotakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Errege-dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

      Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

      Aguraingo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.).

      Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

      Kamioiek obran sartu eta obratik irteteko erabili beharreko bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Aguraingo «Opakua herria» 43. HIEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Aguraingo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Aguraingo «Opakua herria» 43. HIEren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 26a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik