Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oiartzungo Lanbarreneko 1B eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 40
  • Hurrenkera-zk.: 1058
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/02/01
  • Argitaratze-data: 2021/02/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko urriaren 22an, Oiartzungo Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoan, Oiartzungo Lanbarreneko 1B eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, Oiartzungo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Oiartzungo Lanbarreneko 1B eremuaren hiri-antolamenduko plan berezia (aurrerantzean, plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Oiartzungo Lanbarreneko 1B eremuari dagokion hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Indarrean dagoen Oiartzungo HAPOa 2015ean onetsi zen behin betiko, eta LAN-1B eremua eratzen zuen 15.147 m2-ko azalera, guztira, bi lurzatitan banatuta: bat, pribatua, 3.821 m2-koa, hotel-erabilerarako, eta bestea, publikoa, 11.326 m2-koa, kirol-ekipamendu komunitariorako.

    Eremuaren hirigintza-antolamendua indarrean egon den aldian, lurzati tertziarioa ez da garatu, baina egon da eskaria, ordea, industria-erabilerako lurzoruari dagokionez. Egungo beharrak aintzat hartuta, Planaren helburua da eremuaren zati baten kalifikazioa aldatzea eta, hala, esleitutako eraikigarritasun osoa industria-jardueretara bideratzea.

    Planak industria-erabilerarako 6.000 m2-ko azalera bideratzea aurreikusten du, bi lurzati independentetan banatuta, 3.000 m2-koa bakoitza; horiei 1.520 m2(t) eta 1.500 m2(t)-ko sestra gaineko eraikigarritasuna esleitzen zaie, hurrenez hurren.

    Eremuaren eraikigarritasun osoa murriztu egiten da, eta hotel-erabilerako 4.250 m2(t)-tik jarduera ekonomikoetarako 3.020 m2(t)-ra aldatzen da.

    Lanbarreneko LAN-1B eremuaren gainerako azalera ekipamendu kolektibo gisa mantentzen da, eta erabilera horri esleitutako lurzatiaren azalera murriztu egiten da, 11.326 m2-tik 8.996,14 m2-ra. Planak ez du lurzati horren antolamendu xehatua aurreikusten; Oiartzungo Udalak eraikitzeko baldintzak betetzen direla erabakitzen duenean egingo da.

    Zerbitzu-sareak, saneamendu-hodiak barne, dagoeneko eraikita dagoen Lanbarreneko poligonoko gainerakoekin konektatzen dira.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen edo ez erabakitzeko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak aldatu egiten du hiri-lurzoru finkatugabearen antolamendu xehatua, eta gaur egun hotel-erabilera duen lurzati bat jarduera ekonomikoetara bideratzen du. Planak berariaz baztertzen du eremuan proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian aipatzen diren kategorietako bateko proiektuak ezartzea.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planak hiri-lurzoru finkatugabearen antolamendu xehatua garatzen du, aktibo dagoen industrialdean txertatuta. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak direla eta, ez da hauteman sektore- zein lurralde-antolamendu konkurrentearekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia da ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Ez dakar lurzoru berririk okupatzea, hiri-lurzoruan eragiten baitu. Eraikin berrien eraikuntzak nabarmen lagunduko du energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzen. Hori horrela, Planak Oiartzungo hiri-antolamenduko plan orokorraren «Ingurumen-jasangarritasunaren txostena» agirian zehaztutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak jaso ditu.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, Lanbarren industrialdean. Mugakide du, iparraldean eta ekialdean, La Rosaleda kanpina; mendebaldean, GI-3632 errepidea, Azur ur-ibilgua, zeina kanalizatuta baitago, eta, hegoaldean, Mugarriegi kalea. Lanbarren poligonoan oraindik okupatu gabe dauden lurzati gutxietako bat da.

      Eremua ez dago legeriak babestutako ezein eremutan. Babestutako fauna edo flora espezierik ere ez da hauteman, ezta interes geologikoko lekurik, paisaia bikainik, EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik eta kalifikatutako edo inbentarioan jasotako kultura-ondareko elementurik ere.

      Eremuaren zati handi bat belarkarez eta lahardiz beteta dago. Industria-erabilerako eremuaren zati bat agregakin oso trinkotuaren geruza batez estalita dago, eta zoladura asfaltikoaren hondarrak ditu. Estaldura hori, ziurrenik, GI-636 errepidea eraikitzean eremua gune logistiko gisa erabili zenean jarri zen.

      Planaren eremua Azur errekastoaren eskuinaldean dago ur-ibilgu horretan esku hartu da, eta ez da uholde-arriskurik eragiten. Guneak akuiferoen kutsadurarako duen kalteberatasuna oso baxua da, eta eremua ez dator bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan ditzaketen lurzoruen inbentarioan jasotzen den batekin ere.

      Espedienteari gehitu zaion inpaktu akustikoari buruzko azterlanak dakarrenaren arabera, honako hau ondorioztatzen da: Oiartzun udal-mugartean (Gipuzkoa) dagoen Lanbarreneko LAN 1B lurzatiaren Plan Bereziak beteko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoko Kutsadura Akustikoari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) I. eranskineko 1. ataleko A taulan ezartzen diren kalitate akustikoaren helburuak, hala gaur egun nola 20 urte barru.

      Ingurumen-arazo nagusiak obrak gauzatzeko fasean gerta litezke: zarata, hauts- eta partikula-emisioak, lur-mugimenduen ondorioz indusketa-hondakinak eta -soberakinak sortzea. Nolanahi ere, ondorioetako bat ere ezingo litzateke esanguratsutzat jo.

      Eremuan ezarriko diren industria-jardueren funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak, a priori, zarata eta emisio atmosferikoak lirateke; haiek kanpineko erabiltzaileengan izango lukete eragina.

      Ingurumen-ondorioak baloratzeko, indarrean dagoen udalerri-plangintzan aurreikusitako egoera hartuko da erreferentzia gisa. Zentzu horretan, Planean jasotako jarduketek ez dute handitzen izan litezkeen ondorioen larritasuna; hau da, Oiartzunen indarrean dagoen HAPOan eremurako aurreikusitakoarekin bat datoz.

      Horrenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Oiartzungo Lanbarreneko LAN-1B eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Planetik eratorritako proiektuak egikaritzeko hartu beharko diren beste neurri batzuk:

      Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartuko dira jardueren garapenak eraginik izan ez dezan Planaren eremutik hurbil dauden ibilguetan.

      Kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, presiozko ura, erratz-makinak edo, hala badagokio, dekantazio-putzura konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

      Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Oiartzungo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Industria-erabilera duten lurzatietan finkatuko diren jarduerek emisio-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012) 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

      Lorategi-jarduketetan, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      1. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gidan (industria-eraikinak)» jasotako gomendioak. (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

        Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

        Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

        Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

        Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

        Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Oiartzungo Lanbarreneko LAN-1B eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

        Hirugarrena. Oiartzungo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

        Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Oiartzungo Lanbarreneko LAN-1B eremuaren hiri-antolamenduko plan berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 1a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik