Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko HAPOren erabilera tertzioari buruzko arau partikularretan asistentzia-erabileraren bateragarritasuna arautzeko egindako aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 28
  • Hurrenkera-zk.: 707
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/01/25
  • Argitaratze-data: 2021/02/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko uztailaren 19an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Vitoria-Gasteizko HAPOren erabilera tertzioari buruzko arau partikularretan asistentzia-erabileraren bateragarritasuna arautzeko egindako aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zuen (aurrerantzean, Plana), Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Vitoria-Gasteizko Udalak Plana jendaurrean jarri zuen, haren ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez (2019ko martxoaren 23ko Arabako Aldizkari Ofiziala, 123. zk.), eraginpekoek egoki iritzitako alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Vitoria-Gasteizko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2020ko abenduaren 2an, Vitoria-Gasteizko Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu ziren: Vitoria-Gasteizko HAPOren erabilera tertzioari buruzko arau partikularretan asistentzia-erabileraren bateragarritasuna arautzeko egindako aldaketa behin-behinean onartzeko dokumentua; haren ingurumen-azterketa estrategikoa, eta jendaurrean jartzeko eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia emateko izapide horiek azaltzen dituzten hainbat dokumentu.

Vitoria-Gasteizko Udalak ohartarazten duenez, alegazio bat eta zenbait txosten jaso dituzte, administrazio-espedientean jasotako emaitza eta edukiarekin; gainera, alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idaztean.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea exijitzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, aipatu legearen I. eranskineko A. apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, baldin eta ebaluatu beharreko plan horiek ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Vitoria-Gasteizko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Vitoria-Gasteizko HAPOren erabilera tertzioari buruzko arau partikularretan asistentzia-erabileraren bateragarritasuna arautzeko egindako aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, irismen-dokumentuan azaltzen diren baldintzak barne, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrarekin, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorriz). Halaber, adierazpenak ingurumen-alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du, eta Planak ingurumenean izango dituen eragin esanguratsuen aurreikuspenari buruzko iritzia ematen, azkenean onartzen den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako.

Honako hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak, eta honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko HAPOren erabilera tertziarioari buruzko arau partikularretan asistentzia-erabileraren bateragarritasuna arautzeko egindako aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, Plana), honako baldintza hauen arabera:

  1. Planaren xedea da aldaketa bat sartzea Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean araututako hirugarren sektoreko erabileraren erregulazioan. Zehazki, hirugarren adinekoentzako egoitza pribatuak edo beste helburu asistentzial batzuk dituztenak eraikitzen laguntzea da, hirigintzaren aldetik hirugarren sektoreko erabilerarako erreserbatutako lurzatietan (merkataritza, bulegoak eta bankuak edo ostalaritza).

    Gaur egun, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) asistentzia-erabilera bakar bat baimentzen du lursail horietarako: hirugarren adinekoentzako egoitzak, Administrazio Publikoaren menpekoak, eta honako honekin ordeztu nahi da hori:

  1. Asistentzia-zerbitzuen multzo handiago bat ahalbidetuko da (Plan Orokorrean erregulatutako edozein).

  2. Mendekotasunaren ordez, administrazio eskudunaren homologazioa.

    Proposatutako aldaketa hiri urbanizagarri edo urbanizaezinean aplikatuko litzateke, eta eragina izango luke etorkizunean erabilera tertziarioko lursail gisa kalifika daitezkeen edo jada kalifikazio hori duten lursailetan. Planaren eremuak Vitoria-Gasteizko 69 lursaili eragiten die; tertziario gisa kalifikatutako lursailak dira; guztira, 497.413 m2.

    Honako hauek izango dira aldaketarekin lotutako jarduerak: eraikinak eraikitzea egoitza-zerbitzu asistentzialak emateko (hala nola hirugarren adinekoentzako egoitzak edo gaixoentzako edo disfuntzionalitateren baten biktimentzako egoitzak edo ikasleentzat, edo kirolarientzat edo antzekoentzat), inongo administrazio publikoren mende egon beharrik gabe, eta nahikoa izango da administrazio eskudunak homologatuta egotea; horretarako, obretarako udal-lizentzia eman ahal izango da zuzenean, dagokion jarduera-lizentzia izan ondoren.

    Etorkizunean kalifikatu litezkeen lurzatietan, lurzati horiek dauden eremua aldez aurretik urbanizatu beharko da, orube bihurtu eta bertan eraiki ahal izateko.

    Lursail gehienak bizitegi-bilbe finkatuan sartuta daude, hiriaren barruan; zehazki, 69 lursailetatik 58.

    3 lurzati daude Salburuako KBE-HBBEtik eta haren babes-eremu periferikotik kanpo finkatutako bizitegi-bilbearen ingurune periferikoan; landa-izaera duten toki-erakunde txikiak dira. Bestalde, gainerako 8 lursailak Salburuako KBE-HBBEaren babes-zona periferikoan daude kokatuta.

    Hirugarren sektorekotzat kalifikatutako lurzatietako hiru uholde-arriskugunean daude: Astegikoa (Eroski supermerkatu zaharra, gaur egun abandonatuta dagoena), Gamarran garatzeke dagoena eta Salburuako 15. sektoreko E3 kokagunea. Dokumentazioan adierazten denez, aldaketa horrek ez du eraginik izango lursail horietan, uholde-arriskuak eragozten dituelako bizitegi-erabilerak.

    Aldaketaren xede diren partzela guztiak jabari antropogenikoko hiri-paisaia batean sartuta daude. Ingurune hurbilean lehorreko nekazaritza-paisaia da, ibaien eremuan. Okupatu gabe dauden lursailetan ez da intereseko landaredirik hauteman, eta kutsatuta egon daitekeen lurzorurik ere ez. Era, berean, eremuan ez da katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondareko elementurik hauteman.

  1. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko uztailaren 19ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

    Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  2. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman berdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  3. Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira.

  4. Ingurumen-jarraipenaren plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea Vitoria-Gasteizko HAPOren erabilera tertziarioari buruzko arau partikularretan asistentzia-erabileraren bateragarritasuna arautzeko egindako aldaketa paisaia-zehaztapenei dagokiena onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den Ingurumen Adierazpen Estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 25a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik