Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Tolosako Zubizarreta 15.2 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 34
  • Hurrenkera-zk.: 871
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/01/20
  • Argitaratze-data: 2021/02/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko abenduaren 23an, Tolosako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Tolosako Zubizarreta 15.2 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Tolosako Zubizarreta 15.2 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Tolosako Zubizarreta 15.2 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    2009ko martxoaren 3an onartu zen indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak «15.2 Zubizarreta» (azpi)eremuko «15. Bidebieta Izaskun Iparraguirre Kondeaneko Aldapa (Bakoitiak)» eremuko zehaztapenak ezartzen ditu. Plan horrek azpieremu horretarako aprobetxamendu posiblea ezartzen zuen, garaje eta erabilera osagarrietarako hiru sotoetan eta hirugarren sektoreko erabileretarako beheko solairuan.

    Plan Berezi honen xedea da Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean «Zubizarreta» 15.2 azpieremuaren barruan dauden lurzatietarako ezarritako antolamendu xehatua aldatzea, higiezinen garapena ahalbidetzeko, aprobetxamendua handitu gabe. Zehazki, sotoko solairu bat garajeetarako erabili nahi da, baina lur gaineko aparkalekurako eremua lurpean okupatuta. Halaber, erabilerak ere antolatzen ditu aprobetxamendua handitu gabe. Beraz, aurreikusitako antolamendua eta Plan Orokorrarena ia berdinak dira, lerrokadura eta mugaketek bakarrik izango dituzte aldaketa txiki batzuk.

    Eremuaren barruan bi lurzati pribatu daude: 7576648 eta 7575067. Lehenago, lursail horietan, harrobi bat (gaur egun lur gaineko aparkalekua da), eta Iturriotz baserriko nekazaritza-ustiategiaren lurzatia zeuden (baserria bera, ukuiluak eta berotegiak), Apattaerreka kalearen inguruan. Lursail horiek hiri-lurzoru finkatugabeak dira urbanizazioaren gabeziagatik eta urritasunagatik, eta 4.578,86 m2-ko azalera hartzen dute. Eremua Oria ibaiaren eskuinaldean dago, Ibarratik Leabururako GI-3212 errepidearen eta Zubizarreta baserriaren ondoan zegoen harrobi zaharraren artean, hain zuzen ere.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak hirigintza-antolamendu xehatua zehazten du. Plana onartu ondoren, azpieremu osorako eraikuntza-proiektua egin beharko da, urbanizazio-obra osagarriak barnean hartuta. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planak lurzatiaren antolamendu xehatua aldatzen du bateragarritasun- irizpideen arabera, Tolosan indarrean den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean xedatzen diren irizpideekin bat etorrita. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak direla eta, ez da bateraezintasunik batere hauteman planaren eta sektore- zein lurralde-antolamenduen artean.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ez da hauteman Plana gauzatzeak eragin ditzakeen ingurumen-arazo esanguratsurik; ingurumen-inpaktuen balorazioa egiteko, indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoera hartu beharko da kontuan. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagotzea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

      5. Ingurumenaren arloan, Plana egokia den ala ez Batasuneko edo Estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planak antolatutako eremua hiri-eremu finkatugabea da, eta bertan dagoen flora erruderal nitrofilo motako landaredia da. Eremuaren hegoaldean harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa daude. Eremua Zelaia ibaiaren (Oriaren adarra), bai Apattaerreka errekaren (Zelaiaren adarra) ibilguak zaintzeko eremuan dago.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua akuiferoentzako urrakortasun handiko eremua da, eta eremuaren iparraldeko muturra 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago.

      Inguruan dauden zarata-foku nagusiak Idoiaga kalea, San Blas auzoa, Otarreaga kalea, Apaiz Erreka auzoa eta A-1 autobia dira. Zarata-maparen arabera, planaren xedeko eremuan gainditu egiten dira kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak.

      Planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak urbanizazioaren obra-fasearekin eta etxebizitza berrien eraikuntzarekin lotutakoak dira: hondakinak, eraispen-hondakinak, soberakinak, istripuzko isurien arriskua eta emisio atmosferikoek eta akustikoek eragindako eragozpenak, eta abar; baina, horiek guztiak nagusiki bizitegietarako den hiri-inguruko eremu batean gertatuko dira.

      Hori guztia kontuan hartuta, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen prebenitzeko, babesteko eta zuzentzeko neurriak eta aurrerago zehazten diren neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Tolosako Zubizarreta 15.2 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

    1. Uholde-arrisku horri dagokionez, Planak kontuan izan behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa. Zehazki, Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan eta Lurraldearen Arloko Planaren E.2.2 eta E.2.5 apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, betiere alde batera utzi gabe eskumena duen administrazio hidraulikoak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan jasotako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

    2. Jabari publiko hidraulikoa babesteari dagokionez, EAEko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean indarrean dauden irizpideak bete beharko dira, Apattaerreka errekatik proiektatutako eraikin berrien atzerapenetan.

    3. Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea) uholde-eremuen eraginpeko lekuetan.

      Ibilguaren ondoko lanek libre utzi beharko dute jabari hidrauliko publikoaren zortasun-eremua. Halaber, lur eta material pilaketak, behin-behineko sarbideak eta bideak, makinen aparkalekuak, etab. Appattaerreka errekatik urrun egon beharko dira, eta inola ere ez ibaiaren bost metroko zortasun-eremuaren barnean.

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, indusketatik datozen hondakinak barne.

      Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

      Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Tolosako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Jarduera-eremuan hautemandako flora aloktono inbaditzailea guztiz kenduko da (Buddleja davidii eta Cortaderia selloana). Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

      Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Tolosako Zubizarreta 15.2 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Tolosako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Tolosako Zubizarreta 15.2 azpiermuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 20a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik