Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuaren Hiri-Antolamenduko Plan Bereziari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 41
  • Hurrenkera-zk.: 1091
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/01/19
  • Argitaratze-data: 2021/02/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko urriaren 14an, Elorrioko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoan, Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuari dagokion hiri-antolamenduko plan bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko azaroaren 18an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Elorrioko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuari dagokion hiri-antolamenduko plan berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuari dagokion hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Ebaluazioaren xede den eremua «Hiri-lurzoru finkatu gabe» gisa sailkatuta dago Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera.

    Planaren helburua A-3.2 Montorra eremuaren antolamendu xehatua egitea da. Eremu horrek 47.714 m2-ko azalera du, eta, horrela, Elorrioko HAPOren araudia betetzen da eremu zehatz horri dagokionez.

    Planean jasotako proposamenak eta jarduketak hauek dira:

    Bizitegi-eremuaren antolamendua, HAPOren aurreikuspenen arabera, nagusiki bloke irekiko tipologiakoa izanik. Eraikuntza-profil desberdineko 140 etxebizitza proposatu dira, sotoan edo erdi-sotoan garaje pribatua dutela eta azaleraren ehuneko jakin bat hirugarren sektoreko erabileretarako edo bizitegi-erabilerarekin bateragarriak diren ekipamenduetarako gordeta.

    Parke handi bat sortzea, ibaiak eragin ditzakeen uraldietatik babesteko osagarri gisa balio dezan. Aisialdirako eta paseorako espazio gisa diseinatu da, bide batez, eremuaren barne-komunikazioa sortu, dauden erreka-ibilguei (Zumelegi eta Toloto) balioa emanda eta Elorrioko hirigunea eta eremua bera iparraldeko landa-bideekin konektatzea erraztuta. Espazio libreetarako toki-sistemaren azalera, 25.155 m2-koa da guztira. Montorra-Buzkantz parkerako egindako proiektua espazio librearen diseinuan txertatu da.

    Lehendik dauden bizitegi-eraikinen parte bat finkatzea eta eraikin degradatuak eraistea.

    Toloto errekaren trazatu estali gabe berria eta zubiak eremuan integratzea, eta Montorra kalea egokitzea, bide-sarea eta errekaren trazatu berria bateragarri egiteko.

    Zumelegi ibaiaren estaldura kentzea eta bi pasabide eraikitzea eremua hirigune historikoarekin lotu dezaten.

    Orain dagoen muinoa mantentzea, eremuko espazio libreetan integratu ondoren.

    Bide-sistema egokitzea. Hor sartzen dira Argiñeta etorbideko bidegurutzean biribilgune bat egitea eta hura Ugarte kalearekin lotzen duen bidea eraikitzea. Bide perimetral berriak, etxebizitza berrietara sarbidea emateaz gainera, auzo mugakideekin lotzen du eremua. Gainera, bidearen iparraldean, HAPOk aurreikusitako bidegorria egingo da, Galartzauria kaletik igaro eta Montorra eta Montorroste lotuko dituena. Halaber, parkeko eremu lauan bizikletentzat bide bat egitea aurreikusi da, Buzkantz eta Montorra kaleak lotzeko.

    Eremuan lehendik dauden azpiegiturak osatzea eta egokitzea proposatu da, proiektatutako eraikin berriei zerbitzua emateko. Sistema bereizlearen bidez egingo da saneamendua, hondakin-urak San Agustineko HUAra bideratuko dira eta euri-urak, berriz, udalerriko estolderia-sarera bilduko dira.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen edo ez erabakitzeko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planak ez du lurzoruaren erabilera aldatzen, bizitegi-erabilerari eusten dion neurrian; eremuaren hirigintza-antolamendu xehatua da aldatzen duen bakarra, hiri-lurzoru finkatu gabean, eta urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da. Beraz, ondorioztatu da ez duela ondorio nabarmenik eragingo beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia da ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzearren kontuan hartu beharreko irizpideak txertatzeko: irizten zaio Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten irizpideak barnean har ditzan. Ez da lurzoru berria okupatuko, batez ere, belardiz, lorategiz eta baratzez inguratutako etxebizitza isolatuek eta etxebizitza-blokeek okupatutako hiri-lurzorua baita. Eraikin berrien eraikuntzak nabarmen lagunduko du energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzen. Eremuaren azaleraren erdia Espazio Libreen Tokiko Sistemarako erabiliko da. Urbanizazioak honako hauek dakartza berarekin: Zumelegi ibaiaren estaldura kentzea eta Toloto errekaren estali gabeko trazatu berria integratzea. Mugikortasunari dagokionez, bide-sistemara egokitzen da: HAPOk aurreikusitako bidegorria eraikiko da eta bizikleta-bide bat proposatu da parkeko eremu lauan, Buzkantz eta Montorra kaleak komunika ditzan. Gainera, lur-mugimenduak minimizatzen dira, dagoen muinoa mantentzea aurreikusten baita.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekiko lotura duten esku-hartzeak eta jarduketak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legeetan txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eraginpeko eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den eremua finkatu gabeko hiri-lurzorua da, Elorrioko hirigunearen iparraldean kokatua, familia bakarreko bizitegi-eraikinekin, isolatutako zenbait etxebizitza-blokerekin, industria-pabiloi batekin eta biltegi edo txabola moduko zenbait eraikinekin.

      Testuinguru horretan, Planaren garapenetik eratortzen diren jarduketek zehazki, urbanizazio-lanak, bide-sarrerak barne, eta etxebizitza berrien eraikuntza berekin ekarriko dute, lanek irauten duten fasean, lurzorua okupatzea, gaur egungo landaredia kentzea belardiak, baratzeak eta lorategiak dira nagusi, soberakinak sortuko dituzten lur-mugimenduak, eraikinak eta txabolak eraistea eta erretiratzea, eta, ondorioz, hondakinak sortzea, ustekabeko isurketak gertatzeko arriskua, uren kalitatean eragina izatea, eta, hortaz, biztanlerian sortzen diren eragozpenak: laneko makinerien joan-etorriak, emisio atmosferikoak, zarata, dardarizoak, etab.

      A priori, Zumelegi ibaiaren gainean oinezkoentzako bi zaldain eraikitzeak ez du eraginik izango ibilguan, ez eta ibaiaren ertzetan ere, hori bai, prebentzio-neurri egokiak hartzen baldin badira. Zumelegi ibaian, eremutik igarotzen den tartean, bisoi europarra egoteko oso aukera gutxi dagoenez, ez da gertagarria ikusten espezie horretan inolako eraginik izatea; hala ere, prebentzio-neurri egokiak hartu beharko dira, uren kalitateak behera egin ez dezan eta gai horretan eskumena duen organoak xedatutakoa bete dadin.

      Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean adierazitako neurriak, aurrerago jasotzen direnak, aplikatzen badira, kultura-ondarean izan ditzakeen eraginak saihestuko direla irizten zaio, zehazki, Ganondoko errotari, Ganondoko gurutzeari eta Montorra 1-5 etxeari dagozkionak, azken hori eremutik kanpo baitago.

      Eremua 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko lurren gainean kokatzen bada ere, proposatutako antolamenduak ez du aurreikusten eraikinak eraikitzerik uholde-orbanen eraginpeko lurretan.

      Zaratari dagokionez, azterlan akustikoaren arabera, etorkizunean (20 urte), esandako azterlanean proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatzen baldin badira (Buzkantz kalean eta Argiñeta etorbidean ibilgailuen abiadura 30 km/h-ra murriztea), eraikinen fatxadetan ez dira urratuko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritako helburu akustikoak.

      Ondorioz, ingurumen-txosten estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorririk eta, aurrekoaren aurka ez doan orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Planetik eratorritako proiektuak egikaritzeko hartu beharko diren beste neurri batzuk:

      Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

      Ganondo errota izeneko kultura-elementuari (ustezko arkeologia-eremu gisa proposatu da) Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 65. artikulua aplikatuko zaio; beraz, sustatzaileak, hirigintza-lizentzia eman aurretik, orubearen edo eraikinaren balio arkeologikoari eta obra-proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko azterlan bat aurkeztu beharko dio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari.

      Ganondoko gurutzea izeneko elementuan egiten den edozein esku-hartzek Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzaren jarraipena izan behar du, eta, lekualdatzea beharrezkoa bada, aldez aurretik dokumentatu beharko da.

      Behar bezala zuinkatu eta seinaleztatu beharko da Montorra 1-5 etxea, eremutik kanpo dagoenez, gauzatu beharreko lanek ez diotela eragiten bermatzeko.

      Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak:

      Bizkaiko zenbait zugaitz-motaren jaurpide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan xedatutakoa alde batera utzi gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezarriko dira:

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren zuhaitz-botatze eta mozketa-lanak, obretarako sarreren irekitzeak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako landarediari eragitea saihestuko da. Horrez gainera, behar bezala babestuko dira obra-eremutik hurbileko balio handiko elementu naturalak, nahi gabeko kalterik inork eragin ez diezaien.

      Proiektua egikaritzearen ondorioz erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, ipurditik bota diren zuhaitz-landareak birlandatzearen bidez, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

      Zumelegi ibaiaren gainean aurreikusitako oinezkoentzako bi bidegurutzeek ibaiertzean eraginik izatea saihestu beharko dute, eta, nolanahi ere, neurri zuzentzaileak aurreikusiko dira, natura-ingeniaritzako tekniketan oinarrituta, Toloto erreka egokitzeko proiektuan hartutakoen bidetik. Arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko da baldin eta Jabari Publiko Hidraulikoari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, edo hari lotutako babes-eremuetan egin nahi badira (zortasun- eta zaintza-eremuak). Organismo horrek obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko ditu.

      Bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzaren nahitaezko txostena eduki beharko da, eta bertan ezarriko dira sektorea urbanizatzeko egoki jotzen dituen baldintzak.

      Landare- eta lorategi-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa indartzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko direlarik esandako jarduketa horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko xedez. Espazio libreak espezie autoktonoekin landareztatu beharko dira, zuhaizti txikiak eta landare-hesiak osatuz, ahalik eta naturalizatuenak gera daitezen. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira, inola ere, inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak erabiliko, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta beste espezie batzuk.

      Uren kalitateari buruzko neurriak:

      Urbanizazio-proiektuek eta egin beharreko lanek hainbat neurriren ezarketa aurreikusiko dute, Zumelegi ibaira eta Toloto errekara ahalik eta solido gutxien herrestatu dadin, bai erreka desbideratzeko lanak egiten ari direnean, eta bai gainerako urbanizazio-obretan. Hasierako dokumentu estrategikoan adierazitakoaz gainera, beste babes-neurri batzuk ere proposatuko dira, hala nola dekantagailuak, jalkin-tranpak, iragazkiak, dekantagailuetara konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak, etab.

      Lanak hasi aurretik eta obrak egin bitartean, Zumelegi ibaiko eta Toloto errekako uretan kontrolak ezarriko dira, eta, gutxienez, honako parametro hauek aztertuko dira: solido esekiak, pH-a, olio eta koipeak eta hidrokarburoak. Obrak hasi aurreko egoera erreferentzia gisa hartuta, uren kalitatea aldatu egin dela antzemanez gero, kalitate hori berreskuratzeko egoki irizten zaien neurri zuzentzaile osagarriak ezarriko dira.

      Uholde-arriskuari dagozkion neurriak:

      Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan izan behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa. Zehazki, aipatutako Plan Hidrologikoaren 40 eta 41 artikuluetan, esandako Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, betiere kalterik egin gabe Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluak ezarritako txostena jaulkitzeko eskumena duen administrazio hidraulikoak ezartzen duenari.

      Komenigarria irizten zaio urbanizazio-proiektuak drainatze jasangarriko sistemak ezartzeari (zoladura iragazkorrak, landare-estalkiak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, drainak, etab.), aldez aurretik dagoen egoerari dagokion balioarekiko jariatze-uraren balizko gehikuntza konpentsatzeko edo garrantzirik gabea izan dadin.

      Ez da obrako instalazio lagungarririk kokatuko batez ere, makineria-parkeaz eta garbiguneaz ari gara, errepikatze-aldi desberdinetako uholde-orbanen eraginpean dauden eremuetan.

      Zaratari buruzko neurriak:

      Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatu dekretuaren 43. artikuluan xedatuarekin bat eginez, ezingo da eman lizentziarik etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, lizentzia emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoari dagozkion aipatutako helburuak (lurzorutik bi metroko alturan, eraiki gabeko eremuetan; eta, altura orotan, leihoak dituzten fatxadetan, eraikitako eremuen kasuan), non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Ondorioz, eta kasua hala izanez gero, eraikuntzarako lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea eta giroa babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu beharko dira (lurzorutik bi metroko alturan, eraiki gabeko eremuetan; eta, altura orotan, leihoak dituzten fatxadetan, eraikitako eremuen kasuan), bai eta, edozein kasutan, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoari dagozkion helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gela motaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko ordua kontuan hartuta, hau da, goizez, arratsaldez eta gauez. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak:

      Elorrioko HAPOren araudiarekin bat etorririk, Montorra kaleko 16. zenbakian dagoen industria-pabiloia kokatuta dagoen lursaila, hain zuzen, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean aurreikusitako esku-hartze neurrien mende dago.

      Era berean, adierazi behar da lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketak eta berreskurapen-neurrien diseinua eta exekuzioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera akreditatutako erakundeek gauzatu beharko dituztela (199/2006 Dekretua, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena).

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Bestalde, Plana egikaritzeko aplikatu beharreko neurrien artean eta obretan, lurzoruaren okupazioan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, hondeatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean gauzatu beharreko jardunbide egokien eskuliburuari dagokionez, honako hauek nabarmentzen dira:

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta nonahi ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-herrestak direla eta lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak murriztea.

      Espezie inbaditzaileak kontrolatzea: obrak egin bitartean espezie inbaditzaileak ez barreiatzeko neurriak ezarriko dira. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik ez sartzeko mugitutako eta landaredirik gabeko lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketak babestea, eta abar). Urbanizazioko betelan, landatze eta lorategi itxura emateko lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko dira. Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurraren kudeaketa bereizia proposatuko da.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Amiantoa duen hondakinik eta/edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko dena) ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplika dakizkiokeen segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

      Barnean hondakin arriskutsuak dituzten ontziek, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte (aipatutako dekretuak hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea egikaritzeko erregelamendua onartzen du) eta itxita mantenduko dira harik eta baimendutako kudeatzaileak jasotzen dituen arte, horrela edukia gal ez dadin isuri edo lurruntzen delako.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira.

      Elorrioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematen aurkitzen diren kutsadura-aztarna guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

      Zaratak lanak egin bitartean: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegia errespetatuko da.

      Kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, presiozko ura, erratz-makinak edo, hala badagokio, dekantazio-putzura konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

      Eraikinak altxatzeko eta eraikuntza jasangarrirako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik sortutako energia kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Elorrioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Elorrioko A-3.2 «Montorra» eremuaren hiri-antolamenduko plan berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 19a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik