Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita C.A. Zudardi SLk Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, sustatutako 3. kategoriako kanpinaren urbanizazio-proiekturako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 69
  • Hurrenkera-zk.: 2053
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/01/15
  • Argitaratze-data: 2021/04/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

EIAD-035 espedientearen esparruan, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko urtarrilaren 16ko ebazpenaren bidez, Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, C.A. Zudardi SLk sustatutako 3. kategoriako kanpinaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren irismena xedatu zen, ingurumen-ebaluazioari buruzko otsailaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko.

2020ko ekainaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, 3. kategoriako kanpinaren urbanizazio-proiektuari eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari zegokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2020ko ekainaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak adierazi zuen ingurumen-edukirik gabeko alegazio bat jaso zela.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 2020ko ekainaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.

2020ko abenduaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskabidea bete zuen Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, 3. kategoriako kanpina urbanizatzeko proiektuari buruzkoa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zuen:

Orioko gainean (Aia) 3. kategoriako kanpina urbanizatzeko proiektua, 2020ko apirilekoa.

Orioko gainean (Aia) 3. kategoriako kanpina urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2020ko maiatzekoa.

Jendaurrean erakutsi ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentazioa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, 3. kategoriako kanpina urbanizatzeko proiektua arau horren I.B) eranskinaren 10.1 epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, C.A. Zudardi SLk 3. kategoriako kanpina urbanizatzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, bai eta sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: I ngurugiroa babesteko 3/1998 Legea, otsailaren 27koa; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Egokitzat jotzea Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, C.A. Zudardi SLk sustatutako 3. kategoriako kanpina urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Proiektuaren xedea honako hau da: Orioko gainean 3. kategoriako kanpin bat instalatzea eta eremuan dagoen hiru solairuko eraikina egokitzea, kanpineko eta aterpeko eraikin nagusi bihurtzeko. Kanpina landa-ingurunean dago, basoz eta belardiz inguratuta, Zarauzko eta Orioko udalerriak lotzen dituen N-634 errepidearen ondoan.

Kanpinak 24.519,19 m2-ko azalera du, eta 280 pertsonarentzako edukiera. Proiektuak jarduketa hauek proposatzen ditu:

  1. Kanpaldi-eremua. 6 plataforma mailakatu egingo dira kanpaldi-eremu bat sortzeko. Eremu horretan 70 partzela egongo dira, eta ur-hargunea nahiz korronte elektrikoa izango dute. Bankadak edo partzelaguneak lur-ezponden eta harri-lubeta txikien bidez elkartuko dira.

  2. . Bide-sarea. N-634 errepidetik sartzeko bide bat egingo da, 8 metroko zabalerakoa, eta biribilgune bat izango du sarreran; barne-bide nagusi bat ere egingo da, 5 m-ko zabalerakoa eta noranzko bikoa, eta hori izango da bide sekundarioaren amaiera. Azken bide horrek terrazak zeharkatuko ditu, 3 m-ko zabalera izango du eta noranzko bakarra. Era berean, eraikinaren atzealdean dagoen aparkalekura sartzeko bide bat ere proiektatu da. Bide horretan bi noranzkoetan zirkulatu ahal izango da eta 6,5 metro inguruko zabalera izango du.

  3. Aparkalekuak. Aparkatzeko 3 eremu proposatzen dira. Eremu bat sarreran egongo da eta 2 autobusentzat izango da, beste eremu bat eraikin nagusiaren atzealdean egongo da eta hirugarren eremua eraikin nagusiari erantsita egongo da, guztira 18 ibilgailurentzako lekua izango duena.

  4. Sarreratik hurbil dagoen eraikin nagusia egokituko da; bertan, aterpetxea eta kanpineko zerbitzuak egongo dira (harrera-lekua, denda, taberna, komunak eta sendaketa-gela); horrez gain, aire zabaleko aisiagune erantsi bat ere prestatuko da. Etorkizunean, eraikineko gainerako eremuak aterpetxe izateko egokituko dira.

  5. Kanpineko harrera-lekua egongo den eraikin nagusiaz gain, bi etxola prefabrikatu proposatzen dira kanpineko zerbitzu higienikoak jartzeko.

  6. Hornidura-sarea. Zudugarai txakolindegiaren jabetzakoa den sarera konektatuta egongo da, N-634 errepidea zeharkatzen duen eta lurzatiaren ipar-mendebaldeko muturrean, eraikin nagusitik 140 metrora, amaitzen den luzapenaz baliatuz.

  7. Saneamendu-sarea. Urak husteko sistema bereizlea proiektatu da euri-uretarako eta ur beltzetarako:

    Euri-urak husteko sarea lehendik dagoen kutxatilara bideratuko da. Kutxatila horrek N-634 errepidea zeharkatzen duen biltokira isurtzen ditu urak.

    Hondakin-uren saneamendurako, hondakin-uren araztegi bat (HUA) instalatuko da. Araztegi hori prefabrikatua eta trinkoa izango da, erdi-lurperatuta egongo da, eta disko biologikoen teknologian eta bi arazketa-etapatan oinarrituta egongo da.

    Urak, HUAn tratatu ondoren, iragazte-ohantze batera ponpatuko dira. Ohantze hori hondoan dagoen 5 cm-ko lodierako hondar-geruza bat da, eta horren gainean 60 cm inguruko sakonerako legar-geruza bat dago. Geruza horretan instalatzen dira drain paraleloak. Legar-geruzaren gainean landare-lurrezko geruza bat hedatzen da, 20-30 cm ingurukoa. Aurrez tratatutako hondakin-ura (arazketa-sistematik datorrena) banaketa-kutxatila batera isurtzen da. Banaketa-kutxatila horri esker, drainak txandaka elika daitezke.

    Hondakin-uren araztegia 400 biztanle baliokidek (60 m3/egun) kanpinak lagun gutxiago hartu ahal ditu sortutako efluentea tratatzeko diseinatuta dago.

  8. Energia-hornidura. Eraikin nagusitik hurbil, transformazio-zentro bat instalatuko da. Transformazio-zentro hori lurzatia zeharkatzen duen goi-tentsioko lineara konektatuta egongo da. Komunen txabolen gainean, eguzki-plaka termikoak jarriko dira ur beroaren eskaeraren zati bat emateko. Aterpetxean biomasa-galdara bat erabiliko da berokuntzarako nahiz ur beroa berotzeko.

  9. Proposatzen da lau pantaila akustiko jartzea N-634 errepideko zarataren eragin handiena jasaten duten kanpineko eremuetan.

    Obrek 22 aste iraungo dute. Lanen ondorioz, 13.112,80 m3 lur erauziko dira, eta 1.945 m3 betegarri beharko dira; horregatik, obra-eremutik kanpo kudeatu behar diren hondakinen kopurua 11.167,80 m3 da. Aurreikusten da hondakinak proiektuaren eremutik hurbilen dagoen instalazio baimendura eramatea. Era berean, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko azterketa gehitu zaio proiektuari.

    2017. urtean, behin betiko onartu zen Aiako 01-013 lurzatiko lurzoru urbanizaezinean kanpin bat jartzeko plan berezia (2017ko uztailaren 3ko GAO). Plan Berezi horren ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak. Ebaluazio hori 2015eko abuztuaren 4an bukatu zen Ingurumen Memoriarekin, eta haren zehaztapenak behin betiko onartutako Plan Berezian txertatu ziren. Plan Bereziaren testu bategina 2018ko irailaren 24ko GAOn argitaratu zen.

    Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren esparruan, hainbat aukera aztertu ziren, eta aukera horiek ere proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan daude zehaztuta. Aztertutako aukerak honako alderdi hauei buruzkoak ziren:

    Eremuen antolamendua, N-634 errepidearen eragin akustikoa kontuan hartuta. Partzelak errepidetik urruntzea erabaki da, kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko.

    Hondakin-uren kudeaketa eta hondakin-urak saneamendu-sarera konektatzea. Egon daitezkeen konexio-puntu guztiak eremutik oso urrun daudenez, baztertu egin da aukera hori, bai ingurumen-inpaktuarengatik, bai bere kostu ekonomikoarengatik, eta in situ arazketa-sistema bat jartzea erabaki da.

    Arazketa-sistema. Baztertu egin da erabateko oxidazio-aukera, eta erabaki da hondakin-uren araztegi prefabrikatua, trinkoa, erdi-lurperatua eta disko biologikoen teknologia izango duena jartzea, eta, ondoren, tratatutako urak iragazte-ohantze batera eramatea. Hondakin-uren araztegia 400 biztanlek kanpinak gehienez har ditzakeen lagunek baino gehiagok sortutako efluentea tratatzeko diseinatuta dago.

    Plan Berezian azkenean hartu den konponbidea ebazpen honen xede den kanpinaren urbanizazio-proiektuan garatzen dena da. Konponbidea gorago deskribatu da.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketan, halaber, Plan Berezitik eratorritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatu dira. Neurri horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

    Altxerriko sistema karstikoa babesteko neurriak. Tratatzeko eremuak (disko biologikoen sistema) eta isurtzeko eremuak (iragazte-ohantzea) sistema karstikoaren input hidrologikoaren isurtze-arrotik kanpo daude.

    Intereseko landaredia babesteko neurriak. Gorosti-aleen, pago-aleen eta orkidea ugari dauden eremuaren kontserbazioa.

    Paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren I. eranskinean antolamendu ekologiko, estetiko eta paisajistikoari buruzko proiektua txertatu da, landare-estalkia berreskuratzeko eta obrek eragindako lursailak paisaian integratzeko, tokiko igarobide ekologikoaren iragazkortasun ekologikoa hobetzeko, eta, halaber, pantaila akustikoak integratzeko. Eremuetan erabili behar diren espezieak eta proportzioak deskribatu dira, eta baldintzen agiria eta dagokion aurrekontua gehitu dira.

    Ingurumen-zaratatik babesteko neurriak, pantailak jarriz.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko urtarrilaren 16ko Ebazpenean adierazitako zehaztapenak txertatu ditu. Ebazpen horren bidez, Aiako udal-mugartean, Orioko gainean, C.A. Zudardi SLk sustatutako 3. kategoriako kanpina egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren irismena ezartzen da.

    Bigarrena. Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

  1. Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

    Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

    Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian egiten diren aldaketak proiektuan jaso beharko dira.

  3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

    Proiektua Orioko gainean kokatzen da, N-634 errepidearen eskuineko ertzean, Orio eta Zarautz herrien artean. Aiako arau subsidiarioen arabera (2009an onartu ziren), lurzoru urbanizaezina da eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko landa-eremu gisa kalifikatuta dago.

    Proiektuaren eremua ez da naturagune babestua edo interes ekologikoko lekua, ezta EAEko igarobide ekologikoen sarearen egiturazko elementua ere, nahiz eta Aiako arau subsidiarioen arabera tokiko igarobide batean egon, Iñurritzako Biotopo Babestuaren eta Pagoetako Parke Naturalaren artean.

    Eremu horretako landaredia belardien mosaikoak (1,2 ha), txilardiak-otadiak-iratzediak (0,9 ha) eta landaredia erruderalak (0,4 ha) osatzen dute. EAEko Batasunaren intereseko habitaten mapan, eremu horretan daude kartografiatuta Batasunaren intereseko 6510 habitata altitude baxuko sega-belardi pobreak eta 4030 habitata Europako txilardi lehorrak, baina ingurumen-inpaktuaren azterketa idatzi duen lantaldeak baztertu egin du habitat horien presentzia azterketaren xede den eremuan. Intereseko landarediari dagokionez, adierazi behar da, halaber, tamaina handiko pago bat dagoela (Fagus sylvatica), bai eta zuhaixka-itxurako gorosti bat ere (Ilex aquifolium). Azken hori, 4/1990 Foru Dekretuaren arabera, espezie babestua da Gipuzkoan, eta Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan «interes berezia» izeneko kategorian sartuta dago.

    Fauna potentziala landazabaleko habitat horiekin lotuta dagoena da, eta, Oriako itsasadarretik hurbil dagoenez, belardi hauek elikatzeko eta atseden hartzeko erabiltzen dituzten hegazti negutarrak eta migratzaileak ere egon daitezke. Eremu horretan, era berean, belatz handia (Falco peregrinus) elikatzen da; izan ere, hegazti horrek Amategi lurmuturreko (kokalekutik 2 km-ra dago) itsaslabarretan egiten du habia. Espezie hori arraro gisa katalogatuta dago Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, eta Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean sartuta dago (2009/147/EB Zuzentaraua).

    Eremutik ez da igarotzen lurrazaleko ur-ibilgurik; Oria unitate hidrologikoan kokatzen da, 2 azpiarroren (Iñurritza errekaren azpiarroa eta Altxerri errekaren azpiarroa) mugan. Kanpina dolina-sistema batetik 200 metro ingurura egongo denez, lotura hidrogeologikoa dago Altxerri errekaren azpiarrora isurtzen diren uren eta Altxerriko haitzuloko sistema karstikoaren artean. Haitzulo horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Labar Artearen Santutegi nagusietako bat dira, nazio-mailako monumentu historiko-artistiko gisa izendatuta daude eta UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zituen. Halaber, Altxerriko haitzuloen ekosisteman fauna trogloxenoko eta troglofiloko era askotako espezieak egoteaz gain, ekosistema horretan fauna troglobioa nabarmendu behar da (haitzulotik inola ere irteten ez dena), horietako batzuk endemikoak eta interes handikoak dira.

    Beraz, haitzuloa eta batez ere Paleolito aldiko labar-artearen agerpenak kontserbatzeko egon daitezkeen arriskuak neurtzerakoan, kontuan izan behar da, alde batetik, jarduerak lurrazaleko uren drainatze-sisteman izan dezakeen eragina, eta, bestetik, sistemaren input eremuaren edo euri-urak sartzen diren eremuaren hedadura; alderdi hori zehaztasunez eta behar adinako garapenez aztertu da ingurumen-inpaktuaren azterketan. Kanpineko hondakin-uren araztegitik ateratzen diren uren iragazte-ohantzea Altxerriko lurpeko uren input-eremutik kanpo egongo denez, sisteman barrena ibiltzen diren eta kultura-ondarean eragina izan dezaketen urak iragazteko eta kutsatzeko arriskua ia neutralizatuta dago.

    Eremu horretan ez da lurzoru kutsaturik aurkitu, ez eta bestelako arrisku aipagarririk ere.

  4. Babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak.

    Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

    Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agiri guztietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

    Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

    1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

    1.1. Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak ere, proiektuaren lurzatiaren barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

    Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.9 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

    1.2. Landaredi autoktonoa kentzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehazki mugatu eta balizatu beharko dira tokiko zuhaitz-aleak eta -unadak eta, oso bereziki, proiektuaren eremuan dauden tamaina handiko pagoa eta gorostia, bai eta orkidea ugari dauden ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatutako eremua ere. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.9 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarriak eta kokapen zehatza ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.10 puntuan aipatutako lan-programan jaso beharko dira.

    2. Urak babesteko neurriak.

    Aplika daitezkeen prozeduren esparruan, uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

    2.1. Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin. Eremu hori Altxerriko haitzuloaren input hidrologikoaren isurtze-arrotik kanpo jarriko da, sistema karstikoan ustekabeko kalterik ez eragiteko.

    Ustekabean gai toxiko edo arriskutsuren bat isurtzen bada iragazgaitza ez den lursailera, isurketa ahalik eta denbora laburrenean jasoko da bustitako lurrekin batera, iragazketak saihesteko. Kutsatutako lurrak baimendutako kudeatzaileak kudeatuko ditu. Hidrokarburoa eta olioak xurgatzeko produktuak edukiko dira une oro, berehala jardun ahal izateko egon litezkeen lapranen edo ustekabeko isurien aurka.

    Obran sortutako hondakinen biltegia makinen parkerako eremuaren barruan jarriko da.

    2.2. Eraikuntza-fasea drainatze-sarera ahalik eta jalkin xehe gutxien isuriz egin beharko da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

    Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

    Ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.10 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

    2.3. Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

    2.4. Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean jasotako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, kanpinak, alde batetik, euri-urak eta, bestetik, hondakin-ur sanitarioak biltzeko sare bereizle bat izango du. Hondakin-ur sanitario guztiak saneamendu-sistema orokorrean sartuko dira. Kanpineko euri- eta hondakin-uren sareen ezaugarri nagusiak ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritakoarekin bat etorriko dira.

    2.5. Aparkaleku-eremuak iragazgaiztu egingo dira infiltraziorik ez izateko, ustekabeko isuririk izanez gero.

    2.6. Sortzen diren efluente-isurketek beroriek baimentzeko eskumena duen organoak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

    2.7. Arazketa-sistematik datozen lohien kudeaketa baimendutako kudeatzailearen bitartez egingo da.

    2.8. Plan Hidrologikoaren 44.1 artikuluarekin bat etorriz, drainatze-sistema jasangarriak gehitu beharko dira, proposatutako hirigintza-garapenek eragindako arroko drainadura gehiegi ez aldatzearren.

    3. Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

    3.1. Eraikuntzak dirauen bitartean, ibilgailuak igaro osteko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta lurrazalak ureztatzeko.

    3.2. Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

    Ebazpen honen bigarren apartatuaren D.10 puntuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

    4. Zarataren eta bibrazioen ondorioak apaltzeko neurriak.

    4.1. Eraikuntza-faseak iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obra-makineriaren mantentze-lan orokorrei eta zarata gutxitzeari dagokienez.

    4.2. Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

    4.3. Beste alde batetik, jarduera egin beharko da bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.

    5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    5.1. Proiektuaren betearazpenean eta funtzionamenduan sortutako hondakinak Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 2011/22 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

    Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

    Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

    5.2. Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    5.3. Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

    5.4. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    5.5. Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

    5.6. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

    5.7. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

    Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

    5.8. Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

    Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

    5.9. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

    6. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada (haitzuloak agertzen badira, adibidez), lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

    7. Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak leheneratzeko neurriak.

    7.1. Obraren eraginpeko eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumena leheneratu behar denean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira egin beharreko lanen artean, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landareztatze-lanak ere.

    7.2. Lur-mugimenduak dauden bitartean, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen leheneratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

    7.3. Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez hedatzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezieek kutsatuta egon litekeen lurrik.

    7.4. Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

    8. Garbiketa eta obra-akabera.

    Eraikuntza bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuaren eraginpeko eremuko obra-hondakin guztiak kenduko dira. Egin daitezkeen errausketetatik, kofratuak kentzetik, edo, oro har, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.5 puntuan xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.

    9. Ingurumen-arloko aholkularitza.

    Obra amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan kualifikatutako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako erabakien arabera. Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek (baldintza-pleguak gai horiei buruz adierazitako eginkizunei buruzkoak), aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

    10. Lan-programa diseinatzea.

    Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatz batzuk egin beharko ditu, ondorengo azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruz. Proposamen horiek lanen betearazpen-programan erantsiko dira, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

    Makineriaren parkearen, eta obrako material eta lurren eta hondakinak aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

    Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

    Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

    Kokalekuaren xehetasuna eta tokiko zuhaitzak balizatzearen eta seinaleztatzearen ezaugarriak, bai eta ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatutako eremuarena ere (orkidea ugari dituen eremua, hain zuzen ere).

  5. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena zaintzeko programa egiterakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

    Programa hori obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

    1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala, sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

    2. Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

    Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurreikusitakoa baino azalera handiagorik.

    3. Uren kalitatea kontrolatzea.

    Ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.9 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibilgura material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

    Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

    Arazketa-sistemaren irteeran, organo eskudunaren isurketa-baimenean ezarritakoaren arabera kontrolatuko da isuria.

    4. Leheneratzearen arrakastaren kontrola.

    Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eraginpean hartutako lurrazalen leheneratzeak (pantaila akustikoak jartzea barne) izan duen arrakasta-mailari.

    5. Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

    Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak, hondakin-urak isurtzeko baimena emateko eskumena duen organoak ezarritakoak eta ebazpen honetan jasotakoak.

    Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

    6. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, hartutako laginen xehetasunak emanda.

    Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarria den araudia betetzeko.

  6. Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

    Hirugarrena. Lau urteko epea jartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

    Laugarrena. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak organo substantiboaren bitartez aldez aurretik jakinaraztea ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

    Bosgarrena. Ebazpen honen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari, bai eta Aiako Udalari eta C.A. Zudardi SL merkataritza-sozietateari ere.

    Seigarrena. Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 15a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.