Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntual baten Ingurumen Adierazpen Estrategikoa formulatzen duena. Aldaketaren xedea da Lasarte inguruko legar-hobien lurzoru urbanizaezinean azpiegitura hidraulikoen sistema orokor bat zehaztea eta mugatzea, uholdeak ekidite aldera eta telekomunikazio-azpiegituren erabilera xehatuaren zehaztugabetasuna zuzentzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 41
  • Hurrenkera-zk.: 1090
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/01/13
  • Argitaratze-data: 2021/02/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko uztailaren 26ko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zuen. Aldaketaren xedea zen Lasarte inguruko legar-hobien lurzoru urbanizaezinean azpiegitura hidraulikoen sistema orokor bat zehaztea eta mugatzea, uholdeak ekidite aldera eta telekomunikazio-azpiegituren erabilera xehatuaren zehaztugabetasuna zuzentzeko (aurrerantzean, Plana). Kontuan hartu behar dira, horretarako, 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen lege orokorra, eta 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Vitoria-Gasteizko Udalak Plana jendaurrean jarri zuen, haren ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez (2020ko maiatzaren 22ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala), aldaketaren eraginpekoak egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Vitoria-Gasteizko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2020ko abenduaren 4an, Vitoria-Gasteizko Udalak Planaren Aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Egiturazko Aldaketa Puntuala behin-behinean onartzeko dokumentua aurkeztu da, Lasarteko legar-hobien eremuko lurzoru urbanizaezineko azpiegitura hidraulikoen sistema bat zehaztu eta mugatzeko xedez, uholdeak prebenitzeko eta telekomunikazio-azpiegituren erabilera xehatuaren zehaztugabetasuna zuzentzeko. Atxikita daude, orobat, ingurumen-azterketa estrategikoa eta eraginpeko administrazio publikoen eta pertsonen esku jarritako jendaurreko informazioari eta entzunaldiari buruzko izapideak esplikatzen dituzten hainbat dokumentu.

Vitoria-Gasteizko Udalak garbi utzi nahi izan du ez dela alegaziorik jaso baina bai, ordea, zenbait txosten, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitza eta edukiekin; esan behar da, gainera, txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idatzi denean.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, esandako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da; ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak eta plan horien aldaketek lurzoru urbanizaezinean duten eragina.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Vitoria-Gasteizko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

«Uholdeak prebenitzeko eta telekomunikazio-azpiegituren erabilera xehatuaren zehaztugabetasuna zuzentzeko xedearekin, Lasarteko legar-hobien eremuko lurzoru urbanizaezineko azpiegitura hidraulikoen sistema bat zehaztu eta mugatzen duen Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Egiturazko Aldaketa Puntualari» buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean jasota dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak behin aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, irismen-dokumentuan azaltzen diren baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, Euskal Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrarekin, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorririk) ingurumen-adierazpen estrategiko hau jaulki du. Adierazpenak aldeko balorazioa egiten du ingurumen-alderdiak Planaren proposamenean sartzeari buruz, eta planak ingurumenean izango dituen eragin esanguratsuen aurreikuspenari buruz, azkenean ingurumen-ondorioetarako soilik onartzen den planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne.

Ondoren zerrendatzen diren hauek ikusita: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak), honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea. Aldaketaren xedea Lasarte inguruko legar-hobien lurzoru urbanizaezinean azpiegitura hidraulikoen sistema orokor bat zehaztea eta mugatzea da, uholdeak ekidite aldera eta telekomunikazio-azpiegituren erabilera xehatuaren zehaztugabetasuna zuzentzeko aurrerantzean, Plana honako baldintza hauetan:

  1. Planaren xedea da Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (aurrerantzean, HAPO) «Azpiegiturak» sailkapen orokorraren barruan, «Azpiegitura hidraulikoak» sailkapen xehatua zehaztea, eta sistema orokor bat mugatzea sailkapen horrekin, udalerriko lurzoru urbanizaezinean, sailkapen hori «Vitoria-Gasteizko udal-mugartean Batan eta Zapardiel ibaietako uholdeen kontrako defentsa egiteko proiektuaren» eremuari aplikatuta.

    Halaber, sailkapen orokor berberaren barruan, «Telekomunikazio-azpiegiturak» izeneko sailkapen xehatua zehazten da. Erabilera hori indarrean dagoen Plan Orokorraren 5.03.45 artikuluan dago araututa, baina ez dago horrela jasota Azpiegituren sailkapen orokorrean.

    Bi erabileren definizioak, alegia, Azpiegitura hidraulikoak eta Telekomunikazio-azpiegiturak, udal-mugarte osoari eragiten dio.

    Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proposatutako aldaketak egiturazko izaera du, sistema orokor bat zehazten baitu.

    Behin Azpiegitura hidraulikoen erabilera definituta dela, era xehatuan mugatu eta antolatzen da sistema orokor bat «Vitoria-Gasteizko udal-mugartean Batan eta Zapardiel ibaietako uholdeen kontrako defentsa egiteko proiektuak» hartutako eremuaren gainean Digital Ingeniería enpresak idatzi zuen proiektua, Uraren Euskal Agentziarentzat eta Vitoria-Gasteizko Udalarentzat, eta era xehatuan antolatzen du esandako eremua.

    Aipatutako proiektuaren helburua da uholde-arazoak konpontzea, udalerriko saneamendu-sistema, gaur-gaurkoz, ez baita gauza Batan eta Zapardiel ibaien uraldi-emariei bide emateko. Horrek eskatzen du uraldietarako laminazio-istil bat eraikitzea Lasarteko legar-hobi zaharren gainean, Batan ibaiaren eskuineko aldean, 130.551 m3-ko edukierarekin eta 6 hektarea pasako okupazioarekin (63.110 m2), nora bideratuko diren Batan eta Zapardiel ibaiak; eroanbide hidrauliko batzuk ere eraiki beharko dira aipatutako ibaietatik harguneak eta deribazioak egiteko eta istilean biltegiratutako urak Ali ibaira bideratzeko, Vitoria-Gasteizko hirigunearen hegoaldeko mugan. Kolektore horiek 2.430,94 metro linealetan zehar hedatzen dira, eta horietatik azkeneko 1.424,82 metroak Vitoria-Gasteizko hirigunearen barruan daude; horrez gainera, eroanbide elektriko osagarriak ere eraiki beharko dira (Batan-Ali eroanbidea kontrolatzeko balbula-ganberari eta argiteriari dagozkionak), lurpetik joango direnak.

    Aldaketa horiek Plan Orokorraren kartografiara eramango dira, eraginpeko gunea islatu eta mugatu ahal izateko.

    Aurreikusitako laminazio-istila, eraikuntzarako agregatuak erauzteko jarduera bat garatu zen lursail batean kokatuko da. Esan behar da, aipatutako jarduera bertan behera geratu ondoren, lurzorua kutsa lezaketen jarduerak jasan dituela lursail horrek (kontrolik gabeko isurketak).

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta irizten dio nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko uztailaren 26ko Ebazpenaren bidez jaulkitako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

    Aipatutako ingurumen-organo horrek jaulkitako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesua aurrera eramaten den bitartean ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, irizten zaio behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapideetan adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzen zen bitartean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen beste jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planeko jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsaziokoak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatuaren eta, aurrekoa galarazten ez badute, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira honako alderdi hauek:

    1. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatuko duten neurriak.

    Plana Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lursail batean gauzatuko da (kodea: 01059-01346). Kasu honetan, askotarikoen hondakindegia izan den lursaila da.

    Hala, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada. Ildo horretan, gogora ekarri nahi dugu aipatutako Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duena aplikatu beharko dela, han esaten baita lurzoruaren kalitatearen adierazpena Vitoria-Gasteizko udal-mugartean Batan eta Zapardiel ibaietako uholdeen kontrako defentsa egiteko proiektua behin betiko onartu aurretik egin beharko dela; edo, halakorik ezean, jarduera hirigilearen programari edo kokalekua barnean hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onarpena eman aurretik.

    Horregatik, inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik ez dela izango bermatzeko, ez langileentzat, ez, erabakitakoaren arabera, lursailak izango duen erabilera berriaren erabiltzaileentzat; eta bigarrenik, bertan geratutako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den hondakinen arloko legedia betez.

    2. Jabari Publiko Hidraulikoa babestera bideratutako neurriak.

    Batan eta Zapardiel ibaietako uholdeen kontrako defentsa egiteko proiektuak edota, Planetik eratorrita, Jabari Publiko Hidraulikoan eragina izan dezakeen edo hari lotutako babes-eremuren batean (zortasun- eta zaintza-eremuak) kokatutako edozein jarduketak arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko du. Aipatutako organismoak lanen ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion betebeharrak ezarriko ditu.

    3. Natura-ondarea babestera eta lurraldearen lehengoratze ekologikora bideratutako neurriak.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Plana garatzeko proiektuek jarduketa-eremuko ingurumen-balioak mantenduko direla bermatzen duten neurriak hartu beharko dira. Bereziki, honako hauek:

    Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da hondotik moztuko bertako landaretza autoktonoa. Leku horietan, lanen eraginpean dagoen eremua «in situ» mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (Batan eta Zapardiel erreken bazterrak eta Batan errekaren ibaiertzeko landaredia, batik bat) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jasan ez dezaten.

    Plana garatzeko proiektuen eragin-eremua uhalde-enara izeneko hegaztiaren kudeaketa-planaren aplikazio-eremuaren barruan dago, Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 7ko 22/2000 Foru Dekretuarekin bat eginik. Dekretu horrek «Uhalde enara (Riparia riparia)» hegaztiaren kudeaketa-plana onartzen du, espezie mehatxatua delako eta berariazko babes-neurriak behar dituelako. Proiektu horiek diseinatzean eta gauzatzean, ingurumen-azterketa estrategikoan deskribatutako neurriak hartuko dira kontuan, espeziearen habiak egiteko garaiei eta habitataren eskakizunei dagokienez, eta espeziea eremuan kokatzeko habitat egokiak ezartzen edo daudenak kontserbatzen lagunduko da.

    Suntsitzen den intereseko landaredia espezie autoktonoak berrezarriz edo, konpentsazio modura, Planaren esparruko beste espazio libre batzuetan egiten diren berrindartze eta lehengoratzeen bitartez berrituko da, betiere habitat naturalizatuak (ez lorategi gisakoak) sortzeko badira eta haien funtzionaltasun ekologikoa nabarmen hobetzen badute egungo egoerarekin alderatuta.

    Planaren garapen-proiektuek eragindako eremuaren lehengoratze ekologikoa ingurumen-azterketa estrategikoan deskribatutako neurrien arabera egingo da, eremuaren naturaltasuna eta konektibitate ekologikoa hobetzeko. Neurri horiek aipatutako proiektuetan sartu beharko dira, eta, bereziki, Batan eta Zapardiel ibaietako uholdeen aurkako defentsarako proiektuan, zeinaren markoa Plana baita.

    Nolanahi ere, garatzen diren proiektuak egikaritzean, eraginpean geratzen diren eremu guztiak barne hartzen dituen ingurumen eta paisaia-arloko lehengoratzea egingo da. Ahalik eta azkarren landatuko dira espezie autoktonoak, erosio-prozesuak eta ibilguetara heldu daitezkeen solido-herrestak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, habitat horiek ingurumarietako landaredi naturalarekin konektatzen.

    Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; betelanetan, landareztatze-lanetan eta jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere kontrolatu beharko dira. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartu beharko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin lur erabilietan eta landaretza gabe geratu direnetan (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketak babestea, eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

    4. Kultura-ondarearen babesa.

    Oro har, Planetik eratorritako proiektuak garatzen diren bitartean, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa beteko da.

    Planaren xede den esparrua «9. Mendizabalako herrixka» ustezko arkeologia-eremutik hurbil dagoenez, Planaren garapen-proiektuak, eta, bereziki, Batan eta Zapardiel ibaietako uholdeen aurkako defentsa-proiektua eta haren jarduketa osagarriak ikuskapen arkeologikoaren pean gauzatu beharko dira. Lur-mugimenduak egiten ari direla, arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloko Arabako Foru Aldundiko sail eskudunari.

    5. Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa:

    Lanek irauten duten bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

    Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

    Soilik EBA-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

    Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak. Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako gordailuetan egingo da, horrela, biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa barreiatu ez dadin.

    6. Plana garatzeko proiektuetan txertatzeko beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

    Oro har, Plana garatzeko proiektuek jarraian zerrendatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak jaso beharko dituzte, jarduketak ingurumenaren ikuspegitik behar bezala garatu daitezen.

    Obrak eta lurzoruaren okupazioa eskatzen duten gainerako eragiketa osagarriak aipatutako proiektuen mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinerien eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.

    Lurzoruak babestea: behar diren neurriak ezarriko dira lanen eraginpeko lurzoruen ezaugarri edafikoak bere horretan manten daitezen. Ahaleginak egingo dira landare-lurra erabili dadin ezpondetan, berriro landatu beharreko azaleretan eta eraginpeko lurzoruaren erabilerak berrezartzeko orduan.

    Eremuren bat egokitu behar bada bertan makineria uzteko, materialak bolada batez biltegiratuta edo pilatuta edukitzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduketarako, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezin izango dira inola ere kokatu intereseko landare-formazioak dituzten espazioetan eta ibilguetatik hurbileko lursailetan.

    Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obraren faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinerien mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

    Urak babestea: drainatze naturaleko sarera ahalik eta material xehe gutxien isurtzeko neurriak ezartzea aurreikusiko da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, kasua horrela bada, gauzatu egingo dira, kutsa daitezkeen urak haietara biltzeko.

    Ibilgailuak eta makineriak garbitzeko gailuak eskura edukiko dira, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabiltzearen bitartez.

    Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    7. Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.

    Obrak egin bitartean jardunbide egokiak kontrolatuko dira, eta arreta berezia jarriko da honako alderdi hauetan: jarduketa-eremuaren mugaketa, natura-ondarearen eta kultura-ondarearen babesa, hondakinen kudeaketa hondeaketa-soberakinak barne, uren eta lurzoruaren babesa, hautsaren eta zarataren ekoizpena eta Ebazpen honetan adierazitako beste hainbat alderdi.

  5. Ingurumen-jarraipenerako plana.

    Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-ondore batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, batik bat, Batan eta Zapardiel ibaietako uholdeen aurkako defentsa-proiektuaren egikaritze-faserako, zeinaren markoa Plana baita; hona zer izango diren esandako kontrol horiek: jarraipen-adierazleen eta kalkulu-metodologia baten arabera aurrera eramango diren hainbat jarduketa.

  6. Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako zuzentarau orokorrak.

    Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2019ko uztailaren 26an jaulkitako Ebazpenaren bidez ateratako irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

    Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurraldearen konektibitate ekologikoa, ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria, habitaten eta espezieen babesa eta hobekuntza, bereziki Europar Batasunaren interesekoak direnean, kutsatutako lurzoruen eta sortutako hondakinen kudeaketa egokia, lurraldearen gaineko esku-hartzeen paisaia-integrazioa, arrisku naturalak ahalik eta gehien gutxitzea eta kalteen prebentzioa lehenestea, konpentsazioaren aurretik.

    Bigarren. Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Egiturazko Aldaketa Puntuala onar dadin. Aldaketaren xedea Lasarte inguruko legar-hobien lurzoru urbanizaezinean azpiegitura hidraulikoen sistema orokor bat zehaztea eta mugatzea da, uholdeak ekidite aldera eta telekomunikazio-azpiegituren erabilera xehatuaren zehaztugabetasuna zuzentzeko. Epe hori ingurumen-adierazpen estrategiko hau EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatuko da. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den Ingurumen Adierazpen Estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Gasteizko Udalari.

    Laugarrena. Argitara dadila ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 13a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik