Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 16koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, kontsumoak indibidualizatzeko sistemak instalatzearen errentagarritasun ekonomikoari eta jakinarazteari buruzko irizpideak ematen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 20
  • Hurrenkera-zk.: 450
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/12/16
  • Argitaratze-data: 2021/01/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauak (energia-eraginkortasunari buruzkoa) zeinaren bidez 2009/125/EE eta 2010/30/EB Zuzentarauak aldatzen baitira, eta 2004/8/EE eta 2006/32/EE Zuzentarauak indargabetu, eta zeina aldatua izan baitzen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2018/2002 (EB) Zuzentarauaren bidez nahitaezko egiten du berokuntzako, ur bero sanitarioko eta klimatizazioko instalazio kolektiboen erabiltzaileei erabiltzailearen benetako energia-kontsumoa jakiteko aukera ematea.

Zuzentarau horren transposizioan, Eraikinen instalazio termikoetako kontsumo indibidualen kontabilizazioa arautzen duen abuztuaren 4ko 736/2020 Errege Dekretuak hirugarren artikuluan ezartzen du energia-kontagailuak instalatu behar direla, betiere teknikoki bideragarria bada, eta, hala ez bada, gastuen banatzaileak instalatu behar direla, teknikoki bideragarria eta ekonomikoki errentagarria bada. Era berean, errege-dekretu horren zazpigarren artikuluak ezartzen du nahitaezkoa dela instalazioaren kokalekua den autonomia-erkidegoko instalazio termikoen erregelamenduaren arloko eskumena duen organoari jakinaraztea zein instalaziotan den teknikoki bideraezina edo ekonomikoki errentaezina sistema horiek instalatzea; horretarako, eranskinetan onartutako ereduak erabili beharko dira, eta bideragarritasunik edo errentagarritasunik eza egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu. Errege-dekretu honetan, errentagarritzat jotzeko, 4 urtean ezartzen da energia-aurreztearen bidez behar den inbertsioaren itzultze-aldia.

Bestalde, 2019ko otsailaren 21ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea onartu zen, jasangarritasuna eta energia aurreztea sustatzeko, bai eta Europako agintariek ezarritako emisioen murrizketa sustatzeko ere, instalazioetan zein energiaren kudeaketan eta garraioan aldaketak sustatuta.

Lege hori garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuak ezartzen du, gainera, nahitaezkoa dela energia-kontsumoen zenbaketa indibidualizatzeko sistemak instalatu behar dituzten instalazioetan tenperatura kontrolatzeko sistemak automatikoak izatea, errege-dekretuak baimentzen dituen eskuliburuen aurrean, eta, horrela, lortu nahi diren aurrezkiak lortzea erraztea.

Gainera, 254/2020 Dekretuak ezarritako bideragarritasun ekonomikoko aldia 6 urtekoa da, eta abuztuaren 4ko 736/2020 Errege Dekretuak, berriz, 4 urtekoa.

Instalazio termikoen eraginkortasunik ezak ezagutu eta kuantifikatzeko helburuarekin, 254/2020 Dekretuak, gainera, instalazio termikoetako makina-geletan kontsumitutako energia eta instalaziora benetan igorritako energia jakiteko kontagailuak instalatzeko nahitaezkotasuna nabarmentzen du, instalazio horien urtaroko errendimendua zehatz-mehatz jakin ahal izateko eta aurreztea bideragarria eta errentagarria den instalazioaren zatiak identifikatu ahal izateko eta, horrela, isuriak murriztu erkidego-mailan.

Hala ere, lehen aipatutako xedapenek, eredu jakin batzuetan beharrezkoak diren jarduketen aurrekontuak doan egin beharra ezartzen dutenek, ez dute argitzen zer kontzeptu hartu behar diren kontuan egin beharreko errentagarritasunaren analisian, eta alde handiak sor daitezke merkatuan dauden eskaintzen artean, eta nahasmena sortuko da kontsumoaz informatu nahi diren erabiltzaileen artean. Gainera, ez dute ezartzen eskatutako sistemak instalatzea teknikoki bideragarria edo ekonomikoki errentagarria ez den instalazioen jakinarazpenak izapidetzeko modua.

Autonomia-erkidego honetako erabiltzaileei jakinarazpen horien izapidearen berri emateko eta sail honetako hiru lurralde-ordezkaritzen jarduera-irizpideak bateratzeko, ebazpen hau ematen dut:

Lehenengoa. Enpresa instalatzaileek erabiltzaileei aurkeztu behar dizkieten aurrekontuak 736/2020 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako ereduaren arabera egin behar dira, eta zehatz-mehatz eta bereizita jasoko dituzte errege-dekretu horretan eta 254/2020 Dekretuan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak, bai eta instalazio osoaren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren beste neurri guztiak ere.

Bigarrena. Jardueraren errentagarritasun ekonomikoa aztertzeko, 736/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzen dela ziurtatzen duten sistemen hornidura- eta instalazio-kostua soilik hartuko da kontuan, kontuan hartu gabe Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren irizpideen arabera baldintzatzat hartzen ez diren kontrol-sistema automatikoak edo bestelako ekipoak.

Hirugarrena. Kontsumoen zenbaketa indibidualizatzeko sistemak instalatzeko betebeharretik kanpo gera daitezkeen instalazioak jakinarazteko, sail honetako instalazio termikoen sekzioaren zerbitzuan dauden instalazioei dokumentazioa aurkezteko prozedura erabili beharko da.

Izapide horretako oharren atalean, instalazioa bere kodearekin (XX-IT-A-XXXX-XXXXXXX) identifikatu beharko da, eta baztertzeko arrazoia ere zehaztu beharko da. Horrez gain, jabetzaren adierazpena aurkeztu beharko da, hori egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera, 736/2020 Errege Dekretuaren V., II. edo III. eranskinetan ezarritako ereduekin bat etorriz.

Laugarrena. Inplikatutako agente profesionalei jakinaraztea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Bosgarrena. Indarrean jartzea. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 16a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

ZIGOR URQUIAGA URQUIZA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.