Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko martxoaren 3koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2020ko martxoaren 4ko Agindua aldatu, eta haren indarraldia luzatzen baita. Haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile eta ekoizle jakin batzuei larrialdiko aldi baterako neurriak ezarri zitzaizkien, Bizkaiko Zaldibar udal-mugartean Verter Recycling 2002 SL enpresaren titulartasunekoa den hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertakari larriaren ondorioz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 52
  • Hurrenkera-zk.: 1501
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/03/03
  • Argitaratze-data: 2021/03/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu
  1. 2020ko otsailaren 6an, luizi larria gertatu zen Verter Recycling 2002 SL enpresak Zaldibarko udalerrian (Bizkaia) ustiatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegian. Gertakari horren ondorioz, besteak beste, zabortegi hori erabat desgaituta gelditu da, eta, horrenbestez, etorkizunean ez da erabiliko urtean 500.000 tona hondakin inguru bertan uzteko.

  2. 2020ko otsailaren 29an, Cespa Conten SA enpresak Mutiloa udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakinak onartzeko zuen zabortegia itxi zen. Horrenbestez, Verterren zabortegira urtean bidaltzen ziren 500.000 tona hondakinak beste norabait eraman behar dira, eta horiei Mutiloako zabortegian biltegiratuta deuseztatzen ziren urteko 350.000 tona hondakinak gehitu behar zaizkie. Behar hori kontuan hartu behar da hondakin ez-arriskutsuen urteko kudeaketaren esparruan; izan ere, hondakin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko zabortegi kontrolatuetan biltegiratuta deuseztatzen dira, eta urtean, 2,2 milioi tona izaten dira.

  3. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Industria Sailburuordetzek lan-mahai baterako deia egin zieten Euskal Autonomia Erkidegoko zabortegi publiko eta pribatuen titularrei eta bi zabortegi horien itxierak gehien eragin dien ekoizpen-sektoreei (CLUSPAP-Euskadiko Paperaren Kluster Elkartea, AFV-Asoc. Fundidores País Vasco y Navarra, eta Siderex-Siderurgiako Kluster Elkartea). Bertan, agerian gelditu zen EAEn gaur egun ez dagoela gaitasun nahikorik hondakinak orain arte bezala eta orain arte bezain beste botatzen jarraitzeko. Izan ere, zenbatespenen arabera, urtean 440.000 tona zabor bota daitezke erabilgarri dauden zabortegietan, eta itxi diren bi zabortegiek, berriz, urtean 850.000 tonako edukiera eskaintzen zuten.

  4. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile eta ekoizle jakin batzuei larrialdiko aldi baterako neurriak ezarri zitzaizkien, Zaldibar (Bizkaia) udalerrian Verter Recycling 2002 SL enpresaren titulartasuneko hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertaera larriaren ondorioz. Agindu hori 2020ko martxoaren 13an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  5. Aipatutako 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren hirugarren apartatuan xedatutakoaren arabera, aldi horretan, autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak berariazko zenbait onarpen eman ditu agindu horretan jasotako neurrien xede diren hondakinak zabortegietan jasotzeko.

  6. 2021eko otsailaren 17an, Ingurumen Sailburuordetzak proposamen bat bidali zien Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordetzari, foru-aldundiei, EAEko zabortegi publiko eta pribatuen titularrei, bi zabortegien itxierak gehien eragin dien ekoizpen-sektoreei (Cluspap-Euskadiko Paperaren Kluster Elkartea, AFV-Asoc. Fundidores País Vasco y Navarra, eta Siderex-Siderurgiako Kluster Elkartea), Euskal Autonomia Erkidegoan zementua fabrikatzen duten hiru instalazioetako ordezkariei, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa elkarteei eta hondakin-uren kudeaketaz arduratzen diren partzuergo eta mankomunitateei, 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren indarraldia luzatzearekin lotuta, egoki iritzitako oharrak eta gogoetak egin zitzaten. Emaitzak espedientean daude jasota.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, bere 76. artikuluan, ingurumen-organoaren eskumen hauek jasotzen ditu:

  1. Hondakin arriskutsuen eta gainontzeko hondakin moten arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-jarduerak baimentzea, ikuskatzea eta zehatzea, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera toki-erakundeei dagozkien eskumenak.

  2. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio:

    1. Hondakin-kudeaketarako azpiegiturak kokatzeko, ezartzeko eta ustiatzeko eskakizun teknikoak definitzea, ingurumena babesteko estandar handiak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko irizpide-uniformetasuna bermatuko dituztenak.

      1. Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 12.4 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-jarduerak baimentzea, zaintzea, ikuskatzea eta zehatzea, baita hondakinak prebenitzeko programa autonomikoak eta hondakinak kudeatzeko plan autonomikoak egitea ere.

      2. Aurrekoa aipatuta, gogoratu behar da Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 8. artikuluak ezartzen duela ezen administrazio eskudunek hondakinen prebentzioari eta kudeaketari buruzko politikak eta legeria garatzean, hondakinen hierarkia lehentasun-ordena honen arabera aplikatuko dutela, ingurumen-emaitza global onena lortzeko:

        1. Prebenitzea;

        2. Berrerabiltzeko prestatzea;

        3. Birziklatzea;

        4. Beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne; eta

        5. Ezabatzea.

      3. Gainera, aipatutako uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 7., 8. eta 9. artikuluetan hondakinen politikaren eta administrazio-eskumenen lehen hiru printzipioak islatzen dira: «Giza osasunaren eta ingurumenaren babesa», «hondakinen hierarkia» eta «autosufizientzia eta hurbiltasuna». Beraz, bere eskumenak baliatzean, EAEko ingurumen-organoak printzipio horiek betetzen direla zaindu beharko du; hala, «hondakinak hurbilen dauden instalazio egokietan kudeatzea lehenetsiko du, ingurumenaren eta osasun publikoaren babes-maila handia ziurtatzeko teknologia eta metodo egokienak erabiliz».

      4. Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Lege berak honako hau jasotzen du 23.1 artikuluan: «Hondakinak ezabatu aurretik tratatu egin beharko dira, salbu eta haien tratamendua teknikoki bideragarria ez bada edo giza osasuna eta ingurumena babesteko arrazoiengatik justifikatuta ez badago».

      5. 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, 6.h) artikuluan eta 2.e) eranskinean, balorizatu daitezkeen eta hondakindegian utzi ezingo diren hondakinen lehen zerrenda bat jasotzen du. Zerrenda horrek honako hauek jasotzen ditu:

        Paper-kartoia.

        Metalak.

        Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

        Beira.

        Egurra.

        Ontziak.

        Ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak.

        Toner- eta tinta-kartutxoak.

        h) artikuluak xedatzen duenez, «zerrenda hori erregelamendu bidez handituko da, hondakin berriak balorizatzeko kudeatzaile baimenduak sortzen diren heinean».

      6. Aurreko atalean azaldutakoa kontuan hartuta, apirilaren 9ko 64/2019 Dekretua argitaratu zen, arku elektrikoko labeetan altzairua fabrikatzetik datozen zepa beltzak balorizatzeko jarduerei aplikatzekoa den araubide juridikoari buruzkoa. Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan, zabaldu egiten da 49/2009 Dekretuaren 6.h) artikuluan jasotako hondakin balorizagarrien zerrenda, eta «arku elektrikoko labeetako altzairugintzatik eratorritako zepa beltz balorizagarriak» gehitzen dira.

      7. «EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana 2020 - Ekonomia zirkular baterantz» planaren arabera, lurraldean sortutako hondakinen % 58 industria-jatorrikoak dira.

        Dokumentu horrek bost programa jasotzen ditu, 5 helburu estrategikori erantzuten dietenak. Estrategia horiek administrazio publikoek, eragile pribatuek eta herritarrek parte hartzen duten 140 jardueraren bidez garatzen dira. Honako programa hauek dira: prebentzioa; gaikako bilketa eta bereizketa; berrerabiltzeko prestaketa, birziklatzea eta balorizazioa; deuseztapenaren optimizazioa, eta administrazioaren eredugarritasuna eta gobernu egokia.

  3. eta 5. programei lotutako helburuak hauek dira: hondakinen berrerabiltzeko prestaketa, birziklatzea eta balorizazioa % 60raino handitzea, eta horrela, bide batez, EAEn hondakinen arloan dauden arazo nagusiak konpontzea, eta lehen mailako hondakinak botatzeari uztea, hurbiltasun- eta autosufizientzia-printzipioak aplikatzea eta dauden zabortegien inpaktua minimizatzea.

    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Plan berri bat onartzeko tramitazioari ekin dio. Plan horren hasierako bertsioetan, prebentzio-helburu gisa planteatzen da 2030erako 2016arekin alderatuta, BPGd-aren unitate bakoitzeko guztizko hondakinen sorrera-tasa % 30 murriztea. Helburu hori lortzeko hondakin hauetan jarri behar da arreta: udal-hondakinak bereziki, elikagai-hondakinak eta ontzi arinak eta arriskutsuak ez diren industria-hondakinak altzairugintzako zepak, ore- eta paper-lohiak, galdaketa-hondakinak, erregogorrak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

    Era berean, 2030erako hondakinen deuseztapena % 15etik behera murrizteko helburua jasotzen du dokumentuak.

    Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planen esparruan, EAEko ingurumen-organoak gogor lan egin du balorizazio bidezko konponbideak bilatzeko industria-hondakinen lehentasunezko korronte hauei:

    Altzairugintzako zepa zuriak eta beltzak (EHZ kodeak: 100201, 100202): gaur egun, gaitasun nahikoa dago EAEn ekoizten diren altzairu arrunt eta bereziko zepa zuri eta beltz guztiak tratatzeko.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) (EHZ kodeak: 170101, 170102, 170103, 170107, 170904): gaur egun, nahikoa gaitasun dago EAEn sortzen diren EEH guztiak balorizatzeko tratamendu-instalazio finkoetan.

    Hiriko hondakin-uren araztegietako lohiak (EHZ kodea: 190805): gaur egun, nahikoa gaitasun dago EAEn sortzen diren hiriko hondakin-uren araztegietako ia lohi guztiak balorizatzeko tratamendu-instalazioetan.

    Kraft orearen ekoizpeneko kareharrizko lohiak (EHZ kodea: 030309): karezko lohiak autokudeatuak izan daitezke, zementu-fabrikan materialki balorizatu daitezke edo karezko medeagarriak fabrikatzeko erabili.

    Paperaren ekoizpeneko tinta-kentzeen lohiak (EHZ kodea: 030305), uren arazketako lohiak (EHZ kodea: 030311) eta hondakin-paperaren errefusa (EHZ kodea: 030307): hiru korronte horiek batera balorizatu daitezke, tinta-kentzetik eta araztegietatik eratorritako lohiak kiskaltzen diren eta hondakin-paperaren errefusaren energia baliatzen duen ad hoc prozesu batean; prozesu hori gas-prozesu baten bidez edo balorizazio energetiko bidez egiten da errausketa-instalazioetan. Era berean, tinta-kentzeen lohiak zeramika-industrian balorizatu daitezke, eta arazketa-lohiak nekazaritza-erabileretara bideratu daitezke, baldin eta indarrean dagoen araudian horiek aplikatzeko ezarritako kalitate-irizpideak betetzen badituzte.

    Burdinazko galdaketako hareak eta xehekiak (berdez moldekatzea) (EHZ kodeak: 100906, 100908, 100910): korronte hori ad hoc prozesu batean birsortzeko aukera dago (gaur egun, prozesu hori ez da egiten EAEn, Ecofond SAren instalazioa itxi zenetik). Era berean, galdaketako hareak eta xehekiak (moldekatze berdea) zementu-fabriketan balorizatu daitezke klinkerra fabrikatzeko; alabaina, EAEko hiru zementu-instalazioen gehieneko edukiera erabilgarria baliatuta ere, ez litzaioke erantzunik emango sortutako korrontearen zati handienari.

    Fluff-light (zatikatze-frakzio arina) (EHZ kodea: 191004): fluff-lightaren desmetalizaziorako lehen eta bigarren mailako tratamendu-gaitasun nahikoa dago EAEko fluff-light ekoizpen osorako. Gainera, gaitasun gutxi dago kloroa duten plastikoak bereizteko eta, ondoren, hortik eratorritako hondakinaren balorizazio energetikoa egiteko; hau da, urteko ekoizpenaren % 5 inguru tratatzeko.

    Aipatu behar da fragmentaziotik eratorritako hondakin ia guztiak zabortegian ezabatzen direla, eta 2019an 300.000 tona baino gehiago bildu zirela.

  1. Industria-jatorriko hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeari buruzko 2020ko martxoaren 4ko Agindua eman zen unean Euskal Autonomia Erkidegoan zegoen larrialdi-egoerak bere horretan jarraitzen du; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak ezabatzeko dauden instalazioetan, ez dago behar adina gaitasunik sortutako industria-hondakin guztiei erantzuteko, ezta COVID-19aren krisi sanitarioak gogor jo duen 2020ko ekitaldi honetan ere; horrenbestez, eutsi egin behar zaie aipatutako 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez hartutako premiazko eta aldi baterako neurriei, EAEko baimendutako zabortegietan industria-hondakinak botatzea minimizatzeko, balorizatzeko bide posible guztiak agortuta; beraz, justifikatuta dago kudeaketa-hierarkian lehentasunezko beste aukera batzuk dituzten korronteak botatzeari mugak jartzea.

  2. Bestalde, hasiera batean adierazi zen ezen Aginduak ezarritako neurriek 12 hilabeteko indarraldia izango zutela, uste baitzen aldi horretan Agindu horrekin erdietsi nahi ziren helburuak beteko zirela; alabaina, Agindua indarrean egon den aldi horretan ezin izan da egiaztatu aipatutako helburuak lortu diren, eta, beraz, helburu horiek lortze aldera, luzatu egin behar da indarraldi hori.

  3. 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren seigarren apartatuak honako hau xedatzen du: Agindu honetan ezarritako neurrien indarraldia 12 hilabetekoa izango da, hori baita Agindu horren helburuak erdiesteko zenbatetsi den denbora.

    Epe hori luzatu ahal izango da, justifikatutako arrazoiengatik, eta, nolanahi ere, ingurumen-organo honek ebazpen berariazkoa eta arrazoitua eman beharko du, interesdunei entzun ondoren.

    Arestian agerian geratu denez, administrazio-egintza hori luzatzeko beharra justifikatu da, eta Industria Sailburuordetzari, EAEko zabortegi publiko eta pribatuetako titularrei, gehien kaltetutako ekoizpen-sektoreei (Cluspap-Euskadiko Paperaren kluster Elkartea, AFV-Asoc. Fundidores País Vasco y Navarra eta Siderex-Siderurgiako Kluster Elkartea) eta EAEko zementu-fabrikaziorako hiru instalazioetako ordezkariei entzun zaie.

    Ondorioz, egokia da Agindu bat ematea inplikatutako operadoreei aldi baterako premiazko neurriak ezartzen dizkien 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren indarraldia luzatzeko.

  4. Nolanahi ere, 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren aplikazioak agerian utzi du beharrezkoa dela, aipatutako hondakin-korronteak ezabatzeari dagokionez, ingurumen-organoaren esku-hartzea egokitzea, nahikoa eta eraginkorra izan dadin helburuak lortzen direla bermatzeko, baina, aldi berean, gehiegi oztopatu ez dezan haren eraginpeko enpresa hondakin-ekoizleek eta -kudeatzaileek beren eguneroko jarduera behar bezala garatzea.

  5. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan azaldutako arrazoiak daude agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinarazteko, bereziki kontuan hartuta interesdun asko daudela jakinarazpena egin behar zaienak, eta, beraz, argi dago ez dela nahikoa guztiei jakinarazpena bermatzea.

  6. Organo honek eskumena du agindu hau emateko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legea; Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua. Azken honek lotura du lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen.

    Honako araudi hau ikusi da: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legea; Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikazio orokorreko gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Beste 12 hilabetez luzatzea, argitaratzen den egunetik hasita, honako Agindu honen indarraldia: Agindua, 2020ko martxoaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako premiazko neurriak ezartzen baitzaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile eta ekoizle jakin batzuei, Bizkaiko Zaldibar udal-mugartean Verter Recycling 2002 SL enpresaren titulartasunekoa den hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertakari larriaren ondorioz.

Bigarrena. Agindu hau argitaratzen den egunetik hasita, 6 hilabetez luzatzea ingurumen-organoak hondakinak zabortegian jasotzea onartzeko emandako ebazpen guztien indarraldia, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren babesean Agindu horren bidez aldi baterako premiazko neurriak ezarri zitzaizkien Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile eta ekoizle jakin batzuei, Bizkaiko Zaldibar udal-mugartean Verter Recycling 2002 SL enpresaren titulartasunekoa den hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertakari larriaren ondorioz.

2020ko martxoaren 4ko Aginduan jasotako hondakin-sortzaileek, 6 hilabeteko aldi gehigarri hori igaro ondoren, sortutako hondakinak zabortegian biltegiratuz kudeatzea aurreikusten badute, aipatutako 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren laugarren apartatutan jasotako kontsulta egin beharko diote ingurumen-organoari. Kontsulta hori gutxienez 2 hilabete lehenago egin beharko da, ingurumen-organoak atal honetan aurreikusitako 6 hilabeteko aldia amaitu baino lehen eman ahal dezan iritzia.

Hirugarrena. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren bigarren apartatuaren edukia aldatzea Agindu horren bidez aldi baterako premiazko neurriak ezartzen zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile eta ekoizle jakin batzuei, Bizkaiko Zaldibar udal-mugartean Verter Recycling 2002 SL enpresaren titulartasunekoa den hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertakari larriaren ondorioz. Honela idatzita gelditzen da:

Bigarrena. Udal, mankomunitate, foru-aldundi eta beste erakunde publiko guztiei eskatzea, botatako hondakinak ezabatzeko azpiegitura publikoen titular diren aldetik, onar dezatela beren lurralde-eremuan sortzen diren, berehala balorizatu ezin diren eta baimenaren barruan dauden industria-hondakin guztien ahalik eta kopuru handiena, hondakin horien helmugako zabortegia orain arte edozein izanik ere.

Laugarrena. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren bosgarren apartatuaren edukia aldatzea Agindu horren bidez aldi baterako premiazko neurriak ezartzen zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile eta ekoizle jakin batzuei, Bizkaiko Zaldibar udal-mugartean Verter Recycling 2002 SL enpresaren titulartasunekoa den hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertakari larriaren ondorioz. Honela idatzita geratzen da:

Bosgarrena: hiru hilean behin ingurumen-organo honetara hondakinen erregistro kronologikoa bidaltzeko eskatzea (Excel formatua, gutxienez honako eremu hauekin: hondakinaren izena, EHZ kodea, kopurua, zentroa/izen soziala, Ingurumen Identifikazio Zenbakia, Hondakin Ez Arriskutsuen Onarpen Agiria, data/hilabetea), Inguruneten bidez, honako interesdun hauei:

Hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baimenduak.

Agindu honetan adierazitako hondakinen balorizatzaile baimenduak.

EAEtik kanpo deuseztatzen diren hondakin ez-arriskutsuen ekoizleak.

Agindu honetan zehazten diren eta EAEtik kanpo balorizatzen diren hondakin ez-arriskutsuen ekoizleak, baldin eta hondakin horien kudeaketaren dokumentu-izapidetzea IKS-eem sistemaren bidez egiten ez bada.

Bosgarrena. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren indarraldiaren luzapenean, agindu horretan jasotako eskakizunak eta betebeharrak Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin-balorizatzaile guztiei eta zabortegi publiko zein pribatuen titular guztiei zabaltzea.

Seigarrena. Organo honek lehenago emandako ebazpenetan jasotako xedapenak, Agindu honekin bat ez badatoz, kontraesanean badaude edo bateraezinak badira, administrazio-egintza honetan xedatutakoari lotuta daudela ulertuko da, egintza horrek indarrean dirauen bitartean, ingurumen-baimen integratuak barne.

Zazpigarrena. Agindu hau erakunde hauei jakinaraztea:

Administrazio-egintza honen xede diren hondakin-korronteak sortzen dituzten enpresa-sektoreko enpresa elkarteak edo klusterrak.

Administrazio-egintza honen xede diren hondakin-korronteen ekoizleak, aurreko paragrafoan aipatutako elkarte edo klusterren parte ez direnak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizleak izan ezik.

EAEko hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baimenduen titularrak.

Agindu honetan aipatzen diren hondakin-korronteak balorizatzeko instalazioen titularrak.

Zortzigarrena. Agindu hau Arabako Foru Aldundiari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, ADEGIri, CEBEKi, CONFEBASKi, SEAri, ACLIMA-Basque Environment klusterrari eta APRREUSi jakinaraztea.

Bederatzigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 3a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.