Arautegia

Inprimatu

71/2021 DEKRETUA, otsailaren 23koa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 47
  • Hurrenkera-zk.: 1303
  • Xedapen-zk.: 71
  • Xedapen-data: 2021/02/23
  • Argitaratze-data: 2021/03/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu da, eta, bestetik, Administrazioko sailen artean eskumenak berriro esleitu dira; eta hori guztiori legegintzaldi honetan gobernu-programa osatzen duten konpromisoak betetzeko orduan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko xedez egin da.

Aipatutako 18/2020 Dekretuaren 10.1 artikuluak honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio Hezkuntza Sailari:

  1. Irakaskuntzaren alorrean Autonomia Estatutuan ezartzen diren ahalmenak, araubide orokorrekoak zein araubide berezikoak, etapa eta maila desberdinak barnean direla, bai eta goi-mailako hezkuntza eta bizitza osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotzeko ikaskuntza-jarduerak ere.

  2. Lanbide-heziketaren arloa zuzendu, antolatu eta planifikatzeko egitekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta, betiere, enplegurako lanbide-heziketaren arloan eta nekazaritza-, nautika- eta arrantza-esparruko lanbide-heziketa ez arautuaren arloan eskumena duten sail edo erakundeekin lankidetzan.

  3. Zientzia-politika; ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzea.

  4. Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

  5. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

    Egiteko horiek betetzeko, saila lau sailburuordetzatan egituratuko da. Halaber, Hezkuntza Sailari sektore publikoko zenbait entitate atxikitzen zaizkio, horiek lanabes funtsezkoak baitira lehenago aipatutako egitekoen eta jardun-arloen eremuan sailak bultzatu beharreko politikak garatzeko.

    Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 23an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 10. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Hezkuntza Sailari; eta egiteko eta jardun-arlo horiek sailburuaren zuzendaritzapean gauzatuko ditu.

Hezkuntza Sailak, bere eskumenak baliatzeko, honako organo hauek izango ditu:

  1. Organo zentralak:

    1. Hezkuntzako sailburua.

    1. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

    2. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.

    1. Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

    2. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza.

    3. Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza.

    4. Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

    1. Hezkuntza Sailburuordetza.

    1. Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza.

    2. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza.

    3. Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza.

    4. Lanbide Heziketako Sailburuordetza.

    1. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza.

    2. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza.

    1. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza.

    1. Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritza.

    2. Ikerketa Zuzendaritza.

  2. Organo periferikoak:

    Lurralde historiko bakoitzean Hezkuntza Sailak dauzkan lurralde-ordezkaritzak.

  3. Sektore publikoko entitateak:

    Sektore publikoko honako entitate hauek geratzen dira atxikita Hezkuntza Sailari:

    1. Administrazio instituzionala:

    1. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia, zuzenbide pribatuko ente publikoa.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste entitate batzuk:

    1. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia-Musikene, fundazio pribatua.

    2. Haurreskolak Partzuergoa.

  4. Kide anitzeko organoak eta beste organismo batzuk:

    Honako organo hauek ere atxikita daude Hezkuntza Sailari, aurreikusita dagoenaren arabera:

    1. Euskadiko Eskola Kontseilua.

    2. Euskadiko Unibertsitate Kontseilua.

    3. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea.

    4. Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua.

    5. Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordea.

    6. Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua.

    7. Ikerketarako Euskal Kontseilua.

    8. Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI).

    9. Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

    10. Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK).

    11. Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA).

    12. Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena.

    13. Berritzegune Nagusia eta Zonako Berritzeguneak.

Zuzendaritza Kontseilu bat izango da, Hezkuntzako sailburua presidente duela, titularrari lagunduko diona sailaren politika ikuskatzen eta jarraitzen, bai eta esleitzen zaizkion eginkizun eta jardueren plangintza orokorra egiten ere. Ez da administrazio-organotzat hartuko.

Sailburuaren zuzendaritzapean, honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Kontseilua: sailburuordeek eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendariak, zeinak Kontseiluko idazkari jardungo duen. Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahalko dute Zuzendaritza Kontseiluan.

Hezkuntzako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluek ezarritako eskumenak baliatzea, bai eta sailaren berezko egitekoen eta jardun-arloen eremuan indarreko legeriak esleitzen dizkionak ere, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin bat etorriz, non ez dauden beste organo bati esleituta.

Sailaren organo gorena denez, saileko organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan sailaren jardun-arloan esleituta dauden dirulaguntza izendunak emango ditu.

Horretaz gain, sailburua arduratuko da, deialdi publikoa egin ondoren, izendapen askeko lanpostuak betetzeaz, bai eta behin-behineko langileak izendatzeaz ere.

Sailburuari dagokio, halaber, sailaren berezko arloetan hitzarmenetarako eta akordioetarako baimena ematea eta horiek sinatzea, baldin eta horretarako Gobernu Kontseiluaren aldez aurretiko baimena behar ez bada, eta, betiere, hitzarmen eta akordio horiek beste organo batzuei berariaz esleitzen ez bazaizkie. Bai eta honako hauek ere: ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea, administrazio-xedapen eta -egintza deusezak ofizioz berrikustea eta administrazio-egintza deusezgarriak kaltegarri deklaratzea.

Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI), Hezkuntzako sailburuaren mende dela, otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuan ezarritako egitekoak garatuko ditu, bai eta agintzen zaizkion beste batzuk ere.

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Sailburuaren lan-programa planifikatzea eta haren segimendua egitea, eta sailaren arlo desberdinekin hura koordinatzea.

  2. Bere eskumeneko arloetan, bera izango da sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa. Bera izango da, halaber, gai material horren inguruan eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa.

  3. Sailaren kanpo-jardueren eta ekitaldi publikoen protokoloa eta antolaketa koordinatzea, bai eta sailak sustatutako kongresu, mintegi, jardunaldi eta hitzaldiena ere.

  4. Solaskide izatea sailak Legebiltzarrarekin, Arartekoarekin eta EAEko eta Estatuko gainerako erakunde eta instituzioekin izaten dituen harremanetan, koordinaturik eta hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako beste organo eta sail batzuen eskumenak.

  5. Sailaren eskumeneko gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatu ahal izateko. Horren haritik, saileko organoen eta Erkidegoko erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumeneko organoaren bitartez.

  6. Sailaren eta beste administrazio publiko batzuen arteko harremanak koordinatzea eta bideratzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organo eskudunaren bidez.

  7. Sailaren komunikazio-politika koordinatzea eta, ildo horretan, gizarte-komunikabideekiko harremanak garatzea eta zaintzea, sailaren jardueren, erabakien eta politiken hedapena eta zabalkundea errazteko.

  8. Sailaren jardun-arloei buruzko informazioa herritarrei emateko lanak koordinatzea, eta sailaren jardun-arloen inguruko kexak eta iradokizunak jasotzea.

  9. Dokumentazio-zerbitzuak eta dokumentu-baseak kudeatzea, eta sailak egin beharreko argitalpenen gaineko jarraipena eta koordinazioa egitea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiaren gainean eskumena duen sailak dauzkan eskumenak.

  10. Honako hauen koordinazioa eta jarraipena egitea: informazioaren argitaratze aktiboa; informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin lotutako eskaerei erantzutea; eta sailaren datu publikoak zabaltzea, gardentasun-politikarekin bat etorriz.

Sailburuordetza bakoitzaren arduraduna sailburuorde bat izango da, hierarkian sailburuaren menpeko zuzena izango dena. Sailburuordetzan garatutako jarduerei eta sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzei eta gainerako administrazio-organo eta -unitateei dagokienez, egiteko hauek dagozkie Hezkuntza Saileko sailburuordeei:

  1. Gauzatu beharreko politikak prestatu eta sailburuari proposatzea.

  2. Sailburuari laguntza emango diote, eman zaizkien egitekoen eremuan.

  3. Sailburuordetzaren jarduerak programatzea, eragin soziala aztertzea, eta behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea zuzendaritzen helburuetan.

  4. Sailburuordetzako administrazio-unitateen funtzionamendurako jarraibide eta zirkularrak ematea.

  5. Xedapen-proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikarekin bat etorriz.

  6. Helburuen eta jardun-planen kudeaketa ikuskatzea.

  7. Bere eskumeneko arloetan, sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa izatea, eta, halaber, eremu material horri lotuta eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa izatea, betiere egiteko hori beste organo batzuei esleituta ez badago.

  8. Bere gain hartzea sailburuordetzako hizkuntza normalizazioaren ardura, eta bere eskumeneko eremuetan euskararen erabilera sustatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin.

  9. Bere sailburuordetzan eta bere eskumen-eremuetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.

  10. Errekurtsoak ebaztea indarreko legerian aurreikusten diren kasuetan.

  11. Mendeko organoen jarduera ikuskatu eta zaintzea.

  12. Eskumenak mendeko organoei eskuordetzan ematea, organo horien arteko gatazkak ebaztea, eta goragokoak eskumenak bereganatzea, indarreko arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Zuzendari bat izango da saileko zuzendaritza bakoitzeko burua, zeina zuzenean eta hierarkian dagokion sailburuordearen mende izango baita, salbu eta sailburuaren Kabinete Zuzendaritzaren kasuan. Egiteko hauek izango dituzte Hezkuntza Saileko zuzendariek:

  1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea.

  2. Garatzen diren jardunak bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

  3. Zeinek bere eskumen-eremuko planak edo jardun-programak proposatzea organo arduraduneei.

  4. Laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak proposatzea, zehaztea eta kudeatzea, zeinek bere eskumen-eremuan.

  5. Gastua kontratatzea, baimentzea eta onartzea, eta bere jardun-eremuko kontratu txikiak behar bezala gauzatzen direla kontrolatzea, dekretu honetan kontratu horietaz egiten den aipamenaz gain, bereziki Bigarren Xedapen Gehigarrian.

  6. Indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, zuzendaritza bakoitzeko zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez. Hori guztia Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.

  7. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, egiteko komunak, oro har, Jaurlaritzako zuzendariei atxikitzen zaizkienak.

  1. Saileko sailburuordetzen zeregin orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari:

    1. Saileko administrazio-unitateen barne-araubidearekikoak koordinatzea.

    2. Saileko aurrekontuen aurreproiektuaren prestaketa koordinatzea, eta aurrekontuak ebaluatu eta aztertzeko prozedurak antolatzea.

    3. Eragin ekonomikoa duten egintza eta xedapenak ikuskatzea, eta sailari baimena ematea 1.000.000 eurotik gorako zenbatekodun espedienteetako gastua egiteko, betiere Gobernu Kontseiluaren eskumenak errespetaturik. Halaber, Gobernu Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta beste edozein espediente ekonomiko koordinatzea.

    4. Sailburuordea da sailaren kontratazio-organoa eta gastua onartzeko organoa, baldin eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurotik gorakoa bada.

    5. Euskadiko Ondareari buruzko Legeak sailari esleitzen dizkion eskumenak, non eta ez dauden beste organoren bati esleituta.

    6. Hezkuntza-sistemako baliabide materialak eta kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa koordinatzea, eta, hartarako, aipatu baliabideak plangintza orokorrari egokitzen zaizkion ala ez gainbegiratu eta egiaztatzea.

    7. Sailaren politika koordinatzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuak finantzatzearen eta haiekin itunak egitearen arloetan; betiere, Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, bakoitzak bere eskumeneko arloan, zehaztutako planifikazioarekin bat etorriz.

    8. Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako langileen arloko jardunak ikuskatu eta koordinatzea; betiere, bat etorriz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, bakoitzak bere eskumeneko arloan, zehaztutako plangintzarekin.

    9. Beka eta laguntzen politika sustatu eta bultzatzea, honako eremu hauetan:

      Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-mailetarako bekak, izaera orokorrekoak.

      Irakaskuntzarako instalazio eta eraikinetako obrak.

      Aurreko g) letran aipatu finantzaketa-akordioen ondoriozko beste laguntza batzuk.

    10. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan jantoki- eta garraio-politika sustatu eta bultzatzea.

    11. Sailak Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin dituen harremanez eta sailaren eta bulego horren arteko koordinazioaz arduratzea.

      1. Hezkuntza-sistema informazio-gizartearen beharrizan eta eskakizun berriei egokitzeko behar diren sistema informatikoak sustatu eta bultzatzea; hartarako, diseinuaren eta planifikazioaren arloan beharrezko eskumenak baliatuko ditu.

        1. Sailaren barne-kudeaketarako behar diren baliabide informatikoak zuzendu, koordinatu eta bultzatzea, Internet eta Intranet zerbitzuak barnean direla.

  2. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren mende daude zuzendaritza hauek: Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza eta Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari:

    1. Sailaren aurrekontuei buruzko aurreproiektua koordinatu eta lantzea, eta haren jarraipena egitea; organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sailari atxikitako sektore publikoko gainerako entitateen aurrekontu-proiektuak koordinatu eta sailarenarekin bateratzea; aurrekontuan egin beharreko aldaketak izapidetzea, eta saileko gastu-programak ebaluatzea.

    2. Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, behar den informazio-, etengabeko ebaluaketa- eta jarraipen-sistemak ezarri eta mantenduz.

    3. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen eta hezkuntza-sistemako gainerako unitateen kostuen azterketa, sistemaren finantzaketa-ereduak ezartzeko.

    4. Saileko organo guztiei aholkularitza ematea, finantzaketari eta aurrekontuen kudeaketari dagozkion gaietan.

    5. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan, garraioaren eta jantokien gaineko azterketak, proposamenak eta kudeaketa egitea.

    6. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuen finantzaketaren eta horiekiko itunen arloko era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe sistemaren planifikaziora egokitzea.

    7. Ondoren zehaztutako eremuetan, bekak eta laguntzak aztertu, proposatu eta kudeatzea:

      Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-mailetarako bekak, izaera orokorrekoak.

      Aurreko f) letran aipatu finantzaketa-akordioen ondoriozko beste laguntza batzuk.

    8. Unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleei egin beharreko ordainketa eskuordetua kudeatzea.

    9. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen kudeaketa ekonomiko-administratiboaren eredua ezarri, ikuskatu eta gaurkotzeko txostenak eta proposamenak egitea, ikastetxe horien kudeaketa-autonomiaren printzipioa betetzeko xedez.

    10. Zuzendariari egiteko hauek dagozkio: 1.000.000 eurotik beherako espedienteetan sailaren gastua baimentzea, eta Gobernu Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta beste edozein espediente ekonomiko prestatzea.

    11. Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekiko harremanak koordinatzea.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien egiteko orokorrez gain, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleiturik: artikulu honetako 2. apartatuan zerrendatutakoak, zeinak, kontrakorik esan ezean, jarraian zehaztutako langileen arlokoak baitira, zehazki: unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei, irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko zerbitzuei, Hezkuntzako Ikuskatzailetzari eta Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzei atxikitako langileen arlokoak:

    1. Irakasleak.

    2. Hezitzaileak.

    3. Saileko lan-kontratudun beste langile batzuk, sailaren hitzarmen kolektiboari lotuak direnak.

    4. Administrazio Orokorreko langileak, ikastetxeei atxikiak direnak.

  2. Aipatutako langile horiei dagokienez, zuzendaritzari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

    1. Aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan aipatutako langileei dagokienez, lan-kontratudun langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, bakoitzak bere eskumeneko arloan zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea.

    2. Karrerako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketetako oinarriak prestatzea, baremazio-batzordeak izendatzea eta lehiaketen garapena kudeatzea.

    3. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzarekin eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzarekin bat etorrita, Ikerketako eta Irakaskuntzari Laguntzeko Zerbitzuetako plazak betetzeko merezimendu-lehiaketen oinarriak prestatzea, eta lehiaketak kudeatzea.

    4. Aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan zehaztutako langileen nominak kudeatu eta kontrolatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuen eskudantziak.

      1. paragrafoko a), b) eta c) letretan zehaztutako langileen gastuak aurreikustea, eta gastu horien jarraipena egitea.

    1. Aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan zehaztutako langileei dagokienez, sindikatuekiko harremanak eta hitzarmen kolektiborako negoziazioa zuzentzea.

    2. Lan-absentismoa kontrolatzea eta hari buruzko azterlanak prestatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat lanean diharduten Langileen Erregistroko Irakasleen Atala kudeatzea eta mantentzea (atal hori otsailaren 19ko 2/1993 Legeko 7. artikuluan aurreikusita dago).

    4. Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen administrazio-egoeren deklarazioa egitea, eta haiek jardunera itzultzeko baimena ematea, zeregin hori beste organo bati ez badagokio.

    5. Bateragarritasun-espedienteak ebaztea eta nahitaezko erretiroen eta ezintasun fisikoagatiko erretiroen deklarazioa.

    6. Zerbitzu-eginkizunak ematea. Kolektiboei dagozkien lizentziak eta baimenak ematea, onartutako akordio arautzaileek eta hitzarmen kolektiboek diotenari jarraituz, betiere.

      1. Langileak ahalik eta egokien kudeatzeko irizpide eta jarraibideak ematea.

        1. apartatuko c) eta d) letretako kolektiboen lanpostu-zerrenden proposamena egitea.

        1. Laneko arriskuen arloan aplikatu beharreko neurriak proposatzea, eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzua zuzendu eta kudeatzea.

        1. Irakasle, garbitzaile eta sukaldeko langileen gizarte- eta prestakuntza-funtsaren oinarriak prestatzea eta funtsak banatzea.

        2. Hezkuntza Saileko irakasleen eta lan-kontratudun langileen lekualdatze-lehiaketetako oinarriak prestatzea, eta lehiaketen garapena kudeatzea.

        3. Ikasturte hasieran, irakasleen plazak esleitzeko prozesua.

        4. Hezkuntza Saileko lan-kontratudun langileak ordezkatzeko izangaien zerbitzuak birbarematzea.

        5. Oro har, langileen buru izatea, eta administrazio eta ohiko kudeaketako egintzak burutzea.

  3. Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien egiteko orokorrez gain, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleiturik:

    1. Hezkuntza-sistema egoki garatzeko, azpiegituretako dotazioak kudeatzea.

    2. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta sailaren gainontzeko bulegoetan higiezinak eraiki, handitu eta hobetzeko prozedurak izapidetzea eta ikuskatzea.

    3. Obrak gainbegiratzea, obra-proiektuak gainbegiratzeko, ikuskapen teknikoko, kalitate-kontroleko eta ziurtagirien jarraipeneko zerbitzu espezifiko gisa jardunez, bai eta hitzartutako prestazioa behar bezala egikaritzen eta gauzatzen dela ziurtatzeko behar diren erabakiak hartu eta jarraibideak ematea ere, eragotzi gabe beste organo edo sail batzuei dagozkien eginkizunak.

    4. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak eta sailaren gainontzeko bulegoak ekipatzeko dotazio orokor eta bereziak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei dagozkien egitekoak.

    5. Sistema eta baliabide informatikoak planifikatu, diseinatu eta ezartzearen arloan sailari dagozkion egitekoak betetzea, hezkuntza-sistema informazio-gizartearen premietara behar bezala egokitzeko xedez.

    6. Sailaren informatika arloko beharrizanak planifikatzea eta koordinatzea, hala aplikazioei nola euskarriei dagokienez.

    7. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako eraikin eta instalazioetako obretarako laguntzak aztertu, proposatu eta kudeatzea.

    8. Estatistikaren arloan sailari dagozkion egitekoak baliatzea; hartarako, Hezkuntza Sailaren berariazko estatistika-organoa atxikiko zaio.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien egiteko orokorrez gain, Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleiturik:

  2. Laguntza juridikoaren arloan, honako hauek dagozkio:

    1. Lege-aurreproiektuak eta xedapen arau-emaile orokorrak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, sailari edo haren mendeko edo hari atxikitako edozein erakunderi eragiten dioten gaietan.

    2. Xedapen orokorrei buruz eta sailak sinatu beharreko akordio eta hitzarmenei buruz txosten juridikoak egitea, bai eta, horretarako eskatzen denean, Gobernu Kontseiluak eta haren eskuordeko batzordeek aztertu beharreko gaiei buruzko txosten juridikoak ere, eta, saileko edozein organok eskatuz gero, aholkularitza ematea.

    3. Sailaren jarduera administratiboaren aurka aurkezten diren administrazio-errekurtsoak izapidetzea.

    4. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola eta Auzibide Zuzendaritzarekiko harremana, sailak parte hartzen duen gaietan, eta horien gainean emandako ebazpenen jarraipena eta kontrola.

    5. Sailaren jardueraren gainean sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta izapidetzea.

    6. Hezkuntzako zerbitzu publikoari atxikitako udal titulartasuneko ondasunak jabari publiko direnak desafektatzeari buruzko espedienteak, hargatik eragotzi gabe lurralde-ordezkaritzen eskumenak.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak sailari ematen dizkion egitekoak baliatzea.

    8. Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuak sailetako aholkularitzei esleitutako gainerako eginkizunak.

  3. Langileen arloan, dekretu honetako 10. artikuluak aipatu langileen kasuan izan ezik, honako hauek dagozkio:

    1. Behar diren prozedurak administratu eta kudeatzea, eta, hartarako, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenak baliatuko ditu, betiere beste organo batzuei dagozkien eskumenak eragotzi gabe.

    2. Sailak langile-arloan dituen beharrizanak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.

    3. Langileentzako formazio- eta hobekuntza-planak eta -programak sustatzea, hargatik eragotzi gabe IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarekin arlo horretan gauzatu beharreko lankidetza.

    4. Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei, eta betetzen direla zaintzea.

  4. Kontratazioaren arloan, honako hauek dagozkio:

    1. Saileko organo guztiei aholkularitza ematea honako arlo hauetan: sektore publikoaren kontratuei buruzko legeria; kontratuak gauzatzean eta legeria horretan araututako prozeduretan hura egoki aplikatzea, hartara eragotzi gabe beste organo batzuei esleitutako eskumenak.

    2. Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeriari lotutako prozedurak izapidetzea, ezertan eragotzi gabe Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak eta beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak.

    3. Sailaren kontratazio-organoa zuzendaria da, betiere lizitazioko oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, gastu-onarpena barnean dela; kanpoan uzten dira dekretu honetan beste organo batzuei esleitutako kontratu txikiak.

  5. Aurrekoez gain, sailaren zeharkako kudeaketako organoa den aldetik, honako hauek dagozkio:

    1. Gobernu Kontseiluan aztertu behar diren gaiak koordinatzea eta Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari helaraztea; halaber, argitaratu beharreko xedapen edo egintza administratiboak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratzea.

    2. Saileko Erregistro Nagusiko Bulegoak funtziona dezan behar diren baliabideak jartzea.

    3. Sailaren administrazio-unitateen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea, bai eta kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere, hargatik eragotzi gabe Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari esleitutako eskumenak.

    4. Administrazioa eraberritu eta modernizatzearen arloko organo eskudunak emaniko ekimenak eta jarraibideak garatu eta betetzea.

    5. Irakaskuntzakoa ez den eremuan, lanpostuen banaketa fisikoari, lanpostuetako ekipamenduari eta eraberritze-lanei dagokienez, saileko unitateen jardunak zuzentzea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari gai honetan esleitutako eskumenak eragotzi gabe. Saileko bulegoen barne-erregimena zaindu eta babestea, eta sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamenduak administratu eta kontserbatzea.

    6. Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, eta sailean herritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko ardura duten zerbitzuek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean herritarrei informazio eta arreta orokorra emateko zerbitzuen ardura duen organoarekin kanal anitzekoa eta zentralizatzailea izanik harreman egokia izan dezaten arduratzea.

    7. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planaren edukiak identifikatu eta garatzea, gainerako zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin batera lan eginda eta koordinatuta, lege horretan aurreikusitako neurriak bete daitezen, eta gizon eta emakumeen berdintasunerako unitateei emandako egitekoekin bat.

    8. Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko hamargarren xedapen gehigarrian aurreikusitako euskara-unitatea izango da, eta, alde horretatik, saileko politiketan euskara sustatzen lagunduko du, hain justu ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jarraibideen ildotik.

    9. Sailak dituen ondasun guztiak direla-eta Ekonomia eta Ogasun Saileko zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak zentralizatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeari jarraikiz; era berean, sail horrekin elkarlanean, sailaren ondasun eta eskubideen inbentarioa osatzen laguntzea.

    10. Datuak babestearen gainean sailak diseinatzen dituen planak garatzea, eta Datuak Babesteko Euskal Agentziak ezarritako gomendioak eta jarraibideak gauzatzea.

  6. Aurreko apartatuetan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko sailburuordetzei dagozkien egiteko orokorrez gainera, Hezkuntza Sailburuordetzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleituak, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren arloan, betiere alde batera utzita dekretu honetan Lanbide Heziketako Sailburuordetzari esleitutako eskumenak:

    1. Hezkuntza-sistema antolatu, eraldatu eta eraberritzeko ekintzak planifikatzea; unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen arloko hezkuntza-politika eta hark curriculumaren eta arauen garapenean duen eragina definitu eta koordinatzea; irakasleen prestakuntza; hezkuntza-premia bereziak, eta hezkuntza-berrikuntzako programen garapena.

    2. Aurreko puntuan aipatutako irakaskuntzen programazioa bultzatu, koordinatu eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan abiaraztea.

    3. Irakaskuntza ebaluatzeko jarduerak ikuskatzea, hain justu ere irakaskuntza hobetzeko planak ezarri eta hobetzeko neurriak har eta kontrolatu daitezen, hargatik eragotzi gabe Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak arlo horretan dituen eskumenak.

    4. Hezkuntza Sailburuordetzaren eskumen-eremuko irakaskuntzak antolatu, eraberritu eta ikertzeko ekintzak koordinatzea.

    5. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzarekin koordinatuta, irakaskuntzako funtzio publikoan eta hezkuntza-ikuskaritzako eta -laguntzako zerbitzuetan sartzeko gaien edukiak nola ezartzen diren ikuskatzea, bai eta sarrera-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzen parte hartzea ere.

    6. Hezkuntza Sistemaren plangintza egitea, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzarekin koordinatuta; ildo horretatik, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen tipologia eta kokapena zehazteko irizpideak finkatuko ditu, eta honako hauek aztertuko: langile-premiei erantzuteko proposamenak, giza baliabideak hobetzeko eta kualifikatzeko planak eta azpiegitura- eta ekipamendu-baliabideen dotazio berriei buruzko proposamenak.

    7. Hizkuntza-arloko helburuak hobetzeko proposamenen plangintza eta jarraipena egitea, hezkuntza-sistemaren barruan. Ildo horretan, helburu horiek erdiesteko proposamen pedagogiko berritzaileak diseinatu eta abiaraziko ditu.

    8. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1998 Oinarrizko Legea garatzeko jarduerak zehaztu eta koordinatzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin koordinatuta, eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen III. tituluaren esparruan.

    9. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan, euskara ardatz duen hizkuntza eta kultura anitzeko hezkuntza-eredua diseinatzea, planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin koordinatuta.

    10. Digitalizazioa eta kultura digitala sustatzea, egungo hezkuntza-sistema hezkuntza-etapa guztietan eraldatzeko eragile gisa.

    11. Ikerketa-lana egitea hezkuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan, betiere unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-mailetan.

    12. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-mailetako irakasleei prestakuntza eta aholkuak ematea, hezkuntza-ikerketaren eta -berrikuntzaren ondorioz sortzen diren metodologia eta teknologiei buruz.

    1. Ikaskuntza-prozesuak hobetuko dituzten ingurune digital eta presentzial berrietan aurrera egitea, irakasleen eta ikasle guztien prestakuntzan etengabeko hobekuntza garatuz.

    2. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen autonomia areagotzea eta haien lidergo pedagogikoa bultzatzea, bai eta zuzendarien jarduna koordinatzea ere, baliabideak, pertsonak, antolamendua eta autonomia pedagogikoa hobetzeko.

    1. Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin eta Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzarekin koordinatzea Euskadiko Steam Estrategiaren garapena eta ezarpena.

    2. Aniztasunaren tratamendua sustatzea etapa guztietan.

    3. Hezkuntza Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko proposamenak egitea, bai eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe eta unitate publikoei baimenak eman, aldatu eta azkentzeko proposamenak ere.

    4. Haurreskolak Partzuergoarekiko eta Bizkaiko Osabidezko Hezkuntza Partzuergoarekiko harremanak bultzatu eta koordinatzea.

  2. Hezkuntzako Ikuskatzailetza Hezkuntzako Sailburuordetzaren mende egongo da, eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 25. artikuluaren 2. apartatuan esleitzen zaizkion egitekoak izango ditu, indarrean dagoen araudiak ematen dizkionez gain.

  3. Berritzegune Nagusia Hezkuntza Sailburuordetzaren mende egongo da organikoki eta funtzionalki, hargatik eragotzi gabe Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion gainbegiraketa-funtzioak.

  4. Hezkuntza Sailburuordetzaren mende daude zuzendaritza hauek: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari:

    1. Hezkuntza Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, irakaskuntza planifikatu, bultzatu eta garatzea, bai eta hezkuntza berriztatzeko programen jarraipena egitea ere.

    2. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen curriculuma garatzeko material didaktikoen prestaketa bultzatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailetan, hezkuntza-curriculuma egoki garatzera bideratutako arauak aplikatzeko proposamenak, ebaluazio-lanak eta azterlanak egitea.

    4. Irakasleen eta ikasleen gaitasun digitalak sustatzeko jarduketa- eta estrategia-planak bultzatzea, bikaintasunerako bidean didaktika eta irakasteko eta ikasteko prozesua hobetzen lagun dezaketen metodologia aktiboei eta tresna tekno-pedagogikoei buruzko prestakuntzaren bidez.

    5. Irakaskuntzaren ebaluazioa arautzeko proposamena egitea, ISEIrekin koordinatuta.

    6. Ebaluazioaren kultura sustatzea, eta irakasleen jarduna eta zuzendaritza-lana ebaluatzeko prozesuak aplikatzea, Hezkuntza Ikuskaritzarekin koordinatuta.

    7. Ikastetxeetan, hezkuntza-sistemaren berrikuntzak identifikatzea maila desberdinetan, bai curriculumean, bai metodologian, bai didaktikan eta bai antolamenduan, eta berrikuntza horiek emaitza akademikoetan duten eragina neurtzea.

    8. Hezkuntza Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, irakaskuntzaren arloko Europako programetan eta Erkidegoko ekintzetan parte hartzeko beharrezkoak diren ekintzak sustatu eta bultzatzea.

    9. Eskola-laguntzako zerbitzuak sustatzea, bai kanpoko baliabide didaktikoak zuzentzeari dagokionez, bai eskola barruko laguntzari dagokionez, ikastetxeen testuinguruan, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    10. Irakasleen eta zuzendaritzen etengabeko prestakuntza-plana diseinatu, aplikatu eta ebaluatzea, bai birziklatze orokorrari dagokionez, bai espezialitate jakin batzuei dagokienez, ikastetxeen beharren arabera.

    11. Estrategiak diseinatzea irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko irakasleen garapen profesionala eta haien arteko sare-lana bultzatzen, ikaskuntza arrakastatsua ahalbidetuko duten inguruneetan.

    12. Steam kultura sustatzea, genero-ikuspegitik, irakaskuntza-etapa guztietan, neskato eta mutikoen aukerak eta itxaropenak bateratzeko.

    1. Hezkuntza-eremuan euskara erabiltzeko aukerak eta testuinguruak sustatu eta dinamizatzea, bai gelaren barruan bai kanpoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1984 Oinarrizko Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    2. Ikastetxeei laguntzeko programak garatzeko beharrezkoak diren ekintzak eta hitzarmenak kudeatzea.

    1. Unibertsitateekin koordinatzea Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen praktiken tutoretza.

    2. Urrutiko hezkuntza planifikatu, antolatu eta kudeatzea, eta baimen-txostenak egitea.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari, Hezkuntza Sailburuordetzaren eskumen-eremuaren barruan:

    1. Elkarbizitza positiboa sustatzea, eskola anizkunean oinarritua, gizarte kohesionatua lortzeko.

    2. Hezkidetza-eskolaren garapenean sakontzea, zeinak barnean hartuko baititu genero-ikuspegia eta aniztasun afektibo-sexualarenganako errespetua, indarkeria sexistaren prebentzioan lagunduko duen planteamendu integral batetik.

    3. Ikasle guztien sarbidea, iraunkortasuna, aurrerapena eta akreditazioa sustatzea, hezkuntza-sisteman sartu berriena barnean.

    4. Ikasle guztien ikaskuntza eta partaidetza sustatzea, ahalik eta garapen pertsonal, akademiko eta sozialik handiena eta orekatuena izan dezaten, testuinguru inklusibo batean.

    5. Ikastetxeetan, etapako aholkularien, inklusioan laguntzeko zerbitzuen eta irakasleen prestakuntza sustatzea, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin batera, hain zuzen ere jardunbide inklusibo eraginkorrak garatzen laguntzeko, ikasle guztien gaitasunak garatu daitezen.

    6. Ikasleen aniztasunari erantzun inklusiboa emango dioten programa espezifikoen garapena sustatu eta koordinatzea.

    7. Aniztasunari erantzuten espezializatutako profesionalak eta aholkularitza- eta laguntza-egiturak antolatu eta koordinatzea.

    8. Sistema sanitario eta sozialarekiko elkarreragina sustatzea, ikasle guztien ongizate psikosoziala lortzeko.

    9. Igarobide pertsonalizatuko prozesuak bultzatzea, bai eta ikasle guztien absentismoa eta eskola-uztea prebenitzea ere.

    10. Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak (adimen-gaitasun handiko ikasleenak barnean) goiz hauteman eta ebaluatu eta horiei erantzuna goiz eman dakien sustatzea.

    11. Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleentzako neurriak eta laguntza proposatu eta ebaluatzea, baliabideen aprobetxamendu integrala eta eraginkorra sustatzeko.

    12. Irizpideak zehaztea eta ezartzea, zerbitzu osagarriei dagokienez arreta berezia behar duten eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntza eman eta planifikatzeko.

    1. Desberdintasunak konpentsatzeko ekintzak garatzea osabidezko hezkuntza-planen bitartez, gizarteratzea eta laneratzea errazteko.

  2. Aurreko puntuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari, betiere Hezkuntza Sailburuordetzari dagozkion eskumenen eremuan:

    1. Ikastetxe publikoen sarea antolatzea eta planifikatzea, eta ikasleen prestakuntza-ibilbideak diseinatzea, irakaskuntza-maila eta -etapa guztietako ikastetxeen arteko atxikipenen bidez.

    2. Ikasturte bakoitzean, ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen hezkuntza-eskaintza planifikatzea, eta hezkuntza-etapa edo -maila bakoitzeko kurtso eta modalitate bakoitzean ikastetxe bakoitzak gehienez zenbat ikasle eta talde onar dezakeen zehaztea.

    3. Unibertsitateaz kanpoko unitate eta ikastetxe pribatuak baimentzeko eta baimen horiek aldatu eta azkentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea, bai eta emandako baimenen betekizunei eusten zaiela gainbegiratzea ere.

    4. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea.

    5. Hezkuntza-sektoreek ikastetxeetako bizitzan parte har dezaten sustatzea.

    6. Ikastetxeetako oinarrizko ekipamendu-moduluak eta baliabide materialak diseinatzea, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzarekin batera.

    7. Ikastetxeek egoki funtziona dezaten behar diren administrazio-neurriak hartzea.

    8. Ikastetxeen gobernu-araubidea kontrolatzea.

    9. Ikastetxeak hezkuntza-itunen deialdirako planifikatzeko proposamenaren gaineko txostenak egitea, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin lankidetzan.

    10. Araubide bereziko irakaskuntzak programatzea eta haien ezarpena eta garapena diseinatzea: hizkuntza-, arte- eta kirol-irakaskuntzak.

    11. Ikasturte bakoitzean, ikastetxe publiko bakoitzaren irakasle-premiak definitzea, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta, eta, horren ondorioz, etapa, maila, ikastetxe eta zerbitzu bakoitzeko irakasle-lanpostuen zerrenda egitea, sailaren premien eta lehentasunen arabera, eta aurrekontuan aurreikusitako zuzkidurak kontuan hartuta.

    12. artikulu honetan esleitutako egitekoek ez dituzte eragotziko 18. artikuluan Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzarentzat ezarritakoak.

    1. Helduen hezkuntza-programak garatzeko beharrezkoak diren ekintzak sustatu eta aplikatzea, bai urrutiko modalitatean, bai presentzialean.

    2. Helduen hezkuntzako zentroetako langileen eta baliabide materialen beharrizanak planifikatzea, bai urrutiko modalitatean, bai presentzialean.

    1. Helduen hezkuntzarako unitateak eta ikastetxeak sortu, eraldatu eta kentzea, bai eta irakasle-premiak definitzea ere, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailetan, hezkuntza-curriculuma egoki garatzera bideratutako arauak aplikatzeko proposamenak, ebaluazio-lanak eta azterlanak egitea. Esparru orokor horren barruan, arreta berezia eskainiko zaio euskal curriculuma hezkuntza-sistemaren eremu guztietan definitu, garatu eta ezartzeari.

  2. Aurreko puntuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko sailburuordetzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari:

    1. Lanbide-heziketaren arloa zuzendu, antolatu eta planifikatzeko egitekoak betetzea, berekin ekarriko duena bizialdi osoan lanbide-kualifikazioak eskuratu eta areagotzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta, betiere, enplegurako lanbide-heziketaren arloan eta nekazaritza-, nautika- eta arrantza-esparruko lanbide-heziketa ez arautuaren arloan eskumena duten sail edo erakundeekin lankidetzan.

    2. Lanbide Heziketako Euskal Plana garatu, aplikatu eta eguneratzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta.

    3. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketa programatu eta ezartzea, hura irakasten duten ikastetxeetan.

    4. Hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketa antolatu, eguneratu, ikertu eta eraberritzeko jarduerak planifikatzea.

    5. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketan, langileen arloan eta baliabide materialetan dauden beharrizanak aztertu, planifikatu eta definitzea, eta, orobat, irakasleentzako kualifikazio- eta -hobekuntza-planak ezartzea.

    6. Hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketa emateko beharrezkoak diren espazioak, instalazioak eta ekipamenduak hornitzeko baliabideak planifikatzea.

    7. Lanbide-heziketa ebaluatzea, haren kalitatea kontrolatzeko eta kalitate hori ziurtatzeko neurriak hartzeko.

    8. Lanbide Heziketari dagokionez, unitate eta ikastetxe pribatuak baimentzeko eta baimen horiek aldatu eta azkentzeko proposamenak egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko proposamenak egitea ere.

    9. Eremu ez-formaletan, bizialdi osoko ikaskuntzarako ekintzak diseinatu, definitu eta aplikatzea, jakintzaren gizartean konpetentzia berriak eskuratzeko beharrezkoak direnak.

    10. Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, eta arduratzea sailean herritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko ardura duten zerbitzuek harreman egokia izan dezaten Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean herritarrei informazio eta arreta orokorra emateko zerbitzuen ardura duen organoarekin kanal anitzekoa eta zentralizatzailea bera.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari:

    1. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren arlo osoa antolatu eta erregulatzen duten araudiei buruzko proposamenak egitea, gure eskumenen esparruan.

    2. Lanbide Heziketako heziketa-zikloak osatzen dituzten curriculum-diseinuak garatzeko araudi-proposamenak egitea.

    3. Lanbide Heziketako ikastetxe eta unitate publikoak eta pribatuak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hastea eta izapidetzea.

    4. Hezkuntza- eta ekoizpen-sektoreek Lanbide Heziketako ikastetxeetako bizitzan parte har dezaten bultzatzea.

    5. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketan zehaztea zein diren behar diren oinarrizko espazio-, instalazio- eta ekipamendu-moduluak, Lanbide Heziketako titulu bakoitzarentzat.

    6. Produkzio- eta gizarte-inguruneak eskatzen dituen kualifikazioak aldatzen diren neurrian, prestakuntza-eskaintza aldaketa horietara etengabe egokitzeko tresnak ezartzea.

    7. Gizarte-eragileek beren lantokietan ikas-ekinezko erregimeneko heziketa duala ezartzen parte har dezatela bultzatzea. Horrela, lanbide-heziketaren arloan elkarrekin parte hartzearen kultura sortuko da, hezkuntza-sistema eta produkzioarena lotuko dituena.

    8. Lantokietako heziketaren bidez enpresetan garatu beharreko lanbide-heziketa dualaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat ezartzea.

    9. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen antolamendu-egitura bat ziurtatzea, emandako egiteko eta zeregin guztiak betetzeko gai izango dena.

    10. Txostena egitea Lanbide Heziketako ikastetxe pribatuak hezkuntza-itunen deialdirako planifikatzeko proposamenari buruz.

    11. Lanbide Heziketako irakasle-lanpostuen zerrenda egitea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren beharrizan eta lehentasunen arabera, eta aurrekontuan ezarritako dotazioak kontuan izanda.

    12. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako programak garatu eta ezartzeko behar diren ekintzak planifikatu eta ezartzea.

    1. Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aitortzeko ekintzak planifikatzea, Lan eta Enplegu Sailarekin koordinatuta.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari:

    1. Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleen artean, sormen-gaitasuna, berrikuntzarako gaitasuna eta pentsamendu konstruktiborako gaitasuna sustatzen duten ekintzak bultzatzea.

    2. Ikasketa-metodologia aktiboen ezarpen orokorra sustatzea, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketan berrikuntza metodologikoa indartzeko xedez.

    3. Lanbide Heziketaren ikaskuntza-mailetan STEAM kultura bultzatzea.

    4. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketan digitalizazioaren aurrerapena eta garapena bultzatu eta zuzentzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren jarraibideak betez.

    5. Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikerketa aplikatuko proiektuak sustatzea, enpresekin lankidetzan egin ahal izango direnak, bereziki Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik ezarritako estrategiekin bat datozen ETEekin.

    6. Ingurune estrategiko espezializatuak eta espezializazio-arloak sor daitezen sustatzea, zenbait sektore produktibotan Lanbide Heziketako zentroen eta enpresen artean elkartze eta lankidetza eraginkorra bultzatzeko, batez ere ETEen, mikroETEen eta autonomoen artean, betiere enpleguaren eta lehiakortasunaren erronka berriei erantzuteko.

    7. Lanbide Heziketako ikastetxeetan, egungo eta etorkizuneko teknologia aurreratuak aztertzea, sustatzea eta ezartzea, ingurune konplexuetan irakasleen eta ikasleen konpetentziak hobetzeko xedez.

    8. Lanbide Heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza-planak diseinatu, aplikatu eta gauzatzea, barnean hartuta eguneratzea eta espezializatzea.

    9. Irakasleen konpetentziak hobetzeko prestakuntza-ekintzak diseinatzea, ikasgelan zenbait ikasketa-metodologia garatzeko.

    10. Irakasleen prestakuntzara zuzendutako ekintzak diseinatu eta gauzatzea, ingurune teknologikoki oso aurreratuetan behar bezala erantzuteko gai izan daitezen.

    11. Esparru ez-formalean, bizialdi osoan ikasketa-jarduerak garatzeko beharrezkoak diren ekintzak planifikatzea, betiere unean uneko premiak kontuan hartuta.

    12. Lanbide Heziketako ikasleen artean espiritu ekintzailea eta enpresa-kultura sustatzeko beharrezkoak diren ekintzak ezartzea, ekintzailetza pertsonala sustatuz eta ikasleei enpresa-proiektu berriak hasteko gaitasuna emanez.

    1. Lanbide-heziketako zentroei laguntzea enpresa-proiektuak garatzen eta enpresak sortzen, zeinek barnean hartuko baitituzte digitalizazioa, jasangarritasuna, berrikuntza, konpromiso soziala eta pertsonetan oinarritutako antolaketa-egiturak, euskal produkzio-sarea berroneratzen, modernizatzen eta zabaltzen joateko.

    2. Lanbide Heziketako ikastetxeetan kudeaketa- eta antolaketa-eredu berritzaileak garatzeko jarduerak planifikatu eta zuzentzea, ikastetxe horietan konplexutasunaren kudeaketa eta ikerketa eta berrikuntza aplikatuak lantzeko.

    1. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketarekin lotutako Europako eta nazioarteko programetan parte hartzeko beharrezko diren ekintzak sustatu eta bultzatzea.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko sailburuordetzen zeregin orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzari:

    1. Sailaren unibertsitate-politika diseinatzea, arloko eragileekin batera.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate-arlokoak diren ikasketa arautu guztiak harmonizatzeko eta gizartearen beharrizanetara egokitzeko tresnak artikulatzea, unibertsitate-politikan ezarri dituen helburuak lortzeko.

    3. Euskal unibertsitate-sistemaren garapen osoa koordinatzea, kalitatea bultzatu eta bermatzea, eta Unibertsitate Sistemaren Planaren eta programa-kontratuen diseinua eta onarpena bultzatzea eta sustatzea, baita horiek eguneratzea ere.

    4. Unibertsitate-arloko harremanak koordinatzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste erkidegoen artean, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren artean.

    5. Ikasteko bekei eta laguntzei buruzko politika planifikatu, aztertu eta proposatzea, aukera-berdintasuna lortzeko.

    6. Euskal Herriko Unibertsitateko langileen euskalduntzea bultzatzea eta horretarako laguntza ematea.

    7. Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateen eta inguruko eta atzerriko unibertsitateen arteko trukaketa eta mugikortasuna bultzatzea; atzerriko unibertsitateei dagokienez, indartu egingo dira Iberoamerikako unibertsitateekiko aliantzak.

    8. Unibertsitatearen jarduera akademikoetan, irakaskuntza eta zientzia garatzeko beste hizkuntza batzuk jakitea eta erabiltzea sustatzea.

    9. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziarekin lankidetzan aritzea, indarreko legeriak esleitzen dizkion egitekoak gauzatzen, eta hari sostengua ematea Hezkuntza Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko ente publiko gisa dagozkion alderdi guztietan.

    10. Unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren arteko lankidetza sustatu eta bultzatzea prestakuntzaren eta ikerketa eta berrikuntza aplikatuaren esparruan, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan eta hargatik eragotzi gabe hari esleitutako eskumenak.

    11. Unibertsitate + Enpresa Euskal Estrategia prestatu eta sustatzea, unibertsitate-prestakuntza duala bultzatzea, baita unibertsitateei esleitutako etengabeko prestakuntza bultzatzea ere.

    12. Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin eta Hezkuntza Sailburuordetzarekin koordinatzea Euskadiko Steam Estrategiaren garapena eta ezarpena.

    1. Hezkuntza Sailburuordetzarekin lankidetzan, goi-mailako hezkuntza-politika koordinatzea, Euskadiko goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxeentzat.

    2. Zientzia eta teknologiaren garapena bultzatzea interes orokorraren mesedetan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta Osasun Sailarekin batera jarduteko bideak ezarrita, hargatik eragotzi gabe sail horiei edo beste batzuei dagozkien eskumenak.

    1. Euskal gizartean, ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloko sentiberatze-, jendarteratze- eta prestakuntza-planak aurrera eramatea, eta, horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekiko lankidetza bultzatzea, hargatik eragotzi gabe sail horri edo beste batzuei dagozkien eskumenak.

    2. Jaurlaritzako sailek ikerketaren arloan egiten dituzten jarduerak antolatu, planifikatu, sustatu eta koordinatzea.

    3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Plana prestatzen parte hartzea, eta haren garapena bultzatzea eta harremanetarako organo izatea hala Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean dauden eragileekin nola ikerketa-arloko erakunde arteko topaguneekin, non eta eginkizun hori ez dagoen esleituta beste organoren bati.

    4. Lankidetza bultzatzea eta sustatzea unibertsitate, ikerketa-zentro, enpresa, zentro teknologiko eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuen artean; horrela, etekinik handiena ateratzeko ikerketa-arloko baliabideen erabilerari, ezagutza zientifikoa gizartera transferitzeko eta ikerketarako baliabide pribatuak erakartzeko, hargatik eragotzi gabe Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari arlo honetan esleitutako eskumena.

    5. Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren jarduerak bultzatu eta koordinatzea.

    6. Ikerketaren eta teknologia-garapenaren politikako ildo nagusiak prestatzea, lehentasunezko arloak ezartzea, helburu zientifiko eta teknologikoak zehaztea, eta, ikerketaren eta teknologia-garapenaren arloan, urte anitzeko planak egitea, hargatik eragotzi gabe Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari arlo honetan esleitutako eskumena.

    7. Ikerketarako eta teknologiaren garapenerako planak behar bezala gauzatzeko eta plan horiek ebaluatzeko tresnak diseinatzea, ikerketarako programa eta proiektuei, giza baliabideen hautaketa eta prestakuntzari eta azpiegituren sorrerari dagokien arloan, hargatik eragotzi gabe arlo honetan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari esleitu zaion eskumena.

    8. Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sistemari Europako ikerketa-sisteman sartzen lagunduko dioten neurriak eta ekintzak bultzatzea, hargatik eragotzi gabe teknologia eta berrikuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuei dagozkien eskumenak.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoan, ikerketarako azpiegiturak hainbat eragileren artean sortzeko eta erabiltzeko neurriak eta ekintzak bultzatzea, bai eta indarreko ordenamendu juridikoak sailburuordetza honi esleitutako beste edozein egiteko ere.

  2. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren mende daude zuzendaritza hauek: Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritza eta Ikerketa Zuzendaritza.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari:

    1. Proposamenak egitea honako hauek sortu, aldatu eta kentzeko: fakultateak, eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak, edo irakaskuntza ez-presentziala edo urrutiko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko edo kentzeko baimenak planteatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Ikastetxe eta Unibertsitate Irakaskuntzen Erregistroa garatzea eta kudeatzea.

    4. Atzerriko unibertsitateetako hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeen espedienteak aztertzea, baimenak eman ahal izateko, eta aplikatzekoa den ordenamendu juridikotik datorren beste edozein ahalmen.

    5. Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia fundazio pribatuarekiko harremanak koordinatzea eta harekin lankidetzan aritzea.

    6. Ikastetxeak unibertsitate publikoari edo pribatuari atxikitzeko edo atxikipen hori kentzeko proposamenak aztertzea, hartarako onarpena eman ahal izateko.

    7. Zaintzea, eskumeneko ikuskaritzaren bidez, unibertsitateek betetzen dutela bai otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legean ezarritakoa eta bai aplikatzekoa den gainerako ordenamendu juridiko guztian ezarritakoa.

    8. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bidez, bekei, ikasketetarako kredituei eta unibertsitate-laguntzei buruzko politika garatu eta kudeatzea, baita politika hori koordinatzea ere.

    9. Unibertsitate Sistemaren Plana behar bezala gauzatzeko eta ebaluatzeko behar diren tresnak diseinatu eta kudeatzea, eta planaren idazkaritza teknikoari dagozkion egitekoak betetzea.

    10. Unibertsitate legeriari buruzko aldaketak proposatzea, lege-aurreikuspenak egokitzeko edo aldatzeko.

    11. Unibertsitateekin programa-kontratuak hitzartzeko proposamenak egitea; kontratuok izaera administratiboa izango dute, eta dirulaguntzak emateko izango dira.

    12. Hezkuntza Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren arteko harremanak koordinatzea, baita unibertsitate pribatuetan horren kideko diren organoekiko harremanak koordinatzea ere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoei dagokienez:

    1. Unibertsitate publiko bat sortzeko edo kentzeko behar den lege-proiektua egitea, eta proposamena Eusko Jaurlaritzari helaraztea.

    2. Unibertsitate publikoen jarduerak hasteko baimena ematea, indarrean dagoen legerian eta sortzeko legean aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero.

    3. Unibertsitatearen finantzaketari buruzko proposamena egitea, unibertsitateari entzun eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak txostena egin ondoren.

    4. Inbertsio eta azpiegituretarako urte anitzeko programa egin, onartu eta ikuskatzea.

    5. Egitura tekniko baten sorrera sustatzea, hitzarmen, akordio edo itun kolektiboen negoziazioan alderdi publikoaren ordezkaritza bere gain har dezan eta horien jarraipena egin dezan.

    6. Eusko Jaurlaritzari proposatzea Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen hala funtzionarioen nola lan-kontratudunen ordainsari osagarrien mugak, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideekin bat etorriz.

    7. Euskal unibertsitate publikoko ikaspostu berrien eskaintza onartzea.

    8. Unibertsitateko prezio publikoak finkatzeko araudia egitea; prezio publiko horiek irakaskuntza-zerbitzuei eta legez ezartzen diren beste eskubide batzuei dagozkie.

    9. Azterketa egitea euskal unibertsitate-sistemaren eremuan ondasunak jabari publikotik kentzeko eta, hala egokituz gero, horietaz baliatzeko.

    10. Kostuen ebaluazioa egitea, nola irakasle eta ikertzaileei dagokienez hala administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, eta lanpostu eta kontratuen aurreikuspena egitea, hartarako baimenak eman ahal izateko.

    11. Aztertzea, baimendu ahal izateko, kapital-eragiketetatik gastu arrunteko eragiketetara egin beharreko kreditu-transferentziak, baita zorpetzeko eta bermeak eskatzeko eragiketak ere.

    12. Unibertsitate-informazioaren sistema integratuari dagokion alderdi oro koordinatzea, euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateekin batera.

    1. Kontabilitate analitikoaren erabilera bultzatzea eta sustatzea, zuzendaritza honen mendeko erakunde guztietan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate pribatuei eta, hala denetan, Eliza Katolikoaren unibertsitateei dagokienez:

    1. Unibertsitate horiek onartzeko lege-proiektua egitea, edo, hala badagokio, onarpen hori kentzekoa, eta nola bata hala bestea Eusko Jaurlaritzari proposatzea.

    2. Publikoak ez diren unibertsitateen onarpena sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek onarpen horretarako behar diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

    3. Publikoak ez diren unibertsitateen ekintzak aztertzea eta horien gaineko txostena egitea, ekintza horiek Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 110.3 artikuluan jasotakoak badira.

Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikerketa Zuzendaritzari:

  1. Proposamenak egitea eta gauzatzea, Eusko Jaurlaritzako sailekiko eta bestelako erakunde batzuekiko koordinazio zientifiko eta teknologikoa bideratuko duten tresnak sortu eta horien jarraipena egiteko.

  2. Irizpideak ezartzea, ikerketako eta teknologia-garapeneko programak eta proiektuak ebaluatzeko, hautatzeko, gauzatzeko, kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko, baita unibertsitate- eta zientzia-arloan azpiegiturak sortzeko programak ebaluatzeko, hautatzeko, gauzatzeko, kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko ere.

  3. Proposatzea Hezkuntza Sailak zer baliabide bideratuko dituen ikerketa-proiektu eta -programetarako nahiz ikerketa-azpiegituretarako, eta proiektu eta azpiegitura zientifikoei buruzko datu-banku edo erregistro bat sortzea, baliabideak efizientzia handiagoz kudeatu ahal izateko.

  4. Ikertzaileak hautatzeko eta prestatzeko programak egitea eta gauzatzea, eta, horretarako, ikertzaileen jarduna prestatzea eta ikuskatzea; halaber, ikertzaileak prestatzeko programetarako lankidetza eskaintzea, doktoretza-eskolei eta unibertsitateetan horien kideko diren organoei laguntza emanda.

  5. Sailak hitzartutako programa-kontratuetan jasotako ikerketa-arloko aurreikuspenak aurkeztea eta ikuskatzea.

  6. Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Planaren ondorioz Hezkuntza Sailari dagozkion programak kudeatzea, Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta beste eragile ekonomiko eta sozial batzuekin batera.

  7. Ikerketa-programetan, formula berriak prestatzea eta gauzatzea, sistemak eta zientzia-komunitateak berrikuntzaren erronkei eta Europako Ikerketa Esparruari aurre egin diezaieten.

  8. Sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzeko programetan, formula berriak prestatu eta gauzatzea, ezagutzaren transferentzia egiteko.

  9. Erakundeen arteko jarduerak gauzatzeko planak, azterlanak, txostenak eta proposamenak egitea, zuzendaritza honen eskumeneko gaietan.

  10. Euskal gizartearen kultura zientifikoa bultzatzea, ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloan sentiberatze-, jendarteratze- eta prestakuntza-programak landuta.

  11. Bere eginkizunak betetzean gauzatutako jardueren jarraipena egitea.

  12. Ikerbasque fundazioaren jarduerak ikuskatzea; Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa talentua biltzeko eta erakartzeko sortua da.

  1. Oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketako zentroen jarduna (BERC) eta garapena bultzatzea, Euskadin puntako ikerketan diharduten taldeek eta horiek lantzen dituzten lerroek nazioartean prestigio handiagoa izan dezaten. Hartara, Euskadi talentua erakartzen duen gune bihurtzen lagunduko da, eta, aldi berean, unibertsitateetako ikertzaileekin eta Euskadin I+G+b helburu duten beste zentro batzuetako ikertzaileekin lankidetzan aritzeko tresnak ezartzea sustatutako da.

  2. Urtero Euskadiko Ikerketa Sarirako deialdia egitea, Euskadin eragin onuragarria ekarri duen ikertzaile eta talde kualifikatuen lana eta ahalegina sustatzeko eta bultzatzeko.

  1. Hezkuntza Sailari apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan eta urtarrilaren 13ko 2/2009 Dekretuan ezartzen zaizkion funtzioak garatzea. 96/1997 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea sortu eta arautu zen, eta, horretarako, batetik, Euskadiko Zientzia eta Teknologia Ikerketarako Erakundeekiko elkarlana eta koordinazioa finkatu zen, eta, bestetik, erakunde horien ezaugarriak eta eginkizunak zehaztu ziren. Gerora, abenduaren 26ko 278/2000 Dekretuak aldatu egin zuen 96/1997 Dekretua. 2/2009 Dekretuaren bidez, berriz, Transferentzien Batzorde Mistoak 2008ko abenduaren 11n hartutako Akordioa onetsi zen; akordio horren arabera, ikerketa eta garapen zientifiko nahiz teknikoko eta berrikuntzako funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zitzaizkion, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarriari dagokionez.

  2. Ikerketa-politikaren arloko neurriak bultzatzea, zehazki Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan, 3/2004 Legean eta 2/2009 Dekretuan jasota daudenak. Urtarrilaren 13ko 2/2009 Dekretuaren bidez, Transferentzien Batzorde Mistoak 2008ko abenduaren 11n hartutako Akordioa onetsi zen; akordio horren arabera, ikerketa eta garapen zientifiko nahiz teknikoko eta berrikuntzako funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zitzaizkion.

  1. Hezkuntzako sailburuaren mendetasun organikoaren eta hari atxikitako sailburuorde eta zuzendaritza bakoitzaren mendetasun funtzionalaren pean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, lurralde-ordezkari batek gidatuta; egiteko hauek izango ditu:

    1. Sailaren ordezkaria izatea dagokion lurralde historikoaren eremuan.

    2. Sailak kasuan kasuko lurralde historikoan dituen administrazio-zerbitzu eta -unitateak zuzentzea.

    3. Sailak emandako jarraibideak eta arauak bideratzea, dagokion lurralde-eremuan bete daitezen.

    4. Sailaren eskumenen arloan ematen diren xedapenak eta dagokion lurralde historikorako egindako programak eta aurrekontu-aurreikuspenak betetzen direla kontrolatzea.

    5. Sailaren organo zentralek eskatzen dizkioten espedienteei eta gainontzeko arazo guztiei buruzko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea.

    6. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako bitarteko irakasle funtzionarioak izendatzea eta kargutik kentzea, eta unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen kargu-hartzeei eta -uzteei buruzko jakinarazpenak egitea.

    7. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan edota sailaren gainontzeko lokaletan antolatzen diren jardueren jakitun egotea, eta, hala behar denean, horiek baimentzea, norbanakoek edo sailaren menpe ez dauden erakundeek sustatutakoak direnean.

    8. Kontratazio-arloko eskumena, bigarren xedapen gehigarrian jasoa.

    9. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, eskuordetze bidez, 10. artikuluko 2.k) apartatuan ezarri ez diren lizentziak eta baimenak ematea.

    10. Indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, bere lurralde-ordezkaritzako zerbitzu-burutzekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez; hori guztia, Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.

    11. Indarreko araudiak ematen dizkion bestelako egitekoak.

  2. Zonako berritzeguneak, organikoki, dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzaren mende egongo dira, eta, funtzionalki, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren mende, Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion gainbegiratze-lanen kaltetan izan gabe.

  3. Alorreko araudiak beste organo bati esleitzen ez badio, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako titularrak emandako administrazio-egintzen aurkako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea funtzionalki hura mendeko duen organoari dagokio, dekretu honetan adierazitakoaren arabera, xede duen gaia kontuan hartuta.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapenen araubidea.

    Saileko sailburuordetzetako edo zuzendaritzetako postua hutsik badago, edo titularra absente edo gaixorik badago, horiei esleitutako eskumenak honela beteko dira, betiere egoera hori gertatu aurretik ardurok esleitu ez badira eta egoera horrek dirauen artean:

    1. Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

    2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak dagokion sailburuordetzako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera; hau da, egituran aurre-aurretik dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengo zuzendaria sailburuordeak ordezkatuko du. Horiek ezin badute, hierarkikoki gain-gainetik dagoen hurrenak ordezkatuko ditu, hurrengo apartatuan xedatzen den kasuan izan ezik.

    3. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak beteko ditu.

    4. Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, gainetik dagoen hurrengo administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kontratu txikiak.

      Kontratu txikiei dagokienez, organo hauen arduradunei dagokie euren eremu funtzionalean eta lurraldean indarreko araudian kontratu txiki gisa tipifikatuta dauden eta euren funtzionamendurako beharrezko diren kontratuak kontratatzea, eta gastua baimentzea eta onartzea, ez badira kudeaketa zentralizatukoak, beste organo batzuen eskumenekoak, edota ez badute eskatzen fakultatibo eskudun batek eginiko proiektu teknikorik:

      Lurralde-ordezkariak.

      Ikastetxeen ekonomia- eta finantza-kudeaketaren araudian aurreikusitakoak.

      Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA), abenduaren 1eko 222/2015 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI).

      Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK).

      Euskadiko Eskola Kontseilua.

      Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

      Hezkuntza-sistemaren laguntza-zerbitzuak eta sailaren mendeko bestelako erakundeak, funts aurreratuak kudeatzeko baimena dutenak.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Baliabide propio pertsonifikatuei egindako enkarguak.

      Hezkuntza Saileko kontratazio-organoek eskumena izango dute, halaber, Dekretu honen 8.1.d) eta 12.4.c) artikuluetan ezarritako baldintza berberetan, baliabide propio pertsonifikatuei obrak egiteko eta zerbitzuak emateko enkarguak onartzeko, indarrean dagoen araudian aurreikusten den moduan.

Dekretu hau indarrean jartzean izapidetze-fasean dauden espedienteak dagokion arloaren arabera eskumena duten organoek izapidetu eta ebatziko dituzte.

Indargabetuta geratzen da 79/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, hezkuntza-arloei aplikatu beharrekoan, eta dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren bestelako erregelamenduzko xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aldatzea 40/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duena.

Beste idazkera bat ematen zaio Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen otsailaren 17ko 40/2009 Dekretuaren 13. artikuluari, eta honela idatzita geratuko da:

Berritzegune Nagusia Hezkuntza Sailburuordetzaren mende egongo da organikoki eta funtzionalki, hargatik eragotzi gabe Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion gainbegiraketa-funtzioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko otsailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.