Arautegia
Inprimatu1/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Jabetzaren, Merkataritzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoarekin sinatutako hitzarmena, higiezinei buruzko datuak tratatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 9
- Hurrenkera-zk.: 210
- Xedapen-zk.: 1
- Xedapen-data: 2025/01/07
- Argitaratze-data: 2025/01/15
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Ogasun; Justizia; Instituzional; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 7a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
Alde batetik, Denis Itxaso González jauna, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua.
Eta beste alde batetik, María Emilia Adán García andrea, Jabetzaren, Merkataritzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoaren dekano-lehendakaria.
AGERTU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua den aldetik, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua izendatzeko den Lehendakariaren ekainaren 24ko 27/2024 Dekretuaren arabera, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak ematen dizkion eskumenak erabiliz.
Eta bigarrena, Jabetzaren, Merkataritzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoaren (aurrerantzean, Erregistratzaileen Elkargoa) dekano-lehendakaria den aldetik, elkargoa ordezkatuz eta haren Gobernu Batzarraren erabakia betez, egintza honetan esku hartzeko baimenduta baitago Jabetzaren, Merkataritzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoaren estatutu orokorrak onartzen dituen apirilaren 14ko 483/1997 Errege Dekretuak emandako eskumenen bidez.
Agertutako bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa. EAEko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 10. artikuluan ezartzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, Lurralde Historikoek eta lurralde-izaerako Toki Entitateek izango dituzte, dagozkien organoen bitartez, etxebizitza-gaietako eskumenak eta ardurak, lege horretan eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.
Bigarrena. 10/2023 Legea, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa, eta 36/2024 Dekretua, martxoaren 26koa, 2024ko Urteko Estatistika Programa onartzen duena, Euskadiko Autonomia Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean aurreikusitakoa betez.
Euskal Estatistika Planean eta Urteko Estatistika Programan sartzen diren hainbat eragiketa Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ardurapekoak dira, hala nola eraikuntzari eta etxebizitzari buruzko estatistika, etxebizitzaren erabilerari buruzko inkesta, alokairu-merkatuaren estatistika, alokairuan bizi diren familiei buruzko inkesta eta higiezinen salerosketari buruzko estatistika. Eta Euskal Estatistika Erakundearen eragiketa batzuetan ere parte hartzen du sail horrek, hala nola eraikinen eta lokalen erroldan, biztanleriaren erroldan eta etxebizitzen erroldan.
Era berean, 2021eko Urteko Estatistika Egitaraua onartzen duen uztailaren 27ko 191/2021 Dekretuan higiezinen salerosketaren estatistika agertu zen lehen aldiz (182415 kodea), eta mantendu egin da indarrean dagoen Urteko Estatistika Programan.
Hirugarrena. Jabetzaren, Merkataritzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoaren estatutu orokorrak onartzen dituen apirilaren 14ko 483/1997 Errege Dekretuak Elkargoaren izaeraz xedatzen duenari jarraituz, nortasun juridiko propioa eta gaitasun osoa dituen zuzenbide publikoko korporazio bat da, eta Administrazio Publikoekin eta Erakundeekin lankidetzan aritzeko eginkizuna du, bai eta, bere eskumen-esparruaren barruan, haien intereserako zerbitzuak eman eta jarduerak egiteko eginkizuna ere.
Eginkizun horien artean dago datu-base hauek egitea, zuzentzea eta kudeatzea: Elkargoko zerbitzuetakoak, eta, izaera instrumental eta instituzionalarekin, erregistroetan inskribatutako finkei eta eskubideei eta haien titularrei buruz Aurkibide Nagusi Informatizatuan daudenak. Horrez gain, lege-xedapenen bidez erabakitzen edo ezartzen den beste edozein eginkizun izan dezake, datu-base horiekin lotutako estatistikak argitaratzea, besteak beste.
Erregistratzaileen kolektiboak bere informazio-potentzial guztia erabili du Higiezinen arloko Jardueraren Erregistro Indize bat eskaintzeko, herrialdeko higiezinen arloko jardueraren erreferentzia orokor bat ematearren. Horrek, egiaz, alderdi hauetako adierazleak laburbiltzen ditu: higiezinen arloko transakzioenak, haien hipoteka-finantzaketarenak, eta, aurrekoarekin batera, beste adierazle batzuk, sozietateen eraketei, gordailututako urteko kontuen aldagai ekonomikoei eta konkurtsopeko sozietateei lotutakoak, betiere eraikuntzaren eta higiezinen sektoreei dagozkienak.
Gainera, Erregistratzaileen Elkargoak Higiezinen Erregistro Estatistika du, zeina eremu publikoan edo pribatuan erabakiak hartzeko tresna lagungarria baita, higiezinei buruzko datuen bilketa sistematiko handia delako eta adierazle ugari dituelako.
Laugarrena. Testuinguru horretan, Erregistratzaileen Elkargoak, azken hamarkadan, higiezinen arloko erregistro-datuen prozesamenduari dagokionez, horien analisiak egin ditu eta higiezinen arloko analisietarako eta balorazioetarako tresna teknologikoak eraiki ditu. Tresna horiek oso baliagarriak izan daitezke Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarentzat, higiezinen arloan egin behar dituen estatistikak egiteko eta Euskal Estatistika Erakundeari dagozkion estatistiketan laguntzeko.
Bosgarrena. Lankidetza hori 2022ko ekainaren 10ean gauzatu zen eta urtebetez luzatu, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Erregistratzaileen Elkargoak sinatu zuten lankidetza-hitzarmen batean. Hitzarmen horren bidez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako higiezinen arloko transakzioei buruzko datuak tratatzea errazteko plataforma digital bat sortzeko asmoa zegoen.
Seigarrena. Plataforma digitala sortu ondoren, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Erregistratzaileen Elkargoaren arteko lankidetza-mekanismoak ezartzen jarraitu beharra dago, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak tresna teknologiko horiek erabiltzen eta higiezinen erregistro-datuak eskuratzen jarraitu ahal izan dezan.
Bi organismoei dagokien baterako jarduketa koordinatua baieztatu eta berresteko, aurreko apartatuan aipatutakoari dagokionez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, alde batetik, eta Jabetzaren, Merkataritzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoak, bestetik, lankidetzan aritu eta elkarri lagundu behar diote elkarren arteko harremanean, beren zereginak eraginkortasunez betetzeko.
Azaldutako guztia dela eta, alderdiek interesa dute hitzarmen hau arautu eta sinatzeko, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea hau da: Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Erregistratzaileen Elkargoaren arteko lankidetza-mekanismoak ezartzea, EAEko higiezinen arloko estatistikak egiteko eta errealitatea hobeto ezagutzeko.
Lankidetza horri esker, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratzen diren higiezinen arloko transakzioei buruzko datuak tratatzea errazteko plataforma digitala mantendu eta eguneratuko da.
Bigarrena. Erregistratzaileen Elkargoaren konpromisoak.
Erregistratzaileen Elkargoak jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du:
Plataforma digitalaren informazioa eguneratzea, higiezinen merkatuko aldagai garrantzitsuenen portaera behar bezala ikusi ahal izateko eta informazioa geografikoki atera ahal izateko, EAEren, Lurralde Historikoen, Udalerrien edo eskala txikiagoen arabera (barrutia edo auzoa). Eremu geografiko txikienetan eta/edo higiezinen jarduera urria dutenetan bakarrik izango da mugatua emaitzen adierazgarritasuna.
Plataforma digitala mantentzea eta eguneratzea, Tableau Reader izeneko «business intelligence» tresnaren bidez edo antzeko beste merkataritza-tresna estandar batzuen bidez, egungoak edo etorkizunekoak, identifikatutako eremu geografikoetako higiezin-merkatuko aldagaiak barne hartuz. Aldagai horiekin batera, higiezin-merkatuan eragina duen informazio sozioekonomikoa eman ahal izango da, eta lurraldearen arabera banatuta egongo da, higiezinen arlokoaren modu berean.
Aipatutako plataforma digitalean sartu beharreko edukia hitzarmen honen eranskinean zehaztutakora egokituko da.
Hainbat formatutako fitxategi digitalak entregatzea, Tableau Reader-ekin edo antzeko merkataritza-tresna estandarrekin exekutatu, bistaratu eta kudeatu ahal izateko.
Datuak hiru hilean behin eguneratzea, eta argitaratutako azken hiruhilekora arteko serie historiko osoa izatea.
Hiru hilean behin txosten bat ematea, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak kanpoan zabaldu dezan.
Sortutako plataforma guztien erabilera-eskuliburuak ematea.
Hirugarrena. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren konpromisoak.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen du:
Erregistroko informazioa laguntzea, jasotzea eta gainbegiratzea bere estatistika-organo espezifikoaren bidez, eta informazio hori estatistika-sekretuaren betebeharrari atxikitzea, indarrean dauden lege eta arauetan ezarritakoaren arabera. Hala, datuak, emaitzak eta analisiak modu agregatuan zabalduko direla ziurtatuko da.
Behar diren tratamendu analitikoak egitea, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak erabakitzen dituen hedapen publikorako formatu normalizatuak errazteko.
Edozein argitalpen edo produktu estatistikoren erreferentzia metodologikoetan Erregistratzaileen Elkargoa aipatzea iturri gisa, datuen lanketan eta prozesamenduan parte hartu duela nabarmentzeko.
Laugarrena. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren konpromiso ekonomikoa.
Erregistratzaileen Elkargoak hitzarmen honetan jasotzen diren jarduerak egin ahal izateko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak diru kopuru bat ordainduko dio Erregistratzaileen Elkargoari: 43.700 euro gehi BEZa. Zenbateko hori hiru hilean behin ordainduko da, informazio hau jaso ondoren:
Eranskinean zehaztutako emaitzen hiruhilekoko eguneratzeak.
Hiru hilean behingo txostenak, plataformaren eduki garrantzitsuenak eta komunikabideei aurkezteko materiala barne, eta aurrez aurreko laguntza jasoz, beharrezkotzat jotzen bada. Txosten horren euskarazko itzulpena barne hartzen du.
Lanak eta dagozkien aurrekontu-ehunekoak:
Emaitzen hiru hilean behingo eguneratzeak, % 63.
Hiru hilean behingo txostenak, % 37.
Diru-ekarpen horiek hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egongo dira.
Bosgarrena. Datu pertsonalen tratamendua.
Hitzarmen honen xede den datu pertsonalen tratamenduak araudi hau bete beharko du: batetik, 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du), eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Xedapen horiei jarraituz, alderdiek berariaz adierazten dute horietako bakoitza datu pertsonalen tratamendu-arduraduna dela, bere eskumenen arabera, eta horietako bat ere ez dela tratamendu-eragiletzat jotzen.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hitzarmen honen bidez eskuratzen dituen datu pertsonalak, gainera, sekretu estatistikoaren betebeharrak babesten ditu, Estatistikako Funtzio Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legean eta Euskadiko Autonomia Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Datu horiek «Ikerketa estatistikoak eta inkestak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira (ID 385).
Seigarrena. Jarraipen Batzordea.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea adostu dute, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren burua edo hark eskuordetzen duena izango da burua.
Jarraipen Batzordeak kide hauek izango ditu: bi kide, Erregistratzaileen Elkargoaren ordezkari gisa, organismo horrek izendatuak, eta bi kide, profil teknikokoak, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren eta Sailaren Estatistika Organo Espezifikoaren ordezkari gisa, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren buruak izendatuak.
Jarraipen Batzordeak jarduera hauek egingo ditu:
Lankidetza-jarduketa eta -ekintzen emaitza baloratu.
Hitzarmenean ezarritako konpromisoak betetzen direla zaindu eta konpromiso horiek betetzeko neurriak proposatu.
Hitzarmenaren gauzatzea eta garapena interpretatzea eta ebaztea, bai eta sor daitezkeen desadostasunak ere.
Alderdiei hitzarmenaren luzapen posibleari eta egin beharreko aldaketen irismenari buruzko proposamen bat egitea, horiek baloratzea eta, halakorik bada, kostu-handitzea zehaztea.
Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da, eta Hitzarmenean jasotako jarduerak behar bezala egiteko beharrezkoa den guztietan.
Zazpigarrena. Alderdiek hartutako konpromisoak ez betetzea.
Alderdietako batek Hitzarmen honetan beren gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, urratzea eragin duen alderdiak kalte eta galera guztien ordaina emateko betebeharra izango du.
Zortzigarrena. Hitzarmena aldatzea.
Bi alderdiek etengabe hobetu nahi dituzte lortutako informazioaren kalitatea, analisia, zabalkunde publikoko plataformak eta zerbitzu eratorrien multzoa sektoreko ekonomia- eta gizarte-eragileentzat eta publiko orokorrarentzat balio erantsi handikoak. Hori dela eta, hitzarmen hau etengabe hobetzeko prozesu baten mende dago. Prozesu hori Jarraipen Batzordean zehaztu, ebaluatu eta adostuko da, eta, beharrezkoa bada, dagozkion egokitzapenak egingo dira.
Bederatzigarrena. Indarraldia.
Hitzarmen honek urtebeteko indarraldia izango du, baldin Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago.
Hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen, edozein unetan, hitzarmena urteka luzatzea erabaki ahal izango dute hitzarmena sinatzen duten alderdiek, laugarren klausulan adierazten den zenbatekoa eguneratu ondoren igarotako urteko KPI orokorraren arabera bakarrik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan aurreikusitako mugaren arabera, betiere hurrengo Euskal Estatistika Planetan eta Urteko Estatistika Programetan higiezinen sektoreari buruzko estatistika-eragiketak mantentzen badira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago. Hitzarmena azkentzea ere erabaki dezakete.
Hamargarrena. Hitzarmena azkentzea.
Hitzarmen hau indarraldia amaitu baino lehen azkenduko da, kasu hauetan:
Alderdiek hala erabakitzen badute.
Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu.
Era berean, indarrean dagoen legeriak jasotzen duen suntsiarazteko beste edozein arrazoik ere eragingo du hitzarmena suntsiaraztea, beraren izaerarekin lotuta badago.
Hamaikagarrena. Izaera juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta bertan jasotako klausulei jarraikiz arautuko da; horien ezean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Hitzarmenaren interpretazioari eta aplikazioari buruzko desadostasunak sortzen badira eta ezin badira Jarraipen Batzordean ebatzi, alderdiek EAEko administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegien mende jartzea adostu dute, eta uko egitea legokiekeen beste edozein foruri.
Eta, ados daudela adierazteko, bi alderdiek dokumentu hau sinatzen dute.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 26a.
Dekano-lehendakaria Erregistratzaileen Elkargoa,
MARÍA EMILIA ADÁN GARCÍA.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
Edukia.
Plataforma digitalean emango den informazioaren egitura:
Eremu geografikoak.
EAE.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa.
Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz.
EAEko udalerri guztiak, Udal Barrutiak (udala) / Errolda Barrutiak (EIN) / Auzoak (10.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan Eusko Jaurlaritza) / Errolda Sekzioak / Gehitutako edozein banaketa geografiko.
Ondasun higiezin mota.
Etxebizitza.
Garajeak.
Trastelekuak.
Merkataritza-lokalak.
Industria-pabiloiak.
Aldagaiak.
Salerosketaren prezioa.
m2-ko prezioa.
Salerosketa kopurua.
Interesgarritzat jotzen diren beste aldagai erabilgarri batzuk.
Banakatzeko aldagaiak eta bigarren mailakoak.
Etxebizitza: pisua, atxikia eta isolatua.
Etxebizitza: berria eta erabilia.
Pisuen azalera, aintzat hartutako edozein banakapenetan.
Aldagaien denboraldia.
EAE, Lurralde Historikoak eta Hiriburuak:
Salerosketa kopurua: 2005etik aurrera
m2-ko prezioa: 2003ko 4. hiruhilekotik aurrera
Salerosketaren prezioa: 2003ko 4. hiruhilekotik aurrera
Udal-banakapenak: 2010eko 1. hiruhilekotik aurrera.
Hiru hilean behingo eguneratzeak, historikoa kargatzetik abiatuta.
Merkatuaren arabera segmentatutako aldagaiak (finka mota).
EAEko, Lurralde Historikoetako eta Hiriburuetako banakapen geografikoaren arabera:
(Ikus .PDF)
Banaketa geografiko hauen arabera: EAEko Udalerriak / Udal Barrutiak / Errolda Barrutiak / Auzoak / Errolda Atalak / Beste edozein.
(Ikus .PDF)