Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratu du Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 2ko Agindua, zeinaren bidez hiru taktika operatibo berri sartzen diren Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman. Zehazki, hauek dira: ANTOLA taktika, ekitaldi batean estaldura egokia bermatzeko planifikatutako gailuei lotutako taktika, segurtasunaren eta asistentzia sanitarioaren ikuspegitik begiratuta; PFORU A-B-G taktika, foru-aldundien lurralde-plan eta plan bereziak aktibatzeari buruzkoa; eta PUDALA, udal-planak aktibatzearekin lotutakoa. Aldi berean, lehendik ezarrita dauden beste taktika batzuk berrikusi dira egungo errealitatera moldatzeko eta erantzunaren efikazia areagotzeko.
TAKTIKA OPERATIBOAK
Taktika operatiboak Larrialdiei Aurre Egiteko Sistemak egoera ez-katastrofikoetan erantzuteko mekanismo nagusiak dira, eta Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren oinarrizko tresnak ere badira.
Hiru taktika berri hauek sartuta, jada 26 taktika operatibo ditu sistema horrek. Taktika horien artean nabarmentzekoak dira MENDI, mendiko bilaketa eta erreskateekin erlazionatuta dagoena; SUTEGI, basoko, hiriko eta industriako suteei buruzkoa; TPC/TPF, gai arriskutsuen garraioarekin lotuta dagoena; eta KIMIKA, Euskadiko enpresa kimikoetan gerta litezkeen istripuekin lotutakoa.
Taktika operatiboak berregitean, horiekin zerikusia duten erakundeen eta entitate publikoen eta pribatuen laguntza izan da, betiere indarrean dagoen legeriari jarraituz. Era berean, taktika operatibo berriek Euskadiko Babes Zibilerako Batzordearen aldeko irizpena jaso zuten 2022ko abenduaren 22an.